Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

OLAVE DIEZ, Serafin (Serafin Olabe Diez) (Sevilla, 1831ko uztailaren 4a – Calahorra, Errioxa, 1884ko urtarrilaren 15a).

Karguak eta lanbideak

Militarra, intelektuala eta politikaria

Ibilbidea

Florencio Olave iruindarraren eta Valladolideko Nicanora Diezen semea, aitaren bokazio militarra jaso zuen oinordetzan. Aita Minaren gerrillari gisa borrokatu zen Independentzia Gerran, eta, ondoren, Erreginaren zerbitzura Lehen Karlistaldian. Armadako teniente koronel izatera iritsi zen, eta Nafarroan karabineroen lehen komandante izendatu zuten. Serafin 1849ko urtarrilaren 7an hasi zen Segoviako Artilleria Akademian ikasten kanpoko kadete gisa, eta 1854ko martxoaren 8an amaitu zuen, data horretan lizentzia absolutua eman zitzaion, bere eskariz. Aitzitik, urte horretako ekainean sartu zen berriro armadan, Vicalvaron Giden Batailoiak egindako ekintzetan parte hartzeko, O’Donnell jeneralaren agindupean. Gerrako merituengatik eta Biurteko Progresistari (1854-1856) bide emango zion «mugimendu nazional»ean izandako garrantziagatik saritua, Infanteriako teniente maila lortu zuen. Hura karrera militar sendo baten hasiera izan zen, eta haren mugarri nagusiak Kotxintxinara egindako espedizioa (1858

-1862), Kubako emantzipazioaren gatazkan 1869an parte-hartzea eta Hirugarren Gerra Karlistaren azken konpasetan (1875-1876) esku-hartzea izan ziren.

Hainbat erregimentutan zerbitzatu ondoren, 1857ko udan, Filipinetako armadan erreklamatu zuten Serafin Olave. Cadizetik abiatu zen, eta 1858ko urtarrilean iritsi zen Manila hiriburura. Bertan, Kotxintxinara egindako es- pedizio hispaniar-frantsesean parte hartu zuen. Espedizio honek Annameko enperadoreak misiolari katolikoen aurka egindako jazarpenak amaitzea zuen helburu. Espainiaren parte-hartzea, era berean, O’Donnell-ek planteatutako prestigiozko politika delakoaren barruan kokatuko litzateke; garai hartan, O’Donnell boterean zegoen, Batasun Liberaleko gobernuen buru, eta haren helburu ziren, besteak beste, Estatuaren irudia indartzea, barneko gizarte- adostasuna sustatzea eta Espainiako Indar Armatuen tonu politikoa gutxitzea. Itsasoz haraindiko gerrak izan zuen egoera zailean Olavek izandako portaera heroikoari esker, bi maila-igoera izan zituen hurrenez hurren, kapitain lehenengo —1859ko otsailean Vung-Taukeko gotorlekuak hartu zituenean— eta komandante —1861eko abenduan Mi-Hoan lortutako garaipenari esker, Espainia eta Frantziako Infanteria, Artilleria eta Ingeniaritza tropen abangoardian buru zela—. Hainbat kondekorazio eta ohore ere jaso zituen, hala nola lehen klaseko San Fernandoko Gurutzea, Karlos III.aren Ordenaren Jaun izendatzea eta Napoleon III.a enperadore frantsesak emandako Ohorezko Legioko Ofizial eta Jaun titulua. Kotxintxinan espedizioko armadako Estatu Nagusiko buru gisa egindako kanpaina bukatuta, Olave Saigonen ontziratu eta Espainiako Gortera abiatu zen, eta 1862ko ekainaren 5ean sinatutako bake- akordioa eraman zuen, gero Erreginak berrets zezan, urte horretako irailaren 15eko Errege Aginduak onetsiko zuena. Emandako zerbitzu guztiek beste igoera bat ekarri zioten, teniente koronel izendatu zuten honakoan. Hala ere, Penintsulan kanpainak izan zituen kritikek, espedizioko soldaduek eta ofizialek egindako sakrifizio ikaragarriari ia aitorpenik egin gabe, Olave hunkitu egin zuten, eta argi utzi zuen alferrikako ahaleginak eragin zion samintasuna eta atsekabea, Kotxintxinari buruz idatzi zuen lanean.

Madrilen, berriz ere, Valentina Velascorekin, Juan Ulzurrun Artilleriako koronelaren alargunarekin, ezkondu zen. Emazteak lau seme-alaba zituen au- rretik, eta elkartze berriaren ondorioz, Buenaventura Olave Velasco gehitu zi- tzaion familiari. Garai pertsonal berri hura bere ibilbide profesionalean izandako aldaketa batekin batera etorri zen, 1863aren hondarrean laguntzaile fiskal militar izendatu baitzuten Gerra eta Itsas armadaren Auzitegi Gorenean. Bere biografoetako batek dioenez, kargu garrantzitsu hari esker, Indar Armatuak kezkatzen zituzten arazo estruktural eta politikoak bertatik bertara ezagutu ahal izan zituen. Arazo hauek 1866ko ekainean izan zuten adierazle nagusia, Madrilgo San Gil kuartelean Artilleriako sarjentuen sedizioa eman zenean. Baliteke kasualitatea ez izatea, Olave sosegurik handieneko garai berri hartan bere ekoizpen idatziari ekitea, bere esperientzia militarrei buruzko gogoetak azalduz, bai borroka-eremukoak, bai esparru juridikokoak.

Epaimahaian 1868ko azaroan amaitu zuen lana, eta orduan eman zioten Infanteriako armara teniente koronel gisa itzultzeko baimena. Hilabete batzuk geroago, 1869ko urtarrilean, Kubako gerrara bidali zuten, Antonio Lo- pez de Letona Landa-Mariskalaren agindupean. Uhartearen emantzipazioaren aldeko «Yararen garrasiaren» ondoren hasitako gatazka berriak Olaveren karrera militarraren zenita markatuko zuen. Cienfuegos eta Villaclara izan zituen destino hasieran. Handik, Departamendu Zentraleko operazioetan parte hartzera igaro zen, bertan portaera heroikoa izan zuen berriro ere militarrak. Yaguajayko gerran erori zenean, «haren ekintza odolez bustita ikusteagatik», koronel izatera igo zuten, Javier Paredes, hobekien ezagutzen duen historia- lariak jasotzen duen bezala, eta gainera, handik urte batzuetara, Kubako domina eman zioten, bereizgarri gorriz.

Penintsulara itzultzean, 1869tik 1875era bitartean ia etenik gabe ordezkapen egoeran egon zen. Urte haietan politikak miliziaren erreleboa hartu zuen Olaveren bizitzan, bi alderdi bereizezin bere profilean. Biografia honen prota- gonista alderdi erradikalaren eskutik sartu zen politikan, 1871ren hondarrean Ruiz Zorrillaren inguruan eratutako alderdia, eta 1872ko irailean ekin zion bere karrera parlamentarioari, Nafarroako Oltza barrutiko Kongresuko diputatu hautatu zutenean. Jakina denez, kasu hartan, 9.137 hautesleen erroldatik igorritako 1.025 boto ia guztiak jaso zituen, garaipen hori karlisten atzerakuntzak baino ez zezakeen azaldu, azken hauek Seiurtekoaren deribaren eta Amadeo Saboiakoaren monarkiaren aurka agertu baitziren aho betean. 1873ko otsailean erregeak tronuari uko egin zionean, herriak bizi zuen krisi politikoa agerian geratu zen, eta Kongresuak eta Senatuak, Batzar Nazionalean bildurik, Espainiako I. Errepublika aldarrikatu zuten hilabete hartako 11n. Olave monarkikoa izatetik errepublikanoa izatera pasatu zen, bere alderdia bezala, eta Pi y Maragall-en alderdi federalean sartu zen, erradikalek beren plantea- mendu foruzale autonomistekin lehian zegoen errepublika bateratu baten alde egin ondoren. Etiketa federal berriaren pean 1873ko maiatzeko hautes- kunde konstituziogileetan aurkeztu zen, eta bere barrutiak berriz hautatu zuen, %95era iritsi zen abstentzio iskanbilatsu batean nahasirik. Aztertzaile guztiek Olavek ganberan izan zuen zeregin aktiboa nabarmendu dute, bai eta Konstituzio-proiektua egiteko ardura zuen batzordean izan zuen parte-hartze gorabeheratsua ere. Batzorde horretan, Nafarroako kantoi federal bat eratzea defendatu zuen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekin zerikusirik ez zuena, xehetasun gehiagorekin azalduko zen moduan. Hala ere, altxamendu kantonalak, Olavek berak, zorrotzenen artean lerrokaturik, justifikatu egin zuena, eta Gor- teen etendurak eragotzi egin zuten aipatutako proiektua eztabaidatzea. Erre- publikaren saiakuntza hura, Estatu-krisi larri batek eta gerra-mehatxu hirukoitz batek —kubatarra, kantonala eta karlista— estututa, Pavia jeneralak 1874ko urtarrilaren 3an emandako kolpearen ondoren deuseztu zen behin- behinean, eta, behin betiko, Martinez Campos jeneralak urte horretako aben- duaren 29an emandako jazarraldi militarraren ondoren.

Olave armadara itzuli zen eta, 1875eko abenduaren 20an, Armadan destinatu zuten Lizarra berreskuratzeko. Horrela, Gerra Karlistaren azken ekintzetan parte hartu ahal izan zuen. Bere zerbitzu-orriaren arabera, Santa Barbara, Oteiza, San Juan eta Santiagomendi fuerteak, Solana herria eta Jurramendiko gotorlekua hartu zituen, eta otsailaren 20an Lizarran sartu eta bitarteko gobernadore izendatu zuten. Madrilera itzulitakoan, 1876ko otsailaren 29an armadaren behin betiko erretiroa eskatu zuen, Karlos VII.ak Espainia utzi eta Hirugarren Gerra Karlista amaitu ondorengo egunean.

Bere bizitzako azken urteetan, berriro ere politikan murgilduta egon zen, Nafarroako federalismo pimargalliarraren pertsona nagusia izaki, azken honi erlijio eta foruzaletasun uste sendoak berretsi baitzizkion. Idatzizko ekoizpena ere areagotu egin zuen eta 1878an ohorezko bazkide gisa sartu zen eratu berri zen Euskara Elkartean. 1881ean, bere alderdia probintzian berrantolatzearekin batera, Kongresurako hauteskundeetan aurkeztu zen, nola Iruñeko barrutian hala Tafallako distrituan, baina lekukotasunezko bozkak baino ez zuen lortu, 1883an Iruñeko hauteskunde partzialetarako bere hautagaitzarekin errepikatuko zena. Garai hartan, 1882ko Alderdi Federaleko Probintzietako Ordezkarien Batzarrak estatu federal bat sortzeko egindako eskaera bultzatzeko asmoz, Nafarroako Etorkizuneko Konstituzioaren oinarriak idatzi zituen, Nafarroako Alderdi Demokratiko Federalak 1883ko martxoaren 4ko Tuterako batzarrean onartu zituenak. Hala ere, Zaragozan ekainaren 2an egin zen alderdiaren batzar nagusian, Olaveren postulatu katolikoek, oinarri haietan esaten baitzuen Nafarroak «JAINKO AHALGUZTIDUNAREN IZENEAN Konstituzioa izanen duela», aurrez aurre ipini zuten Pi y Margallekin, hark hitza kendu zion eta saioa bertan behera utzi zuen. Desadostasunaren ondorioz, Olavek alderdia utzi zuen. Handik hilabete gutxira hil zen, 1883ko urtarrilean, Calahorran.

Haren biografia handia, aurreko paragrafoetan gaingiroki azaldutakoa, osatzeko esan beharra dago intelektual garrantzitsua eta idazle emankorra ere izan zela. Olavek bere alegatu biziak entzunarazi zituen Parlamentuan egin zituen hitzaldi ugarietan, hainbat egunkaritan kolaboratu zuen, eta batez ere gai militar eta politikoei buruzko lan idatzi zabala utzi zuen. Horrez gain, poesia-sartzeren bat ere egin zuen. Kotxintxinako gerran (1862) izandako esperientziak bere produkzioaren hasiera markatu zuen, hurrengo hamar urteetan alderdi militarretan zentratu zena. Ekarpen naturalenak Las Academias de Regimento (1870-1872) aldizkariaren argitalpena eta zuzendaritza izan ziren, bertan, frantseseko hainbat lan itzuli zituen, eta gaurko- tasun militarrari buruzko bere 35 artikulu ere sartu zituen; eta, batez ere, Bases para la organización del ejército español partiendo del supuesto de la abolición de las quintas ikerketa-lana argitaratu zuenekoa (1871). Zorigaiztoko sistema hura akabatzeko beharra ideia nuklearra izan zen, armadari buruz zuen ikuskeran; erakunde armatu profesional iraunkor gisa ikusten zuen, «behar-beharrezkora» mugatua, boluntarioz osatua eta agintaritza nazionalari atxikia. «Bostunak abolituta —Javier Paredes biografoak dioe- nez—, aberria armekin defendatzeko betebeharra espainiar guztien bete- behar bihurtu zen, modu bereziak errespetatuz eta foru-sentikortasunak mindu gabe». Postulatu haiek, bereziki egungo erreklutamendu-sistemari uko egiten ziona, sutsuki aldarrikatu zituen Kongresuan, alderdi erradikaleko diputatu hautatu ondoren. Errepublika aldarrikatu ondoren, ordurako federalen artean, erregimen berriaren arriskurik handiena desagerraraztea ere defendatu egin zuen hemizikloan, karlismoaren fakzioak hain zuzen ere.

Ezin ahaztu ditugu Olavek denboraldi horretan izan zituen uste politiko argiak, berak tribunan laburki azalduko zituenak: «Ni, Errepublika aldarrikatu baino lehen, disidentzian eta oposizio garbian nengoen Gobernu harekin; nik, gainera, Monarkian, eutsi egin nion funtsean federazioari, Nafarroako Foruen defendatzaile sutsua izanagatik, probintzia haren autonomiaren eta, beraz, probintzia eta udal autonomiaren aldekoa izanagatik» (Diario de Sesiones de Cortes, 1873ko abuztuaren 14a). Foruzale nafar federala zen. Hori era- kusteko aukera izango zuen Olavek Konstituzio federal bat erredaktatzeko batzordean bertako erakunde propioa edo mugakide zituen probintziaren batekin edo batzuekin beste bat osatzeko aukera eztabaidatu zenean. Gure diputatuak eta Madrilen zegoen Nafarroako ordezkaritza osoak, Diputazioak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Foru Korporazioak deitutako 35 pertsona liberaleko batzorde batek eman zioten babesa ideia horri, eta Araba Gipuzkoa eta Bizkaikoa ez bezalako Nafarroako kantoi federala defendatu zuten.

Olave Nafarroan foruzaletasunaren ildo liberal eta demokratikoaren ordezkari izan zen Seiurtekoaren eta lehen Berrezarkuntzaren urteetan. Pi y Margall berak, ordurako bere nagusi politikoak, onartu egin zuen federalismoa iragan forala oinarri hartuta eraiki beharra zegoela, Espainiako herri eta eskualdeen arteko bereizketa historikoa sinbolizatzen baitzuen. Ez zen kasualitatea izanen Olavek esperientzia errepublikanoa eta gero egindako argitalpen nagusiek izaera politikoa izatea, hauek bere pentsamenduaren oinarriak azaltzeko balio izan zioten. Reseña histórica y análisis comparativo de las Constituciones forales de Navarra, Aragón, Cataluña y Valencia (1875) lanean, lege haien liberalismoa eta bertako biztanleek bertako foruak gurtu izana de- fendatu zuen. Bestalde, Tradición y progreso (1877) izeneko opuskuluan, Erdi Aroko foru-lurraldeen gobernu-formulak arakatu zituen, eta XIX. mendeko azken hereneko errealitatera egokitzen saiatu zen. Haren ustez, Erdi Aroko Gaztela, konstituziorik ez zuena, autoritarismo monarkikoaren mende zegoen bitartean, «gure Foru Estatuetan subiranotasun nazionaletik zuzenean emandako lege politiko eta zibilez ongi hornitutako erakundeek munduaren errespetua dute. Maiz, erregeen borondatearen kontra ezarriak, ez baitzuten aukerarik ere beto modernoa aurkezteko; Izan ere, Nafarroan, Katalunian eta Aragoin, monarkia herriarekiko itun zehatz eta eztabaidaezinen ondorio izan zen».

Baieztapenen batek eragin dezakeen distortsio historikoaz haratago, argi geratzen da Olavek itunari eta konstituzio historikoari emandako balio absolutua, El pacto político como fundamento histórico general de la nacionalidad española y especialmente como manifestación legal de la soberanía de Navarra (1878) lanean azaldu legez. Haren iritziz, ordea, Gaztelak konkistatu ondoren ez ziren Nafarroako Foruak errespetatu, eta, gainera, gero, absolutismo monarkikoa eta berdinzaletasun liberala jasan behar izan zituzten, «Bertako gobernuak Foruen etsai bilakatuz (…), Espainiako iraultza ofiziala kutsatu (sic) zuen» atzerritartasun hori. 1839 eta 1841eko legeak Nafarroaren eta Estatuaren arteko ituna izan zirela adierazi arren, erresuma zaharra kaltetua izan zela uste zuen. Horregatik, lehengo foru-askatasunak aldarrikatu zituen, absolutismoaren aurretik ziren bezalakoak, baina garai berrietara egokituta. Hala ere, uste zuen zaila zela Nafarroak «lehengo ongizatea berreskuratzea (…), beste probintziek antzeko abantailarik ez duten bitartean, deszentralizazioa- ren garaipena dela eta, Espainian federazio-eskolak sinbolizatzen zuena». Horregatik esaten zuen «foruzaletasuna eta federalismoa sinonimoak» zirela, eta foruzaleei dei egiten zien kausa federalarekin bat egin zezaten. Bere hitzekin amaitu daiteke, oraingoan El bu del socialismo y la unión de la democracia (1878) lanekoak, bertan, Nafarroako Foru Itun Politikoak, federazioaren printzipioaren aplikazioa Espainian babesten duten antzinatasuna eta tradizioa frogatzen dituela adierazi zuen.

Ideia horiek guztiak 1883an izan zuten garapen eta ezarpen praktikorik handiena, Constitución Futura de Navarraren oinarriak argitaratzean, Nafarroako Alderdi Demokratiko Federalak onarturik, baina, ostera, Zaragozako Batzar Nagusiak atzera bota zuena, ikusi genuen moduan. Haietan, ordurako hasierako iraultzaile hura baino askoz bigunagoa zen Olavek bere pentsamen- duaren bi ardatzen (katolizismoa eta foruak) arrasto sendoa utzi zuen, Pi y Margall-engandik behin betiko urrundu zuena. Boterearen jatorriari buruzko

1. oinarrian jasotako «Jainko Ahalguztiduna» aipatzeaz gain, testu hartatik eskualde-egitura baten proposamena nabarmendu da, foru-autonomiarekin bateragarria, 2. oinarriak ezarri bezala: «Nafarroak, gaur egun dituen mugen barruan, Eskualdea eratuko du, prest baitago garai batean nafarrak izan ziren Errioxako, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko eta Bortuz Bestaldeko 6. Merindadeko (egun Frantziarra) lurraldeak askatasunez itzultzeko aukera onartzeko; kontuan izanda, horietako batzuetan, anaiarteko lotura egokirako joera pa- triotikoa dagoela, egoerak horretarako aukera ematen duenean.».

Grina haiek ezerezean geratu ziren, eta Serafin Olavek militantzia politikoa utzi egin zuen, «katolizismoa eta foruak guztiekin eta guztion aurka defendatzeko». Bidean beste argitalpen batzuk eman zizkion inprimategiari, hala nola, Alduides trenbideari buruzkoa (1880), zeinaren aitzindari handia izan baitzen, edo Revista Euskara edo Euskal Erria aldizkarietan izaera historikoko hainbat poema. Bere figura aztertu dutenek aitormen handiagoa eskatzen dute Nafarroako nortasun forala eta interesak hain sutsuki defendatu zituen politikari horrentzako. Esan liteke, halaz ere, haren oroitzapena Buenaventura alabaren ekimenari esker iraun duela hein batean. Honek, fundazio bat sortu zuen 1928an, fundazio horren zuzendaritza Foru Diputazioari agindu zion, eta haren helburu nagusia lehiaketa bat sortzea izan zen, urtero Nafarroari buruzko obra onenak sarituko zituena —historia, zuzenbide forala, li- teratura, artea, ohiturak—, gaur egun Nafarroako Artxibo Nagusiak zaintzen duen Olave Liburutegia deritzona osatuko zuten obrak.

Obrak

Cuestión de Cochinchina: aclaraciones, Madril: Primo Andrés Babiren inprimategia, 1862.

Atrincheramientos, Madril, 1863.

Consideraciones físico-militares sobre los buques coraza, Madril, 1864.

Estudios histórico-jurídico-militares, Madril, 1866.

Amparo. Leyenda original, Madril, 1869.

Bases para la reorganización del ejército español partiendo del supuesto de la abolición de las quintas, Madril: Novedades inprimategia, 1871.

Antiguas tradiciones de Navarra y su oposición al absolutismo, Lisboa: Christovào Augusto Rodrigues, 1875.

Horrores y vergüenzas de la intolerancia religiosa, patentizadas en la exacta y detallada descripción de un auto de Fe, con los nombres, naturaleza, edad y circunstancias de 118 víctimas… [Junio de 1680], Madril: Aribau y C.ª, 1875.

Reseña histórica y análisis comparativo de las Constituciones forales de Navarra, Aragón, Cataluña y Valencia, Madril: Aribau y C.ª, 1875.

Tradición y progreso, Bartzelona: Oliveres, Xofra y Xumetraren kontu, 1877, 2. ed.

La Unión Aragonesa y el Pacto de Sobrarve vindicados contra los desafueros históricos de don Emilio Castelar, Iruñea: Joaquín Lordaren inprimategia, 1877.

El pacto político como fundamento histórico general de la nacionalidad española y especialmente como manifestación legal de la soberanía independiente de Navarra en unas épocas y en otras de su autonomía, sin perjuicio de la unidad nacional, Madril: Nueva Prensa inprimategia, 1878.

El Bu del socialismo y la unión de la democracia, Madril: Nueva Prensa inprimategia, 1878.

La verdad acerca del ferrocarril de Alduides prolongado desde Pamplona por Estella, Ca- lahorra y Soria hasta Torralba en la línea de Madrid a Zaragoza. Estudio analítico, Madril: Álvarez Hermanosen inprimategia, 1880.

El Pirineo y los ferrocarriles bajo el punto de vista militar, Madril: Álvarez Hermanosen inprimategia, 1881.

Constitución futura de Navarra. Bases redactadas según el espíritu de los antiguos Fueros acomodados a las formas modernas, y aprobadas en Tudela el 4 de Marzo de 1883 por la Asamblea Regional del partido republicano, democrático, federal, navarro, Calahorra: Casiano Jáureguiren tipografia-etxea, 1883.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 728-735. orr.

FUENTE LANGAS, J. M., «El cantón federal navarro de 1873», Príncipe de Viana, I Congreso General de Historia de Navarra, Anejo 9 (1988), 305-318. orr.

GONZÁLEZ-POLA DE LA GRANJA, P., «Serafín Olave», Diccionario Biográfico Español, Madril: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/7176/ serafin-olave-y-diez (2019ko irailaren 22an kontsultatua).

IZU BELLOSO, M. J., Navarra como problema. nación y nacionalismo en Navarra, Madril: Biblioteca Nueva, 2001.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP