Ibilbidea
Lan honetan, Done Mikel in Excelsis santuari egozten zaizkion zenbait gertakari jainkotiar jasotzen dira, horien artean nabarmenena Petri I.a Iruñeko eta Aragoiko erregearen sendatze miragarria; izan ere, organo genitaletako gaixotasun batek erasanda, Aralarko santutegira erromes joan eta sendatu egin zen.
Liber miraculorum lanak, izaera apokrifo nabarmenez, Garcia Arnaulten istorioa jasotzen du. Goñi leinuko jauna, eta, liburuaren arabera, xi. mendearen bigarren erdialdean Aralarko gaur egungo santutegia eraiki zuen gizona izan zen Garcia Arnault, baita xi–xiii. mendeetan Mikel goiaingeruari eskainitako santutegi horretan gertatu ziren ustezko hainbat mirakuluren egilea ere. Lanean aipatzen diren gertakari berantiarrenak 1229koak dira, eta litekeena da lana handik gutxira idatzia izatea. Adituen irudiko, gorde den dokumentua latinetik erromantzera itzulitakoa da; izan ere, aipatzen den egilea, «Durafort, Martinen semea», litekeena da ez idazlea izatea, lana itzuli zuena baizik.
xiii. eta xiv. mendeetako hainbat dokumentutan aipatzen da xi. mendeaz geroztik ugaritu egin zirela Nafarroako santutegiari loturiko mirariak; hain zuzen, garaitsu horretan berrindartu egin zen Aralarko goiaingeruarekiko gurtza, hango egiturak zaharberritu eta berreraiki ziren, eta santutegia erresumako erromes-leku garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Mirarien liburuan bildutako mirakulu jainkotiarren kontakizunean, santutegiaren eraikuntza aipatzen da; hamargarren pasartean, adibidez, Petri I.a Iruñeko eta Aragoiko erregeak (1094-1104) santutegira eginiko bisitaren berri ematen da. Agi denez, erregeak gaitz mingarria zuen barrabiletan, eta ez medikuek ez Erromara eta Salernora egin zituen erromesaldiek ez zuten sendatu. Azken saialdi etsian, San Migel Excelsis santutegirantz abiatu zen, eta, Aralarko mendigunearen magalera iritsita, zalgurditik jaitsi, bi anekak hareaz bete eta, lepotik zintzilikatuta, penitentzian igo zen elizaren ateraino. Erregea, gau guztia tenpluan otoitzean egiteko prest izan arren, lo geratu zen, eta biharamun goizean, miraria, batere minik gabe esnatu zen:
El rey don Pedro como hubiese gran enfermedat en los cojones, e demandó consejo de los médicos, los quoales como no le podían dar consejo fue a Roma ata los lindares de Sant Pedro e Sant Pablo apostoles demandando remedio de la su enfermedat. Despues fue ha Salerno, car ay moraban muy sabios y entendidos médicos, a los quoales como oviese rebelado la su enfermedat porque era ydo, e alli sin ningun remedio se tornó muy triste a la tierra. Mas como de la su salut asaz fuese cuydadoso, a la yglesia de Sant Miguel muy humildoso quiso yr, el quoal como fuese ya en la rayz del monte, descendió del carro en que cavalgava, e las sus dos huesas implió d’arena, las quoales plenas d’arena, en su cuello portó a la yglesia. El quoal como delante el altar psalmeando toda la noche quisiese pasar, luego se adormeció. E luego que fue espertado llevó la mano a los cojones e conoció he entendió que era sano. E fue luego al abbat de la yglesia e contoli cómo hera sano, e mandó otrosi que tocasen la campana. E los que presentes heran, quoando esto vieron, loaron e glorificaron a Iesu Christo, al quoal es honria e gloria, in secula seculorum. Amen (On Petri erregearen X. Miraria).
Hainbat iturritan dokumentaturik agertzen dira Petri erregeak Iruñeko erresumara eginiko bisitak, baina Liber miraculorum honetan ez beste inon ez dira aipatzen monarkak zeukan gaitza eta San Migel Excelsis elizaraino egin zuen erromesaldia. Beraz, pasarte hori berrets dezaketen bestelako iturrien faltan, eta lanaren izaera fantasiatsua eta apokrifoa aintzat hartuta, irakurleak tentu handiz interpretatu eta erabili behar du aipatutako informazioa. Hala ere, litekeena da pasarteak egiazko oinarria izatea: kontuan izan behar da, herri sinismenak emankortasunaren ahalmena aitortzen ziola Aralarko santutegiari, eta arrazoi horrexegatik erromes-leku izan zela Erdi Arotik duela gutxira arte. Hipotesi baten arabera, gaur egun goiaingeruaren eliza kokatzen den orubean, kristautasunaren aurreko kultu bat izan zen indarrean; beraz, aipatutako herri sinesmen horrek hauspotu egiten du, hein batean, hipotesi hori.
Obrak
Lacarra, J. M. (arg.), «Milagros de San Miguel de Excelsis», in Cuadernos de etnología y de etnografía de Navarra, 1. libk., 3. zk. (1969), 347.-361. or
Bibliografia
Jimeno Aranguren, R., Orígenes del cristianismo en la tierra de los vascones, Iruñea: Pamiela, 2003.
Jimeno Jurío, J. M.ª, San Miguel de Aralar, Navarra. Temas de Cultura Popular bilduma, 78, Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia, 1970. Berrarg. Merindad de Pamplona. II. Altsasu/Alsasua, Aralar, Cendea de Olza, Garaño, Bil. Obras completas de José María Jimeno Jurío, 31. zk., Iruñea: Pamiela, 2011, 152.-189. or.
Laliena, C., Pedro I de Aragón y de Navarra (1094-1104), La Olmeda: Burgos, 2000.
Satrústegui, J. M., «Reminiscencias de culto precristiano en la devoción a San Miguel», in Cuadernos de etnología y de etnografía de Navarra, 2. libk., 6. zk. (1970), 287.-294. or.





