Karguak eta lanbideak
Ekonomialaria eta irakaslea
Ibilbidea
Merkataritza-ikasketak egin zituen Alacanteko Institutuan, eta merkataritza-peritu titulua lortu zuen bertan, eta bere promozioko aparteko saria eman zioten. Madrilgo Merkataritzaren Lanbide Eskolan jarraitu zituen ikasketak, eta merkataritza-irakasle titulua lortu zuen bertan.
Hellingo (Albacete) lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan hasi zen irakasle, bai eta San Jose Ikastetxe Politeknikoan eta bigarren hezkuntzako Institutu Probintzialean ere, biak ere Alacanten, 1869 eta 1877 urteen artean. Aldi berean, 1872tik hara eta hurrengo sei urteetan, Alacanteko Udaleko kontulari izendatu zuten, oposizioz.
1878an, merkataritza-aritmetikako eta kontabilitate-liburuen kontularitzako katedradun izendatu zuten Santanderko Institutuan. 1887an, Bilboko Merkataritza Eskolan gai bereko katedra eskuratu zuen. Bertan, luzaro aritu zen irakaskuntzan eta, era berean, ikastetxe horretako zuzendari izendatu zuten 1895 eta 1901 bitartean. Irakasle-lanean Bilbon ibili zen, harik eta 1918an Coruñako Merkataritza Eskolan kontabilitate orokorreko eta merkataritza-praktikako katedra eskuratu zuen arte.
Irakaskuntzaz gain, Pons y Meri beste jarduera batzuetan aritu zen, empresa pribatuan, hala nola Sociedad de Seguros Mutuos de Vizcaya enpresaren zuzendaritza exekutiboan, 1900 eta 1908 urteen artean.
Autoreak hainbat ikerlan egin zituen, guztiak ere aipatuko den haren lan nagusiaren aurretik, nahiz eta horiek ezin izan diren kontsultatu. 1875ean, Alacanteko probintziako gobernadore zibilaren mandatuz, Alacanteko udal ogasuna konpontzeko proiektu bat prestatu zuen; hala ere, lan hori ez zen argitaratzera heldu. Egiaztatu da, ordea, haren beste lan batzuk argitaratu zirela. Horren adibide da 1876an Escuela especial de contabilidad de Alicante izenburupean argitaratu zen liburuxka bat, izen bereko ikastetxea sortu zenean. Bertan, irakaskuntza horiek Espainian ezartzeko eman ziren xedapenak aipatu eta aztertzen dira, eta ikasketa horiek erreformatzeko beharra iragartzen da, eta merkataritza- eta administrazio-ikasketen plan zehatz bat garatzen. Era berean, 1882an, Espainiako emigrazioari buruzko txostena idatzi eta aurkeztu zuen Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademian, Causas de la emigración de los habitantes de nuestro territorio o su influjo en bien o en mal del país: Sistema que conviene adoptar en uno u otro caso izenburupean, aldamenean zeramala De tout temps l’emigration à joué un rôle bastante dans l’economie des société, G de Molinari-ren lana, alegia. Bukatzeko, bere zerbitzu-orrian ageri denez, mota guztietako enpresei aplikatutako Programa de Contabilidad y teneduría de libros aplicados a toda clase de empresas, formado con arreglo a lo que exige el nuevo plan general de estudios comerciales luze eta original bat argitaratu zuen.
Pons y Meriren lana euskal historiografiaren erreakzio positibistaren adierazle garbia da, XIX. mendearen amaieran argitzen ari zena. Gainera, gizarte-zientzietako kategorien ekarpenaren hasiera izan zen, arazo historikoen azalpen onargarria lortzeko. Bere lanik garrantzitsuenean, autoreak balio handiko ikerketa historiko bat egin zuen Bilboko Merkataritzako Goi Eskolari eta Bilboko Kontsulatuaren merkataritza-irakaskuntzei buruz. Aurretik, azterketa zorrotz bat zekarren XVIII. eta XIX. mendeetan ikastetxeek Europan eta Amerikan izan zuten bilakaerari buruz, bai eta bereziki Espainiako merkataritza-irakaskuntzari erreparatuz ere. Haren ikerketa bidegabeki zokoratu da eta, zalantzarik gabe, Bilboko Merkataritza Eskolari buruzko lan monografiko dokumentatu eta zehatzena izan da.
Obrak
(Hautatuak).
Reseña de la Escuela Superior de Comercio de Bilbao precedida de breves noticias acerca de la enseñanza comercial en el extranjero y en España, Bilbo: Libª. de Segundo Salvador, 1893.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J., «La tradición historiográfica vasca: su desarrollo en el marco de las ciencias sociales», Historia Contemporánea, 7 (1992), 257-281. or.
ALLENDE-PORTILLO, F., «Centros docentes bilbaínos para la formación de profesionales de la empresa: un perfil histórico», Bidebarrieta, 1 (1996), 315-334. or.
ALONSO OLEA, E., Sociedad de Seguros Mutuos de Vizcaya, sobre accidentes de trabajo, 1900-1975, Madrid: Fundación Empresa Pública, 1996.
ANDUAGA EGAÑA, A., «Technical Education in the Basque Country: An Historical Perspective, 1776-1900», RIEV, 53, 2 (2008), 367-396. or.
BARRENECHEA, J. M., «Estudio preliminar», Primeras instituciones educativas de formación empresarial en Bilbao, Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia-Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, Clásicos del Pensamiento Económico Vasco, 2004.
ITURRIAK
UPV/EHUREN ARTXIBO NAGUSIA, Bilboko Merkataritza Eskolaren Funts Zaharra. Irakasleen espediente pertsonalen seriea. José Pons y Meriren espedientea.





