Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

OLIDEN ULECIA [OLIDEN ULEZIA], Gervasio (Leintz-Gatzaga, Gipuzkoa, d.g. – ?, d.g.).

Karguak eta lanbideak

 Jurista eta historialari gipuzkoarra, XIX. mendearen bukaeran aritua

Ibilbidea

Informazio gutxi dugu Gervasio de Olidenen bizitzaz. Leintz Gatzagan (Gipuzkoa) jaio zen, eta Unibertsitate Zentraleko zuzenbide Fakultateko ikasleen artean ageri da 1876-1877 ikasturtean. Badakigu Donostiako Udal Epailea izan zela, 1888 aldean. Espainiako Bankuko akziodunen artean ageri da 1934an, 70 akziorekin. Katolikoa eta kontserbadorea, dakigunez lan bakarra argitaratu omen zuen, lan historiko-juridiko bat, hain zuzen: El Señorío de Vizcaya en sus relaciones con el rey Don Alfonso el Onceno de Castilla.

Ikerlana Bizkaiko Diputazioak 1888ko irailean Gernikan antolatutako euskal jaietako literatur sariketan aurkeztu zen. Lehiaketako zortzigarren atalak sari bat ezarri baitzuen Bizkaiko Jaurerriari buruzko lan baterako, Jaurerriak Gaztelako errege Alfontso XI.arekiko izan zituen harremanei dagokienez. Azterlan historikoak, gehienez, 200 orrialde izan behar zituen eta gaztelaniaz idatzia behar zen. Gai hura, ziur aski, une hartako testuinguruak eraginda aukeratuko zuten antolatzaileek. Une hartan, izan ere, Alfontso izeneko errege bat ere tronuan zegoen (harako hartan, XIII.a) eta foraltasuna kolokan zegoen. Olidenek lehen saria eskuratu zuen eta Juan E. Delmasek gai beraren inguruan aurkeztutako lanari akzesit bat eman zitzaion. Olidenen lana Euskal-Erria aldizkarian agertu zen urte hartan zehar eta hurrengoan, eta liburu gisa ere argitaratu zen. Hartan, Alfontso XI.aren usurpazio saiakeren aurrean, Bizkaiko independentzia defenditzen zuen. Horretarako, iturri garaikideetara jo zuen —hainbat kronikatara, adibidez— eta, halaber, testu juridikoak (Bizkaiko Forua, esaterako) eta lan historiko berriagoak erabili zituen, hala nola Juan Ramon Iturrizak, Pedro Novia Salcedok edo Modesto Lafuentek egindakoak. Olidenek 1327tik 1335era gertatutakoaren kontaera izan zuen ardatz, hau da, Gaztelako erregeak Bizkaiko Jauna tituluaz jabetu nahi izan zuen gertakaria. Erregeak hori ere lortu zuen, baina era ez-legitimoan, onarpena modu biziatuan lortu baitzuen, armen mehatxuaren indarrez; horrenbestez, hura baliogabea zen. Iritzi kritikoa agertu zuen errege gaztelarraz eta haren jokamoldeaz, hauxe idatzita: «alferrik saiatu zen Bizkaia menderatzen».

Beste garai batzuekiko antzekotasunak, konparazioak eta estrapolazioak nabarmendu behar dira haren obran. Alde batetik, esplizitua, Olidenek berak Bizkaiaren jokamoldea alderatu baitzuen Espainiak Napoleonen aurka erakutsitako jokamoldearekin, bizkaitarren jokabidea goretsiz, erregea atzera botatzea lortu baitzuten kanpo laguntzarik gabe, hau da, «beraien erakunde askeak defendatzeko ahalegin eta erabaki jarraitu hutsarekin». Bestetik, inplizitua, hau da, Olidenen beraren garaia izango litzatekeena (XIX. mendeko azken hamarkadak). Arestian aipatu dugun bezala, obraren eitea eta gaia ezin dira ulertu, kontuan hartu gabe zer testuingurutan idatzi eta saritu zen: hots, Foruak eta foru erakundeak ezabatu eta urte gutxira, eta, hain zuzen ere, Zuzenbide pribatuaren behin betiko kodifikazioa gertatzen ari zenean. Bi kasuetan, Koroaren titularrek Olidenen obrako protagonistaren izen bera zuten: Alfontso. Lanean ageri diren kalifikazio eta balorazio asko Alfontso XI.ari dagozkio, baina badirudi Alfontso XII.ari edo XIII.ari zuzenduak daudela gorde antzean. Horrela, hamaikagarrenaz esaten du errege legegilea izan zela (Alcalá-ko Ordenamendua, Zazpi Partidak), baina «Bizkaiari zegokionez ez zuela ezer erabaki […] Forua bere horretan utzita». Hortaz, uler liteke gonbidapena egin ziela hemeretzigarren mendeko haren oinordekoei Bizkaiko foraltasuna berrezarri eta mantendu zezaten. Horregatik laudatzen du obraren bukaeran Bizkaiak Koroari erakutsitako leialtasuna, gizon-zerbitzuen moldean adierazia, ordainez Foruak kontserbatzea bakarrik eskatuta.

Obrak

El Señorío de Vizcaya en sus relaciones con el rey Don Alfonso el Onceno de Castilla, Bilbo: Imp. Lit. y Libª. de Juan E. Delmas, 1889. Lehenago artikulu sorta gisa: Euskal-Erria, XIX. libk. (1888), 243-247, 257-262, 289-293, 321-323, 353-356, 385-391, 417-422, 449-455, 481-487, 513-518, 545-550. or.; eta XX. libk.. (1889), 1-6, 33-38, 65-70, 97-103, 132-139. or.

Bibliografia

DELMAS, J. E., El Señorío de Bizcaya en sus relaciones con el rey d. Alonso XI de Castilla, Donostia: Est. tip. de Hijos de L. R. Baroja, 1889.

MAÑARICUA Y NUERE, A. E., Historiografía de Vizcaya, desde Lope García de Salazar a Labayru, Bilbo: Universidad de Deusto, 2012.

ITURRIAK

AHN, Universidades, 4521, 24. esp. 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP