Karguak eta lanbideak
Humanista, sendagilea, geografoa, kartografoa eta bidaiari entzutetsua
Ibilbidea
Leipzigeko Unibertsitatean ikasi zuen 1464tik aurrera. Han, Magister Atrium titulua lortu zuen eta irakaskuntzan hasi zen. Aldi berean, medikuntza–ikasketak egin zituen 1476ra arte. Urte horretan, Paviara joatea erabaki zuen diziplina horretan doktoregoa lortzeko. Doktoratu ondoren, Nurenbergera itzuli zen medikuntzan aritzeko. Hiri horretan, 1479an, Libellus de natura vini azterlana argitaratu zuen, ardoari buruzko idazlan txiki bat. Hartmann Schedel (1440-1514) geografoaren laguna izanik, harekin batera Schedel Kronika edo Schedel Weltchronik argitaratu zuen 1493an; lan horrek Alemanian inprimatutako lehen mapa zuen.
1494tik 1495era bitartean, 7.000 kilometro inguruko bidaia luze bati ekin zion Nurembergetik Suitzara, Frantziara (Marseilla, Arles, Perpinyá) eta, azkenik, Espainiara. Beste bidelagun batzuekin batera bidaiatu zuen: Kasphar Fischer eta Nikolaus Wolkenstein Nurenbergekoak, eta Anton Herwart, Ausburgoko merkatari baten semea. Espainiara sartu ziren Perpinyátik 1494ko irailaren 17an, eta, Bartzelona bisitatu ondoren, kostaldetik jarraitu zuten —-pirata berbereen arriskua adierazten du pasarte horretan— eta, Valentziatik igaro ondoren, Almeríara iritsi ziren. Jarraian, Granada eta Sevillara abiatu ziren, eta, gero, Portugalgo Erresuman sartu ziren, hegoaldetik iparraldera zeharkatzeko. Espainiara Tuy herritik sartu ziren, eta handik Santiago de Compostelara jarraitu zuten, baina hura ez zen bidaiaren helburua. Geroago, Salamancara, Zamorara, Toledora eta Madrilera joan ziren. Madrilen, Errege–erregina Katolikoekin audientzia bat izan zuten —laudoriozko hitzez kontatzen du audientzia hori—. Madrildik Zaragozara, Iruñera eta Donostiara joan ziren, eta Hendaiatik irten ziren Espainiatik.
Münzerrek bidaia luze horretan bizi izandako ibilerak idatzi zituen latinez liburu batean: Itinerarium siue peregrinatio excellentissimi viri artium ac vtriusque medicine doctoris Hieronimi Monetarii de Feltkirchen ciuis Nurembergensis. Nafarroan oso leku gutxi bisitatu zituen, baina deskribapen luzea egin zuen. Nafarroako lurraldeetara, Zaragozatik iritsi zen: «Otsailaren 4an, bazkaldu ostean, Zaragoza hiri loriatsutik irten ginen eta bidean aurrera egin genuen, herriak, herrixkak eta lautadak igaroz, batzuk antzuak, besteak oso emankorrak, Ebro ibaiertzetan zeudelako. Hamasei legoa egin ondoren, Tuterako herri ederrean sartu ginen, Nafarroako Erresuman. Tutera gain batean dago eta zubi handi bat du aipatutako ibairen gainean; Tuterako landa-ingurunea oso oparoa da, ureztaketaren onurak handiak baitira. Hirian, zenbait monasterio daude, eta eliza-kolegiata bat. Lurrak kalitate bikaineko ardoak eta olioak ematen ditu. Aldi horretan, mezulari batzuk heldu ziren, eta erregearen armadak Erriberri hiria, Leringo kondea atxikita zuena, hartu zuela jakinarazi zuten».
Geroago, bidaiariak Iruñera abiatu ziren: «Iruñea, Nafarroako Erresumako hiririk hoberena, ordoki batean dago eraikita, ibai garden batek zeharkatuta. Ordoki hori zabal-zabala da eta hiribilduz eta gotorlekuz beterik dago. Mahasti eta zerealetan aberatsa da, baina ez da olibadirik ikusten, Pirinioen eta Orreagaren inguruan baitago. Iruñeak eliza-katedral ederra du, eta korua bukatu gabe dago oraindik, baina laster amaituko dute. Erretaula nagusia luxu handikoa da, zilarrezko irudiz dekoratua, eta klaustroa bikaina da, Toledoko katedralaren klaustroaren oso antzekoa. Oraingo gotzaina Alexandro VI.a aita santuaren semea da; izan ere, aurreko prelatua hil zenean, aita santuak hari eman zion gotzaingoa. Iruñean beste hainbat eliza eta monasterio daude, eta Ulma hiria bezalakoa da».
Nafarroako Erresumaren hedadura aipatzen du, Nafarroako errege-erreginak, haiek Leringo kondearekin zituzten barne-gatazkak, erregeak nola hartu zituen: «Couseransgo —Gaskoinako elizbarrutia (?)— gotzainaren bitartekaritzari esker hartu gintuen erregeak Tuteratik gertu. Beraz, bisitatu eta eskuan muin egin genion. Garaia, lodia eta erruki handiko gizona da. Erregina oso atsekabetuta zegoen, ama, Foixeko kondesa, duela gutxi hil zitzaiolako, eta horregatik ezin izan genuen ikusi. Hildakoa Luis erregearen arreba zen; Ladislao erregearen emaztegaia izan zen (Lerick-ek eman zion pozoi baten ondorioz hil omen zen Ladislao), eta, gero, Nafarroako monarka Foixeko kondearekin ezkondu zen».
Horren ondoren, Nafarroan sartu eta sei egunetara, Iruñetik irten ziren Frantziarantz: «Otsailaren 9an (1495), bazkaldu ondoren, Iruñetik irten ginen eta, hiru legoa ibili ondoren, lehenbizi mahastiak eta zerealak hazten diren haran batetik, gero oso mendi garai batetik, Orreagara iritsi ginen. Kalonjeen monasterio bat dago han, eta ondoko ostatuan, erromesei aterpe emateaz gain, ogia, ardoa eta beste gauza batzuk ematen zaizkio ibiltariari. Monasterio horren elizan, beste erlikia eta bitxitasun batzuen artean, Errolanen adar ospetsua ikusi genuen, han hil baitzen. Eta etxetik kanpo, kapera edo ermita handi bat dago, Karlomagnoren garaian sarrazenoek hainbat kristau hil zituzten lekuan […]. Izugarria da, benetan, inguru hura. Mendi horretan, Ebroren iturburuak daude (?), eta handik iparralderantz jaisten, oihan beldurgarri batetik, mendatea igaro genuen eta San Joanen gaztelua deritzoten lekura iritsi ginen (Donibane Garazi), Gaskoiniako lurraldea hasten den ingurura».
Egiten dituen deskribapenak zehatzak eta xehetasunetan aberatsak dira, eta alemaniar irakurleentzat idazten duenez, konparazioak egiten ditu bisitatutako lekuen eta Alemaniako beste leku batzuen artean. Kontu handiz adierazten ditu bere ibilbideko lekuen arteko distantziak eta, bidaian zehar, zenbait ospitale bisitatzeko aukera du, hala nola Pobleteko eta Guadalupeko monasterioenak, eta haien bikaintasuna aipatzen du. Halaber, natura aztertzeko zalea denez, bidean aurkitzen dituen zoologiko partikularrak atsegin handiz bisitatzen ditu. Leku horietan, idi musketadunak, papagaiak, ostrukak eta beste animalia bitxi batzuk ikusten ditu. Zenbaitetan, biztanleen ohituren berri ematen du eta Granadako eta Aragoiko Erresuman dauden mairuen presentzia adierazten du. Compostelan deigarri egiten zaio biztanleen zikinkeria: «Baina hango biztanleak zikinak eta nagiak dira; ia ez dira lurra lantzeaz arduratzen, eta erromesen kontura irabazten dutenetik bizi dira batik bat».
Münzerren Ibilbidea ez da ohiko erromesaldi-kontakizun bat, asko erreparatzen baitie atzerriko herrialdeei, jende ezezagunari eta ohitura bitxiei eta, historia kulturalari buruzko xehetasunekin batera, munduaz zer pentsatzen duen adierazten du, aurkikuntza berrien bila abiatutako espedizioen giro espirituala eta jakin-mina aipatzen ditu, eta, batez ere, ordezkaritza diplomatikoaren berri ematen du, azken batean hori baita bidaiaren helburua. Münzerren eta beste bidaiari alemaniar batzuen presentziak (adibidez, Peter eta Sebald Rieter, Gabriel Tetzer eta Stephan III Praun) garbi erakusten du Santiago de Compostela oso ezaguna zela xv. eta xvi. mendeetan Nurenberg hiri inperialean.
Obrak
Itinerarium siue peregrinatio excellentissimi viri artium ac vtriusque medicine doctoris Hieronimi Monetarii de Feltkirchen ciuis Nurembergensis, latinezko eskuizkribua. Hof und Staatsbibliothek zu München (Clm. 431, 96-274v fol.). Egilea: Hartmann Schedel.
Bibliografia
Herbers, K., eta Plötz, R.; Reimóndez Fernández, J. (itz.), Caminaron a Santiago. Relatos de peregrinaciones al «fin del mundo», Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 1999, 139.-154. or.
Pfandl, L., «Itinerarium Hispanicum Hieronymi Monetarii (1494-1495)», in Revue Hispanique,48 (1920), 1.-178. or.
Puyol, J., «Jerónimo Müntzer. Viaje por España y Portugal en los años 1494 y 1495», in Boletín de la Real Academia de la Historia, 84 (1924), 32.-119. or. eta 197.-279. or.
Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª, eta Uría Ríu, J., Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1. libk., 1948, 240.-241. or.
Aipamen bibliografikoa
Jusué Simonena, C., “Munzer, Hieronymus”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 356-358.





