Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

PEROTXEGI, Juan (Juan de Perocheguy) (Ainhoa, Lapurdi, 1684 – Iruñea, Nafarroa, 1765).

Karguak eta lanbideak

Militarra eta idazlea, Euskal Herriaren eta euskararen apologista

Ibilbidea

Zenbait idazleren arabera Garesen (Nafarroa) jaio zen, baina egiaz Lapurdiko Ainhoa herrian sortu zen, 1756an Iruñean berak inprimarazi zuen espediente militarrean ageri denez: «Don Juan de Perochegui es de nación Bascongada de la Provincia de Laburdi […] que jamàs conoció Soberanìa […] se sometiò à la Francia bajo de Fueros, y Privilegios […]. Naciò en ella el 17 de Enero de 1684 en la Villa de Añoa, anexa à la Parrochial del Monasterio de Urdax, en el Reyno de Navarra».

Basterorenea etxekoa zen jatorriz, baina ez oinordekoa, eta hogeita hiru urte zituela armada borboitarrean sartu zen, 1707an, Espainiako Ondorengotza Gerraren garaian. Agian bitxia gerta daiteke lapurtar bat sartzea armada espainiarrean, baina hark beti eutsi zion nafar herritartasunari, eta ohiko gauza izaten zen muga ondoko herrietan. Beste alde batetik, kontuan izan behar da dinastien arteko gatazka hartan armada borboitar espainiarra eta frantsesa elkarren ondoan borrokatu zirela aliantza austriarraren aurka. Frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz bazekienez, hizkuntzen interprete, idazkari eta laguntzaile aritu zen artilleriako teniente jeneral frantses batentzat, eta hasiera eman zion ibilbide militar distiratsu bati.

Artillero trebea zen 1729an Bartzelonara destinatu zutenean artilleriako komisario arrunt gisa. 1741ean, berriz, komisario probintziala izendatu zuten, eta kargu horretan aritu zen 1748ra arte. Bartzelonan argitaratu zuen, 1731n, bere Origen y antigüedad de la lengua vascongada lanaren lehenengo bertsioa, eta 1738an bigarren argitalpen handitua. Hamarkada horietan bere errejimentuarekin parte hartu zuen Italiako kanpaina militarretan (1733-1736, 1741-1746). 1746an lortu zuen koronel gradua, eta ondoren logistika eta intendentzia eginkizunetara igaro zen. 1748an Soraluzeko (Gipuzkoa) Arma Lantegia zuzentzeko ardura hartu zuen. 1751n Iruñera destinatu zuten artilleriako komandante-mailarekin. Berrogeita hamabost urtez bizimodu militarra eraman ondoren, 1762an erretiratu zen brigadier graduarekin eta Nafarroako Erresumako artilleriako komandante eta teniente probintziala izendatuta.

Iruñean hil zen, 1765eko urtarrilaren 20an, laurogeita bat urte zituela, eta hiri horretako karmeldar oinetakodunen komentuan lurperatu zuten. Haren testamentuan kapilautza bat sortu zuen Ainhoan eta diru-kantitate handiak eman zituen Iruñean dohaintzak, mezak eta errukizko aginduak betetzeko.

Zahartzaroan bere ideiak ontzen eta zabaltzen aritu zen. Iruñean argitaratu zuen bere tesiak bildu eta osatzen zituen recapitulación txiki bat (ca. 1756) eta 1760an Origen de la nación bascongada y de su lengua lanaren behin betiko bertsioa, urte berean bi argitaraldi eginez, ondoren hedatuenak izanen zirenak eta Perotxegi ezagutarazi zutenak. Izaeraz polemista zen, eta haren lana euskararen antzinatasunaren eta edertasunaren aldeko aldarri sutsua da, ezjakinen gauza zela esanez gutxiesten zutenei erantzunez. Haren ideiak eta argudioak ez dira originalak, aurreko mendeetako zenbait egilek formulatutakoak baizik. Dogmatismoz jaso zuen teoria tubalistari, eusko-iberistari eta kantabristei forma ematen zieten topiko eta mitoen errepertorio osoa. Iturri horien autoritateak Beroso, Viterbo, Ximenez Radakoa, Marineo Sículo eta Garibai ziren, besteak beste, eta haren garaikide Larramendi ere aipatu zuen. Maiz erabiltzen zuen metodo etimologikoa, toponimiari aplikatuta, bere aldarrien berrespenaren bila. Larramendik Espainiako toponimoetan euskal etimologia aurkitzen saiatzen bazen, Perotxegi harago zihoan: frogatu nahi zuen euskara, Espainiako eta Frantziako hizkuntzarik zaharrena ez ezik, Noeren berezko hizkuntza ere bazela, Baskoniara haren biloba Tubalek ekarri zuena. Munduko lehen hizkuntza zen, haren arabera, Jainkoak Adani eman ziona, eta bakarra, Babelgo nahasmena etorri arte. Baskonia izan zen Tubalen eta haren oinordekoen lehen bizilekua, Iberiakoa ez ezik, inguruko eremu zabal batekoa ere.

Perotxegik ez zuen zalantzarik bere ondorioen sendotasunaren inguruan.  Euskara munduko lehen hizkuntza izan zela frogatzeko, toponimo anitzen etimologia erabili zuen, haien euskal jatorria azaltzen zuelakoan. Haren gehiegikeria begien bistakoa da, eta erakusten dituen frogak zinez sinesgaitzak dira.  Assia edo Azia, Bibliaren arabera humanitatearen sehaska, euskarazko «hazia» hitzari legokioke. Euskararen jatorria Babel dela frogatzen da Hurte hitzari erreparatuta, «euria, euritea» eta «urtea» adierazten baitu, alegia, uholde nagusiak edo unibertsalak urte bat iraun zuenez, hitz bakarra geratu da bi adiera horiek jasotzeko. Euskara hitza bera: escuára edo ascogara («asko gara») Noeren eta haren ondorengoei dagokienez bayasco-gara («sí somos bastantes») adieratik dator, Cantabria, berriz, Cataberria («canción nueva») sinkopatua da, Normandía = Horma-andia («izozte handia»), Venezia Huenecia edo Huenesia «uren hezitzailea» edo «uren hesia», etab.

Euskararen gorespen horretan maiz aipatu zituen euskal imajinarioaren osagaiak: odol-garbitasuna, antzinatasuna, independentzia, jainkozkoarekiko lotura. Interesgarriak dira haren diskurtso politikoaren zenbait zertzelada. Esate baterako, Borboi abizenak euskal jatorria izanen luke, eta Buru-on idatzi beharko litzateke. Euskaldunak bi monarkiekin lotzen zituzten itunak eta leialtasuna ekartzen zituen gogora. Amaieran iradokitzen zuen Frantziak eta Espainiak euskarazko bi maisu jar zitzaketela, bat Larresoron eta bestea Urdazubin. Gogoa berotuta, era guztietako etimologiak asmatu zituen euskara goretsi beharrez, egiaz mesede eskasa egin ziolarik. Haren asertzioetako asko euskal apologisten nahikeria funtsik gabeen erakusgarri gisa erabili ziren, eta gaur ere hala erabiltzen dira. Beharbada gehiegikeriaren gehiegikeriaz lanak zabalkundea lortu zuen, denboran luze iraun zuena, identifikatzen zelako xviii. mendeko euskaldunen artean gailentzen ziren ideiekin, eta hori erakusten dute 1760ko argitalpenaren hitzaurrean ageri diren onespenek.

Humboldten arabera liburua hutsaren hurrengoa da; Urkixok zioenez, «la falta absoluta de método y el entusiasmo patriótico le llevan a proponer las etimologías más estrambóticas» eta «Paradisuaren eta Babelgo Dorrearen» euskaltzaleen taldera bildu zuen. Veyrinek eta Gallopek, berriz, «Euskal ikasketen aldi teologikoan» kokatzen dute.

Perotxegiren lana izan zen, baita ere, Reflexiones curiosas y notables sobre la ciencia y valor para la guerra (1752) izenekoa, non adore militar mota desberdinak azaldu, eta erlijiosotasun handia erakusten duen.

Obrak

Origen y antigüedad de la lengua bascongada y de la nobleza de Cantabria… En que se haze ver, que dicha lengua fue la primera, que se habló en el Mundo, y la misma que traxo Tuval à España en el año de 1800 de la Creación, con la particularidad, de cómo y por donde se introduxo para poblar esta Monarquía, y assi mismo se expressa como se introduxeron los agotes en el Valle de Baztan y en el País de Bascos en el año de 506, con otras curiosidades dignas de ser sabidas para todos los que son oriundos de dicha Lengua, Barcelona: Joseph Texidò, 1731. 1877an berrargitaratu zen El Lau-Buru izenez, folletoi gisa. Bilbo: Velasco Inprimategia.

Origen y Antigüedad de la Lengua Bascongada… A que se le añaden otras dos partes, probando en ellas de ser dicha lengua la estirpe y origen de la agustissima Casa de Bourbon, Barcelona: Joseph Texidò, 1738.

Reflexiones curiosas y notables sobre la ciencia y valor para la guerra, Iruñea: Herederos de Martínez, 1752.

Recapitulación o Resumen del discurso antecedente con curiosidades históricas y propias de la lengua bascongada [s. l.: s. n., ca. 1756]. Liburuxka, 18 orrialde foliotan, inprimategiko daturik gabe, ondorengo bertsioetan jaso zen.

Origen de la nación bascongada y de su lengua, de que han dimanado las Monarchías Francesa y Española y la Republica de Venecia que existen al presente, lo que se hace demostrable por su narrativa, y encadenamiento [s. l.: s. n., ca. 1758]. Liburuxka, 30 orrialde foliotan, ezagutzen den ale bakarra Vinsonek deskribatutakoa da (53b).

Origen de la Nación Bascongada y de su lengua, de que han dimanado las Monarquías Francesa y Española, y de la República de Venecia, que existen al presente, Iruñea: Herederos de Martínez, 1760. Behin betiko bertsioa da. Arrakasta handia izan zuen eta tirada txikia, urte berean berrargitaratu zen «Bigarren argitaraldia» adierazita. xx. mendean hainbat aldiz argitaratu zen: Bilbo: José Astuiren inprimategia, 1905; Donostia: Euskal Argitalpenak, 1978; Donostia: Roger, 2000.

Bibliografia

Bidador, J., Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra, Iruñea: Pamiela, 2004, 28.-29. or.

Expediente del Theniente Provincial de Artillería Don Juan de Perochegui, Iruñea, 1756. Archivo General Militar de Segovia, Índice de expedientes personales, VII. libk., Artillería, 1707.

Madariaga Orbea, J., Apologistas y detractores de la lengua vasca, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2008, 342.-347. or.

Urquijo, J., «Vascófilos ingleses: a propósito de “Un libro de los Vascos” de Rodney Gallop», in Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Riev, 26, 2,4 (1935), 371.-382., 729.-732. or.

Veyrin, Ph., «Les origines de Don Juan de Perocheguy», Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Riev, 27, 2 (1936), 342.-347. or. Berrarg. Gure Herria, 24 (1962), 164.-170. or.

Aipamen bibliografikoa

San Martín Casi, R., “Perotxegui, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 564-567.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP