Karguak eta lanbideak
Historialaria
Ibilbidea
Georges Emile Bernard Morbieu de Mendiry, historialari gisa Georges Emile Morbieu izenarekin famatuagoa, Donapaleun sortu zen 1874ean eta 1949an zendu Ibarrolako Etxepare izeneko etxean. Aita, Alfred, Baigorrikoa zen eta ama, Marie Gabrielle, Donibane Garazikoa. 1917ko apirilaren 12an Marie Marthe Baratchart (1888-1963) Donibane Garazikoarekin ezkondu zen.
Zuzenbide eta Historia ikasketak egin ondotik, gudaroste baten koronela izan zen Ipar Afrika eta Ekialde Ertainean. Ohorezko Legioko Zalduna izendatu zuten. Oporrak Nafarroa Behere eta Garaiko liburutegietan igarotzeak, hainbat aldizkaritan artikulu historikoak argitaratzea bultzatu zuen.
Bere idazkietan, Nafarroako erresum(ar)en historian mugarri izan diren gertakariak aztertu ditu bereziki. Adibidez, «Septième centenaire de la bataille de Las Navas de Tolosa» (1910) artikuluan, 1912an antolatuko den 1212ko Al-Andaluzeko musulmanen aurkako garaipen giristinoaren ospakizunaren aitzakiaz, Antso Azkarrak gudutik ekarritako kateen inguruko legenda goraipatzen du. Ildo beretik, jakinarazten digu Nafarroako probintzia foralak bere armarriaren diseinu ofizialean kateak atxikitzea erabaki duela (MORBIEU, Septième centenaire…, 1910).
Bereziki Frantzes Iraultzaz egin duen analisiarengatik da Georges Morbieuren obra ezaguna. Un émigré bas-navarrais Alexandre de Lafaurie-d’Etchepare liburuan, jatorriz Nafarroa Beherekoa zen bere birraitonaren historia kondatzen du. Izan ere, Iraultza garaian, gizon hau, frantses ofiziala izatetik Espainako gudarostean parte hartzera pasa zen, nafar nortasunaren bidez herritartasun bikoitza zeukalako. Maluruski, Euskal Museoko liburuzainek esan digutenez gaur egun, idazmakinan izkiriatutako liburu hau desagertua da.
Baina, Frantses Iraultzak Nafarroa Beherean ukan duen eraginaz daukan iritzia, 1911ko Le Royaume de Navarre et la Révolution française liburuan dago aztergai. Urte berean, ber izeneko eta liburuaren laburpen bat eskaintzen duen artikulu bat argitaratzen du Revue historique et archéologique du Béarn et du Pays Basque urtekarian. Iraultza garaian Nafarroako Erresuma (Nafarroa Beherekoa) defendatuko duen Etienne Polverel frantses abokatuaren obrak (POLVEREL, É., Mémoire à consulter et consultation sur le franc alleu du royaume de Navarre, Paris: Knapen, 1784; POLVEREL, É., Tableau de la Constitution du Royaume de Navarre, et de ses rapports avec la France, Paris: Imp. Desaint, 1789.) ukanen ditu iturri nagusitzat. Bere ondotik hainbat historialarik segituko duten FrantsesIraultzarekiko nafar posizionamenduaren ikerketarako metodo klasikoa sortuko du (BIDART, 2006, 43-44 or.).
Tesia honetan, nafar erresuma edo herri independente baten alde agertzen da argiki, gertakizunen garaiko noble eta kleroaren ikuspuntua baizik ontzat hartuz eta heren estatuaren aldarrikapenak bazterrera utziz. Bi lehen taldeek ez zuten Iraultza sortuko zuten Frantziako Estatu Orokorretan parte hartu nahi izan, Nafarroa, Frantziarekiko aparteko erresuma bat zelakoan eta bere Estatu Orokorrak zituelakoan. Alta, heren estatuak Nafarroa Pariseko ekitaldietan agertzeko xedea erakutsi zuen.
Georges Morbieuk Nafarroako erresumaren autonomiaren galtze prozesua 1589. urtean kokatzen du, Nafarroako Henrike III.a Frantziako Henrike IV.a izendatua delarik hain zuzen ere. Geroztik Nafarroari kendu nahi izan zitzaizkion eskubideak zerrendatzen ditu, Estatu Orokorren erresistentzia saiakerekin batera. Nafarrek egin zuten bezala, gogorarazten du bi koroak batzen zituen 1620ko ediktuak Nafarroako instituzio, askatasun eta frankiziak bermatu behar zituela.
Horiek hola, Frantses Iraultza, eta bereziki 1789ko udaberria, Nafarroako Erresumaren independentzia inposatzeko garai egokiena izango zela deritzo historialariak. Urrunago doa ere, Etienne Polverel-en hitzetatik, Frantziak babestu beharko lukeen Nafarroako errepublika baten sorrera zilegia zitekeela adierazten duen heinean.
Orokorrean, azterketa honek ondorio bikoitz batera darama. Batetik, «jakintza eta abilezia gabeko» populu bat edukirik (hori dio, heren estatuak Frantziako Asanbladan parte hartu nahi baitzuen), Nafarroari bere lurraldeko eramaile ahaltsu bat faltatu zitzaion bereizketaren hautua egiteko orduan, nahiz eta Polverel atzerritar abokatua eta nobleziaren mailako Lograseko markesa nortasun handiko bi pertsona izan ziren. Bestetik, departamendutan egindako Frantziako bereizketa berriak, non Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Biarno ber lurraldean integratuak izan ziren, nolabaiteko autonomia lortzeko esperantzak itzali zituen.
Ororen buru, Frantses Iraultza denboran Nafarroa Beherean eragin zuten botereei buruzko ikuspuntu manikeista eratzen du Georges Morbieuk, Frantziako periferien integrazioa beste ikuspegi batetik begiratzea saihesten duena: Pariseko botere zentralari irudi iluna egozten dio eta Nafarroa bertako populuaren askatasunen alde borrokatu den instituzio bat bezala aurkezten du. Baina, erran bezala, heren estatuaren iritzia mespretxatzen du eta ez du gizartearen, ekonomiaren eta instituzioen ikuspuntu osoa aztertzen. Kutxu dramatiko baten laguntzarekin, analisia gertakarien zerrenda lehor batean oinarritua da (GOYHENETCHE, J., 1991, 129 or.).
Ikerketa historiko honen jarraitzaileetan, Michel Etcheverry (ETCHEVERRY, 1933) lehena izanen da heren estatuaren iritzia kontutan hartzeko, baina, Frantziarekiko atxikimendua defendatzeko asmoz. Berantago, gizarte mailen arteko desadostasunak aintzakotzat hartuz, Philippe Veyrin (VEYRIN, 1947), Alain Destrée (DESTRÉE, 1954) eta Eugène Goyhenetchek (GOYHENETCHE, E., 1979) instituzio eta askatasunekiko nafarren atxikimendua nahiago izan dute azpimarratu, heren estatua eta noblezia-kleroaren arteko liskarrak baino (BIDART, F., 2006, 44-56 orr.) Manex Goyhenetche (GOYHENETCHE, M., 2001-2) eta Filipe Bidarten (BIDART, F., 2006) lanak itxoin beharko dira euskal historiografia honen kritika zorrotz baten lortzeko eta eskura ditugun dokumentu, zein informazio guziak kontutan hartzeko.
Obrak
«Septième centenaire de la bataille de Las Navas de Tolosa. Le Royaume de Navarre et la Revolution Française», Revue historique et archéologique du Béarn et du Pays Basque, 1. urtea (1910), 450-451. or.
Le Royaume de Navarre et la Révolution française. La Résistance au Roi. Son abstention à l’Assemblée Nationale, Pau: G. Laschar Montoné, 1911. (RHABPB (1911) aldizkariaz aparteko tirada).
Un émigré bas-navarrais Alexandre de Lafaurie-d’Etchepare, eskuizkribua (galdua).
Bibliografia
AUÑAMENDI EUSKO ENTZIKLOPEDIA (http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/morbieu-de-mendiry-georges-emile-bernard/ar-81845/).
BIDART, F., «Du “présent royaume de Navarre” au “district de Saint-Palais”», Masterreko memoria, Besançon, Université de Franche-Comté, 1. Liburukia (2006).
DESTRÉE, A., La Basse Navarre et ses institutions, de 1620 à la Révolution, Tesia. Pariseko Zuzenbide Fakultatean aurkeztua, 1954.
ETCHEVERRY, M., «Les Basques et l’unification nationale», BSSLAB, (1933), 75-97. or.
GOYHENETCHE, J., «Les Etats de Navarre en 1789 : la crise du Foralisme provincialiste», in ORPUSTAN, J-B. (arg.), 1789 et les Basques, 123-146. or., Bordeaux, Presses Universitaires de Bordeaux, 1991.
GOYHENETCHE, E., L’histoire du Pays Basque, Soule, Labourd, Basse-Navarre, Pau: SNERD, 1979.
GOYHENETCHE, M., Histoire générale du Pays Basque, 3 eta 4. liburukiak, Donostia: Elkarlanean, 2001-2002.
VEYRIN, Ph., Les Basques de Labourd, de Soule et de Basse-Navarre, Paris: Arthaud, 1947.





