Karguak eta lanbideak
Nafarroako erresumaren kronista
Ibilbidea
xvii. mendeko Nafarroa, haren kultura politikoa eta erresumaren nortasunaren sorrera aztergai duen historiografiak tentuz erreparatu dio Jose Moret jesuitaren ezinbesteko figurari. Haren erudizioak eta erresuma piriniarraren berezitasunak eta antzinatasuna aldarrikatzeko jartzen zuen kemenak arreta eman zien J. Altadill eta A. Campión historialariei, positibismo historikoa sasoi betean zegoen garaian, eta ondoren ere A. Pérez Goyenak edo A. J. Martín Duquek ikertu zuten. Gainera, erresuma hispano horren Aro Modernoko nortasuna eta politika ikertu dituzten historialari berantiarragoen azterketaren helburua ere izan da (A. Floristán Imízcoz).
Iruñean jaio zen 1615ean, eta uztailaren 10ean bataiatu zuten. Jose Moret (edo Morete) Errege Gorteko legegizon baten semea zen, eta aitaren familia Biotzariko baronerriaren jabetza zeukan Redin familiaren menpekoa zen. 1629an Jesusen Konpainian sartu zen. Humanitate, filosofia eta teologia ikasketak burutu zituen Salamancako Unibertsitatean. Jesuiten cursus honorum delakoa jarraituta, aita Moret hezkuntzara destinatu zuten, Konpainiak Iruñean, Sorian, Oviedon eta Segovian zituen ikastetxeetara. Azkenean, Palentziako ikastetxea zuzendu zuen 1655etik aurrera. Heldutasunera iritsita, 1664an (1671 bitartean) Iruñeko ikastetxeko Errektore izendatu zuten.
1654an Nafarroako Diputazioak erresumaren kronista izendatu zuen, sortu berria zen titulua eskainiz. Handik urtebetera, kargu hori onartu baino lehen, Moretek inprimategira eraman zuen bere lehenengo lan historiografikoa, De obsidione Fontirabiæ, non latinez kontatzen zituen Hondarribiaren setio frantsesaren gorabeherak. Jakina denez, plaza gipuzkoar hori 1638an askatu zuten erregearen soldaduek eta, neurri handi batean, milizia nafarrek. Publikazio horren ondoren, Moretek bere jakinduria eta eginahala jarri zituen testuak sortzeko lanean, haien bidez erresuma piriniarraren iraganaren kontakizun berritu bat egituratzeko, egia historikoa bilatzeko, erresumaren antzinatasuna eta lehentasuna aldarrikatzeko eta iraganaren oroimenari erantsitako fantasiak edo faltsukeriak garbitzeko, Gorteetan batzartutako hiru Estatuekin adostu zen bezala.
Moreten kronista-lana amaitu gabe zegoen 1687an hil zenean, baina hainbat lan argitaratuta utzi zituen, Iruñean inprimatu zirenak. Lehenengoa Investigaciones históricas de las antigüedades del reyno de Navarra (1665) lana izan zen, Nafarroaren iragana aztertzen duena, Antso VII.a Azkarra hil arte. Haren ondoren eta haren osagarri plazaratu zuen Congressiones apologéticas sobre la verdad de las investigaciones históricas de las antigüedades del reyno de Navarra (1677) izeneko lana, frai Domingo La Ripa aragonesaren lan sobrarbistari erantzunez egindako alegatu sakon eta landua. Bi lanetan ere, trebetasun handia erakutsi zuen Moretek agirien bilaketa eta irakurketa kritikoari zegokienez, eta eztabaidarako grina eta adore handiak, penintsularen historian eta Espainiako monarkia austriarraren mosaiko konplexuan txertatutako Nafarroa baten defentsa egiteko.
Aita Moreten izaera polemikoak hainbat gorabehera eragin zizkion erresumako agintariekin eta beste jakintsu nafar batzuekin. 1666an, Iruñeko prozesu judizial batetik ondorioztatzen denez, Diputazioko kideek aurpegiratu zioten nahita ahaztu zuela haien aipamena egitea Investigaciones históricas —1662an amaituak— izeneko lanaren eskaintzan, haien ustez erresumak baino gehiago diputatuek merezi zutelarik laudoriozko aipamena. Aldi berean, beste gatazka bat sortu zen jesuitaren eta José Conchillos lizentziatuaren artean. Tuterako kolegiatako kalonjeak, aldeko zituela aragoitarren zentsurak, inprentara eraman zuen hiri haren antzinatasuna defendatzen zuen Propugnáculo histórico y jurídico lana. Tutera Tubalek sortu zuela argudiatu izanak Moreten larritasuna eragin zuen, Propugnáculo lanaren argitalpenean ikusi zuelako eraso egiten zitzaiola Iruñeak Nafarroako hiri nagusi gisa zuen lehentasun politikoari. Erresumaren kronista kargutik eratzen zuen historia ofizialarekiko edozein mespretxuri bidea mozteko asmoz, jesuitak obra txiki bat idatzi zuen, Conchillosen argudioak ezetsiz. El bodoque deitu zion lan hari, pertsonaien arteko solasaldi satiriko-jakintsu faltsuen ereduari jarraiki antolatu zuen, eta inprimategiko datu faltsuak erantsi zizkion («En Colonia Agripina, por Severino Clariey»), beharbada Iruñean edo Baionan argitaratu bazen ere. Jakintsuaren kereila ez zen agerpen horrekin amaitu, izan ere, Conchillosek bere tesiak justifikatu nahi izan zituen, bere liburuari «Trifauce Cerbero» izenpean eraso egin zion taldeari kontra eginez. Hark ere hiri eta inprimategiko datu faltsuak erabiliz («En Amberes, por Sebastián Sterlin») eta Jorge Alceo de Torres izengoitiarekin, 1667ko urte hartan berean plazaratu zuen Desagravios del Propugnáculo de Tudela lana, jesuitaren aurkako borrokaren azken pieza gisa, hari buruz esanez «no dexaría de hazer de las suyas y el apellido no le ayuda, que suele ser el verdadero índice de las obras». Azken lan horri ez zion Moretek erantzun, Nafarroako Errege Kontseiluak eta erregeordeak berak baizik, haren bahiketa eta suntsipen judiziala agindu zutelarik.
1674an, aldi gatazkatsu hori gaindituta, Moretek Annales del reyno de Navarra lanaren lehenengo liburukia burutu zuen, argitaratu arte oraindik hamar urte igaro baziren ere. Joseph de Moreten lanik gorenaren antzeko prozesu konplexu bat bultzatu zen xviii. mendean, erresumaren izaerari aurre-konfigurazio bat emateko Nafarroako erresumaren memoria ofiziala sortzeko asmoa abiatu zenean. Moreten kasuan, Diputazioaren enkargua zera zen, iturri fidagarriak bilatu eta sailkatzeaz gain, Nafarroa berriz ere kokatzea lehentasunezko lekuan, penintsulako diskurtso politikoen artean. Horretarako, bere luma trebetasunez erabiliz, artefaktu erudituak ekoitzi behar zituen Moretek, kronista aragonesek egin ohi zituztenen antzekoak, edo euskal probintzietako nahiz Gaztelako obra korografikoen modukoak. Lurraldearen iragana berriro aurkitzeko gogoa eta Vianako printzearen edo Ávalos de la Piszinaren obra kanonikoak gainditzeko gogoa antzematen da Annales lanaren planifikazioaren eta elaborazioaren atzean. Jesuitaren lanaren oinarriak izan ziren komentuetako, monasterioetako edo erresumako auzitegietako artxibo eta liburutegietan egindako ikerketak, beste jesuitekiko gutun-trukaketa joria eta Pirinioen bi aldeetako historien irakurketa ugariak. Haren prosa, garai hartakoen gustukoa, hurrengo mendeetako historialarien kritiken jomuga izan zen, bai kontakizunaren antolamenduagatik, bai xehetasunen joritasunagatik, bai datu nahiz baliabide historiko faltsuak txertatu izanagatik. Ezaguna da Gartzea Semenezen ondorengo errege-erreginak («reyes duendes») defendatu izanak jaso zuen zentsura, bera bezala jesuita eta korrespontsala zen Pedro Abarkak egindakoa, eta kritika gogorrak egin zizkion, baita ere, Gaspar Ibáñez de Segoviak, Mondéjarko markesak, Nafarroaren alde egin zuen defentsa hertsiagatik, haren ustez, eginkizuna nahasten baitzuen, hura behartuz «a discurrir tantos sucesos fantásticos con que suplir la ignorancia de los que primero le poseyeron [el reino]».
Jose Moreten opus magnum delakoaren ardatz nagusiak bi helburu zituen: alde batetik, aurreko historiografoek erabat argitu ez zituzten pasadizoak argitzea, eta bestetik, metodo historiografiko bat eratzea, Zurita, Uztarroz edo Blancasen antzera, eta beharbada, lurraldearen iraganari iraunkortasun politiko bat ematea, espazio nafarraren sorrera mitiko edo egiaztatuetatik hasita, Filipe IV.aren (Nafarroako VI.a) eta haren seme Karlos II.aren (Nafarroako V.a) agintaldietara arte. Narrazio horietatik bi nabarmendu ziren, beren oldarkortasunagatik, Moreten erresumaren imajinazio historikoan gakoak ziren bi aldiei zegozkienak: Sobrarbe eta Kapetoen dominazioa.
Lehenengo helburuari dagokionez, «egia» bilatu nahian, kronistak lehian jarri zuen Nafarroa Euskal Probintziekin eta Aragoiko erresumarekin, lehentasunen inguruko eztabaida eruditu batera eramanez. Erresumaren antzinatasuna (eta haren lehentasun politikoa auzokideen aldean) babes edo kritika elementutzat hartu izan zen eztabaidaren hasieran, 1620ko hamarkadan. Oihenart eta Marca biarnotarren lanak argitaratu eta zabaldu ondoren, antzinatasuna eztabaidaren muin-muinean zegoen, monarkia frantziarraren eta espainolaren arteko gatazken giroan. Sadak 1628an plazaratutako Historia apologética lanari Moreten justifikazioa eransten zitzaion, erresumaren eta bertako eliteen interesei ahotsa jarriz. Tubalen garaiko jatorria, Kantabria-Baskonia-Nafarroa identifikazio arazotsua, eta erregetzaren sorrera, viii. mendean musulmanek inbaditu ondoren. Gaztelarrek Asturiasko Pelaioren eta godoen inguruan antolatzen zuten diskurtsoarekiko oreka perfektua bilatuz, Moretek Gartzea Semenez baskoiaren figura mitikoa defendatu zuen, erresistentzia kristau piriniarraren aitatzat joz, eta haren errege-aldarrikapena subiranotasun nafar itunduaren jatorriarekin, eta haien «jatorrizko espainiarrak» izatearen zilegitasunarekin lotuz.
Bigarren helburuari dagokionez, haren hirugarren liburukian aurkitzen da xiii. mendeko eta xiv. mende hasierako frantziar jatorriko monarken oinordetzaren azterketa kritikoa. Ximena dinastiaren amaierak bidea zabaldu zien Champaigne etxekoei, ezkontza bidez lotu baitziren Frantziako errege etxeko Kapeto dinastiarekin. Erregealdi frantziar desberdinen deskribapena egitean, Moretek, erregetzaren eta haren botere-tresnen nafartasunaren aldarrikapen hutsetik harago, une hartako errealitatearen ispilua aurkeztu zuen, Nafarroak, borboitarren mehatxu eta presio militarrak mamituz gero, berriro aurki zitzakeen arriskuak ebaluatzeko. Era horretan, Jose Moretek, Erdi Aroko iragana balizko irakurleei transmititzeaz gain, ohartarazpen politikoa egin zuen, kaltetua atera baitzitekeen Diputazioko eta erresumako Gorteetako agintariek onartu eta defendatutako itunaren sistema, tronuan zegoen monarka austriarra, Karlos II.a (V.a) legitimoa zela azpimarratuz.
Jesuitaren azken lan bat 1925ean argitaratu zuen Jose Maria Azkonak, haren liburutegi pribatuan gordetzen zuen eskuizkribu bakar baten gainean oinarrituta. Lanaren izenburua da Castigaciones a la historia del padre Juan de Mariana en los puntos que pertenecen a Navarra, eta bertan modu argian kritikatu zuen bera bezala jesuita zen Juan de Marianak idatzi zuen kronika. Juan de Marianak penintsularen iraganaren eraikuntzan garrantzi handikoa izan zen obra historiografikoa egin zuen. Hasierako arrazoibidean, Moretek zalantzarik gabe auzi nafarren ezagutza eskasa leporatu zion Marianari, tartean zirela «ierros bien ordinarios en su historia y la aversión de ánimo a ellas, descubierta frequentemente en omissiones indignas de historia general, en censuras desmedidas y libres poco decentes a la profesión de historiador y religioso, en la narración diminuta y poco fiel en las cosas que son de algún lustre de aquel reyno». Horretarako, azterlana osatzen zuten hamabi ataletan, Juan de Marianak espazio pirenaiko horren gainean egiten zituen aipamen guztiak berrikusten zituen Moretek, era berezian erreparatuz Nafarroaren Antzin Aroaren eta Erdi Aroaren konfigurazio ideologikoan eztabaida pizten zuten gaiei, eta Marianak godoen eta gaztelarren argudioak baliatuta egiten zituen gutxiespen guztiei aurka eginez.
Aita Moret Iruñean hil zen, 1687ko azaroaren 12an. Erresumaren kronista-kargua Vianako Francisco Aleson (1634-1715) jesuitari eman zioten. Bere aurrekoak ondutako eskuizkribua prestatu zuen Alesonek, eta Iruñeko inprimatzaile Bernardo Huarterekin adostu zuen Annales lanaren bigarren partearen inprimaketa. Aleson Valladolideko San Ignazio ikastetxeko errektorea zen, eta lan historiografikoari segida eman zion, Moreten material eta zirriborroez gain, agiri berriak bilduz, hildakoaren azken ikerlanaren helburu ziren Évreux etxeko lehenengo soberanoen gaineko kontakizunarekin jarraitu ahal izateko. Beraz, hirugarren tomoak, 1701erako amaitua zegoenak eta 1704an inprimatu zenak, jesuita iruindarraren testuak jaso zituen, eta bidea zabaldu zien Alesonek manu propria idatzi zituen bi liburukiei. Bi lan horiekin burutu zen, hain zuzen ere, erresumaren memoria Aro Garaikidea iritsi arte finkatu zuten kroniken zikloa.
Obrak
De obsidione Fontirabiæ libri tres, s. l., 1655. Gazt. itzulpena: Empeños de valor y bizarros desempeños o sitio de Fuenterrabía que escribió en latín el R. P. Joseph Moret de la Compañía de Jesús, Iruñea: en la oficina de Joseph Miguel de Ezquerro, impressor de los Reales Tribunales de Navarra, 1763; Tolosa: Establecimiento Tipográfico y Casa Editorial de Eusebio López, 1893.
Investigaciones históricas de las antigüedades del reyno de Navarra, Iruñea: por Gaspar Martínez, impressor del Reyno de Navarra, 1665.
El bodoque contra el Propugnáculo histórico y jurídico del licenciado Conchillos, Colonia Agripina [sic], 1667.
Congressiones apologéticas sobre la verdad de las investigaciones históricas de las antigüedades del reyno de Navarra, Iruñea: por Martín Gregorio de Zabala, impressor del Reyno de Navarra, 1677.
Annales del reyno de Navarra, Iruñea: en la Imprenta de Martín Gregorio de Zabala, impressor del Reyno, 1684.
Tomo segundo de los Annales del reyno de Navarra, compuesto por el R. R. M. Joseph de Moret. Obra pósthuma, dispuesta en otra forma por el P. Francisco de Alesón, ambos de la Compañía de Jesús, y chronistas del mismo reyno, Iruñea: por Bernardo de Huarte, impressor de la muy noble y muy leal provincia de Guypuzcoa, 1695.
Tomo tercero de los Anales de Navarra. Obra pósthuma y última del padre Joseph de Moret, con scholios y adiciones al fin del padre Francisco de Alesón, ambos de la Compañía de Jesús y chronistas del mismo reyno, Iruñea: en la Imprenta del ilustríssimo Reyno, 1704.
[Moreten Anales del reino de Navarra lanaren berrargitalpen bateratuak, Iruñea, 1757 eta 1766; Tolosa: Establecimiento Tipográfico y Casa Editorial de Eusebio López, 1890-1892; Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1988].
Castigaciones a la historia del padre Juan de Mariana en los puntos que pertenecen a Navarra, por Joseph de Moret, natural de Pamplona, Tafalla: s.i., 1925.
Bibliografia
Altadill, J., Biografía y obras del P. Joseph de Morete, cronista de Navarra, Iruñea: Lorda, 1887.
Campión, A., Ensayo apologético, histórico y crítico acerca del P. Moret y de los orígenes de la monarquía nabarra, Tolosa: Establecimiento Tipográfico y Casa Editorial de Eusebio López, 1892.
Castro Álava, J. R., Historiografía: los cronistas Moret y Alesón, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1971.
Floristán Imízcoz, A., El reino de Navarra y la conformación política de España (1512-1841), Madrid: Akal, 2014.
Martín Duque, A. J., «José de Moret, primer cronista del reino», in Príncipe de Viana, 63. libk., 227. zk. (2002), 1045.-1053. or.
Martínez de la Escalera, J. (SI), «José de Morete», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/13318/jose-de-morete (2018ko maiatzaren 6an egindako kontsulta).
Pérez Goyena, A., «Fecha de la muerte del insigne historiador P. José Moret», in Razón y Fe, 121 (1940), 141.-149 or.
— «Rectificaciones a la bibliografía del P. José Moret», in Príncipe de Viana, 7. libk., 22. zk. (1946), 131.-143. or.
Quirós Rosado, R., «Ley Sálica. Historiografía y crítica antifrancesa en la Navarra de Carlos II de Austria», Bravo Lozano, C. eta Quirós Rosado, R. (argk.), in La corte de los chapines. Mujer y sociedad política en la Monarquía de España, 1649-1714, Milan: EDUCatt, 2018, 97.-117. or.
Aipamen bibliografikoa
Quirós Rosado, R., “Moret y Mendi, Jose”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 546-551..





