Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

PASSEMARD, Emmanuel (Paris, 1874ko azaroak 25 – Nimes, Gard, 1946ko urtarrilak 7).

Karguak eta lanbideak

Historiaurrelaria

Ibilbidea

Akademiako ofiziala, Estrasburgoko Unibertsitateko Geologia eta Paleontologia Institutuan natura-zientzietan doktorea, Emmanuel Passemard zientzialaria izan zen, eta Ipar Euskal Herriko historiaurrea aztertu zuen XX. mendearen lehen erdian. Ikerketak egin zituen Euskal Herriko zenbait haitzulotan, batez ere 1912 eta 1914 artean, ospetsuena bihurtu zen horretan: Isturitzeko harpea. Historiaurrelari hau askotan aipatu izan da, bere indusketei eta aurkikuntzei buruzko txosten ugari idatzi zituelako. Haren izena Ipar Euskal Herriko historiaurrearen hainbat aztarnategiri loturik dago, batez ere Isturitzeko harpeari eta Olha harpearekin, Kanbo inguruan. Arkeologia-lan horiek askotan aipatu badira ere, gutxi heldu zaigu Passemarden bizitza-ibilbideaz, ezikusia ere egin zaio. Arkeologia-jardueraz gain, ezin dugu alde batera utzi pertsonaia honen alde politikoa Bigarren Mundu Gerran alemaniarren okupaziopean, ez eta haren amaiera penagarriaren zergatia eta modua ere.

Ez zen izan ez estrasburgesa, ez alsaziarra, ez euskalduna, nahiz eta Estrasburgon doktoratu eta ia hamahiru urtez bizi izan zen Biarritzen eta Baionan (Coll., 2007). Haren aita eta berbera Parisen jaio ziren, baina aitaren aitona Limogesen jaio zen, Limousin eskualdean, eta Passemard familiak Saint-Yrieixen zuen sorburua. Antoine Henri Passemard altzarien eta eskudelen fabrikatzaile aberatsaren (1843-1931) eta Emma Josephine Bloueten (1850-1910) semea zen. Bada, Emmanuel Pierre Joseph Passemard 1874an jaio zen gurasoen etxean, Payenne kaleko 11 zenbakian, Pariseko Le Marais auzoan. Han, bere familia, nahiko aberatsa, Marle hotelaren jabea zen. Hotel hori 1856an erosi zuen Pierre Passemard aitonak (1812-1895). Azken horrek altzariak eta eskudelak fabrikatzeko saltokia sortu zuen (1856 baino lehen, Blouet-Passemard familiek banku bat ere bazuten).

1910eko abuztuaren 27an, Emmanuel Passemard, orduan hogeita hamasei urte zituena, Estrasburgon ezkondu zen Julie Fischer-ekin (1891-1980), Emmanuelek baino hamazazpi urte gutxiagokoa. Ernst Friedrick Fischer-en eta eta Gatlin Magdalena Yvonne Ebner-en alaba zen. Ernst Friedrick medikuntzako doktore oso ezaguna zen, eskoliosian espezializatutako kirurgiako irakaslea eta medikuntzako hainbat libururen egilea. Bada, bikotea Baionako Auzitegiaren 1926ko azaroaren 29ko Epaiaren bidez desegin zen. Dibortziatu eta zenbait hilabetera, 1927ko ekainaren 25ean berriz ezkondu zen Parisen, Luce (goitizenez, «Lucette») [Marie] Delcourtekin. Luce 1893ko uztailaren 5ean jaio zen Lillen, Amedée Delcourt biologoaren (1865-1937) eta Andrée Jeanne Marie Armanden (1866-1929) alaba. Urte batzuk lehenago, 1919an, Luce Delcourt Marie Edouard Billot magistratuarekin (1886-1931) ezkondu zen, baina 1925etik dibortziatuta zegoen, urte hartan Frantziako Historiaurreko Elkartera ezkongabe-abizenarekin sartu baitzen. Bigarren Mundu Gerratik onik atera zen, eta urte asko geroago hil Bailleulen, Nord departamentuko udalerrian, 1983ko urtarrilaren 9an, laurogeita bederatzi urte zituela, jaiotza-aktaren bazterreko ohar batek erakusten duen bezala [Lille, N (05/1893-08/1893), 322. or., 3290. zk.]. Luce historiaurrelaria izateaz gain, doktore ere izan zen Tolosako Unibertsitatean (Okzitanian). Bere doktorego-tesiak «Venus esteatopigioak deitu estatuatxo paleolitikoak» hartu zituen gaitzat, eta harengatik «oso ohoragarria» aipamena lortu zuen. Tesia Teissier argitaletxeak argitaratu zuen 1938an, Nîmesen.

1874an jaioa, Emmanuel Passemard 1894ko kintakoa zen (3470 zenbakidun libreta militarrean hala adierazita, Pariseko Udalaren artxiboan). Libreta militarrari erreparatuz, egiazta dezakegu 16. barrutiko Spontini kalea, 16. zenbakian bizi zela 1894ko Berrikuspen Juntan parte hartu zuenean. Helbide horretan bizi izan zen 1912ra arte. Libreta militar horren arabera, 1,74 metroko altuera zuen, ile beltzarana eta begi urdinak, eta 5. taldeko instrukzio maila zuen (ikasletzat hartzen zuten eta, beraz, pentsa dezakegu batxilergora iritsi zela). 1895eko azaroaren 12an, Infanteriako 5. Erregimentura mobilizatu zuten. Une horretan, artearen langile izatea aitortzen zitzaion, baina libretak ez du zehazten zein diziplinatan. Uste dugu zuraren ebanista edo zizelkatzailea izango zela, bai eta dekoratzailea ere, egurrean eta altzarietan espezializatutako familiaren saltokia kontuan hartzen badugu. Infanteriako 5. Erregimentuan ibili zen, 1896ko irailaren 29an armadako jardun aktiboan baja eman zioten arte. 1896ko azaroaren 1ean, armadaren erreserba aktibora esleitu zuten, Evreuxeko Infanteriako erregimentuan. 1903ko apirilaren 18an, biriketako gaitz bat zela eta (bronkitis bazilarra hemoptisiarekin), tuberkulosia, zalantzarik gabe, Senako Batzorde Bereziak zerbitzua apaldu zion, horretarako arrazoitzat «lanean hartu ez zuen gaitza» aipatuz.

Segur aski goiz hasi zen Kuaternarioko geologia eta paleontologiarekin interesatzen. Hala ere, ez dugu aurkitu konpromiso zientifikoaren frogarik 1905 baino lehen. Data horretan, «Nouvelles recherches sur la taille du silex (retouches par contre-coup, fabrication de fines pointes de flèches)» izenburuko silex-taillari buruzko azterlan bat egin zuen Joseph Louis Capitanekin (1854-1929); horixe zehazten da Eugène Pittarden ohar batean (Pittard, 1906), Bulletin de la Société Préhistorique de France-n (SPF) argitaratua. 1906ko ekainaren 28ko bileran, SPFko kide titular gisa onartu zuten ofizialki, babesle zituela Adrien de Mortillet (1853-1931), Elkarteko presidentea, eta Henri Marot (1846-1911), Elkarteko kidea zituela (SPFren buletina, 1906, 3. libk., 6. zk., 229. or.).

Hainbat elkarte eta erakunde zientifikotan ibili zen, hauexetako kide izanik: Txango Zientifikoen Elkartea, Frantziako Antropologia Institutua, Pariseko Antropologia Elkartea (1913tik), Zientziak Aitzinatzeko Frantziako Elkartea (1916tik), Lyongo Zientzia Fakultatearen Lagunen Elkartea, Frantziako Espeleologia Elkartea eta Biogeografia Elkartea. Historiaurreko gizakia, zoologia eta osteologia konparatua hartu zituen bere interesen ardatz. 1912an, denbora-tarte labur batez Saint-Clouden bizi ondoren, Melunera lekualdatu zen hainbat hilabetez, 1912tik 1913ra, Sena eta Marne departamenduan. Dirudienez, misio-arduradun lanean ibili zen Hezkuntza Ministerioan eta Arte Ederretako Ministerioan, ez badakigu ere lan horretan zehatz-mehatz zer egiten zuen. Haren misio batean heldu zen Euskal Herriko kobazuloak aztertzera? Ezetz uste dugu, Andre Darricau Isturitzeko harpearen jabea izan bide zen indusketak egiteko eta haitzulo hori aztertzeko agindu ziona, E. Passemardekin akordio batera iritsi ondoren. Baionako Zientzia, Letra, Arte eta Eskualde Ikasketen Elkartearen 1928ko Buletinak (1 zenbakia, 348. or.) Andre Darricauren eta haren emaztearen ohar bat aurkeztu zuen, bertan adieraziz Emmanuel Passemardek hartu zuela «Isturitzeko harpean indusketa zientifikoak zuzentzearen ardura».

Nolanahi ere, haren ibilbide zientifikoa 1912tik hara hasi zen: urte hartan hasi zen Lezea haitzuloa ikertzen, Sara euskal udalerrian, León Castilla leizearen emakidadunaren laguntzaz. Garai hartan, emakidadunak egokitua eta jendeari irekia zuen jada Lezea haitzuloa. Horren ondorioz, sarbidean metatzen ziren historiaurreko aztarnategiak suntsitu egin ziren, konponbiderik gabe. Hala ere, 1912ko urrian, E. Passemardek Ursus spaeleus hezur-hondar batzuk aurkitu zituen (Rosenmuller & Heinroth 1794), bai eta «Solutre-madeleine aldikotzat» identifikatu zituen industriaren elementu batzuk ere (arraspaketa eta punta ukituak), «idi, zaldi eta bisonte» hezurren nahasketa batean. Haitzuloaren kanpoaldean silex-hosto batzuk aurkitu zituen, Neolitikokoan sailkatu zituenak (Passemard, 1912). Hurrengo urtean, 1913ko uztailaren amaieran, Isturitzeko harpeko indusketak hasi ziren. Daranatz kanonigoak «Euskal Herriko historiaurreko bitxia» zela esan zuen 1926an (Daranatz, 1926). Raymond Prousek lehen indusketa-kanpaina bat egin zuen, 1913ko uztailetik irailera bitartean, eta bigarren indusketa-kanpaina bat 1913ko urritik azarora bitartean, eta indusketa-buru bera izan zuen, betiere. Bigarren kanpaina horretan, geruza arkeologiko bat erortzearen ondorioz, hainbat eskultura aurkitu zituen haitzuloko horma batean. SPFk 1913ko urriaren 23an egin bilera batean jakinarazi zien aurkikuntza handi horren berri bertako elkartekideei. Halaber, gizaki paleolitikoak landutako hainbat hezur-hagaxka erdi-biribil aurkitu zituen, eta SPFk 1913ko azaroaren 27an egin bileran jakinarazi zien aurkikuntza hori elkartekideei. Bilera horretan, SPFko Pirinio Apalen departamentuko ordezkari izendatu zuten. 1913ko azaroaren hasieran, E. Passemard Biarritzeko (Pirinioetako Apaletan) Champ Lacombe karrikako Villa Laetitiara lekualdatu zen, indusketetatik hurbilago egoteko. Isturitzeko harpean aurkikuntza garrantzitsuak egin zituenez, SPFren administrazio-kontseiluak Elkartearen ordezkari izendatu zuen (hala izan zen 1928ra arte). 1913ko azaroaren 27ko bileran, SPFren barruan kontrol-batzorde bat sortzea proposatu zuen, Isturitzen egin indusketak azter zitzan, eta hala erabaki zen. 1913ko abenduaren 18an, Isturitzeko harpean lurpetik atera haitzuloetako hartz-garezur bat eman zion dohaintzan, bai eta eskualdeko megalitoen zenbait argazki ere. E. Passemardek Isturitzen egin indusketek eta deskubrimenduek ospea ekarri zioten Frantziako eta nazioarteko komunitate zientifikoan.

1914an, Villa Naohra lekualdatu zen, Biarritzeko Alsace karrikako 5 zenbakian. 1925ean, berriz lekualdatu zen, Baionako San Leon auzoan dagoen Villa Bidartiara. Isturitzeko harpean indusketak egiten jarraitu zuen bere emazte Julie Fisher andrearekin batera (Bouyssonnie, 1923), bai eta harpean egon zitezkeen grabatuak eta labar-pinturak bilatzen ere, 1924ra arte. 1914tik 1916ra indusketa-buru lanetan jarraitu zuen Raymond Prousekin batera. Azkenik, 1916an, labar-pinturen eta grabatuen planoak, moldekatzeak eta argazkiak egitea erabaki zuen. SPFri proposatu zion Raymond Prousi ohorezko diploma bat ematea, Isturitzen 1913tik 1916ra bitarteko indusketetan eman zerbitzuen saritan. 1916 hasieran, Julio Urquijo Ybarra Donostiako euskal idazle eta akademikoari (1871-1950) basahuntz eskeleto bat erosi nahi izan zion, Isturitzeko harpean lurpetik atera osamentekin anatomia konparatiboko azterlanak egiteko (Xarriton, 1997).

1917an, Olha harpea aurkitu zuen Kanbotik gertu, eta indusketak hasi zituen leku paleontologiko garrantzitsu horretan, Ipar Euskal Herriko Moustier aldia hobeki ezagutzeko. Era berean, Angeluko «Ballastière de Micoteau» izeneko aztarnategia aztertu zuen, eta zehaztu zuen goi Moustier aldikoa zela. Horrez gain, Moulignako zohikaztegietako aztarnategi neolitikoa aztertu zuen Biarritzen. Oso azterlan egokia egin zuen Olhako harpeari lotutako alubioi-terrazei buruz: 1921ean, Estrasburgoko Unibertsitatearen Zientzia Fakultatean aurkeztu eta 1924an Baionan argitaratu doktorego-tesia izan zen, «Euskal Herriko aztarnategi paleolitikoak eta alubioi-terrazekin dituzten erlazioak» izenburukoa. 1918an, Isturitzeko indusketei buruzko txosten sintetikoa aurkeztu zion SPFri (Passemard, 1918). Zientziak Aitzinatzeko Frantziako Elkarteak 400 frankoko dirulaguntza eman zion, «1917an Baionako eskualdean hasi indusketak amai ditzan». 2.000 frankoko dirulaguntza ere eman zitzaion (Olhako harpeko indusketetarako). Horrenbestez, dirulaguntzak jaso zituen 1917tik 1919ra. 1920ko irailaren 1ean betebehar militarretatik salbuetsita geratu zen. Urte horretan, Errobi ibaiaren alubioi-terrazak eta horiek Olhako harpeko metakinekin zuten lotura aztertu zuen. Hori 1921ean Estrasburgoko Unibertsitateko Geologia eta Paleontologia Institutuari aurkeztu txostenean agertzen da, Natura Zientzietako Goi Mailako Ikasketen diploma lortzeko baliatua. Zientziak Aitzinatzeko Frantziako Elkarteak 800 frankoko dirulaguntza eman zion ikerketa horiek egiteko. 1921ean, E. Passemardek Aurignac aldiko sai-hezurrezko lehen txirula ezaguna atera zuen Isturitzen.

1921-1922an, Marokoko Protektoratuak historiaurreko misioaren arduradun izendatu zuen, eta ikerkideentzat oso interesgarriak ziren aurkikuntzak egin zituen. Hala ere, mailegurik ez zuenez, ezin izan zuen Marokoko lurraldean ikertzen jarraitu. 1923an, Charles Forsyth Mayor (1843-1923) Korsikaz maitemindutako paleontologo zoologo anglo-suitzarrari «gizaki paleolitikoaren bila» lagundu zion, Korsika uharteko historiaurreko hiru lekutan egindako ikerketetan. Charles Forsyth urte horretan bertan hil zenez, ez dugu haren ikerketen garrantziaren berri, ez eta edukiarena ere, Passemardek hartutako ohar batzuk izan ezik. 1923ko abenduaren 27an, SPFren Ohorezko Diploma Handia jaso zuen, Isturitzen egin indusketen saritan. Izan ere, indusketa horiek bikaintzat katalogatu ziren, metodologiaz zein zehaztasunez. 1924an, Breuil (1877-1961) eta Jean Bouyssonie (1877-1965) abadeekin batera, aterpe eman zion Karel Absolon txekiarrari (1877-1960), azken horrek Frantzian egin zuen bidaian. Eyzies aztarnategia bisitatu zuten, eta hor Denis Peyronie (1869-1954) ezagutu zuten, Eyziesko museoaren kontserbatzailea. 1924 hondarrean, E. Passemardek bertan behar utzi zituen Isturitzeko harpeko indusketak. 1925etik 1940ra bitartean, E. Passemardek, Nîmesko eskualdera lekualdatuak, hainbat misio arkeologikotan lan egin zuen Ekialde Hurbilean eta Ipar Afrikan.

Bigarren Mundu Gerran, E. Passemardek Petain marexalaren ideiak aldeztu zituen, eta bat egin zuen nazi inbaditzaileen eta Miliziaren kolaborazionismoarekin. Ez gara tronpatu behar pentsatuz Emmanuel eta Luce Passemard Frantziako eskuin zahar horretakoak zirela, 1929ko krisiaren ondorioz Frantziak eta Frantziako gizarteak aurrean zituen gizarte- eta ekonomia-arazoak beltzei, juduei, masonei, sozialistei, komunistei eta Fronte Popularrari leporatzen zizkiena; Frantziako eskuin zahar horretatik sortu ziren, adibidez, Cagoule eta Corvignolles, eskuin muturreko mugimenduak (Frantziako armadako Cagouleren baliokide), 30eko hamarkadaren amaieran boterea hartzen saiatu zirenak. Aldiz, E. Passemard lehengo sozialista bat zen, sistemarekin etsitua. Bera eta bere emazte Luce erreminetik petainismora pasa ziren eta, are, izena eman zuten Philippe Petain marexalak 1940ko abuztuaren 29an sortu Frantziako Borrokalarien Legioan (LFC). Aldi berean, berriz, 1940ko ekaineko porrotaren eta Frantzia gobernatzeko Petaini botere osoak esleitu ondoren, Frantziako eskuin zahar horren zati handi bat eta eskuin muturraren zati bat Londresko De Gaulle jeneralari atxiki zitzaizkion, Alemaniako inbasorearen aurkako borrokarekin jarraitzeko.

Jakina, pentsa dezakegu E. Passemardek lotura izan zuela 1936an Jacques Doriotek (1898-1945) sortu Frantziako Alderdi Popularrarekin (PPF), baina orain arte ez dugu kausitu atxikimendu hipotetiko horren aztarnarik. Hala ere, LFCn bete zuen postuari esker, ziurrenik, hainbat babes politiko lortu zituen eta, horiei esker, 1941ean, Natura Historiaren Museoko zuzendari bihurtu zen, Paul Marcellinen kargugabetze lotsagarrian parte hartu ondoren. Agintari petainistek kartzelatzeko mehatxua egin zioten azken horri eta, beraz, haren eginkizunak utzi eta ihes egin behar izan zuen; geroago, berriz, Paul Caboat doktoreak (1888-1983), Nîmesko Tokiko Askapen Batzordeko presidente eta Nîmesko alkateak, haren karguan berrezarri zuen 1944ko abuztuaren 24tik 1945eko urtarrilaren 5era. Gerran, Emmanuel Passemard, Frantziako beste arkeologo batzuk bezala, antropologo eta arkeologo naziekin bildu zen, hala nola Ämilian Kloiber (1910-1989) eta Otto Recherekin (1879-1966), eta historiaurreko aztarnategi frantses batzuk bisitatu zituen okupatu gabeko eremuan. Gogoratu beharrekoa da eragin mistiko-esoterikoko bi arkeologia-talde garrantzitsu Alemanian eratu zirela Alfred Rosenberg (1893-1946) eta Heinrich Himmler (1900-1945) nazien gidaritzapean: 1934an, AMT Rosenberg («Rosenberg Bulegoa», «Reicharen Aliantza» ere deitua), eta 1935ean, Ahnenerbe («Arbasoen Ondarea»). Ikerketa antropologikoko eta arkeologikoko bi erakunde horiek, elkarrekin lehiatu arren, misiotzat hartu zuten zibilizazioaren edo kristautasunaren aurreko mundu germaniar baten oinarriak bilatu eta agerian jartzea eta, hartara, erakustea zibilizazio hori lehenago existitzen zela orduko herriak baino, eta arraza indoarioa purua zela eta munduan nagusitu eta gobernatzeko helburua zuela. Ideologia pangermanistaren eromen kolektibo horretan, Ahnenerbe historiaurrearekin, protohistoriarekin eta Goi Erdi Aroarekin ere interesatu zen, bai eta «Grial Santu», «Thor-en Mailu» eta beste batzuen inguruko mitologiarekin ere.

Ideologia ero horren aldekoa ez zenez, E. Passemard ez zen urrunago joan behar, Ahnenerbe-ko kide arkeologo naziak aztarnategi arkeologikoetara bisitan ekarri besterik ez zuen egin behar. Beste pertsona batzuek, hala nola Breuil abadeak, hori egin zuten garai hartan. Aldiz, ideologiaz antikomunista eta petainista zen, eta agian antisemita samarra: LFCn inskribatu zen 1940an, Legionario Ordenaren Zerbitzuan (SOL), 1942ko urtarrilean Joseph Darnand jaunak sortua (1897-1945), eta Darnand jaunak 1943an sortu Milizian. Gard departamentuko Borrokalari Zaharren Legioko presidente izan ondoren, departamentu horretako inteligentziaren buru bihurtu zen. Hala ere, ezerk ez digu pentsatzera ematen E. Passemard Waffen SSko kidea izan zenik, bere kide legionarioetako edo Miliziako batzuk ez bezala (Charles Roumegous edo haren laguntzaile Roch).

1944ko urtarrilaren 20an, Emmanuel Passemardek Nîmesko auzitegi militar milizianoa sortu zuen, eta berbera izan zuen lehendabiziko presidentea. Auzitegi militar hori izan zen, hilabete gutxiren buruan, Nahitaezko Lan Zerbitzuaren aurkako erresistentziako ia 110 susmagarri hiltzera kondenatzearen erantzulea. 1944ko abuztuaren 15ean, tropa aliatuak Proventzan lehorreratu eta haien aurrerapen saihestezinaren aurrean, Nîmesko milizianoak eta horien buruak Alemaniarantz atzera egin zuten armada naziarekin. Errusiako edo Estatu Batuetako armadak han atxilotu zituen miliziano asko. 1945ean, Alemanian aurrera egin ahala, estatubatuarrek Frantziako Gobernuari entregatu zizkioten preso zituzten miliziano guztiak, eta horien artean, seguruenik, E. Passemard (ikerketa abian da oraindik ere). Garesti ordaindu zituen Miliziarekin hartu zituen konpromisoa eta erantzukizunak, buru miliziano eta Nîmesko auzitegi militarraren presidente gisa. Hain zuzen, gerra amaitu ondoren, atxilotu egin zuten, Nîmesko Justizia Auzitegiak epaitu ere egin zuen, eta fusilatu, segur aski egun berean: 1946ko urtarrilaren 7an edo 8an. Luce Passemard-Delcourt haren emaztea, historiaurrelaria ere, absolbitu egin zuten, nahiz eta bere senarrarekin idazkari judizial gisa lan egin Miliziaren kartzelan egin ziren galdeketa eta tortura ugaritan, Nîmesko Silhol hotelaren (Salan, 1947 eta 1971) lur-azpian kokatua. Bailleulgo erregistro zibilean 1983ko heriotza-akta aurkitu ondoren, egiazta dezakegu ez zutela fusilatu gerra amaitzean, Laurent Olivier-ek duela gutxiko liburu batean (Olivier, 2012) adierazi zuen bezala, baizik eta zenbait hilabetez espetxeratu zutela (ikerketa ez da amaitu).

Egungo Claude Chauchat euskal arkeologo eta historiaurrelariaren arabera, «Askapenean, haren bildumak bahitu zituzten, eta hainbat museotan sakabanatu» (Chauchat, 1985:237).

Edonola ere, esaera zaharrak dioen bezala, «eman Zesarri Zesarrena dena». Emmanuel Passemard bere garaiko historiaurrelari bikaina izan zen. Ez da txikia XX. mendearen lehen erdialdean historia orokorrari eta, bereziki, Euskal Herriko historiari egin zion ekarpena: Isturitzeko aztarnategi, fresko eta historiaurreko pinturak aurkitu zituen, eta Amedéek zein Jean Bouyssoniek ikertzaileak egin lan metodikoa eta haren balio ikaragarria aitortu zuten (Bouyssonie, 1932). Olhako harpea aurkitu zuen; halaber, lehen ikerketa bat egin zuen gai hauexen inguruan: Aurignac aldia Mouster aldiari gainjartzea, Aurignac aldia Solutre aldia baino lehenagokoa izatea, Errobi ibaiaren arroko alubioi-terrazen identifikazioa eta kronologia, terraza horiek Olhako harpeko aztarnategiarekin eta Ipar Euskal Herriko beste estazio paleolitiko batzuekin duten lotura, eta Chalosse aldia izenaren auzia. Bistan denez, zientziaren eta egungo tekniken aurrerabideak kontzeptuan zein arkeometrian laguntzen duenez, aditu oso kualifikatuak hori guztia ari dira ebaluatzen, hobetzen eta birdefinitzen. Garai hartako «gutxi-asko» batetik askoz ere neurketa sofistikatuagoetara eta modelizazio errealistagoetara pasa gara.

Obrak

Discussions, «Discussion sur les pierres géométriques», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 10 (1906), 427-429. or.

CAPITAN, L.-rekin, «Nouvelles recherches sur la taille du silex», Association Française pour l’Avancement des Sciences, C. R., Lyon (1906), 2. zatia, 35. libk., 727-730. or.

Discussions, «Discussion sur les éolithes», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 3 (1907), 167. or.

«Exploration des Grottes de Sare (Basses-Pyrénées)», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 3 (1912), 215-216. or., erreferentziatua, halaber, era honetan: PASSEMARD, E. (1912), «Industrie de la grotte de Sare (Basses-Pyrénnées)», in PASSEMARD (1924), Les stations paléolithiques du Pays basque et leurs relations avec les terrasses d’alluvions.

«Découverte d’une station magdalénienne dans les grottes d’Isturitz (Basses-Pyrénées)», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 10. libk. (1913), 394. or.

«Un os gravé de la grotte d’Izeste (B.-Py.)», Bulletin de la Société Préhistorique Française (1913), 531-532. or.

«Découverte des bas-reliefs et de peintures dans les grottes d’Isturitz (Basses-Pyrénées)», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 10. libk. (1913), 533. or.

«Fouilles à Isturitz (Basses-Pyrénées)», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 10. libk., 11 (1913), 647-649. or.

«Sur les Baguettes demi-rondes», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 13. libk., 6 (1916), 301-307. or.

«L’art préhistorique», BSSLAB, (1917), 13. or.

«Sur les Pointes de Sagaies fourchues», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 14. libk., 2 (1917), 119-126. or.

«L’art pariétal quaternaire dans les Basses-Pyrénées», BSSLAB, 5 (1918), 43-45. or.

«Les reliefs pariétaux d’Isturitz», Comptes rendus des séances de l’Académie des Inscriptions et Belles-Lettres, 4 (1918), 238-240. or.

«Les sculptures pariétales de la Caverne d’Isturitz (B.-Py.)», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 15. libk., 8 (1918), 466-477. or.

«Les signes cruciformes et les points dans la Maison basque», BSSLAB, (1919), 55. or.

«Un félin sculpté en bois de renne», Comptes rendus des séances de l’Académie des Inscriptions et Belles-Lettres, 64. urtea, 1 (1920), 28-31. or.

«Une gravure de lièvre d’Isturitz», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 17. libk., 3 (1920), 79-81. or.

«Les Spirales de la caverne d’Isturitz», Bull. de la S Bulletin de la Société Préhistorique Française, 17. libk., 6 (1920), 150-154. or.

«La Ballastière de Micoteau (B.-Pyrénées)», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 17. libk., 12 (1920), 286-291. or.

«L’industrie des tourbes de Mouligna (Basses-Pyrénées)», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 17. libk., 11 (1920), 263-268. or.

«Sur la persistance du Rhinocéros Mercki dans un gisement moustérien supérieur des Basses-Pyrénées», Comptes rendus de l’Académie des Sciences, 1920, 1921eko azaroa.

«Signes gravés de la caverne d’Isturitz», Revue archéologique, XIII. libk. (1921), 33-35. or.

«Les terrasses alluviales de la Nive (B.-Pyr.) et leurs rapports avec l’abri moustérien d’Olha près Cambo», Comptes rendus de l’Académie des Sciences, Strasbourg, 1921eko martxoaren 21a, 194-195. or.

«L’abri Olha (Basses-Pyrénées)», Association Française pour l’Avancement des Sciences, Congrès de Strasbourg (28 juillet 1920), Strasbourg, 1921eko martxoaren 21a, 553. or. eta hur.

«L’industrie des tourbes de Mouligna», BSSLAB, (1921), 47. or.

«Les terrasses alluviales du Sebou en amont de Fez», Comptes rendus de l’Académie des Sciences, 173. libk., 1921eko irailaren 26a.

«Une flûte aurignacienne d’Isturitz», Association Française pour l’Avancement des Sciences, 46e Session, Congrès de Montpellier (1922), 474-476. or.

«Les rondelles percées d’Isturitz (B.-P.)», Association Française pour l’Avancement des Sciences, 46e Session, Congrès de Montpellier (1922), 2 fig., 476-479. or.

«La caverne d’Isturitz (Basses-Pyrénées)», Revue archéologique, XV. libk. (1922), 1-45. or.

«Les oiseaux dans la faune de l’abri Olha», Association Française pour l’Avancement des Sciences, Congrès de Bordeaux, 47. libk. (1923), 678-679. or.

«A propos du galet peint de la grotte de la Salpétrière du Pont du Gard», Bulletin de la Société Préhistorique Française (1923), 318. or.

BOURRILLY, J., eta LAOUST, E.-rekin, «Mode d’extraction des pierres meulières au Maroc», Association Française pour l’Avancement des Sciences, C. R., 46. saioa, Montpellier, 1922-1923, 479-482. or.

Les stations paléolithiques du Pays basque et leurs relations avec les terrasses d’alluvions, Baiona: Imp. Bodiou, 1924, 218 or.

«La grotte d’Isturitz et les tendances de nos recherches modernes en Préhistoire», Conférence/projection, Bulletin de la Société Préhistorique Française, 21. libk. (1924), 97-98. or.

«Quatre chevaux gravés en perspective, sur os, du Magdalénien de la Caverne d’Isturitz», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 21. libk., 10 (1924), 236-238. or.

«Le Chalossien», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 21. libk., 5 (1924), 148-152. or.

«Les découvertes de la caverne d’Isturitz (Basses-Pyrénées)», La Nature, 2.625 (1924), 62-64. or.

«Dessins sinueux sur bois de renne de la caverne d’Isturitz: (Basses-Pyrénées)», Bulletin de la Société Préhistorique Française 22. libk., 3 (1925), 135-136. or.

«Les sculptures en ronde-bosse sur pierre de la caverne d’Isturitz (B.-P., France)», IPEK, 1925, 44-46. or.

«Un objet phalloïde en os de la caverne d’Isturitz», Conférences: C-R de la 48e session, Association française pour l’avancement des sciences, Liège 1924, 1925, 540-542. or.

«Trois gisements néolithiques de la Corse», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 22. libk., 6-7 (1925), 221-225. or.

«Une brèche osseuse à petits mammifères des environs de Corte (Corse)», Bull. de la Société géologique de France, 25 (4) (1925), 347-350. or.

«Une nouvelle industrie du paléolithique inférieur plus ancienne que le Cheléen: Le Chalossien», Association Française pour l’Avancement des Sciences, Grenoble, 1925, 478-481. or.

«Les Mammifères» in «Histoire du peuplement de la Corse. Étude biogéographique», Société des Sciences Historiques et Naturelles de la Corse, 473-476 (1925), 35-107. or.

«Coin décoré en bois de renne», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 23. libk., 11 (1926), 260-261. or.

«Les terrasses alluviales de l’Euphrate et les industries qu’elles contiennent», Comptes-rendus de l’Académie des Sciences, 183. libk. (1926), 354-368. or.

«Une collection d’art quaternaire à Saint-Germain», L’Art Vivant, 57 (1927), 351-353. or.

«Recherches préhistoriques dans les territoires de Syrie, du Liban et des Alaouites», Syria, 8. libk., 8-4 (1927), 342-351. or.

«La station chelléenne de Khillalé, près Latakieh», Syria, 8. libk., 2. fasz. (1927), 169-173. or.

«Le Chalossien en France, en Egypte et en Syrie», Syria, 8. libk., 4. fasz. (1927), 342-351. or.

«Quelques observations sur des chimpanzés (Some observations on chimpanzees)», Journal de Psychologie, 24 (1927), 243-254. or.

«Mission en Syrie et au Liban», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 24. libk., 1-2 (1927), 70-72. or.

«Note préliminaire sur une Mission dans le Sud-Tunisien 1927-1928», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 25. libk., 5 (1928), 270-272. or.

BREUIL, H.- rekin, «La plus grande gravure à contours découpés magdalénienne connue», Revue archéologique, 27. libk. (1928), 1-4. or.

DEPERET, Ch. eta ROCHETTE, J.-rekin, «Les Vertébrés fossiles du Fort Bourdonneau à Fès (Maroc)», Bull. de la Société d’Histoire Naturelle de Toulouse, L VII. libk., 3. hiruh. (1928), 277-295. or.

«Une gravure aurignacienne d’Isturitz», Bull. de la SPF, 27. libk., 6 (1930), 357-360. or.

DUBALEN, P.; VAYSON DE PRADENNE, A., eta NEUVILLE, R.-rekin, Discussions, «La Question Chalossienne», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 28. libk., 6 (1931), 289-293. or.

PASSEMARD, L.-rekin, «Les gravures incisées du Djebel Zegdel (sud tunisien)», La Nature, Revue des sciences et de leur application à l’art et à l’industrie, 2.929 (1934), maiatzaren 15a, 461-484. or.

«Un Galet gravé d’un signe tectiforme de la Caverne d’Isturitz», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 32. libk., 5 (1935), 299-300. or.

«Les peintures rupestres de l’Ennedi», L’Anthropologie, Paris, XLV. libk. (1935), 253-254. or.

SAINT-FLORIS, H. de-rekin, «Les peintures rupestres de l’Ennedi», Journal de la Société des Africanistes, 5. libk., 1 (1935), 97-112. or.

RODZIANKO, P. de-rekin, «Gravure schématique sur rocher dans une grotte du Gard», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 32. libk., 7 (1935), 402-405. or.

«Le Moustérien à l’Abri Olha en Pays Basque», Revue lorraine d’anthropologie, 8 (1935-1936), 117-160. or.

«Un instrument trièdre chalossien du Sahara et l’état de la question chalossienne», Bulletin de la Société préhistorique française, C-R de la XII sesion del Congrès préhistorique de France, Toulouse-Foix (1936), 1937, 765-767. or.

«Henri de Saint-Floris», Journal de la Société des Africanistes, 7. libk., 7-2 (1937), 225-227. or.

PASSEMARD, L.-rekin, «Le Capsien de la Table Ouest dit “Abri Clariond” à Moularès (Sud-Tunisien)», Préhistoire, 8. libk. (fasz. bakarra), Paris: PUF, 1941, 43-120. or.

«La caverne d’Isturitz en Pays basque», Préhistoire, I X. libk. (fasz. bakarra), Paris: PUF, 1944, 95. or., 54 taula.

Hitzaurrea, liburu honena: Jane ULYSSE-DUMAS, Préhistoire du Gard, le Quaternaire, hil ostean Nîmesko Société d’Études des Sciences Naturellesek argitaratua, 1944.

Bibliografia

BARROUQUERE, H., «Dubalen archéologue: du terrain au musée», Bull. De la Société de Borda, 507 (2012), 305-326. or.

BOUDREL, Ph., La grande débâcle de la collaboration, Paris: Le Cherche midi, 2007, 304 or.

BRES, E., eta Y., Carl HEIL, speaker contre Hitler, Paris: Les Éditions de Paris, Histoire, 1994, 137-139. or.

CHAUCHAT, Cl., «L’abri Olha, Cambo (Pyr. Atl.); la nouvelle étude de la collection Passemard», Bulletin de la Société Préhistorique Française, 82. libk., 8 (1985), 237-238. or.

DUPRÉ-MORETTI, É., «Emmanuel Passemard (1874-1946), brillant préhistorien et tortionnaire criminel – Synthèse biographique et bibliographique», Ikuska, 27 (2015), 1-40. or.

International directory of Anthropologists, Washington, USA: Nacional Research Council, 1938, 168. or.

JAVSICAS, G., Of victory, cause and cure, New York-London: D, Appleton-Century Company, 1943, 371 or.

KOSTRHUN, P., «Karel Absolon (1877-1960) and the research of significant Paleolithic sites in Moravia», Archeologia Polona, 47. libk. (2009), 91-139. or.

OLIVIER, L., Nos ancêtres les Germains, Paris: Éditions Tallandier, 2012, 313 or.

SALAN, G., Prisons de France et Bagnes allemands, Nîmes: Imp. L’Ouvrière, 1946, 243 or.

XARRITON, P., «P. Broussainen gutunak J. Urkijori», in Federiko Krutwig-i omenaldia, Iker 10, Bilbo: Euskaltzaindia, 1997, 387-389. or.

— Pierre Broussain, sa contribution aux études basques (1895-1920), Paris: CNRS, 1985.

ITURRIAK

ARCHIVES DE LA VILLE DE PARIS, Livret militaire, 3.470. zk.

DARANATZ, abbé, «La Préhistoire et les Recherches Préhistoriques au Pays Basque», Revue de Gascogne, 21. libk. (1926), 104. or.

ÉTAT CIVIL DE BAILLEUL, Lille, N (05/1893-08/1893), 3.290. zk., 322. or.

Bulletin de la Société Préhistorique de France, 3. libk., 6 (1906), 229. or.

BSSLAB, 1 (1928), 348. or. 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP