Karguak eta lanbideak
Caumont, Castelnou, Castelculier eta Berbiguièresko jaun
Ibilbidea
1417ko uztailaren 8an, bere Caumonteko gaztelutik irten zen, Garona ibaitik gertu, Santiago de Compostelarako erromesaldia egiteko, eta urte bereko irailaren 3an itzuli zen Caumontera. Egindako bidaiari buruzko kontakizun bat idatzi zuen, Voaitge de Nopar, signeur de Caumont a Saint Jacques en Compostelle et a Notre Dame de Finibus Térrae, oso modu laburrean, erromesaldi baten kontakizun bat baino gehiago ibilbide baten deskribapena ematen baitu. Baina kontakizun horretan badira bi salbuespen, xehetasun handiz kontatzen baitu Naiarako gudua, Gaztelako tronuari eragin ziona, bai eta erromes urkatuaren eta bi oilarren miraria ere; testu hori Santo Domingo de la Calzada ageri den testu zaharrena da.
Bidaiaren kontakizuna interesgarria da, besteak beste, egunak eta etapa bakoitzaren legoa-kopurua zehazten dituelako; hau da, 1-9 legoa egun bakoitzeko, nahiko errealistak eta ziur asko zaldizkoentzat ezarriak. Zerrendan, guztira, 408 legoa ageri dira, hau da, 2.500 kilometro, gutxi gorabehera. Espainian, Aymeric Picaudek Liber Sancti Jacobi edo Codex Calixtinusen V. LiburukoErromesen gidankontatzen duenibilbide berari jarraitzen dio, baina Finisterrera eta Padrónera egindako bisitak eransten ditu, oso ohikoak une hartan Donejakue bideko erromesen artean.
Bidaiaren kontakizuna honela hasten da: «Jarraian beste bidaia bat dator, nik, Caumonteko jaun Nomparrek, egin dudana, Santiago de Compostelara eta Finisterreko Andre Mariara joateko. 1417ko uztailaren 8an nire Caumonteko gaztelutik abiatu nintzen. Urte bereko irailaren 3an itzuli nintzen berriz ere Caumontera». Ondoren, ibilbidearen berri ematen du, herrien izenak eta distantziak adieraziz.
Euskal lurraldeei dagokienez, honako hau zehazten du:
«EUSKALDUNAK («BASCOS»)
Sauvaterre – Saint Palays II legoa
Saint Palays – Hostabach II legoa
NAFARROA
Hostabach – Saint Jehan de Ped des Portz IIII legoa
Saint Jehan de Ped des Portz – Capeyron Roge III legoa
Capeyron Roge – Notre Dame de Ronssevaux – Borguet IIII legoa
Borguet – Rossonhe (Larrasoaña) V legoa
Rossonhe – Pampalone III legoa
Pampalone – Pont le Royne V legoa
Pont le Royne – l’Estelle IIII legoa
l’Estelle – els Arcos IIII legoa
GAZTELA («CASTELLE»)
els Arcos – Grunch (Logroño) V legoa».
Ikus daitekeen bezala, kapare gaskoiaren erromesaldiaren kontakizuna oso soila da, aurreko kontakizunetan oinarritzen da eta hurrengoetarako gida moduko bat izango da. Eguneko ibilaldiak, bide guztian zehar, neurrizkoak dira, bederatzi legoatik bi legoara bitartekoak, joaneko eta itzulerako bidaietan zerbait aldatzen direla; izan ere, ibilbide beretik itzuli zen, baina 25 egun egin zituen. Urte batzuk geroago, 1419an, Nompar Jerusalemera joan zen erromes, eta 1420ko apirilaren 14an itzuli zen.
Obrak
Del Voaitge de Nopar, signeur de Caumont a Saint Jacques en Compostelle et a Notre Dame de Finibus Térrae, Brittish Museumen eskuizkribu bat dago gordeta (Egerton Funtsa, 890. zk., 104v-112v fol.), Voyaige d’oultremer en Jherusalem kontakizunarekin batera. Transkripzioa eta argitalpena: Vielliard, J. de, Guide du pèlerin, Mâcon, 1938.
Bibliografia
Herbers, K., eta Plötz, R.; Reimóndez Fernández, J. (itz.), Caminaron a Santiago. Relatos de peregrinaciones al «fin del mundo», Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 1999, 58.-70. or.
Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª, eta Uría Ríu, J., Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1. libk., 1948, 90. or. eta 218.-221. or.
Aipamen bibliografikoa
Jusué Simonena, C., “Nompar II”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 347-349.





