Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

MORET PRENDERGAST, Segismundo (Cádiz, 1838ko ekainaren 2a – Madril, 1913ko urtarrilaren 28a).

Karguak eta lanbideak

 Politikari eta legelaria

Ibilbidea

Segismundo Moret Prendergast Cadizen jaio zen 1838an, familia aberats batean. Politikari, abokatu eta idazle ospetsua izan zen. Haren aita Lorenzo Moret Quintana burokrata liberala izan zen, ogasun publikoarekin lotutako eginkizunetan aritu zena. Haren ama, Aurora Prendergast Gordon, jatorriz eskoziarra zen eta Victoria de las Cunasko markesaren arreba (1881etik 1883ra Kubako gobernadore izandakoa). Amak hezi zuen semea eredu politiko eta sozial anglosaxoian.

Cadizen jaio bazen ere, laster lekualdatu zen, gurasoekin, lehenik Geta- fera eta ondoren Madrilera. Han hasi zituen ikasketak, hasiera batean aita eskolapioen ikastetxean, eta ondoren, Unibertsitate Zentralean, non Zuzenbide eta Administrazio gradua lortu zuen. 1859an Ekonomia Politikoaren katedrako irakasle laguntzailea izan zen, eta hurrengo urtean Ogasun Instituzioen katedrakoa. 1861ean doktoregoa lortu zuen Zuzenbide Administratiboan. 1863an, oposizio bidez, Ogasun Publikoaren Instituzioen katedra lortu zuen, baina 1875an utzi egin zuen, bi eszedentzia hartu ondoren, lehena Gobernu Ministerioko idazkari izendatu zutelako, eta bigarrena Espainiaren Ministro ahalguztiduna Londresen izendatu zutelako. 1882an unibertsitatera itzuli zen, lehen zuen maila berean, Administrazioko Goi Mailako Ikasketen katedran.

1861ean Maria Berueterekin ezkondu zen, bere lehengusu propioarekin, eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Ezkontzak onura handiak ekarri zizkion, bai ekonomikoak, bai sozialak, bere familia politikoa ospe handikoa zelako. Haren aitaginarreba, Aureliano Beruete, Ogasun Ministerioko atalburu izan zen, Nekazaritza, Industria eta Merkataritzako Ohiko Kontseilaria, eta biziarteko senataria ere bai.

Arlo politikoan, Moret diputatu hautatu zuten Almadén hiritik, 1863an; 1868an Zinbrioen taldean sartu zen. Errepublikanismotik aldendutako demokrata talde bat zen. Diputatu izan zen Ciudad Realetik, eta Batzorde Konstituzionaleko idazkari 1869an; Gobernu Ministerioko idazkari izendatu zuten 1870ean, eta ondoren, Itsasoz haraindiko Ministeriora igaro zen. Han eza- guna izan zen zenbait lege xedatu zituelako, besteak beste, Puerto Ricoko ‘Ley Municipal y Provincial’ delakoa, edo ‘Ley Preparatoria de la Abolición de la esclavitud’ legea. Urte hartan berean alde egin zuen Itsasoz haraindiko Ministeriotik Ogasun Ministeriora sartzeko, 1871ra arte. Urte hartan, Unionisten aldetik ustelkeria salaketa batzuk jasan ondoren, kargua utzi zuen. 1872an esleitu zioten Londresko legazioa, eta 1873ra arte egon zen han, hau da, Lehenengo Errepublika aldarrikatu zen arte. 

Horren ondoren, talde demokrata monarkiko bat sortu zuen, Alfon- tso XII.aren monarkiaren aldekoen ezkerrera kokatu zena; 1883an kabinete bat eratu zuen, Ezker Dinastikoarekin batera, Posada Herrera buru izan zuena, non Gobernu Ministerioaren ardura eraman zuen. Erreforma Sozialen Batzordea sortu zuen, alegia, Erreforma Sozialen Institutuaren aurreko erakundea, eta XX. mendeko legedi sozialaren sustatzailea. Estatu ministroa izan zen 1885etik 1888ra, eta Gobernu ministroa 1889an. Asoziazioen Legea onetsi zuen 1887an, Epaimahaiaren Legea 1888an, eta Sufragio Unibertsala 1890an. Sustapen ministroa izan zen 1892an, Estatu ministroa 1893an, Itsasoz haraindiko ministroa 1897an; berriro ere Gobernu ministroa, 1901eko martxotik 1902ko abendura; zortzi hilabetez Kongresuko buru izan zen; XX. mendearen hasieran, bere gain hartu zuen, lehenengo aldiz, Gobernu burutza, 1906ra arte; berari egozten zaio Jurisdikzioen Legea, botereak bereiztearen aurkakoa; 1909ko urrian, matxinada marokoarraren ondoren eta Maurak alde egin ondoren, boterea bere gain hartu zuen 1909ko otsailera arte. Eta 1912an berriro ere Kongresuko buru izan zen.

Segismundo Moreten figura agerikoa izan zen beste hainbat arlotan ere: Academia Matritense de Jurisprudencia y Legislación delakoaren buru izan zen 1870ean, Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kide izan zen, Madrilgo Ateneo Zientifiko eta Literarioko buru izan zen hiru aldiz (1884- 1886, 1894-1897 eta 1899-1913); Irakaskuntzen Instituzio Librekoa 1881etik 1913ra, eta Geografia Elkarteko buru izan zen. Gainera, Sociedad General de Fosfatos de Cáceres, Compañía del Ferrocarril Central de Aragón eta Banco General de Madrid erakundeetako buru izan zen.

Haren ibilbide zabalak ikerketa ere barne hartu zuen, hainbat hitzaldi eman baitzituen, Ateneoan eta Academia Matritense de Jurisprudencia y Legislación delakoan.

Euskal Herriko lurraldeekiko duen lotura La familia foral y la familia cas- tellana lanaren argitalpenean oinarritzen da. Academia Matritense de Jurisprudencia y Legislación delakoak saritutako memoria bat zen, Luis Silvelarekin batera idatzi zuena. Lan hartan egileek aztertu zuten Nafarroako eta euskal lurraldeetako foru-zuzenbidean familiak zuen tratamendua, baina Kataluniako eta Aragoiko zuzenbidean ere bai. Zuzenbide orokorraren eta foru-zuzenbidearen arteko bizikidetza zaila planteatu zuten, esanez Gaztelako zuzenbidea etengabe inposatu zitzaiela foru-lurraldeei, eta horrek haren aurkako jarrera sutsua piztu zuela, beren zuzenbide propioa defendatzeko. Moreten eta Silvelaren iritziz, bi zuzenbideen arteko bizikidetza oinarritu behar zen foru-zuzenbidearekiko errespetuan, familia-tradizio batzuk bermatzen zituelako, Gaztelako zuzenbideak gorde ez zituenak. Horregatik, eskatzen zuten ez aldarrikatzeko Gaztelako zuzenbidearen erabateko garaipena, eta horren ordez, zuzenbide bakoitzari bere lekua emateko antolamendu juridikoan.

XX. mendearen hasieran, Alderdi Liberalaren buru zelarik, Toki Administrazioaren Erreforma Proiektuaren aurka azaldu zen, Euskal Herriko eta Katalu- niako abertzaleen asmoak errefusatuz, atzerakoi eta herrialdearen batasunaren nahasgarritzat jotzen baitzituen.

Obrak

El capital y el trabajo ¿Son armónicos o antagonistas?, Madril: Miguel Arcos y Sánchez, 1861.

L. SILVELA-rekin La familia foral y la familia castellana, Madril: Imprenta de la Viuda e Hijos de José Cuesta, 1863.

Perjuicios que causa el proteccionismo en las clases obreras. Ateneoan emandako hitzaldia, Madril, 1863.

Estudios Financieros, Madril, 1868.

La naturaleza fuente del derecho, discurso leído en la sesión inaugural de la Academia Matritense de Jurisprudencia y Legislación el día 28 de noviembre de 1870, Madril: Academia Matritense de Jurisprudencia y Legislación, 1871.

La representación nacional, teoría del sufragio, Haren katedren irekieran Ateneoan emandako hitzaldia, Madril: F. García Herreroren inpr., 1884.

La idea de la patria demostrada en la Historia. Haren katedren irekieran Ateneoan emandako hitzaldia, Madril, 1885.

El Ateneo de hoy comparado con el de otros tiempos. Haren katedren irekieran Ateneoan emandako hitzaldia, Madril, 1894.

El referéndum. Haren katedren irekieran Ateneoan emandako hitzaldia, Madril: Estab. Tip. «Sucesores de Rivadeneyra», Ateneo, 1895.

Doctrina filosófica y social del anarquismo. Haren katedren irekieran Ateneoan emandako hitzaldia, Madril, 1896.

De las causas que han producido la decadencia del sistema parlamentario. Haren katedren irekieran Ateneoan emandako hitzaldia, Madril, 1899.

Centralización, descentralización, regionalismo. Haren katedren irekieran Ateneoan emandako hitzaldia, Madril, Madril: Inp. Eduardo Ariasen kargura, 1900.

El problema social agrario en España. Haren katedren irekieran Ateneoan emandako hitzaldia, Madril: Inp. Hijos de M. G. Hernández, 1904.

La transformación de Egipto. Ateneoan emandako hitzaldia, Madril, 1905.

Bibliografia

FERRERA CUESTA, C., «Segismundo Moret y Prendergast», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiako Errege Akademia. Lineako edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/13320/segismundo-moret-y-prendergast (2019ko abuztuaren 28ko kontsulta).

HERNANDO SERRA, M.ª P., «Moret Prendergast, Segismundo (1838-1913)», Diccionario de Catedráticos Españoles de Derecho (1847-1893), Madril: Carlos III.a Unibertsi- tatea. http://portal.uc3m.es/portal/page/portal/instituto_figuerola/programas/phu/ diccionariode catedraticos/lcatedraticos/moretprendergast (2019ko abuztuaren 28ko kontsulta).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP