Karguak eta lanbideak
Abokatua. Nafarroako Estatuen sindikoa
Ibilbidea
Brive hirian sortu zen, Limousineko eskualdean, gaurko Corrèze departamentuan, 1738 inguruan; Bordelen eta Parisen ikasi zuen, eta ospe handia lortu zuen hiriburuan, bere jakinduria juridiko eta historikoagatik. Probintzietako batzar anitzen konfiantza bereganatu zuen, eta haien frankiziak defendatzeko eskatu zioten. Horren karietara, Donibane Garaziko Lograseko markesak, Nafarroako Estatuen baitan eragin handiko pertsona izanik, Nafarroako lurren alodio edo zergarik gabeko lurralde izaera, defendatzeko enkargua eman zion, salerosketa hipotekarioen gaineko tasarik ordaindu behar ez izateko. Enkargu haren ondorioz sortu zen Polverelek 1784an, Estatuen kargura, argitara eman zuen liburua: Mémoire á consulter et consultations sur le franc-alleu du royaume de Navarre. Emandako zerbitzuengatik esker onez, Nafarroako Estatuek bertako herritartasuna eman zioten, nobleziaren estamentuan. 1789an Nafarroako Estatuen ordezkaritzaren sindiko kargurako hautatu zuten, erregearen aitzinean, Frantziako Estatu Orokorren aitzinean eta Nazioaren Batzarrean ager zedin. Gutun bat eman zioten Nazio Batzarraren presidentearentzat, memorial bat jasotzen zuena, Nafarroako errege titulua Frantziako errege tituluaren baitan gordetzeari buruzkoa. Beste hainbat auzi ere aipatzen zituen, Nafarroa Behereko konstituzioari buruz eta lurralde hori eta Frantziaren arteko batasunaren formari buruz, eta 1789ko urriaren 12an eztabaidatu zen. Polverelek argitara eman zuen, auzi horien inguruan orobat, Tableau de la Constitution du Royaume de Navarre, et de ses Rapports avec la France, izeneko liburua, Nafarroako Estatu Orokorrek beraiek inprimatu zutena, 1789aren amaiera aldera. Liburu horren egiletza hari egotzi izan bazaio ere, ez da ahaztu behar egiletza hori lanaren hitzaurreko diskurtsoari bakarrik dagokiola, zenbaki erromatarrez bereizten den zatiari, alegia. Aipatutako sarrerako diskurtsoaz gain, jatorrizko beste dokumentu asko jasotzen ditu liburuak, Nafarroa Behereko Estatuek, 1789an, Frantziako Estatu Orokorretan parte hartzeko jaso zituzten deialdien haritik, edo haien eraginez, sortutakoak.
1789aren ondoren, Polverelek erabat baztertu zuen baxenabartarren berezitasunen defentsatik erator zitekeen eta tradiziozko itunen bidea gogoko izan zezakeen aldarte moderatua. Oso bestelako bidea hartuta, Parisen lekutu zen eta sektore iraultzaile erradikalekin bat egin zuen grina biziz. 1792ko abuztuko iraultzaren ondoren, Polverel, apirilaz geroztik komisario-karguaren jabe, Santo Domingora (gaurko Haiti) abiatu zen, maila bereko beste hainbat funtzionariorekin. Konbentzioak ahal mugagabeak eman zizkien hango beltz eta mulatoen defentsa, alde batetik, eta hango jabetzaren defentsa egin zezaten. Izan ere, hango koloniak mehatxu bikoitza bizi zuen: batetik, han lekututako frantziar kolonoen kontrairaultza-gogoa, eta bestetik, kolonoekin bat egin zuten armada ingelesa eta espainiarra. Kolonoek gogor salatu zuten espedizio hark baztertuen alde egindako lana. Polverel 1795eko apirilean hil zen. Azken ibilbide horrek zalantza eragin dezake Nafarroa Behereko marko politiko-instituzionalaren alde Polverelek erakutsitako jarreraren inguruan. Beharbada bere iritziak zintzo azaldu beharrean, sindiko-kargurako hautatu zuten elite baxenabartarren pentsamendua islatu, besterik ez zuen egiten.
Polverelen obraren sarrerako hitzaldiak Nafarroa Beherearen eta Frantziako erresumaren berdinen arteko aldebiko ituna defendatzen zuen, tradiziotik heldu zen jardunbide politiko-instituzionalean oinarrituta. Lehenengo atalean azaldu zuenez, 1649an Luis XIV.ak eta 1789an Luis XVI.ak onartu zuten bezala, Nafarroa Behereko Estatu Orokorrek eskubidea zuten diputaturik ez bidaltzeko Frantziako Estatu Orokorretara, eta betiere, ordezkarien izendapena baxenabartarren esku izanen zen.
Bigarren atalean defendatu zuen Henrike IV.a Frantziako tronura iritsi izanak ez zuela berez ekartzen Frantziako Koroarekiko batasuna, izan ere, «bi subiranotasun independente printze bat eta beraren menpe egon daitezke, baina ez dute batak bestearen gaineko inongo eskubiderik lortzen horregatik. Ez dute batek besteari legerik inposatzeko eskubiderik». Luis XIII.ak 1620an emandako Ediktuaren ondoren ere, Nafarroako Estatu Orokorren salaketak erakusten zuen «Nafarroako erresuma inoiz ez dela legez lotuta egon Frantziako Koroarekin» eta «jarraitu du izaten Erresuma desberdina eta Frantziako Erresumatik independentea». Errege hark ezin zitzakeen batu bi erresumak bi nazioen onespenik gabe, jendeen zuzenbidearen arabera, «Herri bat ez baitaiteke azpiratua izan, ez eta atxikia ere, berak nahi ez badu, atzerriko subiranotasun baten nahikeriagatik» eta «Nafarroako Konstituzioaren arabera, erregek ez dezake legerik egin, Estatu Orokorren onespen eta gogorik gabe». Beraz, Nafarroa Behereak «gaurdaino berekin du Erresuma titulua», «haren Estatuek beti gorde dute Estatu Orokorren titulua, hau da, Nazio baten gorputza, ez Nazio baten atala» eta Henrike IV.etik errege-erregina frantsesek Nafarroako erregetza-titulua erantsi zioten Frantziako erregetza-tituluari.
Diskurtsoaren hirugarren atalean, Nafarroako erresumaren Konstituzioaren oinarriak berreraikitzen zituen Polverelek, Nafarroa Garairako San Martin Nabazek, 1777an, kintak zirela-eta Campomanesekin sortu zen eztabaidaren haritik egin zuen bezala.
Laugarren atalean, Nafarroako erresumaren Konstituzioa eta Frantziako Monarkiaren antzinako Konstituzioa alderatu zituen, eta han baieztatzen denez «gure Europa modernoan diren Konstituzio guztietatik, Nafarroakoa da akats gutxien dituena; beste edozeinek baino gehiago egin du askatasun zibil eta politikoaren alde; ahal zen guztia egin du askatasunaren eta berdintasunaren alde, Estamentuen bereizkuntzarekin bateragarriak eginez». Nafarroako Konstituzio historikoaren bikaintasun erlatiboaren eraginez, bosgarren atalean azpimarratzen zen Nafarroa Behereko Estatu Orokorrek agindu zietela diputatuei Frantziako Nazio Batzarrera joan zitezen esatera «Nafarroa prest zegoela ekarpena egiteko, bere indarren neurrian, Estatuaren beharrei eta zor publikoaren kitapenari». Aldi berean, esaten zenez, «gogo biziz espero zuten Frantziak behar bezalako zuhurtasunez hornitutako konstituzio bat eraikiko zueneko eguna, egun hartan Nafarroak uko eginen baitzion bereari, eta Frantziarekin bat eginen zuen, lokarri askaezinez, haren erregimena eta legeak beretzat harturik. Zorioneko egunaren esperoan zen bitartean, Frantziari itun federatiboa eskatu eta eskaintzen zion Nafarroak».
Zortzigarren atalean azpimarratzen zen Nafarroa Behereak izan behar zuela «Erresuma desberdina eta Frantziakoarengandik berezia». Nolanahi ere, Frantziako erresumarekiko atxikipena baxenabartarren onespena behar zuen. Frantziak ez zuen eskubiderik Nafarroako errege edo erresuma tituluak deuseztatzeko. Nafarroak berak bakarrik zuen deuseztapen hori egiteko eskubidea, izan ere, «ahalaren desberdintasunak ezin suntsi dezake eskubideen elkarrekikotasuna».
Bederatzigarren atalean ondorioztatzen zen Nafarroa Beherea Frantziari atxikitzea une hartan «bi botere independenteen arteko ituna eginez» egin behar zela, eta Nazio Batzarrak beste Estatu baten ordezkari gisa hartu behar zituela ordezkari nafarrak. Nafarroa Behereko Estatuek hala erabakiko balute, erregearen ministroek aldebiko ituna hautsi zutelakoan, Nafarroa Behereak bere burua Errepublika independente aldarrikatzeko eskubidea zuen. Hala eta guztiz ere, Polverelek erlazio federatiboa aldezten zuen Nafarroa Beherea eta Frantziaren artean, haren ustez, «Errepublika edo Erresuma, Estatu independentea edo Frantziako Probintzia, Nafarroak beti Frantziaren laguna, aliatua izan behar du», bai «nafarren zoriontasunerako», bai «Frantziaren segurtasunerako ere».
Edonola ere, tesi horiek alferrikakoak izanen ziren. 1789ko abenduaren 30ean Nazio Batzarrak gutun bat jaso izanaren adierazpena egin zuen, bertan «Nafarroa atxiki zitzaiola Frantziarekin bateratzen zuen dekretuari».
Egile batzuek sakon aztertu dute baxenabartarren saiakeraren eta Polverelen diskurtsoaren oinarria. Goienetxek adierazi zuen elite baxenabartarren gogoan zegoena zela beren eskubideak eta konstituzioa babestea, batez ere zergei eta administrazioari zegokienez, estatus berezi baten bermea eskainiko zien sistema instituzionala lortuz.
Anne Zink historialariaren ustez, berriz, baxenabartarren aldarrikapenak erretorika hutsa ziren, baina, Frantziako hego-mendebaldeko herri guztietatik «haiek azaldu zuten modurik argienean, sistematikoenean, eta oinarri juridikorik onenez lagunduta, Frantziako erresuman zegokien lekuaren auzia».
Mikelarenaren iritziz, ordezkari baxenabartarren asmoa ez zen aurrez aurre jartzea, konstituzionalismo hauslea erabiliz, 1789ko uztailetik aitzina Frantziako Nazio Batzarrean sortutako guztiarekin, eta bai, ordea, Europan garai hartan zabaldua zegoen konstituzionalismo historizistarekin bat egitea. Absolutismoaren azken aldiko egile frantses eta espainolek defendatzen zutenez, konstituzio historiko frantsesa edo espainiarra Goi Erdi Arotik existitzen ziren, eta, hegoaldeko Nafarroan, hamabi urte lehenago, antzeko iritzia azaldu zuen Juan Bautista San Martin Nabazek, Diputazioak iritzia eskatu ziolarik. Nafarroa Behereko Estatuen eta diputatuen hasierako asmoa zen erregearen aitzinean agertzea beren konstituzio historikoa aurkeztuz eta aldarrikatuz, ordura arte inoiz egin gabe baitzuten. Funtsean, ordura arte ohikoak ziren pentsamendu-korronteekin bat eginez, haien ustea zen erregea zela ezarritako ordena politiko-instituzionalaren azken bermea. Baina 1789ko uztailetik aitzina historiak bizi izan zuen iraultzaren ondorioz, diskurtso hori erabat hutsal eta lekuz kanpo geratu zen.
Jokabide horrek bat egiten zuen euskal lurraldeen berezko konstituzioaren existentzia defendatzen zuten diskurtsoekin, eta halaber, beste hainbat herrialdetan ere egiten zen estatu-barneko unitateenen defentsarekin. Haiek azpimarratzen zutenez, beharrezkoa zen organo legegile autoktonoaren onespena legedi horietan edozein aldaketa egiteko. Gainera, lurralde desberdinak erregearen agindupean biltzen zituen Monarkiarekiko itunak berdinen artekoa izan behar zuen. Nafarroa Garaiak argudio horiek berak erabili zituen 1776-1777ko kinten auzian bidali zuen ordezkaritzan. Horien formulaziorik erradikalena Juan Bautista San Martin Nabazek 1777ko maiatzean bere zirriborroan aurkeztu zuena izan zen, gero berriro erabiliko zuena, 1808an, Baionako Batzarraren aitzinean. Antzeko planteamenduak aurkeztu zituzten hainbat egile espainiarrek Gobernu Batzar Zentralaren aitzinean, Monarkia espainiarra osatzen zuten erresuma desberdinen konstituzioei buruzko materialen bilduma egin zenean, 1809-1812 aldian. Jarrera horren beste agerpen batean, Nafarroa Garaiko Diputazioko hainbat kidek, 1813ko abuztuan, Cádizko Gorteen aitzinean eskatu zuten Nafarroako Gorteak biltzeko, 1812ko konstituzio espainiarra bertan publikatu eta zin egiteko. Ondoren ere, Nafarroa Garaian beti, arrazoibide horiek berak agertu ziren Biotzariko (Bigüezal) baroiak 1834ko Errege Estatutuaren inguruan egin zituen kontsiderazioetan, hala nola erresumaren sindiko ohi Angel Sagaseta Ilurdotzek, 1840an, 1839ko legearen haritik, Fueros fundamentales del reino de Navarra y Defensa legal de los mismos izeneko liburuxkan, agertu zuen jarreran.
Bai Baionan, 1808an, bai 1834ko Errege Estatutuaren haritik, Nafarroa Garaikoek gogoz defendatu zuten beren konstituzioaren suntsipena ekartzen zuela ordezkaritza izatea gorputz legegile arrotz batean, hau da, Monarkia espainiarreko probintzietako ordezkariak, tartean zirela nafarrak, biltzen zituen foro parlamentario batean, 1789an baxenabartarrek egin zuten antzera. Berdin defendatu zuten Nafarroako Gorteen onespena behar zuela Nafarroaren estatus politiko-instituzionalaren edozein aldaketak.
Nolanahi dela ere, baxenabartarren 1789ko esperientziak argi erakutsi zuen norainoko zailtasuna izanen zuen konstituzio historikoaren eta berezko instituzioen defentsa egitea parlamentu arrotzetan, erresuma espainiarreko gainerako probintzia edo zirkunskripzioetako ordezkariekin batera parte hartzen zuten bertako ordezkarientzat. Ordezkari baxenabartarrek Nazio Batzarrera behin bakarrik joan ziren, gonbidatu gisa, eta haien tesiak, lehenagotik erregearen ministroei jakinarazi zitzaizkienak, ez ziren inolaz ere aintzat hartuak izan. Baionan, 1808an, Nafarroa Garaiko Diputazioaren bi ordezkariek zortea izan zuten. Izan ere, fronte bakarra osatu zuten hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetako ordezkariekin, eta Batzarraren presidenteak eta idazkariak, bizkaitarra eta nafarra, hurrenez hurren, eginahalak egin zituzten euskal lurraldeetako foru-erregimenak berehala indargabetu ez zitzaten. Auzia Gorte espainiarren batzar baterako utzi zen, eta batzarra Jose Bonaparteren gobernuaren pean egin behar zen, baina inoiz ez zen egin, beharbada horixe zelako estrategia geopolitiko napoleonikoaren helburua.
Bestalde, Cádizen, 1810-1812 aldian, pertsona ospetsu nafarrek beren diskurtsoa argudio sendoez janzteko egiten zituzten eginahalek ez zuten oihartzun egokirik aurkitu (edonola ere, batzarrean eragiteko gaitasunik ere ez zuten, nafarren ordezkaritza, gainerako euskaldunena bezala, hagitz eskasa zelako), eta Nafarroako foruak, gainerako euskal lurraldeetakoak bezala, de facto indargabetuta geratu ziren, eta aipamenik gabe 1812ko konstituzioan. Ondoren, 1813ko abuztuan, berriro saiatu zen Diputazioa, nolabait ere, foruen eta indarra zuen konstituzio liberalaren arteko bateragarritasuna defendatzen. Horretarako, baimena eskatu zuen Nafarroako Gorteen Batzarrak konstituzioa zin egin eta publikatu zezan (Arabako Batzarrak 1812ko azaroan egin zuen, hainbat eragozpen gaindituta, eta Gipuzkoakoak 1813ko uztailean, haiek ere zenbait erreparo gaindituta). Cádizko diputatuek errotik ukatu zuten aukera hori, argudiatuz ez zegoela onartzerik bi botere legegile existitzea Estatu bakar baten baitan.
Ez dugu aipatu gabe utzi nahi, 1789ko esperientzia baxenabartarrari dagokionez, Nafarroa Garaiko 1808-1812ko prozesuan agertzen ez den osagai bat antzematen dela han, Nafarroa Beherean bertako parlamentuaren batzarra bildu izan zelako, urte hartan bertan, hainbat hilabetez. Osagai hori da, hain zuzen ere, klase-aldarrikapenak izan zirela Hirugarren Estatuaren aldetik. Estamentu horrek, lehenik, Nafarroa Behereko batzarrean eskatu zuen beste bi estamentuen pareko ordezkaritza izatea, eta ondoren, pribilegio feudalen suntsipena Paristik dekretu bidez agindu zelarik, horren alde agertu zen. Horrek, noski, kolpe latza ekarri zion instituzio baxenabartarrei eusteko ahaleginari. Era berean, horri guztiari erantsi behar zaio inork ez zuela planteatu, ez han eta ez hegoaldeko Nafarroan, Nafarroa Beherearen autogobernuaren muina gordetzeko trantsiziozko konponbiderik. Esaterako, Antzinako Erregimenak berezkoak zituen osagai batzuk ezabatzeko aukera emanen luketen erreformak hartzea, eta marko liberal berriari egokitzen ziren beste batzuk jartzea haien ordez. Bestalde, egia da iraultzaileen ideien nolabaiteko antzekotasuna zuten instituzioak ere erabat suntsitu zirela, adibidez Lapurdiko batzarra, non udalen ordezkariak bakarrik biltzen ziren. Izan ere, 1789ko iraultzatik sortutako legalitate berriak Frantziatik edozein bereizkeria politiko-instituzionala ezabatzeko grina bizia baitzuen.
Obrak
Tableau de la Constitution du Royaume de Navarre, et de ses rapports avec la France, imprimé des États-Généraux de Navarre, avec un discours préliminaire et de ses notes, par M. de Polverel, avocat au parlement, syndic député du Royaume de Navarre, Paris: Imprimerie de J. Ch. Desaint, 1789.
Bibliografia
Goyhenetche, M., «Les Etats de Navarre en 1789: la crise du foralisme provincialiste», in Cuadernos de Sección Historia-Geografia, 22 (1994), 123.-146. or.
— Historia General del País Vasco. III. A las puertas de la sociedad moderna, Donostia: Ttarttalo, 2005.
Mikelarena, F., «La Constitución Histórica navarra y el surgimiento del Estado liberal. El espejo bajonavarro en 1789», in Historia Constitucional, 14 (2013), 93.-127. or.
Zink, A., Pays ou circunscriptions: les collectivités territoriales de la France du Sud-Ouest sous l’Ancien Régime, Paris: Publications de la Sorbonne, 2000.
Aipamen bibliografikoa
Mikelarena, F., “Polverel, Etienne”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 592-597.





