Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

MUGICA MUGICA [MUXIKA MUXIKA], Gregorio (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1882ko abenduaren 25a – Donostia, 1931ko uztailaren 22a).

Karguak eta lanbideak

 Ingeniari mekanikoa, Gipuzkoako Aurrezki Kutxako funtzionarioa, kazetaria, kultur sustatzailea eta idazle elebiduna

OHARRA: (Goitizen asko erabili zituen: J. M. de Ojarbide, G. de Biona, Jeme, Berrizale, Zarzale, J. de Zumuarregui, Bildari, J. de Zumárraga eta Deñoka’tar Goserio) 

Ibilbidea

Serapio Muxika Zufiriaren eta Ignacia Muxika Arregiren seme zaharrena izan zen Gregorio Jesus Bonifacio Muxika Muxika. 1882ko abenduaren 25ean jaio zen. Ondotik, lau seme-alaba etorri ziren: Maria de los Remedios (1884ko irailaren 1ean jaioa), Leandro Blas (1888ko martxoak 14), Jose Esteban, Donostiako alkate izango zena (1894ko abuztuak 6) eta Leandro, guztiak ere Ormaiztegiko (Gipuzkoa) San Andres Apostoluaren parrokian bataiatuak.

Aitaren aldeko familia jatorriz Ormaiztegikoak zen. Aita, Serapio Maria Muxika Zufiria, izan ere, han bertan jaio zen 1854ko azaroaren 14an, eta Pedro Nolasco Muxika Begiristain eta Carlota Zufiria Peña izan zituen guraso. Serapio artxibozaina, Gipuzkoako Udal Artxiboetako ikuskaria eta Gipuzkoako kronikaria izan zen, eta Curiosidades históricas de San Sebastián (1900) lanak eman zion ospea.

Behin batxilergo ikasketak Donostian eginik, Gregoriok ingeniaritza mekanikoa eta peritutza industriala ikasi zuen, baina gazte-gaztetatik euskararen egoera izan zitzaion kezkagarria eta, bere bizitza laburrean (49 urte), etengabe aritu zen euskararen sustapenean, betiere lanbidez kanpoko jardueran. Hogeita bost urte zituela hasi zen haren euskaltzaletasuna nabarmentzen, Euskal-Esnalea euskararen aldeko elkartea sortzeko bileran parte hartu baitzuen. Han ziren, besteak beste, Serapio (aita), Arturo Campion, Carmelo Etxegarai, Domingo Agirre eta Julio Urkixo. Gregorio elkarte sortu berri hartako idazkari izendatu zuten. Hizlari nabarmena eta sutsua izan zen euskaraz. Urte hartan bertan, Julio Urkixok Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) sortu zuen, eta Muxika gaztea lehen zenbakitik aritu zen lankidetzan. Zehazki, «Euskaldun gazteriari» (1907) izeneko artikulua idatzi zuen. Idazkiak hautsak harrotu zituen, dei sutsua egin baitzien gazteei euskararen alde aritzeko; hura aldarrikapen gartsua izan zen, gazteek ekintzen bitartez euskararen galera eragotzi zezaten eta ez soilik hitzen bidez, euskara Euskadiren nortasunaren ikurra baitzen. Haren hitzak gogoangarriak dira: «¿Eta guk, euskaldun gazteak, arnasa eta otsarearen adiñetan gauden euskaldun gazteak, egon bear degu geldi, išilik eta besoak gurutzetuta gure itzkuntza nola galtzen dan ikusiaz? […] Euskaldun gaztiak, ¿badegu biotzik ala ez? ¿maite degu euskera edo ez? […], ortarako bear dezute mintzatu euskeraz eta itzkribatu euskeraz. […]. Bestela, […] egun batian jakiten dezutenian euskera galdu dala ¿ez zerate lotsatuko euskaldunak izan ziñatela esaten?». Egin zitzaizkion kritikak zirela eta, Muxikak atzera egitea erabaki zuen, baina Julio Urkixok, hots, haren lagun, babesle eta RIEV aldizkariko zuzendariak, kontrakoa iritzi eta beste artikulu bat idazteko enkargua eman zion hurrengo zenbakirako. Horrelaxe hasi zen mende laurdena iraun zuen literatur ekoizpen emankorra (1907-1931).

1907tik 1911ra, artikulu asko argitaratu zituen RIEV aldizkarian, euskaraz nahiz gaztelaniaz, hala nola «Choroa» ipuina (1907), «Euskeraren alde: Elgoibar´ko Euskal jaietan» (1907) eta «Gure gauzak: bersolariak» (1908).

Urkixoren eta Muxikaren arteko adiskidetasunaren eta elkarlanaren erakusgarri, Gregoriok Urkixoren lan paremiologikoak hornitu zituen datuz, atsotitz zalea baitzen, bi idazki hauek argitaratuta: «Notas adicionales a los refranes de Sauguis» (1909) eta «A propósito de un refrán» (1910), hots, Julio Urkixorentzako gutun horretan, Gregoriok esan zuen bat zetorrela Urkixok Zalgizeko «Orgak idien ailzinian» esaera zaharraz egindako interpretazioarekin.

RIEVetik kanpo, lan zabalagoak ondu zituen, hala nola Eibar’ko seme ospatsuen batzuek (1908), gero Monografía histórica de la villa de Éibar lanean sakondutakoa (1910). Baionan, Gure gauzak: bersolariak (1910) inprimatu zen eta, Donostian, berriz, Ernani’ar ospetsuak: Iturriaga, Kardaberaz, Urbieta, (1910), Hernaniko seme ospetsu batzuen biografiak emateko; haien artean, Agustin Kardaberaz jesuitarena (1703-1770).

1911n, Euskalerriaren Alde zientzia eta euskal kulturaren aldizkaria agertu zen, Donostian argitaratua, Gipuzkoako Aldundiak babestua. Gregorio Muxikaren eta haren bi laguntzaile handienetako biren ahaleginari esker sortu zen, hots, Domingo Agirre eta Carmelo Etxegarai (Probintzia Baskongadoetako kronikaria), biak ere arestian aipaturiko Euskal-Esnalea elkarteari lotuak. Aldizkari berriak euskal kultura ikertu eta sustatzea izan zuen helburu, bai eta euskara iraunarazi, zabaldu eta lantzea ere.

Zuzendaritza Kontseiluan aipatu jaunak ziren kide, bai eta Arturo Campion eta Julio Urkixo ere. Muxikak zuzendari gisa jardun zuen hasieratik beretik eta, Gregorio 1931n zendu zenean, argitaratzeari utzi zitzaion. Aldizkaria urrats erabakigarria izan zen euskal kultura zabaltzeko eta gazteen artean balio berriak sustatzeko. Euskalerriaren Alde aldizkariaren hogei urteak oparoak izan ziren jokabide eta emaitzetan, hiru jarduera nagusitan: 1) euskal jaiak, 2) artikulu lehiaketak eta 3) lehiaketa historikoak eta literarioak. Euskal jaiak Anton Abadiak sortutakoen jarraipena izan ziren. Hainbat tokitan egindakoak nabarmendu ziren, hala nola Seguran (1911), Zarautzen (1912), Tolosan (1913) eta Hondarribian (1914) ospatutakoak.

Euskalerriaren Alde aldizkariko zuzendaria izateak ez zion Gregoriori galarazi RIEV aldizkariarekiko elkarlana. Horrela, «Una canción vasca» (1913) idazkian, Muxikak gogor baino gogorrago kritikatu zuen Pio Barojak Las inquietudes de Shanti Andía eleberrian txertatutako euskal kantu bat. Muxika literatur kritikari on eta zintzoa izan zen. Gogor agertu zen Pio Barojarekin, baina goxoagoa Antonio de Trueba bizkaitarrarekin (1819-1889). Trueba, izan ere, begikoa zitzaion, herri literatura kolektiboan inspiratu zelako. Bizkaitarraren iritziz, herri literaturak goi-mailako balio estetikoak zituen, eta balio horiek herriaren autoritatea zuten oinarri artea zer den edo ez erabakitzeko (Trueba: su significación en la moderna literatura vasca, 1914). 1917tik 1920ra, Muxikak euskal kulturako pertsona nabarmenei elkarrizketak egin, eta Los titanes de la cultura vasca: Entrevistas (1962) liburuan bildu ziren.

Gregorioren jarduera euskaltzalearen gauzarik nabarmenena, agian, Eusko Ikaskuntzaren Lehen Biltzarreko idazkari lana izan zen, 1918ko irailean egindakoa. Biltzar hura egiazko mugarria izan zen Muxika bezalako euskaltzale gartsuentzat eta honako bi artikuluotan laudatu zuen lehen Biltzar hura: «El primer Congreso de Estudios Vascos» (RIEV, 10. libk. 1. zk., 1919, 98-111. or.) eta «Euzko Ikaskuntza, Sociedad de Estudios Vascos» (Ibidem, 112-113. or.). Ondoren, Gregorio Eusko Ikaskuntzako zutabeetako bat izan zen eta, hura 1918an sortu zenetik 1930era bitarte, idazkariordea izan zen, hau da, Julio Urkixo lagun eta babeslea presidenteordea izan zen garai berean.

«Primer Congreso de Estudios Vascos» artikuluan, Gregoriok biltzarraren kronika zehatza egin zuen, bere poz handia agerian utzita: «orokorrena eta zabalena izan da orain arte egin diren guztien artean», euskaldunen aho bateko sentipenetik sortutakoa, eta ideia guztietako eta Euskal Herriko herrialde guztietako jendeak hats beroa emandakoa. Antolatzaileen kalkuluen arabera, «900 herritarrek eta erakundek baino gehiagok eman zuten izena, laguntza morala eta diru bidezkoa eskainiz»; haien artean, Alfontso XIII.a erregea eta zenbait apezpiku zeuden.

Gregoriok, halaber, aipatu zuen berak IV. taldean parte hartu zuela (Historia), «Tradizioak eta ohiturak» ikastaroa zuzenduta. Bestalde, VII. taldeak Eusko Ikaskuntza sortzea izan zuen eztabaidagai, Esteban Bilbaoren presidentziapean. Biltzarra amaitzeko ekitaldian, Bilbaok bere hitzaldian azaldu zuen zer xede zuen Eusko Ikaskuntzak eta denak akuilatu zituen erakunde sortu berriko zerrendetan izena ematera. Hilaren 8a, igandea, Oñatiko egonaldiaren azken eguna izan zen; izugarrizko giroa zegoen eta jendea poz-pozik, «euskal Biltzarrak sekulako arrakasta izan zuelako». «Era askotako jendetza izugarriaren» aurrean, Gregorio Muxikak euskaraz hitz eginez ireki zuen itxiera ekitaldia. Bere kronika bukatzeko, «Oñatin egindako lan handiak denboran zehar izan behar duen eraginkortasun praktikoan» konfiantza zuela adierazi zuen, eta opa zuen «Biltzar hura izan zedila euskal ikasketak garaile igotzen diren eskailera amaigabearen lehen maila». Lehen maila hori Eusko Ikaskuntza izango zen.

Bigarren artikuluan, hots, «Euzko Ikaskuntza, Sociedad de Estudios Vascos» (1919) izenburukoan, Muxikak adierazi zuen euskal kulturaren berpizkundea batu eta zuzentzeko eratu zela Eusko Ikaskuntza. 1918ko abenduaren 22an, batzorde kudeatzailea eta lau diputazioen ordezkariak bildu ziren eta, beste kargu batzuen artean, Julio Urkixo izendatu zuten lehen presidenteorde eta, idazkariorde nagusi, berriz, Gregorio Muxika. Biek ere 1930era arte iraun zuten karguan.

1927an, Muxikak bere libururik arrakastatsuena argitaratu zuen, hots, Pernando Amezketarra, hau da, Pernando Amezketarra (1764-1823) bertsolariaren ahozko pasadizoak bildu eta plazaratuta. Liburuak hainbat argitaraldi izan zituen. Euskarazko lanen arteko lehen «best seller» haren bidez, irakurzaletasuna bultzatzen saiatu zen baserritarren eta jende xehearen artean, umorezko istorio errazen bidez.

Muxika literatura-ondare zabaleko kazetaria izan zen (gogora dezagun ingeniari industriala izan zela ikasketaz), bi hizkuntzetan hainbat literatura genero landuta, hala nola narrazioa (¡Sembrad con amor! ipuina, 1921), antzerkia (¡Naitasunez erein!, 1930), herri literatura (Pernando Amezketarra (1925); elkarrizketa, hala nola Los titanes de la cultura vasca (1962); bertan, Euskal Herriko kultur gizon ospetsuenen nortasunaren zirriborroa egin zuen; besteak beste, Domingo Agirrerena, Telesforo Arantzadirena, Aita Donostia kaputxinoarena eta Julio Urkixorena. Pertsona horien erretratu garbia oparitu zigun, bakoitzaren bizimoldea eta giroa barne, Muxikak berak egindako elkarrizketa zorrotz eta zehatzen ondorioz.

Muxika, nagusiki, euskararen propagandista eta jakintzaren dibulgatzailea izan zen, zubi bat eraikita mundu akademikoaren eta jende arruntaren artean, betiere Euskadiko hizkuntza eta kultura ardatz hartuta. Euskararen ohiko erabileraren alde egin zuen, baina zuzen, berak kazetaritza idatzian egiten zuen bezala. Aipagarria da garai hartan euskaldunek eta euskal herritarrek oraindik ere espainiera erabiltzen zutela, batez ere beren idazkietarako. Askok, gainera. euskararen erabilera mespretxatzen zuten.

Gregorio hizlari gartsu eta enpatikoa izan zen hitzaldi etengabeetan, nagusiki historia eta tradizio arloko gaiak jorratuta, hala nola sorginkeria eta tauromakia, baina propaganda-xedeak sekulan bazter utzi gabe, ekintzailea izan baitzen beti, batez ere euskararen eta gaztelaniaren arteko hizkuntza-gatazkan. Maiz, hizlari agertu zen euskal jai eta ospakizunetan; Gipuzkoan eta Nafarroan, batez ere. Dohain berezia zuen denetariko jendearengana iristeko, jendearengan arreta bizia piztuta. Bere idazkietan bezala, Gregorio ulergarria eta argia zen bere ahozko hitzaldietan. Gainera, bere suhartasuna zela eta, entzuleak adi-adi egoten zitzaizkion.

Euskal ikasketen aldeko zaletasuna piztu nahian eta euskara ahal zen neurrian zaindu, hedatu eta lantzeko asmoz, Muxikak ere urte sail luzean idatzi zuen Donostiako Pueblo Vascon, Argia astekarian eta Bilboko Euzkadi egunkarian. Kultur nazionalismoaren barnean egon zela jo dezakegu; politikan hari men egin gabe. Euskal kultur sustatzailea izan zen, XX. mendearen hasierako euskaltzale handietako bat.

Obrak

«Euskaldun gazteriari», RIEV, 1. libk., 1 (1907), 48. or.

«Notas adicionales a los refranes de Sauguis», RIEV, 3. libk., 5 (1909), 527-530. or.

Monografía histórica de la villa de Éibar, Irun: Viuda de B. Valverde, 1910.

Gure gauzak: bersolariak, Bayonne: Imp. Lamaignère, 1910.

Ernani’ar ospetsuak: Iturriaga, Kardaberaz, Urbieta, Donostia: J. Baroja ta Semearen Etsea, 1910.

«Una canción vasca», RIEV, 7. libk., 2 (1913), 143-144. or.

Trueba: su significación en la moderna literatura vasca, Donostia: Imp. Martín, Mena y C.ª, 1914, 74. or.

«Euzko Ikaskuntza, Sociedad de Estudios Vascos», RIEV, 10. libk., 1 (1919), 112-113. or.

«El primer Congreso de Estudios Vascos», RIEV, 10. libk., 1 (1919), 98-111. or.

¡Sembrad con amor!: Cuento, Madrid: Ernesto Jiménez Moreno, 1921, 12. or.

El espíritu de economía: sencillas reflexiones destinadas a ser difundidas entre los niños, Bilbo: Casa Dochao, 1922, 94 or., irudiekin.

Zurtasun-Gogoa: umeentzat oartxo egokiak, Bilbo: Zubiri eta Zarzar’en Irarkola, 1923, 84. or., irudiekin.

Fernando Amezketara: bere ateraldi ta gertaerak, Donostia: Iñaki Deunaren Iraola, 1927, 128. or.

¡Naitasunez erein!, Donostia: Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1930.

Los titanes de la cultura vasca: Entrevistas [1917tik 1920ra egindakoak], I. libk., Donostia: Ed. Auñamendi, 1962.

Bibliografia

AROCENA, F., «Estudio introductorio», in Monografía histórica de la Villa de Eibar, Zarautz: Ed. Icharopena, 1956.

ESTORNES LASA, B.: «Gregorio Múgica Múgica», in Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, B.: Literatura, II. libk., Donostia: Ed. Auñamendi, Estornés Lasa Hnos., 1970.

GARMENDIA LASA, E., Gregorio Mujika (1882-1931): Euskalerriaren alde eta Euskal-Esnalea, Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1998, 28 or.

MUJICA, S., Curiosidades históricas de San Sebastián; con un epílogo de Carmelo de Echegaray, Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1900.

ZENBAITEN ARTEAN, Homenaje a D. Julio de Urquijo e Ybarra: estudios relativos al País Vasco, Donostia: Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 1949-1951, 3 libk.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP