Karguak eta lanbideak
Baskoien aurkako gudu batean hildako noble bisigodo bat gogoratzeko hileta-inskripzioa
Ibilbidea
1820an Villafranca de Córdoba udalerrian zatikatuta aurkitutako epigrafia-pieza bat da. Jatorrizko pieza galduta dago, eta 1838an egindako marrazki bat baino ez da iritsi gurera. Halaber, pieza horren kontserbazio-egoerak eta latin berantiarrean idatzita egoteak interpretazio-zailtasunak sortzen dituzte. Oro har, komunitate zientifikoak J. Vives-ek egindako interpretazioa erabiltzen du:
Haec caua saxa Oppilani / continet membra, g[lorios]o ort[u] natalium, / gestu abituq. Co[nspis]c[u]um. Opibus quippe pollens et ar/tuum viribus cluens iacula vehi precipitur predoq(ue)/ Bacceis destinatur. In provinctum belli necatur / opitulatione sodaliu[m] desolatus naviter cede perculsum / cli[e]ntes rapiunt peremptum. Examinis domu reducitur, / suis a uernulis humatur. Lugit coniux cum liberis, / fletibus familia prestrepit. Decies ut ternos ad quater / quaternos vixit per annos, pridie Septemb[r]ium idus / morte a Vasconibus multatus era sescentensima et octangesima / id gestum memento. Sepultus sub d. quiescit / VI id. Octubres.
Lurrean zulatutako harri honetan, Opilanoren gorpuzkiak daude, / etxe onekoa zen jaiotzez, eta bere leinua agerikoa zen portaeran eta apaintasunean. / Boteretsua zen (bere ardurapean) zituen indarrengatik, eta ospetsua bere gorputz-sendotasunagatik. / Jaurtigaiak eramateko agindu zioten, eta, Bakzeoen lurraldera bidali zuten, arpilatze-ekintzak egiteko. / Gerrarako prest zela erail zuten, armadakideen laguntzarik izan gabe. / Erori zenean, haren bezeroek erreskatatu zuten, larri zauritua zela. / Hilzorian eraman zuten etxera, eta etxeko jopuek ehortzi zuten gero. / Negar egin zuten emazteak eta seme-alabek, negar-garrasiak egin zituzten familiakoek. / Berrogeita sei urte bizi zen. / Iraileko idusen bezperan erail zuten baskoiek, / seiehun eta laurogeigarren urtean. Gogoan izan hori horrela gertatu zela. / Urriaren idusetik seigarrenean ehortzi zuten (E. Morenoren itzulpena, moldatua).
Ikusten denez, Opilano aristokrata godo bat zen, eta, bere bezeroekin eta beste noble batzuekin batera, baskoien aurka borroka egitera joateko deitu zuten, 642. urtean. Jaurtigaien kargamentu bat eraman ondoren, arpilatze-ekintzak egiteko agindu zioten, eta gudu horietako batean, erail zuten, armadakideek abandonatuta. Bezeroek erreskatatu zuten, eta etxera eraman zuten bueltan, eta han hil zen egun gutxi batzuen buruan. Hala, epigrafia-pieza horrek baskoien aurkako kanpaina bat jasotzen du, Txindasvintoren erregealdiaren hasieran. Kanpaina hori ez da beste inon aipatzen, agian arrakasta handirik izan ez zuelako. Epigrafiagileak bakzeo terminoa oker erabiltzen du, baskoi terminoaren sinonimo gisa, eta horrek Isidoro Sevillakoaren nolabaiteko eragina adierazten du.
Obrak
Larrañaga, K. (arg.): Euskal Herria antzinate berantiarrean eta lehen ertaroan. Materiale eta Agiriak, Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea/Universidad del País Vasco, 1992.
Vives, J. (arg.): Inscripciones cristianas de la España romana y visigoda, Barcelona: Consejo Superior de Investigaciones Científicas, 1969, 2. argit.
Bibliografia
Besga, A.: Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.
Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universidad de Barcelona, 2009, 261.-290. or.
— «La representación épica del combate y de la muerte del guerrero en el epitafio de Opilano (Año 642)» in Habis, 42 (2011), 299.-316. or.
Torregaray, E.: «Vascones y vacceos: una historia de confusión» in Santos Yanguas, J.; Cruz Andreoti, G. (arg.): Revisiones de Historia Antigua VII. Romanización, fronteras y etnias en la Roma Antigua: el caso hispano, Gasteiz: UPV/EHU, 2012, 457-475. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “opilanuren epitafioa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 122-123.





