Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

NOVIA DE SALCEDO, Pedro (Abandoko Errepublika, Bilbo, 1790ko urtarrilak 18 – 1865eko urtarrilak 1).

Karguak eta lanbideak

 Bizkaiko diputatu Nagusia. Historialaria

Ibilbidea

Bere aita, Roman Antonio Novia de Salcedo, Itsas Armadako kapitaina zen, eta Hornijako San Romango jauna. Ama, Maria Teresa de Castaños y Mariaca, Gordexola haranekoa. Aitaren aldetik, senideen artean Armadako hiru jeneral zituen. Nagusiki merkataritzan aritzen baziren ere, oinetxe bat zuten Basurtun eta beste bat Elexabarrin. Familiaren abizen konposatuak Novia eta Salcedo leinuen arteko loturan du jatorria. Aurreko bi mendeetan, Pedro Novia de Salcedoren arbaso zenbait Jaurerriko diputatu eta erregidore izandakoak ziren. Juana de Ociorekin ezkondu zen.

Jaiotzatik gaztarora, gorabehera publikoz beteriko Bizkaian bizitzea egokitu zitzaion Novia de Salcedori. Garai zaila, beraz, heziketa arautua jasotzeko. Izan ere, jaso ahal izan zituen eskola bakarrak bigarren mailako Filosofiakoak izan ziren, San Francisco Ikastetxean. Ezkondu zenean, matematika ikasi zuen Bilboko Kontsulatuan, Alberto Lista humanistaren eskutik. Esan beharra dago Novia de Salcedo, autodidakta izanik, ezagutza handia eskuratu zuela, bere ibilbidean zehar erakutsi zuenez.

Aipatu bezala, 1794tik aurrera, herrialdean gertatu ziren gerra eta liskarrek eragin handia izan zuten berarengan eta baita bere belaunaldiko bizkaitarrengan ere. Konbentzio Gerra, Zamakolada eta, horren ondorioz, errege armadaren okupazioa, eta, handik gutxira, 1808 eta 1814 artean, gertatutako frantsesen inbasio eta okupazioa. Armada espainiar-ingeles-portugesa Bizkaian sartzen ikusi zuen eta baita erregimen forala kentzen eta haren ordez konstituzionala ezartzen ere. Momentu horretan, 1812ko urriaren 18an (?), Jaurerriak Cadizko Erregeordetzari testu konstituzionalaren zina egiteko Di- putazioak zuen obligazioaz galdetu zion. Bizkaiko konstituzio historikoa Gorteek onartutakoaren berdina edo garrantzitsuagoa zela argudiatu zuten.

Aipatu beharra dago, aurrerago landuko dugun arren, Novia de Salcedok Bizkaiko garapenaren alde egindako ekarpena historiari buruzko obraz ha- ratago doala, hain ezaguna izanik ere. Zerbitzu publikoan egindako ibilbide luzeari esker, batez ere diputatu Nagusi bezala, inguruko errealitate ekonomikoaren gaineko ezagutza sakona eskuratu zuen. Eskarmentu hori izan zen gobernua eraldatzeko ekimenaren oinarria. Nabarmentzekoa da berak bere eskuz idatzitako memoria, txosten eta araudiek XIX. mende hasierako Biz- kaiari buruzko informazio oso baliotsua jasotzen dutela, hiru hamarkadatik gorako denbora tartean.

30 urte bete zituenerako, ardura lanetan aritua zen Bilboko Udalean; esaterako, Independentzia Gerran, tropa aliatuei eta etsaiei emandako hornidura eta zerbitzuen likidazioan parte hartu zuen. Bilboko milizia nazionaleko kide izan zen. Baina Kontsulatuan ere aritu zen, kontsul eta priore lanetan, eta horretarako behar-beharrezkoa zen hiriko merkatarien erabateko konfiantza izatea, ardura handiko karguak baitira biak.

35 urte zituela, Jaurerriko ahaldun nagusi izendatu zuten Gernikako Batzar Nagusietan, alderdi oñaztarrarengatik. Alderdi ganboarreko Jose Maria de Orbe, Valdespinako Markesa, ondoan izan zuen. 1824ko izendapen hori Monarkiaren Gobernu erreakzionarioarekin batera gertatu zen, Hamarkada Gaitzesgarri bete-betean, eta egoerak ez zuen batere laguntzen agintari berriek helburu zuten bizitza publikoaren eta ekonomikoaren berpizkunderako. Guztiarekin ere, herrialdea eraldatzeko neurri berritzaileak hartu zituzten.

Ekonomia eta administrazioari dagokienez, Jaurerriko Ogasuna onbide- ratzeko urrats garrantzitsuak eman ziren, errolda, mailegu eta gerra urteek eragindako zor astuna arintzeko helburuz. Foru administrazioan ere eragin zuten, Bulegoen Araudia deitutakoaren bitartez. Gogoan izan, Diputazioak Jaurerriaren eraikin publiko enblematikoa Gernikan eraikitzea erabaki zuela, Antiguakoa zegoen orube berean. Eraiki berritan, Artxibo eta Batzar-etxe izan zen, bere aurrealde, batzar-gela eta tronuarekin. Eraikin berria mende asko- tako Batzarren kontzientzia eta duintasunaren erakusgarri zen, eta baita foru- zaletasun bizkaitarrak izanen zuen etorkizunaren gaineko fedearena.

Bestalde, Diputazioak meatzaritza sektorearen ardura bere gain hartu zuen, krisialdian baitzegoen, eta, eraiki ahal izateko, burdina ezinbestekoa zelako. Erauzketa foru arau baten menpe zegoen. Novia de Salcedok egindako diagnostikoan oinarritua da Diputazioak ezarritako Meatzaritzaren Araudia, hasieratik, gai berari buruzko estatuaren lege berriarekin talka egiten zuena. Ahaldun Nagusiak, gainera, industriari eta pairatzen zuen atzerapena eragiten zuenari buruzko memoria luze eta bikaina idatzi zuen.

Gobernuak Hamarkada Gaitzesgarrian jarraitutako politika zentralizatzaileak aldi absolutistaren ildo beretik joan ziren, Foruei zegokienez behintzat. Dagoeneko 1825ean, Novia de Salcedok aurre egin behar izan zien Calomarde ministroaren eskakizun uniformistei, bere asmoa euskal udalerriek udalak hautatzeko zuten autonomia indargabetzea baitzen. Euskal lurraldeetan udalak hauteskunde metodo ezberdinen bitartez hautatzeko ohitura zaharra ere alde batera utzi nahi izan zuen. Aurrerago ikusiko dugunez, urte batzuk ge- roago, auzia Novia de Salcedorengana itzuli zen berriro. Monarkiaren Gobernuak, etengabe baliabide beharrean baitzegoen, Estatuaren kargak arintzeko foru dohaintza bidezko metodoaren gainean zuen zalantza agertu zuen. Anto- laketa militarraz zen bezainbatean, Jaurerriko armamentu nagusia arautzeko neurriak hartu ziren, eta 1827an Batzar Nagusiek onartu zituzten. Kargua utzi zuten bi ahaldun nagusiek ohorez gainditu zuten agintaldiaren bukaeran egokitutako erresidentzia epaiketa.

Bideak eta errepideak eraiki eta zaintzea foru eskumenen ondarearen barnean zegoen. Horrek udalen arteko auzi ugari sortzen zituen, gastuak zeinek ordaindu behar zituen erabakitzeko orduan. Udal askoren ustez, gastuak etekin handiena lortzen zuenak ordaindu behar zituen. Novia de Salcedori egokitu zitzaion, 1832. urtean, plan berdintzaile bat osatzea, gastuari aurre egiteko modu modernoago bat proposatzeko. Urte batzuk geroago, 1841ean, jatorrizko plana hobetu eta gaiaren ardura zuen Komisioko arduradun izen- datu zuten behin betiko. Bizkaiko Bideen Araudi Nagusiaren aita dela esan liteke. Harrigarria da, duen datagatik eta hura eragin zuen arrazoiagatik, 1832an, Batzar Nagusiek hala eskaturik, Bilbo eta Burgos Balmasedatik lo- tuko zituen trenbidea eraikitzeko idatzi zuen memoria, mota horretako lehena baita Espainiar Estatuan. Ingalaterrako txostenak eskatu zituen eta proposamen tekniko eta ekonomikoa idatzi zuen. Proiektu aitzindaria bertan behera geratu zen, udalerri askok uste baitzuen trenak soilik Bilbori lagunduko ziola, eta, gainera, Gerra Karlista hasi zelako. Jarraitzen ari garen hurrenkera kronologikoan aurrera jauzi eginez, oroitu beharra dago, urte batzuk geroago, 1844. eta 1846. urteen artean, eta, bereziki, 1851.ean, trenbidearen ideiak be- rriro indarra hartu zuenean, Bilboko Ondasunen Batzar Nagusiak Memoria bat egiteko eskatu ziola, eta bere biografo Artiñanok zati bat kopiatu zuela (1866). Ez dago isilpeko txosten osagarri hartan jasotako informazioaren arrastorik.

1833ko uztailean berriro ahaldun nagusi izendatu zutenez, gerra hasi baino hiru hilabete lehenago, bere ondasun guztiak bahitu zizkioten, errugabea zela frogatu zen arren. Zergatia ez dago argi, eta absolbitua izanagatik ere, ez zuen sekula bere ondasunak itzultzeko eskatu. Gerra bukaturik, eta jarraian aipatuko dugun Esparteradaren ondoren, probintzia diputatu izendatu zuten, 1843an, nahiz eta karguari uko egin zion, lehian zeuden bi alderdiek eskaini zioten senataritzarekin egin zuen bezala.

Hori baino lehen, ordea, bi gertakari erabakigarri gertatu ziren Baskonian: guda zibila, eta haren bukaerako karlista eta kristinoen arteko Berga- rako hitzarmena, eta 1839ko urriaren 25eko Foruen Legea. Aristides de Arti- lanok, Novia de Salcedoren biografoak, eta bere garaikideek, lege hori 1837ko Konstituzioaren eta ondorengoen Akta gehigarritzat hartu zuten. Egia da, Le- gea onartu ondotik, euskal Diputazioei 1841eko matxinada moderatuan partehartzea, edo, behintzat, haren aldeko jarrera erakustea leporatu zitzaiela. Matxinada horrek aukera eman zion Espartero jeneralari Lege horren foru babesaren gainetik igaro, eta, Gasteizen, 1841eko urriaren 29an, Dekretu indargabetzailea ab irato aurkezteko. Horren ondotik heldu zen 1844ko foru sis- temaren berrezartze partziala, eta Novia de Salcedok ahaldun nagusi bezala zuen garrantzia publikoa berreskuratu zuen, Villariasko Markesaren lagun- tzarekin. Ireki berri zen garai foralean, hainbat instituzio garrantzitsu galdu ziren, eta ugariak izan ziren Gobernu zentralak izan zituen arazoak, 1845eko aurrekontuen legetik hasita. Bestalde, oso entzutetsuak izan ziren korrejido- rearen egitekoak aldatzeagatik sortutako epaiketak buruzagi politiko konstituzional bilakatu zutelako —ordura arte foru boterearen egituran sarturik zegoen instituzio paternalista zen—. Justizia konstituzionala ezartzean, magistratu judizial izateari utzi zion, eta botere zentralaren ikuskari bihurtu zen, Foru Aldundiek egiten zutena kontrolatzeko. Tirabira handienak Rafael Navascues buruzagi politikoarekin izan zituen. Desadostasun txiki batengatik, aldi baterako izan bazen ere, bertan behera utzi zuen Bizkaiko Aldundia. Horrez gain, Udalen hautaketa moduaren gaia berpiztu zen, 1847ko otsailaren 22ko Errege Aginduarekin, Estatu guztian zinegotziak hautatzeko metodo bera erabiltzea eskatzen baitzuen. Batetik, Arrieta-Mascarua eta, bestetik, Novia, Jaurerriko ordezkari aritu ziren foru udalerri bizkaitarraren antolaketa ezagutzera ematen duen azalpen bikaina eskainiz.

Bere jarduera historiografikoa foruei buruzko bi obrek probintzietan eragin zuten harrabotsaren ondorio da: Juan Antonio Llorente kanonigoaren Noticias Históricas de las Provincias Vascongadas eta Tomas Gonzalezen Colec- ción de documentos relativos a las Provincias Vascongadas. Llorenteren obraz den bezainbatean, Novia de Salcedo bat zetorren herrialdean zabaldu zen ustearekin: «bere luma salgai zuen, edozein botereren esanetara jartzeko prest» eta lana burutzeko «Godoyk eta beste ministro batzuek akuilatu eta babestu» zuten. T. Gonzalezi buruz, «artxiboetan aurki zitzakeen probintzia hauen kontrako dokumentu guztiak bildu eta aldekoak baztertzeko agindua jaso» omen zuen. Urte batzuk geroago, Llorentek jasotako aginduaren izaera ofiziala azaldu zuen Jaurerriko Kronista izandako Antonio de Truebak.

Novia de Salcedo 1827. urte erdialdera hasi zen idazten bere Defensa histórica, legislativa y económica del Señorío de Vizcaya y Provincias de Álava y Guipúzcoa, ahaldun nagusi izateari utzitakoan. Horretan aritu zen, azke- neko orrialdeak Jaurerriko lehen Aholkulari Casimiro Loizagaren zentsuraren eta Araba eta Gipuzkoako Diputazioen azterketaren esku utzi zuen arte, 1829ko abendu bukaeran. Herrialdeko korporazioek obraren kostua euren gain hartzea eskaini zioten, baina inprentara eramateari uko egin zion, Calo- marde ministroak ez zuelako testua argitara zedin baimenduko. Handik gutxira, 1833tik 1839ra, guda zibila iritsi zen. Bitartean, originala galdu eta, harrigarriro, atzerrian agertu zen. 1851. urtea zen, hots, hogeita bi urte ziren eskuizkribua sinatu zutenetik. Defensaren lau liburukiak foruzaleen erreferentzia nagusia izan ziren XIX. mendeko bigarren erdian.

Novia de Salcedoren ustez, Llorente kanonigoak zenbait testu eraldatu eta ezabatu zituen, nabarmenki apokrifo ziren beste batzuk ontzat hartu, eta beste asko arbitrarioki interpretatu zituen. Historialari bihurtutako politikariaren asmoa, historialari errioxarraren baieztapen nagusiari aurre egitea zen, hau da, euskal herritarren dependentzia politikoari, eta, oro har, Estatuko administratzaileen eta politikarien artean aski hedatua zen euskal foru erregimenaren kontrako jarrera indargabetzea.

Novia de Salcedok, bere obrako lehen bi liburukietan, Llorentek probintzien dependentzia frogatzeko erabilitako berri guztiak banan-banan aztertu zituen. Horien kontra, euskal probintziak, jatorriz, erromatarren eta bisigodoen garaietan independenteak zirela erakusten zuten dokumentuak aurkeztu zituen, eta, gero, Erdi Aroan, hala izaten jarraitu zutela inguruan sortu ziren erresumekiko; esan nahi baita Nafarroa, batetik, eta Asturias-Leon-Gaztela, bestetik. Hitzarmen aske eta boluntarioen bitartez, Gaztelako Koroaren menpe geratu zirenean, bereizitako Estatu bezala mantendu ziren, berezko erregimenarekin. Obra guztian zehar lantzen duen tesia ondoko esaldiarekin laburtu daiteke: «ken dezagun, hipotetikoki, elkar lotzen dituen buru aman- komuna, eta ezinezkoa izango da Estatu hauek elkar ukitzen duten punturik aurkitzea. Ez al da hori froga nahikoa eta garbia, bermerik irmo eta onartuenean oinarritua, elkarrekiko independenteak eta bereiziak direla erakusteko?»

Beste liburuki bat legediari eskaini zion, Foruen antzinako jatorria aztertuz. Bertako usadio eta ohitura zaharrei buruzkoa zen «forua, usadioa eta ohitura zituzten, eta legez ezartzen zuten» formulak argi erakusten zuen bezala. Hortik aurrera, Novia de Salcedok Anaidien jardun arauemailea eta Batzarren ebazpenak nabarmentzen ditu. Zuzenbide gorputzen, zin egiteen eta errege- erreginen berrespenen gaineko azalpenak ematen ditu. Horiez gain, xeheki aztertzen ditu, bere ustez, garrantzitsuenak diren zenbait instituzio, hala nola, zerga eta soldaduska salbuespenak eta merkataritza askatasuna.

Bukaera aldera, Novia de Salcedo ekonomiaz arduratu zen, eta sakon aztertu zituen, 1727an, aduanak lekualdatzeagatik sortutako liskarraren ondorioz, Patiñorekin adosturiko Kapitulatuaren aurrekariak. Orduantxe ezarri zen merkataritza askatasunaren jarraipen arautua. Erdi Arotik indarrean ze- goen instituzio horren existentziatik abiatuta, erakutsi nahi izan zuen, datu askorekin, herrialdearen oparotasun erlatiboa merkataritza askatasuna izatearen beharrezko emaitza zela. Era berean, Probintziek Koroa mantentzeko ekarpen proportzionalak egiten zituztela sutsuki defendatu zuen.

Lanaren helburu nagusia herriaren independentzia berrestea zen. Hori adierazten zuten Gorteetan ez agertzean eta Batzar Nagusiak mantenduta, guztiz berezkoa baitzen gobernu modu hori. Berarentzat «beste estatu horie- tako Gorteak bezain egitura legitimoa eta osoa dira» (Gaztela eta Aragoiko Koroek osatutako estatuez ziharduen). «Haiek desagertu ziren, hauek bere horretan diraute». Bere esanetan, denborak eman zizkien euskal instituzioei zeuzkaten preskripzioa, jabetza titulua eta legitimazioa.

Novia de Salcedok ez zekien euskaraz, baina hogeita zazpi urte eskaini zizkion, modu ez jarraituan, Diccionario Bascuence, Castellano y Latino hiztegia ontzeari. Hurrenkera alfabetikoan jarri zituen, bertako hizkuntzatik abia- turik, Larramendiren Hiztegiko sarrerak. Bermeoko Komentuko frantziskanoa zen Frai Jose Antonio de Uriarteren eskutan utzi zuen. Bestalde, hainbat iruzkin bibliko idatzi zituen eta baita espiritualtasunaren ingurukoak ere, baina ez zuen haiek argitaratzeko baimenik eman. Berdin gertatu zen bere obra poetikoarekin, frai Luis de Leon eta Melendezen eraginaz gain, etorria eta originaltasuna atzeman zekizkiokeen arren.

Probintziako Aita izendatu zuten, eta 1852an, Gernikako Batzar Nagusiak Herrialdeko Seme Kutun izendatu zuen aho batez. Ordura arte, titulu hori eskuratu zuen bakarra zen.

Juana de Ocio emaztea 1864an hil zen, eta Pedro Novia de Salcedo 1865eko lehendabiziko egunean. Bere heriotzak oihartzun handia izan zuen Jaurerrian eta baita handik kanpo ere. Hilkutxaren zintak Probintziako gaine- rako lau aitek eraman zituzten, eta hileta elizkizunak egin zituzten Bizkaiko zenbait herritan. Gorteetako senatari eta diputatuek ere hileta egin zuten Madrilen.

Obrak

Defensa histórica, legislativa y económica del Señorío de Vizcaya, y Provin- cias de Álava y Guipúzcoa, contra las Noticias históricas de las mismas que publicó

D. Juan Antonio Llorente, y el Informe de la Junta de Reformas de Abusos de la Real Hacienda en las tres Provincias Vascongadas, Bilbo: Delmas eta Semearen liburu- denda, 1851-1852. Bilboko edizioaren edizio faks.: Delmas eta Semearen liburu- denda, 1851: Etxebarri (Bizkaia): Euskal Liburuaren Adiskideak, 1987.

«Diccionario etimológico del idioma vascongado, con un prólogo biográfico de Arís- tides de Artíñano», Euskal-Erria: revista bascongada, 15 (2. seihilekoa, 1886) 486-463. orr. Berred. Tolosa: Eusebio Lópezen etxe tipografikoa, 1887.

Euskeretik erderara eta erderatik euskerera itzultzeko iztegichoa, Tolosa: E. López Mol- diztegian, 1902.


Bibliografia

ANTÍA, M. A., «On Pedro Nobia eta bere izkribuak», Euskal-Erria: revista bascongada, 22 (1. seihilekoa, 1890), 40-42. orr.

ARRESE, F., «Nobia. ri Koroia», Euskal-Erria, 22 (1890) 43-47. orr.

ARTIÑANO Y ZURRACALDAY, A. de, Biografía del señor D. Pedro Novia de Salcedo, Padre de la Provincia y primer Benemérito del M.N. y M.L. Señorío de Vizcaya, Bilbo: Delma- sen alargunaren moldiztegi eta liburudenda, 1866.

ARZAC, A., «Sinopsis biográfica del Eximio Patricio Bascongado Sr. D. Pedro Novia de Salcedo», Euskal-Erria: Revista Vascongada, 22 (1. seihilekoa, 1890), 34-36. orr.

MANTEROLA, J., «Autógrafos y noticias de Valentín de Olano, Pedro Novia de Salcedo»,

Euskal-Erria, 3 (1881). 251-257. orr.

MAÑARICÚA Y NUERE, A. de, Historiografía de Vizcaya: desde Lope García de Salazar hasta Labayru, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1973, 2. ediz. zuzendua.

TRUEBA, A., Defensa de un muerto: atacado por el Excmo. Sr. D. Manuel Sánchez Silva, Bilbo [s.n.], Bilbo: Irurac Baten moldiztegia, 1865; eta Bilbo: Juan E. Delmasen moldiztegi eta Litografia, 1865.

PORTILLO, J. M.ª y VIEJO, J., «Pedro Novia de Salcedo y la constitución histórica: la cul- tura política de la foralidad», II. Euskal Mundu Biltzarra. Euskal Herriko Historia Kongresua, Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1988, 4 libk., 323-333. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP