Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

PUYOL, Pierre-Edouard (Baiona, 1835ko martxoak 9 – Rouen, Frantzia, 1904ko irailak 28).

Karguak eta lanbideak

Apaiza, historiagile eta filologoa 

Ibilbidea

Hiraboure, Akizeko apezpiku Getariarraren iloba zen Pierre-Edouard Puyol. Horren gatik daiteke Akizen apeztua izan 1858an. Han hasi zen kolegioko zuzendari. Hortik Parisera joan zen 1867an, St Denis-ko kalonje. Lavigerie kardinal Baionarraren adiskidea zen eta honi zor dizkioke izan dituen kargu handiak: politika aldetik liberalak ziren biak, Errepublika onartzen zutenetarik, Frantziako eta Euskalherriko apez gehienak erregetiar zirelarik.

Goi maileko apeza zen. Badu liburu mordoxka bat plazaraturik, Galikanismoaz, Protestanten historioaz Biarnoan, eta bereziki dotzena erdi bat, Jesusen Imitazioa liburuaz. Oihenarten eskuiskribuen 60 tomo aurkitu zituen BNF liburutegian. Teologia irakasle izan zen Sorbonako unibertsitatean. Les Tuileries, Napoleon III.ren palazioko apez izendatua izan zen 1870an. 1881an Eromara joan zen St Louis des Français, Frantsesen parropiako buru. Parropiaz gain Vatikanoko ateen idekitzeko gako ona ere zen postu hori. Leon XIII aita Saindua bera frango aise ikusten zuen. Bi aldiz Frantzian apezpiku izateko aipatua izan zen. Berak eskaturik ote? Erroman zelarik, Lavigerie-k galdetu zion hango kargudun handien ikustea, kardinal izendatua izan zedien.

Harreman onak bazituen ere gobernuaren izenean Elizako harat honaten arduraduna zen Dumay batekin: Frantziako artxibo Nazionaletan, bien arteko gutun andana ederra bada. Hau, hargin beltz ezaguna zen.

Luzaki aipatuko dugun apez euskaldunen aferaren ondotik, bere kargutik bota zuten, 1890an. Beauvais-rat joan zen 1894an, Fuzet, hango apezpikuaren bikario nagusi. Apezpiku hau Rouen-erat aldatu zutelarik, elizbarruti honetan, seminarioko zuzendari izendatu zuen, apez xaharren erretiro etxeko buru eramaten zituela azken urteak.

1789ko iraultza ongi hartu zuten apez aintzek. Bainan Elizaren kontra agertu zen hau eta apez gehienek Frantziatik ihesi joan behar izan zuten. Ehunka erail zituzten, horietan zazpi euskaldun. Elizak hetsirik egon ziren hamar bat urtez, arte horretan ez zelarik elizkizunik. Bataio eta ezkontzak gordezka egiten ziren etxe zenbaitetan, edo mugako herrietan: Iparraldeko 221 haur bataiatu zituen Luzaiden, Etxeberri, Hazparnetik harat joan erretorak. Etxebertz batek 227 Isturitzen inguruko hamar herritarik, Delgue batek 476 Irisarri eta inguruko herrietan. Urte horiek barnatik markatu zituzten apez eta giristino. Geroztik errepublikari aiher gelditu ziren. Telebistarik ez zelarik, supazter xokoan, neguan, oroitzapen horiek ziren familietako solasgaiak.

Napoleon IIIa inperadorearen ondotik III. Errepublika sortu zelarik, errepublikaren alderateko aihergo horrekin zegoen Eliza. Orokorki erregetiar agertu zen. Urteak iraun zuen gorri (errepublikarrak) eta xurien (erregetiarrak) arteko gerlak. 1889an, gorriek lehen aldikotz apuñatik irabazi zituzten hauteskundeak: 366 diputatu 210en kontra. Bainan ez Iparraldean: 3 diputatutarik biga, Etxeverri eta Labat, xuriak izan ziren. Gorriak eta prefeta hasarre gorrian eman ziren baizik eta apezek gorrien kontra egin propagandaren ondorioa zela. Prefetak ministroaren ganik ardietsi zuen elizbarrutiko 56 apez tokiz aldatuak eta 29-i paga kendua iztea (konkordatuaren ondorioz estadoak pagatzen zituen).

Paga kentzea, Estadoak egin zuen. Tokiz aldatzea apezpikuak baizik ez zezakeen egin. Apezpikua orduantxe hila eta Intxauspe bikario jeneralaren gain eman zituzten aldaketa horiek. Intxauzpe, xiberotar idazle famatua.Honek ez onartu ez zutelakotz Elizako lege bihirik hautsi eta akusazioak ez zirelakotz deusetan oinarrituak.

Jauffret apezpiku berria etorri zen 1890an, martxoko 9an; konkordatuaren ondorioz, gobernuak hautatua zen eta errepublikarra. Gauza bera eskatu zioten. Honek ardietsi 29ri paga itzulia izan zedien eta 13 baizik ez tokiz aldatuak izatea. Parisek onartu. Bainan Eliza legeak ez zituztela deusetan hautsi eta zazpik Erromarat dei egin zuten, Diharassarry Kanbotik Ortzaizerat igorri apeza buru.

Hor da sartuko gure Puyol. Bazterrak mintzen ai ziren. Dumayri idatzi zion jendek apezpikua prefetaren mutila bezala senditzen zutela. Bikario nagusitzat hartu nahi zituen apezek eza ematen ziotela. 200 bat apezek gutun bat igorri zutela Erromarat apez gaztigatuen alde. Liburu bat agertu zela Le préfet, évêque de Bayonne.

Aita Saindua Lavigerierekin ari zelarik bost egin ahaletan, Estadoa eta Elizaren arteko harremanak hobetu nahiz, horiek denak oso gaizki heldu ziren.

Erromak galdetu zion Puyoli, apez horien ganik ardiets zezan beren deiaren kentzea. Elizaren onetan zela. Egiten bazuten, ohorezko kalonje izendatuko zutela Diharassary denen burua. Nahiz batere ez ziren elgarren adiskide, («Il a toujours été mon ennemi implacable» [beti izan da nere etsai gupidagabea] idatzi izan du Puyolek) ardietsi zuen delako kereila ken zezaten. Diharassarryk baia ardietsi beren lagunen ganik.

Puyol Erromatik Baionara etorri zen apezpikuaren ganik, kalonje titulu hori ardiesteko. Bainan apezpikuak ez zuen deus entzun nahi izan. Puyolek dio, behin ere ez zuela norbait ikusi planta horretan, erotua, zeinetarik joana :«Hil nahi nauzue, ala?» erran zion.

Puyol berehala itzuli zen Erromara, bainan aita saindua ikusi eta honen ganik ardietzi, Erromak emaitea ohorezko titulu zenbat apezen lau burueri, «Monseigneur» tituluarekin bai eta sotana ubela, apezpikuen kolorekoa janzteko eskubidearekin. Berria jakin orduko Diharassarry ibili zen sotana ubela soinan Baionako karriketan. Paristik berehala etorri, sotana horrekin ibiltzeko debekua. Ikaragarriko eskandalua sortu zuten gorriek. Konkordatua zela eta Aita Sainduak ez omen zuen ohorezko titulurik ematen ahal Frantzian gobernuaren baiamenik gabe. Barthou, deputatu Biarnes gaxteak parada ederra izan zuen bere burua ezagutarazteko: diputatuek biltzar berezi bat egin zuten gaia horretaz, mintzadia Barthouren gain. Frantziako egunkari guziek aipatu zuten, xuri ala gorri eta eskandala Frantzia osorat hedatu zen.

Artetik erraiteko azaroko 18an zuen Lavigerie kardinal Baionarrak egina «le toast d’Alger» deitzen den bere mintzaldi historikoa, Aita Sainduak eskaturik, katolikoak gomitatzen zituela errepublikaren onartzerat, eta ona ez bazitzaien, barnetik hobetzerat. Puyol ere Lavigerirekin errepublikazalea zen eta halere, apez zurien alde ari izan zen, zinez zuzengabekeria jasan zutela ezin ukatua zitzaiolakotz. Mendekuz, Puyol Erromako kargutik bota zuten egunetik biharrera: arratsean izan zuen, biharamun goizean berean Erromatik lekuak husteko manua.

Bururatzeko erran dezagun Leon XIII eta Lavigerie-ren urratsarekin, Eliza eta Errepublikaren arteko harremanak hobetzen hasiak zirelarik, hortik harat gaizkonduz joan zirela: Eliza eta Estadoaren bereiztea, euskarazko katiximaren debekua, fraile eta seroren eskolen hestea eta Frantziatik kanpo ematea (orduan ziren Belokeko beneditarrak joan Lazkaorat), Eliza, apezetxe, seminario, eskola eta denak Estadoak beretzea…

1946a arte, laugarren errepublika arte igurikatu beharko da, haizea itzultzen ikusteko: apez eta errient, katoliko eta laiko elgarrekin bost urtez Alemanian preso egoiteak baduke hor zer ikustekorik.

Obrak

L’Adour et le gouf de Capbreton, par M. l’abbé Éd. Puyol, Bayonne: Imp. de Vve. Lamaignère, 1861.

Etude sur la création d’un port à Capbreton, Bayonne: Imp. de Vve Lamaignère, 1862.

Louis XIII et le Béarn ou rétablissement du catholicisme en Béarn et réunion du Béarn et de la Navarre à la France, Paris: E.-L. de Soye et fils, 1872. Berrarg. Cressé: Éditions des Régionalismes, 2019.

Edmond Richer. Etude historique et critique sur la rénovation du gallicanisme au commencement du XVIIe siècle, Paris: T. Olmer, 1876, 2 libk.

Vie du serviteur de Marie, L.-E. Cestac, fondateur de Notre-Dame-du-Refuge (diocèse de Bayonne), Bayonne: Imp. de Lamaignère, 1878.

Les Quatre Livres de l’Imitation de Jésus-Christ, traduction et commentaires, par Mgr. P.-E. Puyol, Paris: V. Retaux, 1898.

L’Auteur du livre «De Imitatione Christi», par Mgr P.-É. Puyol, Paris: V. Retaux, 1899-1900, 2 libk.

Bibliografia

CUZACQ, R., Les élections législatives à Bayonne et au Pays Basque, 1870-1898, Mont de Marsan: Jean Lacoste, 1952.

DESCHAMPS DE BRAGELONGNE, H., La vie politique des Basses Pyrénées, Pau: Marrimpouey Jeune, 1958, 69 or.

ITURRIAK

ARCHIVES NATIONALES DE FRANCE, Série F 19 (Cultes 1789-1958), F/19/2814-F/19/2856. [Dumay eta Puyolen arteko gutunak. Baionako apepikutegia eta Dumay-ren arteko gutunak. Apezpiku izendatzeen gora beherak, Prefeta eta ministroen arteko gutunak (afera horietaz) eta abar.].

ARCHIVUM APOSTOLICUM VATICANUM, POS 803 [Gehienik apez kondenatuetaz].


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP