Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Nafarroako egileak eta obrak

MONTORO SAGASTI, Jose Joaquin (Iruñea, 1898ko martxoak 29 – Iruñea, 1956ko maiatzak 25).

Karguak eta lanbideak

Abokatua, Zuzenbidearen historialaria, idazlea eta marrazkilaria

Ibilbidea

Montoro Sagastik Jesusen konpainiak Tuteran zuen San Francisco Javier ikastetxean egin zituen batxilergoko ikasketak, eta horrek, zalantzarik gabe, Erriberako hiriarekin elkartu zuen. Legeak ikasi zituen Madrilen, eta 1920ko urrian hasi zen abokatutzan.

Bere lehen argitalpenak oso lotuta egon ziren bere lan profesionalari eta Nafarroako Erriberari. Azterketa juridikoak ziren, osagai sozial eta ekonomikotik salbuetsita ez zeudenak, aztertutako gertakarien izaera eta XX. mendearen lehen herenean Nafarroako hegoaldean izan ziren nekazaritza-arazo handienetako bat zela eta: Errege Bardeako lurren banaketa. Mugalarre horren onura herri, haran eta entitate erabiltzaile kopuru jakin bati zegokion. Era desordenatuan eta hurbilen zeuden herrien onerako birrindu ziren lurrak, ordea; izan ere, baliabide gehien zituzten herri horietako bizilagunek, beren lur goseari erantzuteko, kontrolik gabe edo tokiko agintarien adostasunarekin, bertako lurren gainera abiatu baitziren. Herri batzuk bildu ziren eta Errege Bardea herri erabiltzaileen artean banatzeko eskatzea erabaki zuten.

Montoro Sagastiri memorial bat eskatu zitzaion Tuterako epaitegira eramateko eta 1926an honako izenburupean argitaratu zen memorial hura: Al Juzgado de 1.ª Instancia de Instrucción de Tudela. Demanda solicitando la participación de las Bardenas Reales de Navarra. Urte horretan bertan, Errege Bardeako beste bi obra argitaratu ziren: Recopilación de las Ordenanzas de las Bardenas de Navarra desde las primeras de 1756 hasta las de 1915 eta Compilación de los amojonamientos, apeos y deslindes de las Bardenas de Navarra con los términos de los pueblos limítrofes a las mismas. Tuterako Epaitegiak, 1928ko uztailean, herri banatzaileen aldeko epaia eman zuen, baina horrek ez zuen ekarri banaketa gauzatzea, Iruñeko audientziak epai hori baliogabetu baitzuen 1930eko urtarrilean. Litekeena da Bardeako legeria jakiteak herri batean baino gehiagotan kontratatzea eragitea, beste arazo handi bati erantzun juridiko eta soziala emateko, Errege Bardearen banaketarekin batera arazo soziala osatzen baitzuen: Nafarroako hegoaldeko bazkalekuen arazoa. Bi hamarkadaz gizarte-gatazka larri eta biziak izan ondoren, zuzenketaren auziak gori-gori jarraitzen zuen. Hori dela eta, herri askotan, Primo de Riveraren diktaduraren amaierarekin eta nekazaritzaren arazoa nagusia konpondu gabe, usurpatutako herri-lurrak berreskuratzeko aldarrikapenak areagotu egin zituzten udalek.

1928ko udaberrian sortu zen Faltzesen Sociedad para la Defensa de los Bienes Comunales zelakoa. Plazako taberna batean elkartzen zen, Comunera izenaz ezaguna berau, eta handik atera ziren Udalaren aurrean aurkeztutako eskabideak, herri-lurra defendatzeko eskatuz. Udalak Montoro Sagasti kontratatu zuen Faltzesko jabetza komunal eta pribatuari buruzko azterketa juridiko-historiko-soziala egin zezan. Urriaren hasieran, Sociedad para la Defensa de los Bienes Comunales Montororekin elkartu zen, azterlanaren nondik norakoak zehazteko. Urte aldaketarekin aurkeztu zuen, eta adierazi zuen posible zela 1902tik aurrera herri-lurretan egindako esku sartzeak berreskuratzea, betiere katastroan jabetza pribatu gisa aitortu ez baziren.

Ia aldi berean, Erriberriko Udalak «herri honek bizi duen krisi handiari» erantzuna emateko izendatu zuen Herri-lurren Berreskuratzearen Aldeko Batzordearekin bildu zen Montoro, auzotarren artean banatzeko lurrik ez baitzegoen eta Montoro Sagastiren iritziz «Erdi Aroko jopu» bihurtuta zeuden herritarrak. Batzordeak Montoro izan zuen aholkulari. Honek herri-lurra berreskuratzeko auzibidean atzera egiteko gomendatu zien; eta, Madrilen, Lan Ministerioan eta Acción Social Agraria zelakoan aurkezteko, 800 bizilagunen sinadurek bermatutako memorandum batekin. Helburua zen lurrak lagatzeko formula leheneratzea, «joan den mendearen hasieratik gaur arte Erriberrin izan den auzi ekonomiko-soziala» konpontzeko: bazkalekuen xedea. Haren aginduak Faltzesen eta Erriberrin bete zituzten eta hilabete batzuk geroago, bi argitalpenetan jaso ziren: La propiedad privada y la comunal en la ciudad de Olite (Navarra) eta La propiedad comunal y la privada en la villa de Falces (Navarra).

Montoro Sagasti Navarra astekariaren kolaboratzailea ere izan zen, 1931n argitaratu baitzen. Han, atal bat zuen, eta bertan, une hartako gertaera politiko garrantzitsuenetako batzuk aztertzen zituen, kutsu satirikoz, hala nola bazkalekuen gaia edo Euskal Estatutua, haren alde agertu baitzen. 1931ko udazkenean, Montoro Sagastik, NBBko idazkari eta La Voz de Navarra egunkariaren administratzaile Ramon de Goñik eskatuta, EAJren propagandista gisa parte hartu zuen. Cascanten, Murchanten eta Tuteran udal batzordeak eratzen saiatu zen Montoro. Tuteran bera zen buru. Halaber, Martzillako Euskal Etxearen inaugurazioan eta mitinetan ere parte hartu zuen.

Montoro Sagasti beste alderdi batzuetan ere nabarmendu zen, esaterako, Tuteraren Erdi Aroko eta arraza anitzeko oroimena berreskuratzen, 1950eko hamarkadan ¡Fiestas! aldizkarian argitaratutako artikuluei esker. Marrazteko zaletasuna ere izan zuen, Flores Kaperotxipi margolariaren aitortza lortzerainokoa.

Bien bitartean, Montoro Sagastik bere lanbidean jarraitzen zuen, eta, 1948ko otsailetik aurrera, Juan Santamaría Ansa magistratuak sustatutako Nafarroako Zuzenbide Zibileko Batzorde Konpilatzailean parte hartzen zuen. Hamarkada bat baino gehiago lan egin ondoren, Nafarroako Batzordeak 1959ko urrian jasotako Foruaren aurreproiektua aurkeztuko zuen; 1973an Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa erredaktatzeko oinarri izango zen aurretiazko lanetako bat izan zen.

Obrak

Al Juzgado de 1.ª Instancia de Instrucción de Tudela. Demanda solicitando la participación de las Bardenas Reales de Navarra, Iruñea: Emilio García Enciso inp., liburudenda eta koadernatzeak, 1926.

Recopilación de las ordenanzas de las Bardenas de Navarra, desde las primeras de 1756 a las vigentes de 1915: con un prólogo en el que se consigna la evolución del derecho a las Bardenas, Tutera: Comisión permanente de pueblos particionistas de las Bardenas de Navarra, 1926.

Compilación de los amojonamientos, apeos y deslindes de las Bardenas de Navarra con los términos de los pueblos limítrofes a las mismas, Tutera: Comisión permanente de pueblos particionistas de las Bardenas de Navarra, 1926.

La propiedad privada y la comunal en la ciudad de Olite (Navarra): Estudio histórico- jurídico-social, a petición del M. I. Ayuntamiento de Olite, Iruñea: «La Acción Social» tip. tailerrak, 1929.

La propiedad comunal y la privada en la villa de Falces (Navarra), Estudio Jurídico-Histórico-Social, a petición del M. I. Ayuntamiento de Falces, Iruñea: «La Acción Social» tip. tailerrak, 1929.

Bibliografia

ALLI, J. C., «Las corralizas en Navarra. Historia, naturaleza y régimen», Iura Vasconiae, 1 (2004), 315-364. or.

BIDADOR, J. M., «Obra histórico-literaria de José Joaquín Montoro Sagasti», PV, 264 (2016), 453-458. or.

GASTÓN, J. M., «Sucesos corraliceros y movimiento comunero en Navarra: Olite, 1791- 1931» RIVERA, A.; ORTIZ DE ORRUÑO, J. M.ª; eta UGARTE, J. (editoreak.), Movimientos sociales en la España contemporánea, Madrid: Abada editores, 2008.

—«Empoderamiento comunero y conflicto en el sur de Navarra: Falces, 1800-1936», Estudis d’Història Agrària, 25 (2013), 47-71. or.

MAJUELO, E., eta PASCUAL, Á., Del catolicismo agrario al cooperativismo empresarial. Setenta y cinco años de la Federación de Cooperativas navarras, 1910-1985, Madrid: Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación, 1991.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP