Karguak eta lanbideak
Poeta
Ibilbidea
1513an, Tourseko poeta Guillaume de Piellek De anglorum fuga et hispanorum ex Navarra expulsione izenburuko poema luze bat argitaratu zuen Parisen. Poema horretan, gogoeta egin zuen Nafarroaren konkistak Frantziari eragiten zizkion arrisku estrategikoei buruz. Poema idatzi zueneko aurreko urtean konkistatu zuen Fernando Katolikoak Nafarroa, eta Piellek, poema idaztean, helburu hau zuen, konkistako gertaerak azaldu baino gehiago: adieraztea konkista hori aurretiko urrats bat izan zela Fernando Katolikoaren asmoetan, Akitania ere bereganatu nahiko zuelako, mendekua hartzeko, Frantziako Erresumak Ravenan garaitu zuelako:
«Baina Hispania prest dago jada bere eskuin garaileaz mendekua eskatzeko, eta Nafarroako mendietako gotorlekuei eraso egitera abiatu da; Pirinio bolkanikoetako haitzarte malkartsuetatik, akitaniarren lurralde zabala inbaditzera doa, eta bere egarria Garona ibaia emaritsuan asetzera».
Horregatik, espainiar erregea kementsu abiatu zen Nafarroako eskualderantz, eta herio- eta suntsipen-mehatxuak egin zizkien frantziarrei. Errege espainiarrak Baiona konkistatu nahi zuen («Troia baino askoz sendoago eraikita dago; Trasonek egin zituen hiriko hormak, eta suzko makinek ere ezin dituzte suntsitu; Neptunoren urek babesten dute hiria, eta urez betetako lubaki bat ere badu»), eta frantziarrak, halaber, ingelesak Atlantikoaren kostaldetik lehorreratzearen beldur ziren.
Poeman, adierazten da Nafarroa zalditeriako eskuadroiek konkistatu zutela, eta espainiar erregeak Nafarroako monarka tronugabetu zuela. Antza, espainiar armada ohartu gabe sartu zen Frantziako lurraldean, baina frantziar armada aurrez aurre izatean, espainiarrek atzera egin behar izan zuten:
«Gero, lurralde konkistatu berritik atzera egiteko moduari buruzko kezka sortu zitzaien espainiarrei, eta damutu, damutu ere egin ziren, garaipenezko banderak hain denbora gutxirako zabaltzeagatik; baina dofin onak, haserreak bultzatuta, aurre egin nahi zion etsaiari, lekuak eta egoerak hala eskatzen baitzuten, eta arerioen tropak jazarri zituen geziak jaurtikitzen eta ezpata odolez blaituta.
Nafarroako lurralde osoa espainiarren gorpuez beteta geratu zen. Hainbeste ziren, ezin izango baitzituen kantatu Marteren tronpak bertso lidiotan, ezta Homero latindarrak epopeia handi batean ere; hura jaiotzean, Ilargiak argitu zuen, eta Apolo sakratuak inspiratu zion kantu heroikoa».
Obrak
De anglorum fuga et hispanorum ex Navarra expulsione, Paris: Antoine Bonnnemère, 1513. Santoyo, J. C. (errep. faksimilea, gaztelaniazko itzulpena eta oharrak): Canto heroico a la retirada de los ingleses y expulsión de los españoles de Navarra, Iruñea: Galería Artiza, 1974.
Bibliografia
Aoiz, F.: La vieja herida, Tafalla: Txalaparta, 217.-219. or.
Elizalde, I.: Navarra en las literaturas románicas, Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia, 1977, 1. libk., 167. or.
Estornés Lasa, B.: «Pielle de Tours, Bernardo», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Onlineko argitalpena: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/pielle-de-tours-guillaume/ar-114983/ (2018ko urriaren 27an egindako kontsulta).
Floristán Imízcoz, A.: «Usos combativos de la historiografía barroca. La «usurpación» de Navarra en la publicística francesa contra la monarquía de España (1629-1659)» in Palos, J. L.; Sánchez Costa, F.: A vueltas con el pasado. Historia, memoria y vida, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2013, 354. or.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Pielle, Guillaume”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 706-707.





