Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

MOUTON OCAMPO, Luis (Madril, 1877 – Iruñea, 1931).

Karguak eta lanbideak

 Magistratua eta legelaria 

Ibilbidea

1901ean, Zuzenbidean lizentziatu zen Unibertsitate Zentralean, eta urte bereko maiatzaren 9an Madrilgo Abokatuen Elkargoan sartu zen abokatu ez-jardule gisa. Ondoren, Elkargoko hainbat batzordetan parte hartu zuen. Oposizio bidez, lehen auzialdiko epaile izatea onartu zuen, eta Calamochan zein Valdepeñasen bete zuen plaza. 1926an, Granadako Auzitegiko abokatu fiskalaren plazarako izendatu zuten, eta luze gabe Cuencako lehen auzialdiko epaitegiko plazarako. 1929an, magistratu-kategoria hartzera pasa zen, bai eta plaza bete ere Iruñeko Lurralde Auzitegian (Gaceta de Madrid, ekainaren 4koa) 1931n hil zen arte (ikus Gaceta de Madrid, maiatzaren 26koa). Hainbat aldizkariren kolaboratzaile eta idazle aritu zen, batez ere Revista de los Tribunales aldizkariarena eta El País-ena.

Haren doktrina-lanek foru-zuzenbidearen eremuari heldu zioten batez ere, 1904an «Derecho foral aragonés. Observaciones al proyecto de apéndice del Código civil» idazlana argitaratu zuenetik (El Foro Español. Revista Jurídico-Administrativa, 1905-1907). Aldi berean, «Diccionario del Derecho civil foral copilado (sic) y consuetudinario» bati ekin zion hiru liburukitan, ondoz ondoko urteetan argitaratuak [I. libk. (A-I) 1904an; II. libk. (J-Q) 1905ean, eta III. libk. (R-Z) 1906an]. Haren helburua zen «maila jasoan izateko asmorik gabe» 1889an Kode Zibila aldarrikatu zenetik artean ere indarrean ziren legeria eta ohitura zibilen bildu eta horiek aditzera emateko (El Foro Español. Revista Jurídico- Administrativa, 250 zk., 1904). Dibulgazio-lana, ondoren, lan monografiko hauen bidez bideratu zen: La sucesión testada en el Derecho foral 1908an eta Las donaciones matrimoniales en el Derecho civil foral 1911n. Dibulgazio-lan hori lan hauexekin biribildu zuen: Derecho consuetudinario español y europeo. Colección de costumbres jurídicas, nacionales y extranjeras 1911n (El Foro Español aldizkarian ere bai) eta Los apéndices forales del Código Civil 1915ean. Beste arlo batzuetan ere argitaratu zuen, sektoreko lan gisa, hauexek: Doctrina, Legislación y Jurisprudencia sobre Ferrocarriles y Tranvías 1908an, eta De los comerciantes y del comercio en general según el Derecho Mercantil español 1911n.

Haren zuzendaritzapean, 1911tik 1923ra, Bartzelonako Francisco Seix jaunaren argitalpen-etxeak Enciclopedia Jurídica Española 30 liburukitan argitaratzeko ekimen handiari ekin zion. Horretarako, zuzenbideko irakasle ospetsuen, magistratu eta epaileen eta praktika juridikoko beste legelari batzuen laguntza jaso zuen. Zuzendaritza-lan hori osatzeko, foru-zuzenbideari eta haren kontserbazioari bereziki lotutako hitz batzuk jorratu ziren: erresak, absentzia, ezkontza-itunak, etxean ezkontzea, kodetzea, standum est chartae, ordezkapena, testamenturik gabeko oinordetza, seniparte-gehigarriak, testamentua, testamentu irekia, ad cautelam testamentua, apaiz aurreko testamentua, itsu-testamentua, testamentu mankomunatua, komisario bidezko testamentua, hitzezko testamentua eta testamentu-lekukoa, tradizioa, tronkalitatea, tutoretza, gozamena, gozamen biduala, auzotasuna, auzotasun zibila. Lan hori funtsezko zutabe bihurtu zen Espainiako zuzenbidearen adierazpenak islatzen zituen doktrina eta praktika biltzeko orduan, abiaburutzat hartuz filosofia-alderdi historikoa, une horretan indarrean zegoen legeria eta aplikatu beharreko jurisprudentziaren bidezko interpretazio judiziala. Luzaroan, instituzio juridiko guzti-guztiak bildu zituen obra bakarra izan zen, eta Kataluniako, Aragoiko, Nafarroako, Bizkaiko zein Balear Uharteetako foru-zuzenbidea aztertu zuen, bai eta Galizian, Asturiasen, Leonen eta Araban neurri txikiagoan irauten zuten berezitasunak ere, tartean bilduz hainbat eskualdetako ohiturazko zuzenbidea eta betetzen direla frogatutako ohitura juridikoak.

Obrak

Diccionario del Derecho civil foral, copilado y consuetudinario, Madrid: P. Apalategui, 1904-1906.

«La sucesión testada en el Derecho Foral», Revista general de legislación y jurisprudencia, 112 (1908), 261. or. eta hur.

«Las donaciones matrimoniales en el derecho civil foral», Revista general de legislación y jurisprudencia, 118 (1911), 385-409. or.

Derecho Consuetudinario Español y Europeo: Colección de costumbres jurídicas nacionales y extranjeras, Madrid: [s.n.], 1911.

Enciclopedia jurídica española, Barcelona: Francisco Seix, 1911-1923.

«Los apéndices forales del Código Civil», Revista general de legislación y jurisprudencia, 127 (1915), 311-332. or.

Bibliografia

GACETA DE MADRID, 1926ko urtarrilaren 28a (BOE-A-1926-952), 1926ko ekainaren 29a (BOE-A-1926-6598), 1929ko ekainaren 4a (BOE-A-1929-6149) eta 1931ko maiatzaren 26a (BOE-A-1931-4075).

ARCHIVO HISTÓRICO DEL ILUSTRE COLEGIO DE ABOGADOS DE MADRID, Kokapena: 1.ª, Signatura: Caja 279 AHICAM 1.1, exp. 8798 (Moutón Ocampo, Luis).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP