Karguak eta lanbideak
Galiako diozesiak osatzen zituzten probintziak eta civitatesak adierazten dituen zerrenda ofiziala
Ibilbidea
Notitia Provinciarum et Civitatum Galliae kantzilertza inperialak igorritako dokumentu bat da, iv. mendearen amaieran idatzia, eta Erdi Aroko zenbait eskuizkributan iritsi da gurera. Dokumentu horretan, Galiako diozesietako provinciaeak jasotzen dira, bai eta probintzia bakoitzeko civitatesak eta zenbait castra (gotorlekuak) ere. Dioklezianok (284-305) sortutako eta Konstantino I. ak (306- 337) eta haren ondorengoek finkatutako probintzia-banaketa berriaren ondorioz, probintzien kopurua handitu zen. Txikiagoak izan ziren aurrerantzean, eta gobernadore zibilen esku utzi zuten haien kudeaketa. Probintzia horiek goragoko mailako administrazio-unitatetan biltzen ziren, diozesitan, alegia. Diozesiak vicarius baten agintepean zeuden, eta eskualdeko pretorioko prefekturen mende zeuden. Prefektura horiek pretorioko prefektuek kudeatzen zituzten.
Galiako hego-mendebaldean, Novenpopulania probintzia sortu zuten, mendebaldeko Pirinioen eta Garona ibaiaren artean. Probintzia hori Viennensis izeneko galiar diozesiaren barruan zegoen (geroago, Septem Provinciarum esan zioten), eta diozesia, berriz, Galietako Prefekturaren barruan. Prefektura horrek Augusta Treverorum hirian (gaur egungo Treveris) zuen egoitza, eta, 407. urtetik aurrera, Arelate hirian (Arlés). Lau diozesi hartzen zituen prefekturak; hain zuzen ere, Galiako bi diozesiak (Galliarum eta Viennensis), Britaniako diozesia eta Hispaniako diozesia. Notitian adierazten da Novenpopulaniako probintzia hamabi civitatesek osatzen zutela, eta probintziaren hiriburua civitas Elusatium zela. Halaber, Bogorra izeneko gune gotortu bat adierazten da, civitas Turbarekin lotuta. Hona hemen aipatu dugun pasarte hori (parentesi artean, civitas bakoitza identifikatu dugu):
XIV: In provincia Novempopulana civitates n. xii:
1: Metropolis civitas Elusatium (gaur egungo Eauze, Gers)
2: civitas Ausciorum (gaur egungo Auch/Auski, Gers)
3: civitas Aquensium (gaur egungo Akize, Landak)
4: civitas Lactoratium (gaur egungo Lectoure, Gers)
5: civitas Convenarum (gaur egungo Saint-Bertrand-de-Comminges, Garona Garaia)
6: civitas Consorannorum (gaur egungo Couserans, Ariège)
7: civitas Boatium (Pays de Buch-en dago)
8: civitas Benarnensium (gaur egungo Leskarre, Bearno)
9: civitas Aturensium (gaur egungo Aire-sur-l’Adour, Landak)
10: civitas Vasatica (gaur egungo Vasats, Gironda)
11: civitas Turba ubi castro Bogorra (gaur egungo Tarbe, Pirinio Garaiak)
12: civitas Elloronensium (gaur egungo Oloroe-Donamaria, Bearno).
Dioklezianok diseinatutako eta konstantinotar dinastiakoek hobetutako probintzia-erreformak helburu militarrak eta administrazio-helburuak zituen, Inperioko lurraldeen kontrol militar, fiskal eta judizial handiagoa lortze aldera. Sortutako administrazio-egitura berri hori agintari eklesiastikoek bere egin, eta erabili egin zuten, neurri handi batean, eta, Mendebaldeko Erromatar Inperioa amaitzean, zenbait herri barbarok ere beren erresuma berriak ezartzeko oinarritzat hartu zuten.
Obrak
Larrañaga, K.: Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.
Bibliografia
Fabre, G.; Bost, J. P.: «Aux origines de la Province de Novempopulanie: nouvel examen de l’inscription d’ Hasparren» in Aquitania, 6 (1988), 167.-178. or.
García Moreno, L. A.: El bajo imperio romano, Madrid: Síntesis, 1998.
Lanz, J.: «A propósito de una legatio en el “Ara de Hasparren”» in Cordeiro Macenlle, R.; Vázquez Martínez, A. (argk.): Estudos de Arqueoloxía, Prehistoria e Historia Antiga: achega dos novos investigadores, Santiago de Compostela: Andavira, 2016, 537.-552. or.
Maurin, L.: «Les Basaboiates» in Cahiers du Bazadais, 20-21 (1971), 1.-15. or.
Sayas, J. J.: «El territorio aquitano entre la asimilación romana y el mantenimiento de su especificidad» in Segundo Congreso General de Historia Navarra, 2, Conferencias y comunicaciones sobre Prehistoria, Historia Antigua e Historia Medieval, Príncipe de Viana, 14. eranskina, LIII (1992), 153.-180. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Notitia Provinciarum et Civitatum Galliae”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 86-87.





