Karguak eta lanbideak
Militar karlista, nazionalista, ingeniaria, asmatzailea, editorea, kazetaria eta idazlea
Ibilbidea
Merladet abizena gaskoia da eta leinua Bigorrako lurraldean harakintza-jardueretan ibili zela ageri da. XVIII. mendean iritsi zen abizena Bilbora, Simon Merladeten bidez, eta 1748an Maria Antonia Arbiderekin ezkondu zen. Haragiaren merkataritzako familia-tradizioarekin jarraitu zuen, eta jarduera hori bere ondorengoek ere jarraitu zuten.
Pedro María Leocadio Merladet Ascuetaren eta Maria Lazgoitia Salazarren semea izan zen, eta 1851ko ekainaren 30ean bataiatu zuten Bilboko San Anton elizan. Hirugarren Karlistadan borrokatu zuen (1872-1876), eta 1873an armada karlistako kapitain izendatu zuten. Iturrigorritik gertu zauritu zuten, eta preso hartu zuten.
1882an, Pablo Pedro Astarloaren La Apología de la lengua vascongada lana berrargitaratu zuen, eta, hizkuntzaren antzinatasunari eta Tubalen garaitik zetorren euskaldunen monoteismoari buruzko mitoen eranskin bat gehitu zion. Ekarpen hori nazionalismoaren eta beste euskal mugimendu erromantiko batzuen oinarria izan zen. 1883an Astarloaren beste lan bat berrargitaratu zuen: Discursos filosóficos sobre la lengua primitiva o gramática y análisis razonado de la euskara o bascuence.
1885. urtean ezagutu zuen Sabino Arana, eta harekin partekatu zituen euskal ideia nazionalistak eta sinesmen katolikoak. 1894. urtean Euskaria para los euskaros idatzi zuen, 1894ko urriaren 12an, Donostiako Lore-jokoetako lehen saria irabazi zuena. Epaimahaiko kideak Santiago Meabe, Aureliano Galarza eta Rikardo Ortiz Artiñano izan ziren. Lan hori bere lan politiko nagusitzat hartzen da, eta funtsezkoa izan zen 1895ean Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) alderdi politikoa sortzeko garaian. 1899-1905 urteetan Bilboko Udalean EAJko zinegotzi izan zen eta 1901-1903 eta 1903-1905 biurtekoetan alkateorde. Urte haietan liskar gogorrak izan zituen sozialistekin eta liberalekin.
Politikaz aparte beste jarduera batzuetan ere ibili zen, hala nola merkataritza arlokoetan. Horrela, 1878. urtean administratzailea zen La Paz beira-fabrikan, eta 1884. urterako aseguru-etxe bat sortua zuen. Ingeniaritza arloan murgilduta ere ibili zen, eta 1891ko apirilaren 1ean bere proiekturik ospetsuena aurkeztu zuen: Areeta eta Portugaleteren arteko zubi birakaria. Alberto Palacio Elissague arkitektoak egin zuen Zubi Esekiaren aurrekariaren aurrean gaude.
1905eko martxoaren 8an hil zen, eta Bilboko Udalbatza osoa buru izan zuen hileta izan zen (zinegotzi sozialistak izan ezik). Garai hartako hainbat pertsona ospetsu bertaratu ziren, hala nola Ramon de la Sota, Pedro Chalbaud edo Gregorio Balparda; baita 2.000 pertsona baino gehiago ere, ez bakarrik sektore katoliko guztietako ordezkariak, baita Langileen Patronatukoak ere. Gasteizko gotzainak ehun eguneko induljentzia eman zuen bere arimaren alde otoitz egiteko. Guzti horrek islatzen du Pedro Maria Merladet Lazgoitiaren nortasuna eta pisua handia zela.
Obrak
Euskaria para los Euskaros, Bilbo: Tip. de José de Astuy, 1895.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J., Barne-muinetako Sabin Arana Goiri Gutunak I (1876-1903), Donostia: Utriusque Vasconiae, 2011.
Merladet, J. F., «Un pionero del nacionalismo vasco. Pedro María de Merladet Lazgoitia (1851-1905). “Euskaria para los euskaros”», Bidebarrieta, 19. zk. (2008), 345-374. or.





