Karguak eta lanbideak
Errege Entzutegietako Abokatua, Nafarroako erresumako sindikoa, Nafarroako Gorte Nagusiko alkatea eta Nafarroako Errege Kontseiluko kontseilaria
Ibilbidea
Murillo Doktorea izenez ere ezaguna da, eta legegizonen leinu nafar ospetsu batekoa zen, besteak beste, haren osaba zen Ollakarizketa lizentziaduna, Gorteko alkate eta Errege Kontseiluko epailea hogei urtez xvi. mendean. Miguel Murillorengan Nafarroako leinu nagusietako bi elkartu ziren, Murillo eta Ollakarizketa, hain zuzen ere.
Nafarroako administrazioan erresumako Errege Auzitegien abokatu-eginkizunean hasi zen. 1585eko otsailaren 21ean Gorteek erresumaren sindiko Pedro Ximenez de Cascanteren heriotzaren berri eman zuten, eta haren ordez Murillo Doktorea izendatzea erabaki zuten, zegokion ahala emanez; karguaren zina egin zuen Iruñeko gotzainaren aurrean. Sindiko eginkizuna Pedro Sadaren ondoan bete zuen. 1616ko ekainaren 8an Gorteetako Alkate izendatu zuten, kargua betetzen zuen Leon Nabaz hil zenean. Handik hiru urtera, 1619ko irailaren 14an, Nafarroako Errege Kontseiluko epaile kargura igo zen, Juan Rada hil eta postua hutsik geratu zenean. Kontseiluko epaile-karguari eutsi zion 1625ean hil zen arte, eta haren ordez haren seme Jazinto izendatu zuten kontseilari 1625ean, bera ere karguan egon zelarik 1632an hil zen arte. Errege Kontseiluko kideak hiltzen zirenean ohitura zen haien alargunek mesede gisa diru-sari bat eskatzea, eta hala egin zuen Miguel Murilloren alargun Ana Bergarak ere, hura hil zenean, eta urteko 40.000 marabediren saria eman zioten.
Nafarroako administrazioan egin zuen ibilbidearen lekuko, haren sinadura ageri da hainbat auzibidetan, Errege Gorteko alkate (1618) edo Errege Kontseiluko epaile gisa (1621), etab. 1600ean Gorteek Nafarroako kronika edo historia orokorra idazteko agindua eman zioten, Frai Ignazio de Iberorekin batera egin zezan, baina dirudienez, ez zuten hasi ere egin. Nolanahi dela ere, Nafarroako Zuzenbideari egin zion ekarpenik handiena Las Leyes del Reyno de Navarra, hechas en Cortes generales, a svplicación de los tres Estados del, desde el Año 1512 hasta el de 1612. Reducidas a svs debidos títvlos y materias, por el Licenciado Pedro de Sada, y Doctor Miguel de Murillo y Ollacarizqueta, Síndicos del dicho Reyno. Dirigidas al bien común, y buen gobierno de las ciudades, villas, valles, y lugares del mismo Reyno, por mandado de los tres Estados del izeneko lana izan zen, 1614an argitara eman zuena erresumako inprimatzaile Nicolas Asiainek, eta Pedro Sadarekin elkarlanean idatzi zuena. Berehala zabaldu zen lana Recopilación de los Síndicos izenarekin. Nafarroako erresumak eman zuen lana egiteko agindua, eta bertan jasotzen dira 1512 eta 1612 bitartean Nafarroako erresumako Gorteek emandako legedia, era sistematikoan ordenatuta, gaien arabera, eta bost liburukitan banatuta (I: Nafarroako Erresuma eta haren Gorte nagusiei, salbuespenei eta loturei buruzkoa; II: Epaiketei buruzkoa; III: Hitzarmen eta azken borondateei buruzkoa; IV: Delituei buruzkoa; V: Gauza bereziei buruzkoa: eskupekoak, kofradiak, moneta, ehiza eta arrantza, etab.). Balio ofizialik ez zuen izan, erresumaren onespena bai, baina monarkaren berrespenik lortu ez zuelako.
Obrak
Sada, P. eta Murillo Ollacarizqueta, M. (biltz.), Las Leyes del Reyno de Navarra, hechas en Cortes generales, a svplicación de los tres Estados del, desde el Año 1512 hasta el de 1612. Reducidas a svs debidos títvlos y materias, por el Licenciado Pedro de Sada, y Doctor Miguel de Murillo y Ollacarizqueta, Síndicos del dicho Reyno. Dirigidas al bien común, y buen gobierno de las ciudades, villas, valles, y lugares del mismo Reyno, por mandado de los tres Estados del, Iruñea: Nicolas Asiain, 1614.
Bibliografia
Galán Lorda, M., «El largo proceso para la consolidación de la Diputación navarra en el siglo xvi. Diputados, Síndicos y Diputación de Cortes a Cortes», in Anuario de Historia del Derecho español, 86 (2016), 223.-296. or.
Martínez Arce, M.ª D., Recopiladores del Derecho Navarro. Trayectorias personales y profesionales de los recopiladores de fueros y leyes de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1998.
— Aproximación a la Justicia en Navarra durante la Edad Moderna. Jueces del Consejo Real en el siglo xvii, Iruñea: Fecit, 2005.
— «Miguel Murillo de Ollacarizqueta», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/56805/miguel-murillo-de-ollacarizqueta (2018ko urriaren 2an egindako kontsulta).
Monreal Zia, G., eta Jimeno Aranguren, R., Textos históricos-jurídicos navarros. II. libk. Historia Moderna, Iruñea:Nafarroako Gobernua, 2011, 201., 388., 391. or.
Aipamen bibliografikoa
Lizarraga Rada, M., “Murillo de Ollacarizqueta, Miguel”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 534-535.





