Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERROMATAR BEHE-INPERIOAREN GARAIKO EGILEAK ETA OBRAK

PAULINO PELLAKOA(Pella, ca. 376 – Bordele, ca. 459).

Karguak eta lanbideak

Galiar-erromatar aristokrata, kristaua, eta poema autobiografiko baten egile

Ibilbidea

Paulinus Pellaeus da Erromatar Inperio Berantiarraren garaiko Galiatik ongien ezagutzen dugun pertsonetako bat, Paulinok berak Eucharisticos izeneko poema autobiografikoan kontatzen digunari esker. Poema 616 hexametroz osatuta dago, eta 459. urte aldera idatzi zuen, laurogeita hiru urte zituela. Hitzaurrean, Paulinok lanaren helburua adierazten du: Jainkoari eskerrak ematea bizitzan eragin dizkion zailtasunengatik, zailtasun horiei esker kristau bihurtu delako eta mundu honetako zoriona gehiegi ez preziatzen ikasi duelako. Eucharisticos poemaren lehen zatian, Pellakoak Bordelen emandako gaztaroa kontatzen du, eta aldi hori oparoa eta lasaia izan zela dio. Bigarren zatian, berriz, honako hauek kontatzen ditu: barbaroen  migrazioak iristean bizi izandako gorabeherak, nola bihurtu zen kristau, eta gertaera horren osteko urteak, poema idatzi zueneko unera arte. Uste da Paulino Ausonio Bordeleko poeta ospetsuaren iloba zela.

413an, lankidetzan aritu zen bisigodoekin eta haien errege Ataulforekin,  Burdigalan hartu baitzituzten Honorio enperadoreari Jovino usurpatzailearen aurkako borrokan laguntzeagatik saritzeko. Nolanahi ere, Ataulfok, Honorio herri bisigodoa Inperioan integratzeko akordio bat negoziatzera behartzeko, bakea hautsi zuen, zenbait hiriri eraso egin zien, eta Prisko Atalo senataria enperadore aldarrikatu zuen. Hala, gobernu paralelo bat sortu zuen Italiako gobernuarekiko, galiar-erromatar aristokraziaren babesaz, Paulino bera barne, kargu bat izan baitzuen Ataloren gobernu berrian. Honoriok eragindako presio militarrak eta blokeo ekonomikoak mehatxatuta, godoek Atalo bakarrik utzi zuten eta Hispaniarako bidea hartu zuten, baina, lehenago, Bordele arpilatu zuten. Paulinoren oinetxea erre zuten, eta Pellakoa eta haren ahaideak, bisigodoen preso, ez zituzten askatu eskura zituzten ondasunak kendu arte (311.-328. bertsoak). Askatu zituztenean, Paulino eta bere familia Vasats (Gironda) —civitas Vasatica— Novenpopulaniako gertuko hirira joan ziren, han ahaideren bat edo babesa hartzeko jabetzaren bat zutelako. Baina handik gutxira, bisigodoek hiria setiatu zuten, alano batzuek eta haien erregeak lagunduta. Hiri barruan esklaboen eta hiritarren baterako matxinada bat zapaldu ondoren, Paulinok alanoen erregearekin elkarrizketa sekretua izatea lortu zuen, eta itun bat egin zuen harekin, alanoek, auxiliares moduan, setiatuei babes militarra emango zietela bermatzeko. Agindutakoa beteko zutelako berme moduan, erregearen emaztea eta seme gogokoena Vasats hirikoen eskuetan utzi zituzten. Akordioa bete zuten, baina ez zen borrokarik egon, godoek leku horretatik alde egin baitzuten, indarrak ahulduta ikusita. Handik gutxira, alanoak ere joan ziren, baina, Paulinoren esanetan, «erromatarrekin nonahi bakean egoteko prest» (328.-399. bertsoak). Barbaroen migrazioen eta bere ondarearen kudeaketa txarraren ondorioz, Paulinoren ondasunak asko urritu ziren. Etsita, 421. urte aldera, kristau bihurtu zen (464.-478. bertsoak), baina bere egoera ez zen hobetu, emaztea eta seme-alabak hil zitzaizkiolako (492.-515. bertsoak). Marseillatik gertu zituen jabetza batzuetan bere bizitza berregiten saiatu zen, baina ez zuen lortu, eta Burdigalara itzuli, eta bere lana idatzi zuen.


Obrak

Ausonius, Ausonius. Vol. II: including the Eucharisticos of Paulinus Pellaeus, Evelyn White, H. G. (itzulpena), Cambridge: Harvard University Press, 1921.

Formigny, D.: «Paulin de Pella: Eucharisticos» in Warszawskie Studia Teologiczne, 16 (2003), 85.-100. or.

Moussy, C.: Paulin de Pella. Poème d’action de grâces et prière. Introduction, texte critique, traduction, notes et index, Paris: Sources Chrétiennes, 1974.


Bibliografia

Lanz, J.: «En torno a una posible deditio en el Eucharisticos de Paulino de Pella» in Olaya, N.; Montoza, C.; Aguilera, A.; Gómez, R. (argk.) in II Jornadas Predoctorales en Estudios de la Antigüedad y de la Edad Media. Κτῆµα ἐς αἰεὶ: el texto como herramienta común para estudiar el pasado. Proceedings of the Second Postgraduate Conference in Studies of Antiquity and Middle Ages, Universitat Autonoma de Barcelona, 19-21st November 2014, Oxford: British Archaeological Reports Ltd., 2015, 99.-106. or.

Perevalov, S. M.; Lebedynsky, I.: «Bazas 414: la rupture de l’alliance alano-gothique», Dialogues d’histoire ancienne, 26. libk., 1. zk. (2000), 175.-193. or.


Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Paulino de Pellakoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 76-77.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP