Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

NAVARRO LARREATEGI, Antonio (Antonio Adan de Yarza y Larreategui) (Logroño?, Errioxa, 1554 – Trápani, Italia, 1624).

Karguak eta lanbideak

Errege Idazkaria. Simancasko Artxiboko arduraduna

Ibilbidea

Antonio Navarro Larreategi Zubieta eta Yarza oinetxeetako jauna izan zen, Magdalena Adan de Yarza hartu baitzuen emaztetzat. Haren deitura hartu eta, handik aurrera, Antonio Adan de Yarza y Larreategui izena erabiliko zuen. Lekeitioko probestu nagusia izan zen. Hainbat postu bete zituen Monarkiaren administrazioan, batez ere ogasun-arloan. Haren hitzetan, Gaztelako Kontseiluko presidentearen aholkularia izan zen. Simancasko Artxiboko arduradun izendatu zuten 1612an eta, berak dioenez, «paperak nahaspilatuta aurkitu zituen, eta ez zuen onik izan, gaur dauden egoeran utzi arte». Monarkiaren administraziotik Bizkaiko erakundeei laguntzen saiatu zen. Simancastik igaro ondoren, Bizkaiko oinetxea antolatzera erretiratu zen. 1615ean, 100 infante eta 50 marinelez osatutako konpainia bat eratu zuen errege-jornadarako. Lur Lauaren, hiribilduen eta hiriaren arteko tentsio-unean, Navarro Larreategik Bizkaiko Jaurerriaren laguntza izan zuen, Zubietako bere etxearen jurisdikzioa zela-eta hiribilduekin zuen eztabaidan. Savoiako Filiberto printzearen idazkaria izan zen, Siziliako erregeorderrira egin zuen bidaian. Haren lana aitortzeko, Messina eta Palermoko herritartasuna eman zioten. Trápanin hil zen, Sizilian, 1624an.

Epítome de los señores de Vizcaya izeneko lana idatzi eta inprimatu zuen 1620an, bertan azalduz haien hurrenkera, sorreratik hasi eta Jaurerria don Juan Infantearen, Bizkaiko hogeita seigarren jaunaren, eskuetara iritsi zen arte («cómo vino el Señorío de Vizcaya al infante don Juan»). Bere kontakizunean onartu eta berretsi zituen aurreko ehun urteetan Bizkaiaren inguruan sortu eta finkatu ziren mitoak, hau da, tubalismoa, eusko-kantabrismoa edo lurraldea erromatarren esku erori ez zelakoa. Noblezia bizkaitarraren nagusitasuna defendatu zuen, eta kapitulu bana eskaini zien jaunei, tartean nahasiz egiazkoak eta mitikoak. Esaterako, zerrenda Eudon eta beste jaun legendario batzuekin, adibidez Jaun Zuriarekin, hasten zuen. Bizkaiaren historiari buruzko lanik ospetsuenetakoa izan zen xvii. mendean. Izan ere, Filipe IV.ak Madrilgo Alcázarreko liburutegian Bizkaiari buruz gordetzen zuen liburu bakarra hura zen, Foru Berriaren ale batekin batera. xviii. mendearen amaieran, Pedro de Montoya lan horren plagio bat argitaratzen saiatu zen.

Obrak

Epítome de los señores de Vizcaya recogido por Antonio Navarro de Larreategui, Secretario de la Magestad del Rey Don Phelipe Tercero y del Señor Príncipe Philiberto. Dirigida al mismo Ínclito y Cathólico Don Phelipe Rey de las Hespañas, nuestro Señor, Turin: Imprenta de Tarin, 1620. Berrarg. Madrid: Imprenta Real, 1702.

Bibliografia

De Guerra, J. C., «Euskaros ilustres. D. Antonio Navarro de Larreategui», in Euskal-Erria. Revista Bascongada, 19 (1888), 430.-436. or.

Elías de Tejada, F., El Señorío de Vizcaya (hasta 1812), Madrid: Minotauro, 1963.

Mañaricúa, A. E. de, Historiografía de Vizcaya (desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxea, 1973, 2. argit. Berrarg. handitua, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.

Aipamen bibliografikoa

Merino Malillos, I., “Navarro de Larreategui, Antonio”, Jimeno Aranguren, R., (dir),Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 379-380.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP