Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

OLASCOAGA GOROSTIAGA [OLASKOAGA GOROSTIAGA], Fernando (Bilbo, 1854ko maiatzak 3 – Bilbo, 1913ko urtarrilak 14).

Karguak eta lanbideak

Jurista, historialaria, politikaria eta kazetaria 

Ibilbidea

Bernardino Olascoaga Uretaren eta Maria Josefa Gorostiaga Idurriagaren semea zen, Santiago (Done Jakue) parrokian bataiatu zuten Fernando Feliz Mauro izenez, eta eliza hartan bertan ezkondu zen Adelaida Zavala Vicuñarekin.

Zuzenbidea ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta Doktoretza tesia defendatu zuen 1878ko ekainaren 14an, administrazio-zuzenbideko gai baten inguruan: De la guerra como órgano de la justicia internacional. Cuáles son los principales programas en el llamado derecho de la guerra. Ondoren, Bilbon ezarri zen abokatutzan.

Jurisprudentziaren eta Legegintzaren Errege Akademiako kide urgazle eta Administrazio Zibileko ohorezko buru nagusia izan zen, 1897an; era berean, idazkari-kontulari kargua bete zuen Bilboko Abokatuen Elkargoan. 1879an udal-epaile izendatu zuten, eta Erregistro Zibila berrantolatzeko eginkizuna hartu zuen. Historiaren Akademiako kide urgazle ere izendatu zuten, 1905ean, Gernikako Batzar Etxeari buruzko liburua argitaratu zuenean. 1900ean Pro Ecclesia et Pontifice urrezko Gurutzea jaso zuen Leon XIII.a aita santuaren eskutik, jubileuaren karietara Erromara joan zenean, erromesaldi baten buru.

Ideologiari dagokionez, demokrazia kristau foruzale eta erregionalista batean kokatu dezakegu, karlismotik oso hurbileko planteamendu politikoekin. Probintziako diputatu hautatu zuten Durangoko barrutitik, 1890ean, eta Markinako barrutitik 1892an, eta karguan jarraitu zuen 1898ra arte. Askotariko gaien inguruko mozio ugari aurkeztu zituen, besteak beste, mendien kudeaketari edo «baserri ereduak» sortzeari buruzkoak, baina esku hartu zuen eginkizun garrantzitsuena Kontzertu Ekonomikoaren negoziazioa izan zen, 1894an egin zena, Ogasun ministroa German Gamazo zela. 1896an diputatu zela aurkeztu zituen mozioetako batzuk Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zituen.

1897tik elkarte askotako batzordeetako kide izan zen, haietako kide soila, buru nahiz idazkari gisa: Bilbaina Elkartea, Euskalerria Elkartea edo 1894ko arte-lehiaketa, Diputazioak babestu zuena, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluarekin lankidetzan. Haren jarduera azpimarragarriena Bilboko Erruki Etxean gauzatu zen, Udalak izendatuta hango Karitate Batzordean sartu zenean. Batzorde haren idazkari izan zen, eta erakunde hartan jarraitu zuen 1887ra arte. Hain zuzen ere, bertako idazkaria zela, lehenengo Erakusketa erregionalaren karietara, 1882an ospatu baitzen Bizkaiko Institutuaren egoitzan, idatzi zuen Olascoagak bere lehenengo liburua, historiari buruzkoa, Noticias históricas de la Santa y Real Casa de Misericordia de Bilbao izenburuarekin. Bilboko Itsas Sustapeneko Batzorde Iraunkorreko kide delegatua ere izan zen. Horregatik, 1893an, Olascoagak beste hainbat diputaturekin batera, Diputazioari proposatu zion Vizcaya izeneko gerraontziak, Astilleros del Nervión ontziolan egindakoak, eraman behar zuen bandera diseinatzeko. Aldundiak ideia onartu zuen, eta bandera egin zutenean, Itsas Armadari entregatu zitzaion ofizialki. Ekitaldi hartan, Olascoagak hitzaldi mamitsua eman zuen, defendatuz, «elkarrekin bizi daitezkeela, nik uste dudan moduan, aberri nazionalarekiko maitasuna eta Bizkaiko bazterreko lurrarekiko maitasuna». Vizcaya gerraontzia iparramerikarrek hondoratu zuten, Kuban, 1898ko uztailaren 3an, Santiago hiriburuaren parean.

Parte hartu zuen, gainera, jarduera eta kudeaketa ugaritan, esaterako, Sagarminagaren liburutegia Diputazioaren esku jartzeko ekimenean, Truebari eskainitako estatuaren eraikuntzan, edo Balentin Berriotxoaren beatifikazioan. Berak bultzatu zuen Bilboko Ingeniaritza Eskola sortzeko ekimena, horretarako proposamena eginez, Juan de Jaureguirekin eta Cosme de Palaciorekin batera, 1893an. Eskola 1897an sortu zen.

Kazetari-jardueran, berriz, askotariko gaiei buruzko artikulu andana idatzi zituen (ekonomia, literatura, politika nahiz administrazio gaiei burukoak) Bilboko zein kanpoko prentsa-aldizkarietan, besteak beste, El Noticiero Bilbaíno, El Nervión, El Diario de Bilbao, La Abeja, La Euscalerría, La Revista Bilbao, El Centenario, La Unión Vasco-Navarra eta Madrilgo La Administración eta La Unión Católica aldizkarietan.

Beharbada, haren ekoizpen historiografikorik interesgarriena Gernikako Batzar Etxeko zuhaitzen ingurukoa da. 1892ko udaberrian Gernikako laugarren zuhaitz zaharra hil zen, eta haren ordezko kimua landatu behar izan zen. Diputatuek arbolaren garrantzi sinbolikoaren kontzientzia hartu zuten, jadanik foruzaletasunaren ikurra baitzen. Beraz, adibidez, Bizkaiko Batzar Nagusien hainbat bilkuratan, 1891n eta 1892an, eztabaidatu zen Aretxabalagako arbolak bere garaian zuen lekua zehazki Bizkaiko maparen gainean kokatu beharrari buruz. Handik gutxira, Olascoagak arbolari eta Batzar Etxeari buruzko ikerketari ekin zion, eta liburu forma eman zion 1897an. Hartan planteatzen du, aieru huts gisa, dokumentu-frogarik batere gabe, antzinako bizkaitarrek kultu idolatrikoa eta gurtza paganoa eskaini izango zizkietela Batzar Etxeko arbolei, kristautasuna Jaurerrira iritsi aurreko garaietan. Zuhaitz horiek, horrenbestez, izango ziren «Jainkotasunaren pertsonifikazioak, antzinate paganoan», eta bizkaitarrak kristautu ondoren ere, haiekiko nolabaiteko errespetuari eutsi zioten, eta horregatik elkartzen zituzten gobernu-batzarrak arbola haien gerizpean.

Olascoagaren arabera, «Estatuen gobernantzan subiranotasunaren funtsezko eginkizunak bereizi behar zirela ezartzen zuen teoria konstituzionala konkista modernotzat jo baino hainbat mende lehenago ere» Bizkaiak auzia ebatzia zuen, botereen banaketa argi batekin: Diputazio Orokorra, exekutiboa; Batzar Nagusiak, legegilea, eta Jauna, justizia-administrazioan delegatuz, judiziala. Olascoagaren aburuz, sistema horren ezaugarriak islatuko ziren «gure araubidearen eta jaun-gobernuaren demokrazia kristau batean».

Haren lana oinarritzen da aurreko adituen lanetan, besteak beste, Labayru, Henao, Sagarminaga, Novia de Salcedo, Fita, Carmelo Etxegarai, Iturriza, eta abarren lanetan, baina, horrez gain, Batzar Etxeko artxiboan gordetako dokumentazioan, eta tokiko hemerotekan ere bai: El Noticiero bilbaíno, El Bascongado… eta are gaur ahozko inkesta deituko genukeen teknikan ere, elkarrizketak egiten baitzituen zaharrekin, Batzar Etxeko arbolei buruzko antzinako kontuen berri jakin nahian. Ondoren, beste lan bat egin zuen, askoz laburragoa, beste hainbat batzar-zuhaitzi buruz: Ustaritze, Avellaneda, Gerediaga…

 

Obrak

Noticias acerca de la fundación y organismo de la Santa Casa de Misericordia de  Bilbao, por Fernando de Olascoaga y Gorostiaga, Bilbo: Establecimiento Tip. de la Casa de Misericordia, 1885.

Noticias históricas de la Santa y Real Casa de Misericordia de Bilbao, por Fernando de Olascoaga y Gorostiaga, Bilbo: Imp. de la Casa de Misericordia, 1887.

Memoria de la exposición artística celebrada en esta villa en los meses de agosto y septiembre de 1894 con la cooperación del Círculo de Bellas Artes de Madrid y bajo el patrocinio de la Excma. Diputación Provincial de Vizcaya y del Excmo. Ayuntamiento de Bilbao, Bilbo: Imp. Provincial, 1895.

«Varias mociones importantes referentes a Bizcaya», Euskal-Erria, 1896, 93-94. or. («La guitarra de Iparraguirre»); 501-502. or. («Reimpresión del Fuero de Bizcaya»); 503. or. («Itinerario de las carreteras de Bizcaya»); 504. or. («Distintivo de los Diputados»); 521-522. or. («El destino del edificio de la Diputación»); 522-523. or. («Portazgos»); 523-524. or. («Conservación de las carreteras»).

El Árbol de Guernica y la Casa-Solar de la Antigua por Fernando de Olascoaga y Gorostiaga, Bilbo: [s. n.], 1897.

La Bandera del «Vizcaya», Bilbo: Luis Dochao, 1902.

«Otros árboles históricos», Euskal-Erria, Donostia, 60. libk. (1909), 368-378. or. BCMV, I (1909), 52-60. or.

«Catástrofe artística: relación de documentos y objetos que pertenecieron al Sr. San Pelayo destruidos en el incendio de la casa-palacio de Nava», BCMV, I (1909), 75-76. or.

La Escuela de Ingenieros Industriales de Bilbao: (apuntes para la historia de su creación), Bilbo: Luis Dochao, 1909.

«Documento Interesante sobre el patronazgo de la Iglesia Juradera de Guernica, 1454», BCMV, IV (1912), 167-172. or.

«Moción sobre reformas en la Basílica de Santiago de Bilbao», BCMV, IV (1912), 115. or.

Bibliografia

CARO BAROJA, J., «Culto a los árboles y mitos y divinidades arbóreas», Homenaje a don Luis de Hoyos Sainz, II. libk., 1950, 65-74. or. Berrarg. in CARO BAROJA, J., Ritos y mitos equívocos, 1974, 339-351. or.

GARCÍA PÉREZ, G., «El árbol de Guernica y otros árboles junteros», 2016. Online arg.: http://oa.upm.es/41342/1/ARBOL_GUERNICA_ARBOLES_JUNTEROS.pdf (2020ko urriak 7).

ITURRIAK

BIZKAIKO ELIZAREN HISTORI ARTXIBOA, Erregistro sakramentalak, https://internet.aheb-beha.org/paginas/indexacion/n_indexacion.php (2020ko urriak 7).

PLAZA Y SALAZAR, J. C. DE LA, «A la cristiana memoria del Ilustrísimo Sr. D. Fernando de Olascoaga y Gorostiaga, digno vocal que fué de la Comisión de Monumentos de Vizcaya, fallecido el 4 de enero de 1913, dedica este recuerdo la Dirección del Boletín, RIP», BCMV, V (1913), Bilbo: Imp. de la Casa de la Misericordia, 33-40. or.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP