Karguak eta lanbideak
Ahaldun nagusia
Ibilbidea
Aita, Juan Francisco Olano, itsas armadako ontzi-tenientea zen, eta Cosme Damian Churruca itsasgizon ospetsuaren adiskidea; ama, Leona Orueta, Bizkaiko familia entzutetsu batengandik zetorren eta Gardoki kardinalaren iloba propioa zen.
Olano, 1820an, Bergarako Errege Mintegian Humanitateak ikasten hasi eta, 1825ean, Salamancara joan zen Zuzenbide ikasketak egitera. 1825eko azaroaren 6an, Santa María de los Angeles ikastetxean barne-ikasle gisa sartu eta 1832ko azaroaren 5era arte egon zen. Unibertsitatea 1830ean itxi zenean, Salamancan bizitzen jarraitzeko baimena eskuratu zuen, ikasketak bukatzeko. Unibertsitateko katedradunek berek emaniko ikastaro pribatuetara joa- nez amaitu zuen karrera. 1832ko urtarrilaren 10ean lizentziatua, Valladolidera jo eta urtebetez forentse gisa aritu zen prestakuntzan. 1833ko apirilaren 22an, Errege Kontseiluetako abokatu-titulua jaso zuen.
1834an, Azkoitira itzulitakoan, Tolosako Batzar Nagusiak txandako ahaldun nagusi izendatu zuen. Kargu hura, lehenago, haren familiako kideek bete zuten. Izan ere, aitak kargu hori izan zuen 1809an. Urte hartan bertan (1834), Valentin eta ama Gasteizera bizitzera joan ziren, aitaren heriotzak bultzaturik eta Lehen Karlistaldiak sortutako egoeraren ondorioz. Arabako hiriburuan, erretorika katedra hartu zuen Unibertsitatean. Gasteizko Unibertsitatea Oñatikoaren luzapena zen.
Irakaskuntza-lana alde batera utzi eta Arabako Aldundiko idazkaritza hartu zuen bere gain. «Sei migrazio-urteren ondotik», hark berak esan bezalaxe, Gipuzkoara itzuli zen. 1840an, Azkoitiko Batzarrak mandatari izendatu zuen, Francisco Palacios, Ladislao Zabala, Esteban Hurtado de Mendoza eta beste batzuekin batera, antiforal deklaratutako probintzia horretako buruzagi politikoaren izendapenaz txostena egiteko.
1840ko martxoaren 26an, Diputatuen Kongresuan Gorteetako diputatua izanik, hitzaldi ospetsu bat eman zuen euskal diputazioei buruz Calatravaren eta Olozagaren galderei erantzunez, eta 1839ko urriaren 25eko legeari dagokionez hauxe adierazi zuen: «batasun konstituzionala» monarkiaren bidezko batasun gisa ulertu behar zela Espainiarekiko batasunari zegokionez, honakoa nabarmenduta: «guk ez diogu mespretxurik egiten subiranotasuna errespetatzeari, badakigulako, halaber, subiranotasunak gure ohiturak errespetatzen dituela».
1841ean, hogeita lau ordez Azkoitiko alkatea izan zen. 1844an, ahaldun nagusi atxiki lehena izendatu zuten Azpeitiko Batzar Nagusian, bai eta foruak moldatzeko mandataria ere, Ascensio Ignacio Altunarekin batera. 1846an, Batzarreko aholkulari buru onartu zuten; eta, halaber, berriz ere Azkoitiko txandako ahaldun nagusi izateko proposatu zuten, 1849an bezalaxe, Hondarribiko Batzar Nagusietan, non foru kontuetarako mandatari izendatu zuten, Corresko kondearekin batera.
Espainiako Gorteetako parlamentaria izan zen, 1840ko legealdian —Pedro Egañaren ordez—, bai eta 1841eko eta 1844ko legealdietan ere. Senaturako hautagaia izan zen 1840an eta Kongresuko hainbat batzordetan parte hartu zuen. Parlamentuan Foruen alde jardun zuen, tesi foralistak defendituta, liberal aurrerazaleek Foruen moldaketarako aurkeztu zuten irtenbideari oposizio tinkoa erakutsiz.
Carmelo Echegaraik honela definitu zuen: «diskurtso bakarreko gizona». 1840ko martxoaren 26an, tronuaren hitzaldiari zer erantzun eman eztabaidatu zen. Hitzaldian, izan ere, zuzenean aipatu zen euskal Foruak Konstituziora moldatzeko lana, 1839ko urriaren 25eko Legearen 2. artikulua betetzearren. Haren seigarren paragrafoari zerion erreforma-ideiak bultzaturik, Olano eus- kal foralitatearen alde mintzatu zen. Pribilegio eta askatasun haiek aldarrikatu zituen, koroaren emaitza ziren heinean, zeinari euskaldunek leialtasuna agertu baitzioten mendez mende. Administrazioa zentralizatzearen aurkakoa zen, zentralizazioak «hainbeste oroitzapen noblerekin amaitzen baitu eta tokiko es- piritu oro hiltzen du, herri sentimendu historiko oro». Bergarako besarkadan bildutako berradiskidetzea aldarrikatzen zuen, eta hori euskal diputatuek Kongresuan parte hartuz eta tronua errespetatuz egitera bultzatzen zuen. Ingalaterrako eredu politikoa proposatu zuen, hari eredugarria iritzita, Frantziakoaren aurrean. Eskoziarrak eta irlandarrak laudatu zituen, haien tradizioei zein ohiturei fidel zitzaizkielako, «nazionalitatea tea probintzialismoa» uztartzeko gai zirelako eta dagoenaren gainean eraikitzeko eta ezarrita dagoena errespetatzeko printzipioari men egiten ziotelako. Frogatzen saiatu zen Foruen gainean
«oso ongi euskarritu daitekeela askatasuna, esan gabe Erdi Arokoak garela, gure askatasunak hiri-gutunak direla eta antzeko beste arrunkeria batzuk». Olanoren hitzaldiak han bildutakoen txaloaldia eragin zuen. Bestalde, Euskal lurraldeko diputazio bakoitzak haren hitzak paperean bildu eta herriz herri banatu zituen, eta hitzaldiak, halaber, oihartzuna izan zuen Madrilgo eta Parisko hainbat egunkaritan. Herrialdeko alderdi bakoitzak entzun nahi zuen huraxe esaten jakiteagatik izan zuten arrakasta hitz haiek: batzuek Foruen defentsa, eta besteek baketze orokorra eta Konstituziopeko batasuna.
Obrak
Discurso de apertura pronunciado el 2 de enero de 1835 en la Universidad de Vitoria.
«Discurso del 26 de marzo de 1840 en el Congreso de los Diputados», Diario de Sesio- nes de las Cortes. Congreso. Legislatura de 1840, Madril, 1875, 1. libk., 684-686. be- rrarg. Copia del discurso que el señor diputado a Cortes por la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa Don Valentín Olano pronunció en la sesión del 26 de marzo de 1840, y observaciones hechas sobre él por los señores redactores del Corresponsal, Vitoria: Manteli e Hijos, urterik gabe.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Vitoria-Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993.
BLASCO, C., Los liberales fueristas guipuzcoanos, 1833-1876, Donostia: Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1982.
ECHEGARAY, C., «Don Valentín de Olano», Eusko Ikaskuntzen nazioarteko Aldizkaria, 4. libk., 4. zk. (1910), 485-503. orr.
LASALLE, X., «Olano, Valentín de», Auñamendi Euskal Entziklopedia, Edición online: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/olano-valentin-de/ar-116431/ (2019ko azaroaren 29an egindako kontsulta).
MONREAL ZIA, G., «La elaboración de la Ley de 25 de octubre de 1839», Iura Vasconiae 9 (2012), 235-325. orr.
SERRANO ABAD, S., «Valentín de Olano», Diccionario Biográfico Español, Madril: Real Academia de la Historia, 2012, vol. 38, pp. 339-340. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/85286/valentin-olano-orueta (2019ko azaroaren 29an egindako kontsulta).
ITURRIAK
DIPUTATUEN KONGRESUKO ARTXIBOA, Serie documentación electoral, 19. zk., 10. zk., 20. zk., 30. zk. eta 24. zk. 41. zk.





