Karguak eta lanbideak
Nafarroako Errege Auzitegietako abokatua, Nafarroako Errege Kontseiluko kontseilaria eta erresumako Zuzenbidearen bilduma-egilea
Ibilbidea
Nafarroako Errege Kontseiluko kontseilari izendatu zuten arte, oso gutxi dakigu haren bizitzari buruz. Tuteran jaio zen, zehaztu ezin dugun data batean. A. M. Carabiasek «Catálogo de colegiales del Colegio Mayor de Oviedo (s. xvi)» lanean jaso zituen datuen arabera, Salamancako Unibertsitateko Ikastetxe hartan sartu zen 1538ko abuztuaren 2an, eta lizentziadun gradua 1539ko urrian lortu zuen. Salamancako Unibertsitatean jarraitu zuen, matrikulatuta agertzen baita 1546-47 ikasturtean (Unibertsitate hartan gordetzen den lehenbiziko matrikula-liburuan). Tuterako Ana Gutiérrez Aibarrekin ezkondu zen. 1550eko irailaren 11n enperadoreak Nafarroako Errege Kontseiluko kide izendatu zuen, nafarrei zegozkien lau eserlekuetako bat bete zezan, Martin Goñi doktoreak hutsik utzi zuena, hain zuzen, Ordenetako Kontseilurako hautatu zutenean. 1550eko urriaren 29an hartu zuen kargua Pasquierrek, eta bizi zen artean bete zuen.
Kontseilaria zelarik, erregeordeak hainbat aldiz agindu zion Erresumako Gorteak biltzeko. Batzar haien buru aritu zen, eta eserlekuen lehentasun auzietan esku hartu zuen, besteak beste.
Bizitza ez baina, haren obra ongi ezagutzen dugu. Haren izena Nafarroako Zuzenbidea biltzeko prozesuari estu lotuta geratu da. 1556an, Nafarroako Gorteak saiatzen ziren bitartean, alferrik saiatu ere, monarkak onar zezan Nafarroako Foru Laburtua, hau da, erresumaren «Erdi Aroko foruen edizio moderno bat», erregeorde eta Alburquerqueko dukea zenak, Kontseiluaren oniritzia zuela, Pedro Balanza eta Pedro Pasquier kontseilariei agindu zien erresumako Zuzenbidearen bilduma egiteko. Emandako aginduaren mugak zehatzak ziren: «ver las leyes de visita, y el libro general de los Estados, y que reduxexemos lo sustancial del quitando toda superfluidad, variedad, y contrariedad, con buen orden y estilo: y lo pusiessemos en un libro». Agindutik at geratzen ziren, beraz, Erdi Aroko foruak, Gorteek Foru Laburtua delakoa bultzatuz beste zerbait nahi bazuten ere. Balanzak eta, batez ere, Pasquierrek 1556an eta 1557an osatu zuten lana, alegia, «recopilar, corregir y hazer imprimir las hordenanças realles y de visitas y los reparos de agrauios y otras prouisiones de este reino». 1557ko maiatzaren 23an, Errege Ganberaren kargura inprimatzeko lizentzia eman zen, agindu zorrotza emanez gorde eta bete beharrekoa zela Las ordenanças, leyes de visita, y aranceles, pregmaticas, reparo de agrauios, & otras provisiones Reales del Reyno de Nauarra, izeneko lan hartan (Ordenantza Zaharrak izenez ezaguna), jasotako guztia. Lana bi liburukitan banatuta zegoen. Lehenengoa errege Zuzenbidean zentratzen zen, eta ordura arte onartutako bisita-legeak jasotzen zituen, aurretik Karlos III. ak 1413an emandako Ordenantzak aurkeztuz, eta haiekin batera merinoei buruzko ordenantza batzuk, zerga-bilduma bat, eta erregearen hogeita hamar probisio biltzen zituen koaderno bat. Bigarrenean, bertan jasotzen zen Zuzenbidearen jatorri desberdina markatuta, erresumako Estatuek egindako eskaerak biltzen ziren, haietako asko kalteen ordainak, bakoitzaren ondoan zegokion erabakia agertzen zuela. Bi liburukitan banatzeko egileek erabili zuten irizpidea lausoa zen guztiz, eta horregatik, hura erabili ahal izateko, balio handikoa izan zen 1561ean Ruiz de Otalora kontseilariak argitara emandako Repertorio de las Ordenanzas, leyes de visita, aranceles, pragmáticas, reparo de agravios y otras provisiones reales y leyes del Reyno de Navarra, lana. Badakigu Pasquierrek onartu zuela erabilpenaren aldetik liburua eskasa zela, eta hori konpondu beharrez, beste bilduma bat egiteari ekin ziola. Erresumaren Estatuek Ordenantza Zahar haien aurka agertu ziren, eta bilduma ofizialaren onespena ukatu zioten. Ez zituzten onetsi lan horretan berek parte hartu ez zutelako; berdintzen zituztelako Gorteetan elaboratutako legeak eta haien esku-hartzerik gabe egindakoak; eta bertan esaten zelako han jasotzen zirela «las principales leyes por donde el [reino] se ha de gouernar en toda paz y justicia».
Emaitzak ez zuen Pasquier gogobeterik utzi eta, 1566an, «ikerketa eta lan handiak eginez, ordenantzen, bisita-legeen eta kalte-ordainen eta bestelako errege-probisioen beste bilduma bat egin zuen» haien edukia eguneratuz eta ordenatuz, aurrekoak falta zuen sistema baten arabera. Erregearen arauen eta Gorteen legeen bereizketa mantendu zuen, baina azken hauek jasotzeko irizpidea aldatu eta arauaren xedapen-zatia bakarrik islatu zuen. Bilduma amaitzeko, erabilitako sarreren errepertorio oso baliotsua eman zuen. Balanzarekin egindako lanean bezala, ez zuen jaso «ningún capitulo del fuero general ni de otro particular de este Reyno por haber los tres Estados deste Reyno puesto su mano en ellos». Horrenbestez, Recopilacion de las Leyes y Ordenanças, Reparos de agrauios, Prouisiones, y cedulas Reales del Reyno de Nauarra, y Leyes de visita que están hechas y proueydas hasta el año de mil, y quinientos y sesenta y seys (Ordenanzas Nuevas izenez ezagunagoak) izeneko lana erregeordearen eta Kontseiluaren aurrean aurkeztu zuen Pasquierrek, haren esperantza zela erregearen kargura inprimatzea, haren edukia betebeharra izatea, eta erresuman zabaltzeko agindua lortzea. 1567ko urtarrilaren 29an inprimatzeko lizentzia eman zen, baina Ganberak ez zituen gastu guztiak bere gain hartu (urte hartako azaroaren 11n 300 dukat eman zitzaizkion), eta haren edukia ez zen bete beharrekoa izanen. Pasquier zapuztuta geratu zen, betebeharra ez izanda ospea galtzen zuelako, eta inprimaketaren zati bat bere gain hartu behar izateak kalte ekonomikoa ekartzen ziolako. Gainera, handik gutxira, obraren salmentarako izendatu zuen ofizialetako bat auzitara eraman, epaitu eta zigortu zuten, obra Kontseiluak erabakitako preziotik gora saltzeagatik. Pasquier berari ere Pedro Gasco bisitatzaileak, 1568an, leporatu zion Kontseiluaren autoritateaz janztea bere «bilduma berria», banatzaileei ematen zien instrukzioan, era horretan erostera behartu nahian (leporatu zioten, baita ere, partziala izatea, Kontseiluan behar zen portaera ez izatea, eta jokorako adikzioa, inongo zigorrik jaso ez bazuen ere). Haren ospea kaltetuta geratu zen. Estatu nafarrek ere, suminduta, ez zuten onartu lana zabaltzeko asmoz doan eman zizkien ale ugarien dohaintza. Lehenengo bildumaren aurka erabilitako argudioei funtsa handiko beste bat erantsi zieten: lan hartan lotsarik gabe kimatu zituen, itundutakoak izanik, erresumaren baimenik gabe aldatu ezin ziren arauak. Bi bildumetako bakar batek ere ez zuen lortu ofiziala titulurik, Estatuen onespenik ez zutelako, baina ondorengo beste hainbat bildumaren eredu izan ziren, eta haien balioa, une hartatik gaur arte, zalantzarik gabekoa da.
Azkenik, Pasquierrek, Foru Laburtuan jasotako zuzenbidea bere lanean islatu ez bazuen ere, testu haren berrikuspena egiteko erresumak izendatu zuen taldean parte hartu zuen, beste kontseilari eta sindiko batzuekin batera, 1567an, testuaren inprimaketa lortzeko erresumak egin zuen azken ahaleginean. Baina 1568an, Filipe II.ak erregeordeari idatzi zion: «Mi voluntad es que no se imprima (el Fuero Reducido)». Horrenbestez, hertsirik geratu zen, inongo testu ofizialik gabe, Nafarroako Zuzenbidea biltzeko prozesuaren lehen aldia.
Obrak
Pedro Balanza-rekin batera, Las ordenanças, leyes de visita, y aranzeles, pregmaticas, reparos de agravio, & otras provisiones Reales del Reyno de Nauarra, impressas por mandado de su Mag. el Rey D. Phelippe nuestro señor, y del Ilustríssimo Duque de Alburquerque su Visorrey en su nombre, con acuerdo del Regente y Consejo del dicho Reyno, Lizarra: Adrián de Anvers, 1557 [Ordenanzas Viejas].
Recopilacion de las Leyes y Ordenanças, Reparos de agrauios, Prouisiones, y cedulas Reales del Reyno de Nauarra, y Leyes de visita que estan hechas y proueydas, hasta el año de mil, y quinientos y sesenta y seys. Recolegidas y puestas en orden por sus, con su Repertorio, por el Licenciado don Pedro Pasquier, del Consejo Real de su Magestad, del dicho Reyno, Lizarra: Adrián de Anvers, 1567 [Ordenanzas Nuevas].
Bibliografia
Arregui Zamorano, P., «Pedro Gasco, licenciado por la Universidad de Salamanca, Visitador del Consejo Real de Navarra», in De nuevo sobre juristas Salmanticenses. Estudios en homenaje al profesor Salustiano de Dios, Salamanca: Ediciones Universidad de Salamanca, 2015, 51.-96. or.
— «El proceso recopilador del Derecho navarro entre 1556 y 1574. El Fuero Reducido de Navarra y la obra de Pasquier», in Príncipe de Viana, 76. libk., 262. zk. (2015), 565.-580 or.
Galán Lorda, M., «Navarra tras la incorporación a Castilla: el difícil equilibrio entre el Derecho del reino y el Derecho del rey», in Galán, M. (zuz.), Gobernar y administrar justicia: Navarra ante la incorporación a Castilla, Iruñea: Arantzadi, 2012, 149.-241. or.
Martínez Arce, M.ª D., Recopiladores del Derecho Navarro. Trayectorias personales y profesionales de los recopiladores de fueros y leyes de Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1998, 27.-29. eta 47.-54. or.
Monreal Zia, G. eta Jimeno Aranguren, R., Textos histórico-jurídicos navarros. II. Historia moderna, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011, 405.-415. or.
Pérez Goyena, A., Ensayo de Bibliografía Navarra desde la creación de la Imprenta en Pamplona hasta el año 1910, Burgos: Aldecoa, 1949, I, 82., 88., 89. eta 92 or.
Aipamen bibliografikoa
Arregui Zamorano, P., “Pasquier, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 520-523.





