Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERREPUBLIKAREN ETA GOI-INPERIOAREN GARAIKO EGILE GREKO-LATINDARRAK

PTOLOMEO (Klaudio Ptolomeo) (Alexandria, ca. K.o. 100 – 170).

Karguak eta lanbideak

Alexandriako zientzialaria

Ibilbidea

Klaudio Ptolomeo Alexandrian bizi zen greko-egiptoar jatorriko zientzialaria izan zen, bai eta erromatar hiritarra ere. K.o. ii. mendean bizi izan zen eta astrologiari, matematikari, musikari eta, batez ere, geografiari buruzko zenbait tratatu idatzi zituen, grezieraz. Tratatu horietan, greko-erromatar munduaren  ordura arteko ezagutza geografiko guztiak bildu zituen. Geographia lana kartografia-eskuliburu bat ere bazen, bere garaiko mundua deskribatzen baitzuen, latitudeko eta longitudeko sistema baten bidez. Urte askoan eredugarritzat hartu zen arren, akats larriak zituen distantzietan; latitudeak nahiko zehatzak ziren, baina longitudeak ez. Izan ere, longitudeak kalkulatzeko, okerreko datuak erabili zituen lur-globoaren tamaina zenbatekoa zen kontuan hartzean. Nolanahi ere, Ptolomeoren lana fidagarritasun handitzat hartzen da, hura egiteko erromatar mapa, ibilbide eta dokumentu ofizialak erabili baitzituen.

Liburua Erromatar Inperioaren garaian munduan zeuden hirien katalogoa da, irizpide geografiko eta etnikoen arabera eta administrazio-barrutika multzokatuta. Hala ere, Ptolomeok, Plinio Zaharrak ez bezala —Pliniorentzat, hirien administrazio-estatusa funtsezkoa zen—, arreta handiagoa jartzen du probintzian, eta lurraldea administrazio-geografian sartzen du, erabat erromatarra, kostaldekoak eta barrualdekoak bereizten baititu. Geografoak, bestalde, talde etnikoak erabiltzen ditu hiriak kokatzeko. Zortzi mila hiri ingururen izenak azaltzen ditu, bai eta hiriok planisferioan duten kokapena ere, gradutan eta minututan adierazita, zero meridiano eta paralelo konbentzional batzuekiko, baina oso gutxitan azaltzen du hirien egoera juridikoa. Beraz, baskoiei dagokienez, herri eta hirien zerrendan, lehenik eta behin, kostaldea eta barrualdea bereizten ditu, probintziaren esparruan. Mendebaldetik ekialdera, honako herri hauek aipatzen ditu ondoz ondo: autrigoiak (2.6.8;64), karistiarrak (2.6.9;65), barduliarrak (2.6.10;66) eta baskoiak (2.6.13;66).

Ptolomeoren zerrendan, hiri hauek aipatzen dira baskoitzat: Alauona (Alagón, Zaragoza), Andelo (Muruzabal Andion, Nafarroa), Araceli (Araciel edo Uharte-Arakil?, Nafarroa), Bituris, Calagurris (Calahorra, Errioxa), Cara (Santakara, Nafarroa), Cascantum (Cascante, Nafarroa), Curnonium (Los Arcos?, Nafarroa), Ergavica, Gracchurris (Alfaro, Errioxa), Iacca (Jaka, Huesca), Iluberi (Irunberri, Nafarroa), Iturissa (Aurizberri?, Nafarroa), Muskaria (Tutera?, Nafarroa), Nemanturista (Santa Criz Eslabakoa?, Nafarroa), Oiasso (Irun, Gipuzkoa), Pompelo (Iruñea, Nafarroa), Segia (Ejea de los Caballeros, Zaragoza) eta Tarraca (Los Bañales de Uncastillo?, Zaragoza). Horrenbestez, Plinio Zaharraren lanarekin alderatzen badugu —ehun urte lehenago idatzi zuen Pliniok—, Ptolomeok zazpi hiri gehiago aipatzen ditu. Autrigoiak, mendebaldetik, turmodigoen eta kantabriarren mugakide izango lirateke, eta hiri hauek izango lituzkete: Uxamabarca (Gaubeako Osma, Araba), Segisamonculum (Cerezo de Río Tirón, Burgos), Virovesca (Briviesca, Burgos), Antecuia (Pancorbo?, Burgos), Deobriga (Arce-Mirapérez, Burgos), Vindeleia (Cubo de Bureba, Burgos) eta Salionca (Poza de la Sal, Burgos). Ekialdetik, berriz, karistiarren kostaldearekin izango lukete muga. Karistiarren eta barduliarren arteko muga Deba ibaia izango litzateke. Karistiarren hiriak Veleia (Iruña Oka, Araba), Suestasion (Arkaia, Araba) eta Tullica izango lirateke. Azkenik, barduliarren hiriak Menosca, Gebala (Gebara?, Araba), Gebalaeca, Alba (San Roman, Araba), Segontia Paramica (Kontrasta-Okariz?, Araba), Trition, Tabuca eta Tullonium (Dulantzi, Araba) izango lirateke, eta haien lurraldearen muga, ekialdean, Oiasso (Irun, Gipuzkoa) izango litzateke, baskoien lurralde mendebaldekoena. Ptolomeoren datuak lurraldeari buruzko zehatzenak dira, eta aditzera ematen dute erromatarren administrazio-egituran erabat integratuta zegoela K.o. ii. mendean. Izan ere, erromatar administrazioak badaki zein diren herrien arteko mugak, lurraldea zeharkatzen duten ibaiak, eta bertako hiri nagusiak —askoz ugariagoak dira K.o. i. mendean baino-—, eta horrek frogatuko luke erromatar paisaia eta bizimodua areagotu zela mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuan. Era berean, Geographia lanak frogatzen du egile greko-latindarrek hobeto zekitela non zeuden kokatuta herriak lurraldean, eta ezaugarri horrek ezetsi egingo lituzke lekualdatze etnikoei buruzko teoria zaharrak. Teoria horietan, horrelako lekualdatzeak argudiatzen ziren, iturri zaharrenen eta modernoenen artean herri batzuei, hala nola autrigoiei, esleitutako kokapenari buruzko desadostasunak justifikatzeko.


Obrak

García Alonso, J. L.: La península ibérica en la Geografía de Claudio Ptolomeo, Anejos de Veleia. Serie Minor, Gasteiz: Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea, 2008.

Nobbe, C. F. A. (arg.): Claudii Ptolemaei Geographia, 3 libk., Lipsiae (Leipzig): Carolus Tauchnitus, 1843.


Bibliografia

Beltrán, F.: «Plinio versus Ptolomeo. Geografía y etnicidad en la Hispania del Principado» in Santos Yanguas, J.; Cruz Andreotti, G. (argk.); Fernández Corral, M.; Sánchez Voigt, L. (kolaboratzailea): Romanización, fronteras y etnias en la Roma antigua: el caso hispano.Revisiones de Historia Antigua VII, Anejos de Veleia. Acta 12, Gasteiz: Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea, 2012, 477.-498. or.

Canto, A. M.: «La tierra del toro: ensayo de identificación de ciudades vasconas» in Archivo Español de Arqueología, 70, 175-176 (1997), 31.-70. or.

Ramírez Sádaba, J. L.: «La toponimia de las ciudades vasconas» in Andreu, J. (arg.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universidad Autónoma de Barcelona, 2009, 127.-146. or.


Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Ptolomeo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 57-58.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP