Karguak eta lanbideak
Historiagilea, kazetaria
Ibilbidea
Joseph Nogaret Baionan jaio zen 1862an. Baionako Artzain protestantearen semea, bere aitak Historiarentzat zuen zaletasuna gazterik transmititu zion. Zuzenbide-ikasketak Bordelen egin ondotik, Midi-ko burdinbideen Sozietatean sartu zen inspektore gisa, lehenik Bordelen eta geroago Baionan.
1913an, Baionara itzuli berri zelarik, «Société des sciences, lettres et arts de Bayonne» erakundea integratu zuen eta aktore nagusietariko bat izango zen. Jean-Baptiste Daranatz-ek idatzi zuenez, lan handia egin zuen Euskal Herriko Historia publiko zabal bati ezagutarazteko («un véritable vulgarisateur d’histoire locale et régionale»). Bere bizi osoan artikulu asko publikatu zituen Sozietatearen aldizkarian. Erakunde honetako lehendakari-orde bilakatu zen urte zenbait berantago. Beste autore garaikideek haren lanak aho batez estimatu izan zituzten.
Turismoan ere jardun izan zuen: 1923an Baionako eta Euskal-Herriko Iniziatiba-Sindikatuko Administrazio-kontseiluan sartu zen eta 1933an Lehendakari izendatu zuten. 1930ean, Sindikatuko gidaliburua idatzi zuen: Pays Basque, Eskual Herria: Guide officiel du ESSI.
Kazetaritzan ere ibili zen, aldizkari ezberdin batzuetan izkiriatuz, hala nola La Sauvegarde de l’Art français, Le Courrier de Bayonne eta La Presse kazetetan.
1929ko hauteskundeetan, oposizioko zerrendan aurkeztu zen baina ez zen hautatua izan.
Eusko Ikaskuntzako kolaboratzailea izan zen: 1929ko Uda ikastaroen karietara, Euskal Herriaren sintesi historikoaren inguruko proiektuan parte hartu zuen, Iparraldeko ordezkari gisa.
Joseph Nogaret-ek funtsezko rola bete zuen Euskal Museoaren sorreran. Artikulu bat idatzi zuen proiektuaren jatorriei buruz 1924ko Museoaren Boletinean. William Boissel-ek lanaren ardura hartu zuenean, bi laguntzaile izendatu zituen: Andre Constatin eta, beraz, Joseph Nogaret. «[Nogaret] se chargea du département des archives, des classements, de la bibliothèque, tout en poursuivant ses études régionales, dont plusieurs donnèrent lieu à des publications toujours recherchées» (Boissel, 1951). Jean Puchulu Baionako Liburutegiko zuzendariaren eta Louis Dassance Uztariztarraren laguntza jaso zuen.
Bere obrei dagokienez, lehenago aipatu bezala, bulgarizazio lan handia egin zuen. Autore aktiboa, Bulletin du Musée Basque eta Revue de la Société des Sciences, Arts et Lettres de Bayonne aldizkarietan artikulu franko publikatu zituen, gai eta garai ezberdin anitz jorratuz. Jean-Baptiste Daranatz-ek inportanteenak zerrendatu zituen Nogaret-en omenez Euskal Museoaren Boletinean egindako notizia nekrologikoan.
Ipar Euskal Herriaren Historiari buruzko bi monografia nagusi idatzi zituen. Lehena, Petite Histoire du Pays Basque Français, 1923an argitaratua izan zen. Ipar Euskal Herriko Historiaren errepaso laburra egiteko asmoa zuen. Nogaret-ek aitzin-solasean idazten duen bezala, liburu honek «publiko zabalari, Euskaldunen Historiari buruz, zenbait nozio labur baina zorrotz zehatz eta iturri seguruenetatik ateratakoak ematea beste asmorik ez du, eta, aldi berean, kondairaren edo irudimenaren emaitza dena saihesten du egile batzuen fantasiatsuegiak.» (6. or). Azterketa historikoari balio etnografiko (edo etno-erregionalista) bat txertatu nahi izan zion. Alabaina, datu historikoetaz gain, parte bat Euskaldunak eta euskal gizartea galtzen ari ziren ezaugarriei dedikatu zien. Liburuak harrera oso ona izan zuen argitaratua izan zelarik.
Bigarren liburua “Châteaux Historiques du Pays Basque Français” (1934) gaiari buruzkoa da. Euskal Museoaren Boletinean agertutako artikuluen bilduma da. Sarreran, Nogaret-ek hainbat elementu historiko oroko azaldu zituen (Ipar Euskal Herriko gazteluen ezaugarrien aurkezpena eta bertako Nobleziaren egoerari buruzko notizia bat). Ondoren, kapitulu bakoitzak Iparraldeko eremu historiko batetako gaztelu nagusiak presentatzen ditu (Lapurdikoak, Baxe-Nafarrokoak, Zuberokoak eta Bidaxuneko eremukoak). Azken parte batean, autoreak «historiarik gabeko gazteluak» eta datu historiko gutxi zituztenak aurkeztu zituen.
Bestalde, Donibane-Lohitzune (1925) eta Hendaiako (1934) Historiari buruzko liburuak aipatu behar ditugu, zeintzuetan bi hirien datu historiko nagusiak modu sintetikoan biltzen baititu.
Obrak
«Les elections municipales à Saint-Jean-de-Luz sous l’ancien régime», Bulletin de la Société des Sciences, Lettres, Arts et d’Etudes Régionales de Bayonne, III (1919), 45-51. or.
«Contribution à l’étude des tombes basques», BSSLAB, III (1919), 121-122. or.
Petite histoire du pays basque français, Baiona: Les Cahiers Bayonnais, 1923, 183 or.
«Les origines du Musée Basque», Bulletin du Musée Basque, 1. zenbakia (1924), 5-12. or.
«Le pays des Lannes: ses rapports avec Bayonne dans le passé», BSSLAB, XLV (1924), 104-109. or.
«Archives de la maison de Garro [à Mendionde] Laburdi», Bulletin du Musée Basque, II, n 2-3 (1925), 27-31. or.
Petite histoire de Saint-Jean-de-Luz, des origines à nos jours, 1925, Baiona: A. Foltzer, 200 orr.
«De la dénomination inexacte “Prison des évêques”», BSSLAB, 2 (1928), 269-275. or.
«Châteaux historiques du Pays Basque français», Bulletin du Musée Basque, 10. zk. (1929), hur.
Pays Basque, Eskual Herria: Guide officiel du ESSI, 1930, Baiona: R. Funtès, 103 or.
«Une page de l’Histoire de Labourd. Formation de la paroisse de Louhossoa», BSSLAB, 5 (1930), 58-64. or.
Une belle figure de marin bayonnais, Bernard Dubourdieu, Bayonne: Imp. du Courrier, 1932, 12 p. (BSSLAB, [LII] (1932), 103-115. or.)
«Une famille des riches bourgeois sous l’Ancien Régime: les Haraneder de Saint-Jean-de-Luz», BSSLAB, LIV (1933), 181-196. or.
Hendaye, Hossegor: Chabas, 1934, 54 or.
La château d’Echauz et le Vicomté de Baigorre, Bayonne: La Presse, 1934, 19 or.
«Histoire du protestantisme à Bayonne», Bulletin de la Société de l’Histoire du Protestantisme Français, Paris, LXXXIII (1934), 692-694. or.
Bibliografia
DARANATZ, J-B., «Nécrologie: Joseph Nogaret», BSSLAB, 14 (1934), 369-372. or.
SOCIETÉ DES AMIS DU MUSÉE BASQUE, «Chronique: Joseph Nogaret», Bulletin du Musée Basque, 7 (1934), 58-65. or.
BOISSEL, W., «Nécrologie. André Constantin», BSSLAB, 60 (1951), 96-99. orr.
LAGOUEYTE, C., Pour une ethnologie des métiers du patrimoine. Un musée de société sans ethnologue? Les métiers du patrimoine au Musée Basque et de l’histoire de Bayonne, 2016, Paris: Ministère de la Culture et de la Communication, 250 or.
LASALLE, X., «Nogaret Joseph» Auñamendi Entziklopedia [on line], eskuragarri hemen: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/nogaret-joseph/ar-98554/ .(2021ko urtarrilak 5).





