Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

MUGICA ZUFIRIA [MUXIKA ZUFIRIA], Serapio (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1854ko azaroak 14 – Donostia, 1941eko martxoak 16).

Karguak eta lanbideak

 Artxiboetako ikuskaria eta historialaria

Ibilbidea

1854ko azaroaren 14an Ormaiztegiko Biona etxean jaio eta, 10 hilabete zituela, umezurtz gelditu zen (Pedro Nolasco Muxika, abokatua eta eskribaua, eta Carlota Zufiria izan ziren gurasoak), 1855ean Gipuzkoa erasan zuen kolera morboaren ondorioz. Batxilergoa Tolosan eta Bergaran ikasirik, Zuzenbide ikasturte batzuk egin zituen Zaragozan, azken Karlistaldiak (1873-1876) ikasketak eragotzi arte, boluntario karlista izan baitzen gerran. Notario titulua eskuratu baina ez zuen lanbide hartan jardun.

Bere jabetzapeko baserriek sortutako errendimendu urriak ikusirik, eta enpresa baten zorterik gabeko kudeaketak eraginik (horren ondorioz, landa-jabetzak saldu behar izan zituen), soldatapeko lan bila hasi zen.

1881ean, Ignacia Muxika Arregi (1858-1940) lehengusina urrunarekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituzten: Remedios, Gregorio (prosista nabarmena, Monografía Histórica de Éibar lanaren egilea), Maria de los Remedios, Leandro Blas, Jose Esteban eta Leandro Muxika Muxika; guztiak ere Ormaiztegiko San Andres Apostoluaren parrokian bataiatuak.

Haietarik guztietarik, Jose Muxika Muxikak izan zuen proiekzio publikorik handiena. Soledad Brunet Serranorekin ezkondua (harengandik 9 seme-alaba izan zituen), Donostiako Udaleko letratua izan zen, Udal Aurrezki Kutxako abokatua, Donostiako Abokatuen Elkargoko Batzordeko kidea eta Gipuzkoako Ateneoko presidentea. Diario Vasco egunkariaren sortzailea izan zen (1934), bertan «Cantábrico» goitizenarekin idatzita, eta Carlistas, moderados y progresistas. Claudio Antón de Luzuriaga (1950) lana ondu zuen. Halaber, Kontsultarako Asanblea Nazionaleko kidea izan zen (1927-30), diputatu-gai Renovación Española alderdian 1936ko hauteskunde orokorretan eta Donostiako alkatea (1936-1937).

Serapio Muxikaren lanbide-jardueran, bi alderdi nabarmendu behar dira: artxibozaina eta historialaria, biak ere elkarri oso lotuak.

Artxibozain gisa, hari zor zaio Gipuzkoako artxiboen antolamendu eredugarria, Probintziako Diputazioak 1892an abiarazia. Izan ere, bere ardurapeko artxiboen egoeraz kezkaturik, Diputazioak Gipuzkoako Udal Artxiboetako Ikuskari izendatu zuen Serapio 1893an, Gipuzkoako herrietako dokumentu-funtsak antolatzeko eta haien kontserbazioa ziurtatzeko. Bada, hori zela-eta heldu zion Serapiok eginkizun horri.

Arras gizon artatsu eta prestatua, enkargu berriak eraginik Probintzia osoan ibili eta sekulako lana egin zuen herri askotako artxiboak antolatzen (Zestoa, Aizarnazabal, Astigarraga, Donostia, Eibar, Errenteria, Ezkio, Hondarribia, Irun, Oiartzun, Ordizia, Zumaia eta Zumarraga), bidenabar parrokia-artxibo asko ere antolaturik. Serapiok egindako lan hura, hark prestaturiko aurkibideak eta artxiboak sailkatzeko bururatu zitzaion moldea indarrean izan dira XX. mende osoan zehar eta, are, baita XXI. mendearen hasieran ere. Horri eskaini zion bere bizitza luzea. Lan aitzindaria izan zen, eta jarraitzaile onak izan zituen, hala nola bere laguntzaile Fausto Arotzena. Laurencingo markesaren esanetan, lan hura eredugarria izan zen, Espainiako udalbatzek hari jarraikiz egin beharrekoa.

Baina Serapio Muxikak, Gipuzkoako artxiboak antolatzeko lan hura egiteaz gain, balio historiografiko handiko liburuak, artikuluak, opuskuluak, oharrak eta gehigarriak idatzi zituen, oinarri harturik bai bere erudizio handia, bai bere lanaren garapenean aurkitutako material ugaria. 182 argitalpen baino gehiago dira, bibliografia-aurkibide batzuetan ikusten den bezala, hala nola Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco delakoan (Bilbo, 1970: 515-518).

Hartaz esan da «gertakariei eta benetako datuei hitz egiten uztea izan zela haren jardunaren iparra —eta horrek lotura izan dezake, erreakzio gisa, garai hartako historiografia jakin baten joera mitologikoarekin—». Bada, haren lan itzeletik, datu gehien bildu eta sistematizatu zuen huraxe nabarmentzen da, hala nola bai Donostiaz eta haren jatorriaz, bai Ordiziaz (bere adiskide min Carmelo Etxegarairekin batera ondua), bai Irunez, bai Aiztondoz egindako azterlan monografikoak; bai eta azterlan kritikoak ere, hala nola gaskoiak eta haiek Erdi Aroan izaniko protagonismoa aztertu zituen huraxe, edota Donostiak Leireko monasterioari egindako dohaintza.

Baina bereziki da nabarmena Geografía de Guipúzcoa liburu zabala, Francesc Carreras Candiren obra handiaren barnean argitaratua, Geografía General del País Vasco-Navarro lanaren barruan, Carrerasek berak zuzendutako Geografía General de Cataluñaren osagarria izan zena (1908-18); geroago, Probintzia Baskongadoak (1921), Valentzia (1922) eta Galizia (1928) barnebildu zituen. Obra hartan hasitako talde-lanak El Folklore y Costumbres de España argitalpenean izan zuen segida (1933).

Lan monografiko ugariez gain, ehunka ohar eta artikulu aipatu behar dira, Euskal-Erria, Yakintza, Euskalerriaren Alde, Euskal-Esnalea eta Aránzazu aldizkarietan plazaratuak edo Revista Internacional de Estudios Vascosen (RIEV). Haien adibide dira Administración municipal antigua de San Sebastián y varias otras curiosidades izenburupean argitaratutako oharrak. Honatx: «Cónsules»; «Las Comunidades de Castilla y sus partidarios en esta Provincia»; «Información sumaria hecha por el ilustre Licenciado Illescas, Juez de Comisión por S. M., contra el Corregidor»; «Extranjeros»; «Distintivo del Ayuntamiento»; «Requisitos para ser vecino concejante»; «Incendios»; [Martin de Ibaizabal]; «Convento de San Telmo»; «Soka-muturra eta zezen-suzkoa»; «Procesión de San Sebastián», etab. Eta bereziki, «El libro de los fueros: nueva recopilación de los fueros, privilegios, leyes, ordenanzas, buenos usos y costumbres de la Provincia de Guipúzcoa».

Nabarmena da, halaber, Documentos curiosos agiri sortaren gainean egindako ikerlana (aipagarriak dira: «¿Oñate era de Guipúzcoa?», «Antiguos capitalistas guipuzcoanos», «Contrabandistas de tabaco», «El Convenio de Vergara», «El cuerpo municipal de Vergara en 1839», «El servicio de veredas», «La escuadra de Vizcaya», «Relaciones de Fuenterrabía con Navarra en el siglo XIII», «Unión de San Sebastián a la hermandad guipuzcoana», «Vargas Ponce en Guipúzcoa» eta beste batzuk), bai eta Donostiako Udal Arkitektoen gaineko ikerlana ere (Alejo Miranda, Antonio de Kortazar, Benito Pikabea, Joaquin Ramon de Etxebeste, Jose de Goikoa Barkaiztegi Jose Eleuterio de Eskoriatza, Juan R. Aldai, Nemesio Barriocanal Gredilla edo Pedro Manuel de Ugartemendia). Zati handi bat —baita mekanografiatua baina argitaratua ez dagoena ere— internet bidez dago ikusgai «Serapio Mugikaren liburuak eta artikuluak Koldo Mitxelena Liburutegian».

Serapio Gipuzkoako Kronikari izendatu zuten eta Eusko Ikaskuntzari lotua egon zen. 1932an (erretiroa hartu zuen urtea), Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko Historiako kide izendatu zuten 1933-1937 aldirako eta, 1934ko abenduan, erakundeko presidenteorde. Bizitzaren amaieran, aitortza handia egin zitzaion, hots, Gipuzkoako Seme Kutun izendatu baitzuten, bai eta Historiaren Errege Akademiako (Madril) kide urgazle eta Frantziako Akademiako ofizial ere. Halaber, Parisko Société des Sciences Savantes elkartearen saria jaso zuen.

Donostian hil zen, 1941eko martxoaren 16an. Haren biloba Jose Ignacio Muxika Brunetek ondua da hari buruzko biografiarik onena, Serapiok berak eta haren seme Josek utzitako «familiako paperak» oinarri harturik, betiere azken Karlistaldiaren azken egunetako ohar batekin eta Brunet familiaren beste datu batzuekin osatuak.

Carmelo Etxegaraik (1899-1925) harekin izandako gutun-truke ugaria Jose Ignacio Telletxea Idigorasek argitaratu zuen 1987an [Donostiar Historiari buruzko Dr. Camino Taldea: Donostia. Monografíak 1990], bai eta Arturo Campionekin izandakoa ere (1899- 1921) [Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo: International journal of basque linguistics and philology, 18. libk., 1. zk., 1984, 3-38]. Dena den, garai hartako beste pertsona garrantzitsu batzuekin izandako gutun-trukea argitaratu gabe dago oraindik.

Haren ondarea oso garrantzitsua izan da eta egun ere bada. Familiak haren liburutegia Donostiar Historiari buruzko Dr. Camino Taldeari eman zion dohaintzan eta, gaur egun, Doctor Camino–Serapio Múgica Liburutegi berria osatzen du, euskal gaietan espezializatua, Elena Legorburu Fausek antolatua, eta 2018ko urriaren 25ean, Kutxa-Fundazioak Tabakalerako 4. solairuan jendearen zerbitzuan jarria. Liburutegiaren osagarri, badira objektu historiko batzuk, haren lanaren testigantza grafiko eta ukigarriaren erakusgarri. Haren lana, izan ere, azkenean «onuragarria izan da hala Donostiaren Historiarako, nola Gipuzkoako Probintziaren gainerakoaren Historiarako».

Haren artxiboa, bestalde, bitan banatua dago. Zatirik pertsonalena eta familiarra, Tabakaleran dago kokatuta, Liburutegiaren ondoan. Zatirik akademikoenak, berriz, hau da, Serapioren lanbidetik eta ikerlanetatik eratorritakoak, artxibo berezia osatzen du Gipuzkoako Artxibo Orokorraren barnean eta Tolosan dago kokatua (AGG-GAO JD SM). Haren katalogoaren irakurketak ederki erakusten du Serapio Muxikak artxibo, liburutegi eta hemeroteketan egindako lan itzela, bai eta haren ikerketa historikoaren izaera polifazetikoa ere.

Serapioren lanaren esker onean, Donostiak kale bat eskaini zion La Paz auzoan (egungo Bidebieta) 1973ko abuztuaren 31n. Gauza bera egin zuen Irunek, han ere «Serapio Mugica» kalea baitago, eta Udalak, gainera, «Irungo historiari buruzko bi urtez behingo “Serapio Mugica” ikerketa beka» ematen du, 9.000 euroz hornitua, Historiaren alorrean ikertzeko ohitura sustatzeko eta Irungo udalerriari buruzko historiaren inguruko azterlanak bultzatzeko.

Obrak

(Hautaketa). 

«Administración municipal antigua de San Sebastián y otras varias curiosidades», Euskal-Erria, 38 (1898ko 1. sehilekoa), 49-52. or.

Curiosidades Históricas sobre San Sebastián (1898), berrarg. Bilbo: A. P . Cardenal, 1900; Donostia: Grupo Doctor Camino, 1970 [F. Arocena-ren hitzaurrea eta C. Echegaray-ren epilogoa].

Índice de los documentos del Archivo Municipal de la ciudad de Donostia: años 1456 a 1891, Donostia: Archivo Municipal de San Sebastián, 1898, 513 or.

Índice de los documentos del archivo municipal de Irún: años 1337-1898, Irun: Irungo Udal Artxiboa, 1898, 281 or.

«Euskaros ilustres [Don Policarpo de Balzola. Retrato y apuntes biográficos]», Euskal-Erria, 1899, 17-42. or.

Las fiestas de septiembre en Fuenterrabía. Origen y detalles del Alarde, Donostia: J. Baroja e Hijos, 1900, 16 or.

Alarde de San Marcial de Irún. Origen y detalles, Donostia: J. Baroja e Hijos, 1901, 30 or.

ECHEGARAY. C.-rekin, Monografía de la Alcaldía Mayor de Aiztondo… precedida de la Memoria sobre el Archivo Municipal de la villa de Asteasu presentada a la Excma. Diputación Provincial por el Cronista de las Provincias Vascongadas, Donostia: J. Baroja é Hijos, 1902, 107 or.

Monografía histórica de la Villa de Irún, Irun: Viuda de B. Valverde, 1903, 210 or.

Río Bidasoa, Donostia: Imp. de la Provincia, 1905, 21 or. [Hitzaldia].

ECHEGARAY. C.-rekin Monografía histórica de Villafranca de Oria, [s.l.]: [s.n.], 1908.

«Moros y moras, negros y negras, mulatos y mulatas», Euskalerriaren Alde, 1. urtea, 16 (1911), 496-499. or.

«La Isla de los Faisanes», Euskalerriaren Alde, 3. urtea, 59 (1913), 322-329. or.

El blasón de Guipúzcoa: Donostia: Imp. de la Provincia, 1915, 96. or.

«Los Miqueletes», Euskalerriaren Alde, 7. urtea, 148 (1917), 81-84. or.

«El libro de los fueros: nueva recopilación de los fueros, privilegios, leyes, ordenanzas, buenos usos y costumbres de la Provincia de Guipúzcoa», RIEV, 16. libk. (1925), 1-44. or.

Las calles de San Sebastián. Explicación de sus nombres: Donostia: Imp. de R. Altuna, 1916, 196 or. [berrarg. 1965ean, Fausto Arocena-k aurkeztua in BRSBAP, 1965, 440. or.].

Geografía General del País Vasco Navarro, IV. Provincia de Guipúzcoa, Francesc Carreras Candi (arg.), Barcelona: Casa Ed. Alberto Martín, ca. 1918.

Elcano y no Cano, Donostia: Est. Tip. de Mena y Cª, 1920, 22 or.

Los Gascones en Guipúzcoa, Donostia: Imp. de la Diputación, 1923, 31. or.

AROCENA, F.-rekin Guía de Guipúzcoa, Donostia: Imp. de la Provincia, 1930, 255, XVI or.

— Reseña Histórica de Rentería, in GAMÓN, J. I. Noticias Históricas de Rentería, Donostia: Nueva Editorial, 1930, 435 or. (345-426. or.).

«La imprenta en Guipúzcoa examinada a través de los libros registros de Juntas de la Provincia», RIEV, 25 (1934), 453-476. or.

«Donación a Leire. Orígenes de San Sebastián, Iglesias de Santa María, San Sebastián y San Vicente», RIEV, 26 (1935), 393-422. or.

Relación de Diputados Generales de Guipúzcoa desde 1550 hasta 1877, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1943, 20 or.

Estudios sobre San Sebastián, Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1980, 191 or. [sarrera eta biobibliografia Fausto Arocena-k, «Monografías» bilduma, 13]. 

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, J.; GOMEZ GOMEZ, A. eta MORALES ARCE, J. A., Eusko Ikaskuntzaren hiztegi biografikoa, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1998.

AROCENA, F., «Los seis grandes (D. de Aguirre, A. Campion, C. Echegaray, J. C. Guerra, S. Múgica y J. Urquijo)», BRSBAP, XIV (1958), 455-457. or.

— Sarrera biobibliografikoa in MÚGICA, S., Relación de Diputados Generales de Guipúzcoa desde 1550 hasta 1877, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1943, 20 or.

BILBAO, J., Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Cuerpo C. Eusko bibliographia, Donostia: Auñamendi, 1970, V. libk., 515-518. or.

MÚGICA BRUNET, J. I., Una familia vasca. Serapio Múgica Zufiria (1854-1941), Donostia: Ed. Txertoa, 2005, 315 or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP