Karguak eta lanbideak
Politikaria
Ibilbidea
Murga familia Bizkaiko patriziatuko familia aberatsa zen, Jaurerriko aberatsenetakoa: ondasun ugari zituzten, Bilboko higiezinen jabe ziren eta merkataritza negozio askotan parte hartzen zuten, hala nola, San Carloseko Banku Nazionalean. Jose Mariaren gurasoak Miguel Antonio de Murga y Andonaegui eta Francisca Javiera de la Barrera ziren.
Bere ikasketak Markinan hasi zituen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (RSBAP) babesturik. Ondoren, Madrilen jakintza arloak zabaldu eta hizkuntza klasikoak, latina eta grekoa ikasi zituen. Frantsesa eta italiera ere ikasi zituen.
Konbentzio gerrak iraun bitartean, probintzia handikia zenez, herritar armatuen konpainia bat zuzendu zuen, kapitain bezala. Hala ere, Bizkaia utzi eta Gortera joan zen bizitzera guda bukatu zen arte.
Jakin-min intelektual handia zuenez, 1788an Adiskideen Elkarteko bazkide supernumerario bihurtu, eta 1796an bazkide oso izatera igaro zen. Nolanahi ere, Jose Maria Murga, zerbaitengatik ezaguna bada, Wilhelm von Humboldt prusiarrak euskal lurretara egindako bidaian bere anfitrioi izateagatik da. Ondoren, gutun bidezko harremana izan zuten. 1803an RSBAPeko behin betiko idazkari izendatu zuten, eta oso aktiboa izan zen elkartearen azken urteetan. Bergarako Nobleen Apaizgaitegi Patriotikoa Euskalerriko Adis- kideen Elkartearen esku gera zedin saiatu zen, Manuel Godoyk eta Miguel de Lardizabalek izan zitzaketen helburu ministerialen aurrean; hau da, haiek ez zuten nahi euskal ilustratuen esku gera zedin. RSBAP desegin eta gero, Mur- gak lanean jarraitu zuen hura berpizteko. Bere ekarpen aipagarrienen artean, Bizkaian barrena baztangaren aurkako txertoa zabaltzea dago. Historiaren Errege Akademiako kide izan zen.
1800. urtean agertu zen lehen aldiz Bilboko bizitza publikoan, udaleko agintari izendatu zutenean. 1804an postu bera eskuratu zuen. Urte horietan, bai hiribilduan eta baita probintzia mailan ere, aginte taldeen arteko harremana oso tirabiratsua zen, Konbentzio gerratik eratorritako egoera korapilatsuaren eraginez. Alde batetik, Bilboko udalean bertan zeuden bi aldeen artean bitartekari lanak egiten saiatu zen, esan nahi baita, matxinatuen oku- pazioak iraun bitartean hiritik alde egin zutenen eta bertan geratu zirenen artean. Bestetik, Jaurerriaren kontrola eskuratzeko lehian jarrera bateratzailea erakutsi zuen, Simon Bernardo de Zamacolak gidaturiko talde berriaren eta Bilboko bere aurkarien artean. Berea da Memoria confidencial y justificativa… lanean jasotako lekukotasuna, lehian ari ziren bi alderdiek Bizkaiari eskaintzeko zituzten ideiak eta proiektuak azaltzen dituena. Hasieran, Zamacolaren proposamena defendatzen zuela bazirudien ere, hots, Batzar Nagusien au- rrean Diputazioa indartzearen aldekoa, bukaeran, aurka egiten ziotenekin bat egin zuen, eta matxinadaren ondotik sortutako gobernuko kide izan zen. Zamacolaren aurkako Batzarrek Gorteko ordezkari izendatu zuten. Zamacoladan izandako partehartze aktiboa zelaeta, lau urteko espetxe zigorraren edo 4.000 dukateko isuna ordaintzearen artean hautatu behar izan zuen.
Napoleonen inbasioak iraun bitartean, kalte ekonomiko handiak jasan behar izan zituen, hiribildua arpilatu baitzuten. Hori ez zen oztopo izan, bere ideia erreformistekin bat, josefinen taldeari atxikitzeko, eta frantziar kutsuko administrazioan parte-hartze nabarmena izateko: Bilboko alkate izan zen (1808), Jose de Mazarredoren zaintzapean Bilbon egin ziren Batzar Nagusie- tako idazkari (1808), Bizkaiko Probintzia Kontseiluko presidente (Bizkaiko Gobernuaren baitan, 1810-1812) eta Bizkaiko Intendentziako Kontseiluko kide (1810-1812). Espainiako Errege Ordenako Zaldun ere izendatu zuten (1811). Tropa frantsesen porrotaren ondoren, Murgak errepresaliatua ez izateko zortea izan zuen, eta ez hori bakarrik, Batzar Nagusietan jarraitzea lortu zuen.
1820an, Matxinada Liberala puri-purian zegoenean, Bilboko konstitu- zio-alkate izateko hautatu zuten, eta, horrek bai, ondorio latzak ekarri zizkion absolutismoa berrezarri zenean, Parisera erbesteratu behar izan baitzen. 1825ean itzuli zen. Ardurazko kargu guztiak galdurik, altxamendu karlista hasi eta urtebetera hil zen.
Murga garai historiko guztiak landu zituen historialaria izanagatik nabarmendu zen: Antzinaroarekin loturik, Vidas de célebres varones griegos y romanos lana idatzi zuen; Erdi Aroarekin, Observaciones sobre algunas crónicas de los reyes de Castilla; eta bere garaiko gertaerak ere aztertu zituen, esaterako, bere lekukotasuna jasotzen duen Memoria confidencial y justificativa de los sucesos que prepararon en Bilbao el alzamiento de la Zamacolada, o sea la Cuestión del Puerto de la Paz gogoangarriarekin. Aipatzea merezi duen beste lan bat da, Jose Joaquin Colon de Larreategui legelariarekin batera idatzi zuen Compendio histórico de los servicios prestados por la villa de Bilbao en la guerra contra la República francesa. Bere lanarengatik, 1831. urtean Historiaren Errege Akademiako kide izendatu zuten.
Obrak
Memoria confidencial y justificativa de los sucesos que prepararon en Bilbao el alzamiento de la Zamacolada, o sea la Cuestión del Puerto de la Paz. VILLABASO, C. (arg.), La cuestión del puerto de la paz y la Zamacolada, Bilbo: Juan E. Delmasen moldiztegia, 1887.
Vidas de célebres varones griegos y romanos, y Observaciones sobre algunas crónicas de los reyes de Castilla (lan argitaragabea).
Discurso sobre la serie de los Reyes de Navarra anteriores al siglo XI, 1831 (lan argitara- gabea).
Justificación de mi actuación durante la invasión francesa (eskuizkribua).
Observaciones sobre algunas crónicas de los reyes de Castilla (lan argitaragabea).
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los Diputados Gene- rales, burócratas y patricios de Bizkaia, Bilbo: Bizkaiko Batzar Nagusiak/Juntas Ge- nerales de Bizkaia, 1995, 337-341. orr.
MARTÍNEZ RUIZ, J., Catálogo general de individuos de la R.S.B. de Amigos del País (1765-1793), Donostia-San Sebastián: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publi- caciones, 1985, 84. orr.
VERÁSTEGUI, F., «La RSBAP, W. von Humboldt y José María Murga. Una aproximación de la psicología a la historiografía política», Revista Internacional de los Estudios Vascos, 41 libk., 2 zk. (1996), 511-528. orr.
TORTELLA CASARES, T., Índice de los primitivos accionistas del Banco Nacional de San Carlos, Madril: Espainiako Bankuaren Artxibo Historikoa, 1986, 400. orr.
BASURTO LARRAÑAGA, R., Comercio y burguesía mercantil de Bilbao en la segunda mi- tad del siglo XVIII, Bilbo: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 1983, 275. orr.
ITURRIAK
ARABAKO ARTXIBOA, DH, 1076-1, fol. 135v.





