Karguak eta lanbideak
Politikari tradizionalista eta idazlea
Ibilbidea
Habanan 1832an Jose Muzquiz Piquer, Bere Maiestatearen ganberako jentil-gizona, eta Maria Dolores Callejas senar-emazteen semea zen, Enriqueta, Rosa eta Jose Ferminen anaia, Habanako Unibertsitateko Zientzietako katedraduna azken hori. Kuban jaiotzea eta hango egonaldia haren aita, armadako kapitaina, Tampicoko (Mexiko) espedizioan zauritu zutelako gertatu zen. Haurra zela, Tafallara joan zen, aitaren jaioterrira. Ikasketak lehenik Bergaran egin zituen, eta geroago Zuzenbidea eta Administrazioa Unibertsi- tate Zentralean. 1864an lizentziatu zen eta abokatu-bulego bat ireki zuen Madrilen.
Gaztetatik tradizionalismoarekin lotuta egon zen, eta horrek Madrileko egunkari bat zuzentzeko Novaliches-eko Markesaren proposamena errefusatzera eraman zuen. 1867an Nafarroako Gorteetako diputatu hautatu zuten, Her-Spinola kondearen hautagaitza berean (karlista izateari uko egin gabe), eta Cándido Nocedalen aurka borroka egin zuen, harekin liskar irekia izan baitzuen. Urte berean, Alfontso Borboikoaren tutore izateko proposatu zuten, eta uko egin zion, ez baitzuen prestatutzat jotzen bere burua.
Seiurteko Demokratikoa iritsi zenean, Lizarrako hautagaitza tradizionalistan parte hartu zuen 1869ko Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetan. Diputatu aldarrikatu zuten, baina protesta bat aurkeztu zuten, errebeliorako konspirazio-akusazioaren pean bere aurka zegoen espetxe-autoaren ondorioz hautatua izateko ezintasuna zela eta. Iruñeko kartzelatik azalpen bat bidali zion Muzquizek Kongresuari, garaipenaren onarpen ofiziala eskatzeko. Madrilgo espetxera eraman zuten, Gorteetan bere hautaketa defendatzeko aukera izan zezan. Azkenik, Ricardo Alzugaray, etekina atera zuen hautagai liberala, ez zen onartua izan, eta bigarren hautaketa egiteko agindua eman zen. Alzugaray ez zen aurkeztu, eta Musquiz ia aho batez hautatu zuten. 1870ean, alderdi karlistaren zuzendaritza batzordeko idazkari izendatu zuten eta haren berrantolaketaz arduratu zen. 1871n berriro aurkeztu zuen Lizarrarako hautagaitza, eta Jose Maria Ezcarti eta Luis Diez de Ulzurrun liberalak garaitu zituen. Bigarren Gerra Karlistaren ondoren, Habanara joan eta kausa karlistatik urrundu egin zen.
Hainbat liburu eta liburuxka idatzi zituen, eta horien artean Lizarrako barrutiko hautesleentzako bi gutun nabarmendu behar dira. Lehenak, 1871koak, zalantzan jartzen zuen Saboiako monarkiaren zilegitasuna Na- farroaren errege izateko, zeren 1868ko iraultzak, herentziazko eskubideak indargabetu eta herriaren subiranotasuna ezartzean, hautsi egiten baitzuen Nafarroak Gaztelako koroarekin zuen lotura. Egoera horren aurrean, bi au- kera planteatzen ziren: independentzia, bideraezina, haren ustez, edo «konkordia konstituzional»aren bidezko akordioa, lurraldeko korronte politiko guztien arteko adostasunean oinarritua; horren bidez Nafarroako erresumak bere Gorteak, sufragio unibertsalaren bidez hautatuak, mantendu egi- nen zituen. Bigarrenak, 1872koak, adar isabelino eta karlisten bat-egiteari buruzkoak, gogor erasotzen die Nocedaldarrei, eta leporatzen die karlismora neo bandoaren bidetik iritsi izana fusioa egiteko edo partidua deuseztatzeko. Alde horretatik, esan behar da beti izan zuela independentzia-ildo pertsonal bat, eta horren ondorioz kanporatu zutela alderditik.
Obrak
Una idea sobre la cuestión de Santo Domingo de D. Joaquín María Múzquiz, Madril: Antonio Pérez Dubrull, 1864.
La cuestión de Hacienda, Madril: Pérez, 1867.
Consulta a los electores de Estella de su Diputado a Cortes D. Joaquín María Múzquiz, Madril: Alejandro Gómez Fuentenebroren inprimategia, 1871.
Realidad de la fusión. Apuntes de D. Joaquín María Múzquiz, diputado a Cortes, Madril:
A. Gómez Fuentenebroren inprimategia, 1872.
Escrito de agravios y defensa oral en grado de súplica por el Licenciado Joaquín Maríz Múzquiz, 1875.
La verdadera legitimidad y el verdadero liberalismo, La Habana: La Propaganda Liberal Literaria inprimategia, 1886.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 679-683. orr.
Archivo biográfico de España, Portugal e Iberoamérica, I. bol., 649, 312-348; II. bol., 632, 43.
Biografías y retratos de los senadores y diputados de la Comunión Legitimista en las Cortes de 1871, Madril, 1871, 111-115. orr.
LAYANA ILUNDÁIN, C., «Biografías de los parlamentarios por Navarra (1869-1889)»,
Huarte de San Juan. Geografía e Historia, 3-4 (1996-1997), 299-388. orr.
Los diputados pintados por sus hechos, Madril: Labajos y Cía, 1869-1870, 2. bol, 326-327. orr.
SERRANO ABAD, S., «Joaquín María Múzquiz Callejas», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiako Errege Akademia. on-line argitalpena: http://dbe.rah.es/biografias/6743/joaquin-maria-muzquiz-callejas (2019ko uztailaren 20an kontsultatua).





