Karguak eta lanbideak
Abokatu, artxibozain, historialari eta Paleografiako katedraduna
Ibilbidea
Tomas Muñoz Alcala de Henaresen jaio zen 1814an, eta Madrilen hil zen 1867an, berrogeita hamahiru urte eskas zituela. Aita Alcala de Henaresko Santiago Sabino Muñoz eta ama Maria Romero, Fuentenovillakoa (Guadala- jara), izan zituen. Emilia Riverorekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten: Jesus, Mariano, Maria eta Juan.
Humanitate eta Latinitate ikasketak egin zituen Alcala de Henaresko San Ildefonso Ikastetxe nagusian, Unibertsitateko sarbidea prestatzeko, eta goi mailako ikasketak, berriz, Alcalako Unibertsitatean. Han, lehenik, Filosofiako Batxiler gradua lortu zuen (1829) eta ondoren Legeen gradua (1832). Titulu horri esker abokatu aritu zen Madrilgo Lurralde Auzitegian, 1836tik aitzina. Hala ere, lege ikasketak egiten jarraitu zuen hurrengo urteetan ere.
Baina Tomas Muñozek abokatu gisa foroan izan zuen jarduera ez zen asko luzatu denboran, Milizia Nazionalera sartu baitzen, Esparterori jarrai- kiz, Lehenengo Gerra Karlistan parte hartzeko (1836-1840), eta ondoren bizitza militarra 1843ra arte luzatu baitzuen. 1844an, abokatutzaren mundutik erabat aldenduta, Historiako Errege Akademian sartu zen, erakunde haren Liburutegiko eta Artxiboko ofizial gisa. 300 ezkutu jasotzen zituen urteko sari gisa, eta gutxi izanda ere, aukera eman zion historiarekin kontaktuan sartzeko, eta hura ikasten aritu zen, orduan hasi eta hil zen arte. 1849an batera- tzen hasi zen Akademiako lana Historiako eskolak ematearekin, Unibertsitate Zentralean ematen hasi baitzen, Historiako 2. klaseko arduradun izendatu ondoren.
1850etik aitzina, eta elizaren erakundeetatik desamortizazioak ken- dutako funtsak Historiako Errege Akademiara eraman ondoren, Tomas Muñozi egokitu zitzaion dokumentazio hura guztia antolatu eta deskribatzeko eginkizuna. Gainera, Akademiako Gorteen eta foruen Batzordera sartu zen; bi katalogoren edizioa prestatzeko eratutako batzordeak ziren haiek, baina haren partaidetza katalogo horietan ez da ageri. Katalogo batean Espainiako foruak eta herri-agiriak jasotzen ziren, eta 1852an argitaratu zen. Eta besteak antzinako erresumen Gorteetako aktak jaso zituen, eta 1855an argitaratu zen.
1857an aldi berri bat hasi zen Tomas Muñozen ibilbide profesionalean, Paleografia Kritikoko katedradun izendatu zutenean, Madrilen sortu berria zen (1856) Diplomatikako Goi Mailako Eskolan. Izendapen horren ondoren, Historiako Akademian betetzen zuen ofizial postuari uko egin zion, eta 1857an sartu zen Artxibo eta Liburutegien Batzordean. Akademian zuen postuari uko egin ondoren ere erakunde harekiko loturari eutsi zion, Akademiako kide izendatu baitzuten 1857an, eta Akademiako kide osoa 1859an, Juan Antonio Castejonek hutsik utzitako lekua betetzeko. Bi izendapen horiek aukera eman zioten desamortizaziotik iritsitako funtsak deskribatzeko eginkizunarekin aitzina jarraitzeko.
Akademian sartzeko ekitaldian irakurri zuen testuaren titulua «Erdi Aroko historia dokumentu eta ikerketa berriez argitu beharrari buruz» izan zen, eta 1860ko otsailaren 5eko batzarrean irakurri zuen. Balorazio oso onak jaso izan ditu Zuzenbidearen Historiaren eremutik, eta, esaterako Rafael Giberten ustez, «Espainiako Erdi Aroko ikasketen funtsezko testua da» eta Luis Garcia Valdeavellanoren iritziz, berriz, «Erdi Aroko erakundeen historia modernoaren sorrerako akta».
Historiako Errege Akademiako batzordeetako kide izateaz gain, erakunde hartatik igaro zen garaian hainbat txosten idatzi zituen osotasun historiko eskaseko beste hainbeste obraren inguruan, adibidez, Helfferich-ek eta Clermontek argitaratutako Fueros francos. Les Communes françaises en Espagne et en Portugal pendant le Moyen Age obrari buruz.
Erregearen komisario gisa Artxibo Historiko Nazionalaren lehenengo arduraduna izan zen. Artxiboa eratzea, 1866an, Historiako Akademiatik sustatu zuten kide batzuek, batik bat, Muñoz Romerok berak, 1847an hasi baitzen defendatzen komenigarria zela Estatuak artxibo orokor bat sortzea, han gordetzeko eta kontserbatzeko ezabatutako komentu eta monasterioetatik ateratako dokumentazioa. Akademian gordetako dokumentazio ugariaren erabilerak eraman zuen Tomas Muñoz Historiaren ikaskuntzan interesatzera, eta hala hasi zen zuzenbidearen historialari gisa egin zuen bidea. 1487an, Akademian sartu eta hiru urte eskasera, inprimategira eraman zuen udal foruen eta he- rri agirien inguruan idatzi zuen liburua, funtsezko lana bihurtu zena, IX. mendetik XII.era bitartean penintsulako erresumek bizi zuten egoera ezagutzeko. 1854an ikerlan bat argitaratu zuen, pertsonen estatuari buruz Asturias eta Leongo erresumetan. Eta 1858an, berriz, Diccionario bibliográfico-histórico de los antiguos reinos, provincias, ciudades, villas, iglesias y santuarios de España lana, Liburutegi Nazionalaren saria merezi izan zuena.
Garcia Valdeavellanok azpimarratu zuenez, Muñoz Romerok aurrera era- mandako lana, nolabait ere, Martinez Marinaren lanaren jarraipentzat jo daiteke eta oinarriak ezarri zituen, ondoren Eduardo Hinojosak eta bere Eskolako kideek eginen zituzten ikerlan historiko-juridikoak errotik eraldatzeko.
Zuzenbidearen Historian jarri zuen interesetik harago, azpimarratu behar da Muñoz Romerok sigilografiaren eremuan bete zuen eginkizuna, izan ere, hark osatu zuen inpresio bilduma izan zen Artxibo Historiko Nazionaleko sigilografia atalaren sorrera.
Tomas Muñozen lanetako bi, hain zuzen ere, Colección de fueros Municipales y Cartas Pueblas eta Diccionario bibliográfico-histórico de los antiguos reinos, funtsezkoak dira Euskal Herriaren historia ezagutzeko, lurralde honi buruz bietan jasotzen den informazio ugariagatik. Lehenengoan Bizkaiko eta Nafarroako toki zuzenbideari buruzko testu ugari jasotzen ditu, besteak beste, Bizkaia, Durango, Caparroso, Funes, Martzilla, Peñalen, Zarrakaztelu eta Iruñeko San Zerningo foruak. Bigarrenean, berriz, datu garrantzitsuak jasotzen ditu Euskal Herriaz eta hari buruz idatzi duten egileen inguruan. Herriei eskainitako sarrerez gain, bereziki interesgarriak dira Bizkaiko Jaurerriari buruzkoak, Arabako eta Gipuzkoako Probintziei buruzkoak, Nafarroako antzinako erresumari buruzkoak eta euskal probintziei buruzkoak.
Haietan, jasotzen duen agintari talde zabalean aipagarriak dira, besteak beste Pedro Ortiz, Juan Lazarraga, Juan Arcaya, Rafael Floranes edo Joaquin Landazuri, Arabako kasuan; Pedro Salazar Mendoza, Lope Isasti, Gabriel Henao, Bernardino Iñurrigarro, Jose Vargas Ponce e Ignacio Iztueta, Gipuzkoaren kasuan; Juan Martinez Zaldibia, Andres Poza, Rodrigo Mendez Silva, Juan Perochegui, Joaquin Jose Landazuri, Juan Antonio Llorente Zamacola, euskal probintzietarako; eta, azkenik, Antonio Varaona, Miguel Alonsotegui, Juan Iñiguez Ibarguen, Francisco Mendieta Lorenzo Padilla, Bizkaiaren kasuan.
Informazio horrek duen garrantziari buruzko lekukotasun aipagarria da Julio Caro Barojak euskaldunei buruz idatzi zuen lanean jasotako iruzkina, alegia, hark esan baitzuen, edozein ikerketa historiko egin nahi izanez gero, ezinbestekoa zela Tomas Muñozen Hiztegia kontsultatzea.
Obrak
Colección de fueros Municipales y Cartas Pueblas de los Reinos de Castilla, León, Corona de Aragón y Navarra, Madril: José María Alonsoren inpr., 1847 (I. liburukia bakarrik inprimatu zen). Arg. Faks. Madril: Atlas, 1972 eta Valladolid: Lex Nova, 1977.
Colección de fueros y cartas-pueblas de España por la Real Academia de la Historia. Catálogo, Madril: Historiako Errege Akademia, 1852.
«Del estado de las personas en los reinos de Asturias y León en los primeros siglos posteriores a la invasión de los árabes», Revista de Ambos Mundos, 2 (1854), 880- 904. orr. eta 3 (1855), 49-75. orr.; 2. arg. Madril: D. G. Hernandoren inprimategia. 1883.
Colección de Cortes de los Antiguos Reinos de España por la Real Academia de la Historia. Catálogo, Madril: José Rodríguezen inprimategia, 1855. Arg. faks. Madril: Atlas, 1973; Bartzelona: ETD-Micropublicaciones, 1989.
Diccionario bibliográfico-histórico de los antiguos reinos, provincias, ciudades, villas, iglesias y santuarios de España, Madril: M. Rivadeneyraren Inprimategia eta Estereotipia, 1858.
De la necesidad de ilustrar con documentos la historia de la Edad Media. Discursos leídos ante la Real Academia de la Historia, en la recepción pública de … el día 4 de febrero de 1860, Madril: M. Rivadeneyra, 1860.
«Sellos del Conde de Barcelona D. Ramón Berenguer IV», El Arte en España. Revista Mensual de Arte y Literatura, 4 (1866), 168-177. orr.
«Refutación del opúsculo fueros francos. Les Communes françaises en Espagne et en Portugal pendant le Moyen Age», Revista General de Legislación y Jurisprudencia, 31 (1867), 28-53, 226-246 eta 288-313. orr. (Madril: Imprenta de la Revista de Legislación, 1867).
«Inventario de los fondos o procedencias del Archivo Histórico Nacional con expresión de los documentos que comprende», Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, 1 (1871), 102-106. eta 118-123. orr. (Madril: Tipografía de la Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, 1871).
Bibliografia
DE LA CRUZ HERRANZ, L. M., «Tomás Muñoz y Romero», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiako Errege Akademia. Lineako edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/14999/tomas-munoz-romero (2019ko azaroaren 18ko kontsulta).
GARCÍA DE VALDEAVELLANO, L., «Vida y obra de don Tomás Muñoz y Romero (1814- 1867)», Boletín de la Real Academia de la Historia, CLXIII-1 (1968), 89-142. orr. Berred. Seis semblanzas de historiadores españoles, Sevilla: Sevillako Unibertsitatearen Publikazioak, 1978, 9-74. orr.





