Karguak eta lanbideak
Abokatua, politikari integrista, idazlea, kazetaria eta ideologo tradizionalista
Ibilbidea
Familia karlista batean jaio zen. Aita, Juan Antonio Olazabal Arteaga, Mundaizko jauna zen, bai eta Olazabal, Zubiaur, Zurco, Beroitz, Zubiaurre, Landakaranda eta Sasoetako maiorazkoen jabea ere, Iurreamendiko Casa Modelo basetxeko zuzendaria izan zen. Ama Prudencia Ramery Zuzuarregi izan zen. Aitaren aldeko aitona, Juan Jose Olazabal Gaytan de Ayala, Olazabal-Artaleku jauregiko jauna zen. Amaren aldeko aitona, Meliton Ramery Irarreta, tertzio baskongadoetako lehen batailoiko komandante-burua izan zen 1829an, Hondarribiko alkatea eta Gipuzkoako diputatu nagusia, eta Karlos III.aren gurutze handia eman zioten.
Juan Olazabal Olazabal-Artalekuko oinetxean jaio zen, baina azken Karlistaldiaren ondorioz, Olazabal familiak Hendaiara emigratu behar izan zuen, bando karlistari atxikia zegoelako. Hendaian hainbat urte emanik, harreman estua izan zuen osaba Liborio Rameryrekin, hots, El Liberalismo y los Fueros vascongados (1896) lanaren egilearekin. Hark Donostiako El Fueristan idatzitako artikuluen hilondoko bilduma izan zen. Juan Olazabal osabaren ibilbide ideologikoari jarraiki zitzaion. Frantziatik itzultzean, batxilergoa Urduñako jesuiten ikastetxean ikasi zuen, Sabino Arana Goiri ikaskide izan zuela. Ondoren, nolabaiteko harremana izan zuen harekin. Handik, jesuitek A Coruñan zuten ikastetxe nagusira jo zuen. 1879tik aurrera, Jurisprudentzia eta Letrak ikasi zituen hainbat unibertsitatetan (Valladolid, Santiago, Granada, Salamanca…). Zuzenbide ikasketak bukaturik, Mundaizko familiaren etxean kokatu zen, Donostian. Juan de Olazabal ez zen ezkondu.
Amaren aldeko osaba Liborio de Rameryren adibideari jarraikiz (diputatua 1891n), Juan Olazabalek Ramon Nocedali jarraitu zion 1888an karlismoaren zatiketa integristan eta, Nocedal 1907an hil zenean, Alderdi Integristako buruzagietako bat izan zen, alderdi-burutza denbora laburrerako hartuta.
1895eko uztailaren 1ean, Donostiako Udaleko zinegotzi karguaz jabetu eta 1896an kargugabetu zuten, udaleko zinegotzi gehienekin batera, hiriaren interesetarako kaltegarria iruditzen zitzaion ministerio-agindu bat betetzearen kontra agertu zelako, ohiko formula foral erabiliz: «Obeditzen da; baina, ez da betetzen». Karguan berrezarri zuten, administrazioarekiko auzi-errekurtso bat tartekatu izanaren ondorioz. Agintaldia 1899ko ekainaren 8an bukatu zuen.
Gipuzkoako integrismoaren liderra izan zen, eta aurre egin behar izan zion sektore ideologiko hori nabarmen kaltetu zuen 1897ko zatiketari, alderdiko hainbat lider euskal nazionalismora igaro baitziren, hala nola Lardizabal eta Rezola.
1899ko apirilean, Gorteetarako diputatu hautatu zuten Azpeitiko barrutian. Haren legealdi bakarra izan zen, Madrilgo Kongresuko diputatuen zerrenda historikoan jasoa dagoen bezala. 1904an, Gipuzkoako Liga Foral Autonomistaren presidenteordea izan zen.
Nocedal hil zenean (1907), integrismoko burutza hiru lagunek osatua zuten: Juan de Olazabalek, Jose Sanchez Marcok eta Manuel Aznarrek, hain zuzen. Olazabalek Manuel Senanteren eskuetan utzi zuen integrismoaren El Siglo Futuro egunkari nazionalaren zuzendaritza. Urte hartan bertan, Gipuzkoako diputatu probintzial hautatu zuten, Irungo barrutian, bai eta 1911n ere.
Zaragozako Batzarrak erabakirik (1909), triunbiratu hura desagertu eta Olazabal izan zen integrismoaren buru bakarra 1932ra arte. Urte hartan, integrismoa berriz ere karlismoan sartu baitzen. 1909tik aurrera, Olazabal bete-betean aritu zen politikan. Urte hartan, el Bosquejo del programa integrista idatzi zuen, bere alderdiaren xede nagusiak laburbilduta, hots, Espainiako batasun katolikoa, zehapen hertsatzaile eta guzti, azpimarratzeaz gain, neurri oso deszentralizatzaileen aldekoa zen.
1910ean, lanik handiena egin zuenetako bat izan zen «giltzarrapoaren legea» zeritzona eragozteko. Canalejasek, haren bidez, nolabaiteko kontrola ezarri nahi izan zuen elkarte, kongregazio eta erlijioso ordena jakin batzuen jarduera politikoetan. Olazabalek Zumarragako manifestua sinatu zuen (1910ko abuztuak 26). 1917an, Oiartzungo ordezkari gisa, udal autonomia eskatu zuen.
1918 aldean, Liquidando cuentas. Cuestiones candentes que interesan a todos los vascos argitaratu zuen, pentsamolde integristaren ildo nagusiak azaltzeko. Bertan, Olazabalen pentsamendua laburbiltzen duen esaldi bat dago jasoa, askotan aipatua: «Jainko bat: Jaungoikoa; Aberri bat: Euskalduna; Kode bat: gure Foruak; Nazio bat: Espainia».
Olazabalek berak hartu zuen Alderdi Integrista Elkarte Tradizionalistan sartzeko erabakia (1932), Perez de Olaguerren arabera, ez zuen inolako baldintzarik jarri. Elkarteko Batzorde Probintzialeko kide izendatu zuten eta kargua mantendu zuen, harik eta Bilboko Ángeles Custodios espetxean erail zuten arte.
Olazabal kazetari saiatu eta sutsua izan zen bere bizitzaren zati handi batean eta hainbat aldiz auziperatu zuten bere artikuluengatik, eta atxilotu ere, Los nuevos Dioclecianos izeneko artikuluarengatik. 1897an, La Constancia egunkaria sortu zuen; esan daiteke hura bere pentsamolde integristaren bozemailea izan zela kasik, gerra zibilaren hasieran desagertu zen arte (1936). La Constancia Donostian Diario Integro-fuerista izenarekin agertzen zen, Alderdiaren Eskualde Batzordearen organoa zela adierazita. Azalean, idazpuruan, izenburuaren ondoan, Gipuzkoako probintziako armarria agertzen zen eta, era berean, Jesusen Bihotza, «Reinaré en España» hitzekin. Lehen zuzendariak R. Bordas eta L. Ortiz izan ziren. Ez dirudi zalantzarik dagoenik Urola haraneko industrialari garrantzitsu integristek ematen zioten finantza-laguntzaz. Egunkariaren eduki ideologikoak bat egin zuen erabat alderdiaren joera politikoekin: foruak, gizarte ordena, eta erlijiozko gaiekiko interes handia, horrelako gaiei tratu garrantzitsua eman baitzitzaien. Hauteskundeen garaian, Eskualde Batzordearen eleduna zen eta, oro har, antzeko beste alderdi batzuekin hartutako konpromisoei eustearen alde agertu zen (Luengo Teixidor, 1989, 232-233. or.). Arrazoiz kokatu dute egunkari hori integrismoaren barnean eta ildo horren «egunkari nagusietako bat» izan zela esan da, eta, Bigarren Errepublikan, berriz, karlismoarena. Zuzendarien artean, Olazabal eta Francisco Juaristi daude. 1936ko uztaileko estatu-kolpearen ondorioz, egunkariaren egoitza konfiskatu zuten; hasieran, euskal nazionalisten eskuetara pasatu zen eta, gero, CNTren eskuetara. Erredaktore asko, gero, La Voz de Españan sartu ziren. La Constancia egunkaritik, Olazabalek hainbat polemika piztu zituen. Azpimarratzekoa da Euskal Autonomia Estatutuaren aurkako jarrera izan zuela 1931n, eta gogor egin zion eraso ateotzat jotzen zuelako. Era berean, 1934an argitaratutako hainbat artikuluren arabera, iraultzarekiko «konplizitatea» leporatu zion Euzko Alderdi Jeltzaleari.
Olazabalek El Siglo Futuro (1875-1936) egunkari integristaren bidez ere defenditu zuen bere pentsamoldea, hots, Ramon Nocedalek haren eskuetan utzia. Olazabalek doan eman zion haren jabetza Editorial Tradicionalistari 1932ko urtarrilaren 11n, ildo tradizionalisten arteko batasuna gauzatu eta gero. Horrela, izatez, egunkari hura alderdiaren organo ofiziosoa izan zen, «Diario Católico tradicionalista» egunkariak berak zekarren bezala. Inguruabar berriak zirela eta, kazetaritza-kudeaketaren profesionalizazio handiagoa behar zen. Horrela, 1933ko maiatzaren 3an, S.A. Editorial Tradicionalistaren eraketa sinatu zen, eta Olazabalek El Siglo Futuroren jabetza eman zuen. Administrazio Kontseiluan, besteak beste, Manuel Senante Martinez eta Manuel Senante Espla izan ziren kide (Juan de Olazabalen ordezkari gisa), eta honako helburu hauek izan zituen: «espiritu katolikoak jantzitako egunkari, aldizkari, lan edo argitalpen mota oro argitaratu eta hedatzea Madrilen, Espainiako edozein herritan eta inoiz atzerrian, eta, halaber, Madrilgo El Siglo Futuro egunkaria argitaratzea».
La Constancia egunkarian artikulu ugari plazaratzeaz gain, Historia contemporánea; La caza con perro de muestra; Historia del cura Santa Cruz, guerrillero idazkiak argitaratu zituen, Santakrutz apaizaren aurka esandako irainak zabalki dokumentaturik gezurtatzeko. Izan ere, Pio Barojak La Voz de Guipúzcoan gerrillari ospetsuaz idatzitako artikuluari erantzuna eman zion Olazabalek La Constancian, polemika sortuta. Bada, horrek eraginda idatzi zuen apaizaren gaineko idazkia.
1930eko uztailean, Eusko Ikaskuntzak inkesta egin zion Olazabali euskal autonomiaz, Idoia Estornesen La construcción de una nacionalidad vasca (1990) tesian jasoa dagoen bezalaxe. Espainiako Bigarren Errepublikarekin, Olazabalen figura berrindartu eta La Constanciako zutabeetatik bere ideia katoliko eta foruzaleen alde borrokatu zen. 1931n hasi zen eskuinen batasuna proposatzen indar antikatoliko guztien aurka jotzeko. Victor Praderarekin batera, Euskal Estatutuaren proiektuaren aurkako borroka Euskal Herrian gidatu zuen tradizionalistetako bat izan zen, Estatutuari erlijioaren kontrakoa, zentralizatzailea eta foruen kontrakoa zela leporatuta. Famatua izan zen bere esaldia, kanpaina horren baitan, non 5.000 pezeta agindu baitzizkion Estatutu horretan «Jaungoikoa» hitza aurkitzen zuenari. Arbasoen «lege zaharra»ri traizioa egin izana leporatu zion Estatutuari, horrek Gaztelarekiko lotura eskatzen baitzuen. Lizarrako Estatutuaren aldeko batzuek, hala nola Rafael Pikabeak, leporatu zioten «erlojua atzeratua» izatea, bere garaiko unean ez bizitzea eta «Mundaizko bere egoitza ederrean» mundutik bakartzea. Gainera, kritikatzen zen integrismoak ez zuela pisurik, ezta Azpeitian ere.
1931ko udazkenean, karlisten arteko batasuna gertatu zen: Juan de Olazabal karlismora itzuli zen, 1932ko otsailaren 1ean Alfontso Karlos aitortu baitzuen, alderdi integrista iraungitzat jota eta karlismo hutsaren alde lan egin zuen. Gero eta jarrera kontrakoagoa agertu zion euskal nazionalismoari. Indalecio Prieto sozialistak proposatutako estatutua onartzeagatik eta 1934ko iraultzan nahasteagatik. Halaber, irmo agertu zen Kataluniako 1932ko autonomia Estatutuaren kontra.
1932ko martxoaren 30ean, asteazkenarekin, sinadurarik gabe, baina ziurtasun osoz, Juan de Olazabalen lumak idatzirik, «¿El cincuenta aniversario de la fundación del nacionalismo vasco?» izenburuko artikulua agertu zen La Constancian, inoizko lehen Aberri Egunaren ospakizunaren karira. Euskal nazionalismoaren sorreraren aspektu batzuk azaltzera mugatu zen, Sabino Arana ardatz hartuta; bereziki, 1882ko ustezko «errebelazioa»rekin zerikusia zuen kontua, Abandoko etxe familiarreko lorategian gertatutakoa (EAJren Sabin Etxearen egungo kokapena). Gertakari horretan oinarritu baitziren nazionalistak lehen Aberri Eguna ospatzeko, handik 50 urtera, 1932an, alegia. Lekukotasun horren arabera, ez zen inoiz gisako «errebelaziorik» izan, Sabino Aranaren irudimenean izan ezik. Arana karlista ohiaren pentsamenduaren funts integrista azpimarratu ondoren, bukatzeko esan zuen ezberdintasun nagusia EAJren antiespainolismoa zela.
1936an, gerra piztean, Gerra Batzorde Karlistako kide izan zen, Manuel Fal Conde buruzagi-delegatua buru izan zela. Donostian uztailaren 25ean atxilotu eta Diputazioaren eraikinera eraman zuten. Bost egun geroago, berriz, Ondarretako espetxera. Ondoren, Bilbora itsasontziz eraman eta Ángeles Custodios espetxean giltzapetu zuten, non Engracio Arantzadirekin egokitu baitzen, hau da, Euzkadi egunkarian «Kizkitza» goitizena zerabilenarekin. Olazabalek hainbat polemika izan zituen harekin egunkarietan nazionalisten aurkako bere borrokan. Arantzadi goi-enplegatua izana zen Diputazioan; nazionalista izateagatik auziperatua, Frantziara ihes egitea lortu zuen eta eskaintza egin zion Olazabali bitartekaritza lana eginez haren askatasuna lortzeko. Juan de Olazabal, ordea, erail egin zuten, hirurogeita zazpi urte zituela, miliziano ezkertiarrek 1937ko urtarrilaren 4an espetxeei egindako erasoan, Bilbon izandako bonbardaketa baten ondorioz. 1938ko martxoaren 15eko bilkuran, Donostiako Udalak erabakirik, haren izena hiriko pasealekuetako bati eman zitzaion, 1979ra arte, pasealeku hari Bizkaia izena eman baitzitzaion.
Jose Maria Codonen arabera (1964, 110. or.), Espainiako batasunak onar zezakeen adinako deszentralizazioa defendatzen zuen Olazabalek, uste baitzuen zentralismoaren oztopoak hautsi behar zirela, era guztietako ekimenak itotzen zituelako. Olazabalen iritziz, Espainia Aberri handia zen, zirkulu zabala —zentrokideen muga—; hots, hura familian hasi eta nazioan amaitzen zen, «magna civitas»aren pertsona gisa, nazioarteko zuzenbidearen subjektua zela.
Separatismoaren eta «Gora Euzkadi azkatuta» goiburuaren aurkakoa zen. Olazabalen arabera, «Euzkadi» asmakizun nazionalista hutsa zen. Hiru probintzia ahizpak batzearen aurka zegoen, hura historian sekulan gertatu ez zelako, eta probintzia bakoitza bere legeekin eta autarkiarekin bizitzea defendatzen zuen, Espainiako familia handiaren osagai baitziren.
Olazabalen ustez, euskaldunen arima ez zen hizkuntza, Kristoren fedea baizik. Araba jartzen zuen adibidetzat, han euskara galdua baitzen, baina euskal arima herriaren ohituretan eta bizitzan zegoen bizirik. Horren haritik, hauxe esan zuen. «Han, euskararik gabe, alde guztietatik arnasten dute baskongadoismoa. Hemen [Donostia], euskararekin, exotismo hilgarri eta ahulgarria arnasten dugu. Zer frogatzen du horrek? Euskara ez dela “gure arimaren arima”, batzuetan nazionalismoak esan izan duen bezala, zeren, ikusi dugun bezala, euskararekin ere, baskongadoaren antitesia izan baitaiteke eta, euskararik gabe ere, prototipo euskalduna ager baitaiteke, euskara gure jantzirik onena izanda ere, gure nortasun etnikoa hobekien babesten duen ezkutua izanik ere, geure burua kontserbatzeko eta gure erregenerazioa lortzeko bitartekorik ahaltsuenetako bat izanda ere. Bitartekoa, uler bedi ongi; ez, ordea, xedea» (Codón, 1964, 111-112. or.). 1839ko urriaren 25eko Lege Itundua indargabetu baizik nahi ez zuten euskal nazionalisten helburuaren aurrean, Olazabalek erabateko foru berrezarpena nahi zuen, hots, goitik beherakoa eta osoa.
Obrak
Esquema o bosquejo del programa integrista, Durango: Florentino Elosu, 1909.
El anarquismo en Guipúzcoa y las diputaciones liberales […], Donostia: Imp. La Constancia, 1911.
Historia contemporánea. Liquidando cuentas. Cuestiones candentes que interesan a todos los vascos, Donostia: Diputación de Guipúzcoa, ca. 1918, 296 or. Online arg.: http://www.liburuklik.euskadi.eus/handle/10771/24399 (2020ko azaroak 11).
Cuestiones candentes: El Sufragio Universal, el Nacionalismo y los Fueros, Donostia: Tip. Baroja, 1919, 56 or.
Errores nacionalistas y afirmación vasca: conferencia… en el Círculo Integrista de San Sebastián, conmemorando la festividad de la Inmaculada Concepción el 26 de diciembre de 1918, Donostia: Sociedad Española de Papelería, 1919, 44 or.
El cura Santa Cruz: guerrillero, Gasteiz: Montepío Diocesano, 1928, 651 or. eta 20 irudi (2. arg., Donostia: Ed. Lur, 1979, 2 libk.).
La caza con escopeta y perro de muestra, Donostia: Ed. Vasca, 1930, 188 or.
En defensa del propietario rural guipuzcoano: colección de artículos publicados en «La Constancia» de San Sebastián y reunidos en folleto a petición de lectores y suscriptores, Pasaia: Tip. Artes Gráficas Pasajes S. L., 1930, 38 or.
Nuestro Fuero y los Reyes de Castilla: en defensa de la tradición, Zarautz: Ed. Vasca, 1932.
Bibliografia
ACOSTA, J., «Don Juan de Olazábal. Jefe Nacional del integrismo», Diario Vasco, igandeko gehigarria, 1974ko abenduak 1, 1-4. or.
ASARTA EPENZA, U., «Olazábal Rámery, Juan», in Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Donostia: Auñamendi, 1992, XXXIII. libk., 347. or.
AZCONA PASTOR, J. M. eta LEZAMIZ LUGAREZARESTI, J., «Los asaltos a las cárceles de Bilbao el día 4 de enero de 1937», Investigaciones históricas, 32 (2012), 217-236. or.
BARREIRO GORDILLO, C., El carlismo y su red de prensa en la Segunda República, Madrid: Actas, 2002.
CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxular Atea, 2015, 459-467. or.
CODÓN, J. M.ª, Regionalismo y desarrollo económico, Donostia: Gora, 1964.
FERRER, M., TEJERA, D. eta ACEDO, J. F., Historia del Tradicionalismo Español, Sevilla: Editorial Católica Española, 28. t., I. libk., 1959, 237., 239. eta 302-303. or.; 29. t., 1960, 40. eta 171. or.; 30. t., I. libk., 1979, 32., 258. or.
GARRALDA ARIZCUN, J. F., «Olazábal y Ramery, Juan de», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia,2009, XXXVIII. libk. 381. or. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/27198/juan-de-olazabal-y-ramery (2020ko azaroak 11).
GONZÁLEZ CALLEJA, E., «La prensa carlista y falangista durante la Segunda República y la Guerra Civil (1931-1937)», El Argonauta español, 9 (2012). Online arg.: https://journals.openedition.org/argonauta/819 (2020ko azaroak 28).
GRACIA CÁRCAMO, J., «Olazábal Rámery, Juan», in Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1876-1939), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 2007, II. libk., 1836-1845. or.
PÉREZ DE OLAGUER, A., «Olazábal Ramery, Juan de», Enciclopedia universal ilustrada europeo-americana, 1936-1939 gehigarria. 1. zatia, Madrid: Espasa-Calpe, 1944, 497-498. or.
REAL CUESTA J., El Carlismo vasco (1876-1900), Madrid: Siglo XXI, 1985.
ITURRIAK
La Avalancha, Pamplona, 1004 (1937ko otsailak 8), 27-28. or.





