Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

MENJOULET, J. Maximien (Lasseube, Frantzia, 1804 – Ortheze, Bearno, 1882).

Karguak eta lanbideak

Apaiza eta hagiografoa

Ibilbidea

Baionako diozesiko apaiza izan zen, eta haren bikario nagusi izatera iritsi zen. Oloroeko diozesiko historialari gisa ere nabarmendu zen, hari eskainitako hainbat lan idatzi baitzituen, besteak beste, Notice historique et descriptive sur l’église Sainte-Croix d’Oloron… (1856) edo Chronique du Diocèse et du pays d’Oloron (1864, berrargitaratua 2000an). Baionako diozesitik igaro zenean, ordea, ez zuen interesik jarri gotzaingoaren historia orokor bat idazteko, eta kristautasuna zabaldu zuten San Amando eta San Leon santuen historia kontatzea hartu zuen helburu. Lehenengoari 32 orrialdeko liburuxka txiki bat eskaini zion Saint Amand, apôtre des Basques (1864, berrargitaratua 2004an) eta bigarrenari, berriz, Histoire de saint Léon, apôtre de Bayonne (1876), 280 orrialdekoa. Bi ikerlanen ezaugarria da erudizio historiko handia, bi santuen inguruko kontakizun historikoak eta hagiografikoak bildu eta idatzi baitzituen, espiritu kritiko gutxiko kontakizunetan, batik bat San Leonen biografiari dagokionez. San Amando, berriz, predikua euskaldunengana ekarri zuen apostolua izan zen, VII. mendekoa, eta haren oinarrizko lerro biografikoak jaso zituen iturri hagiografikoetatik, esaterako, Martyrologio Tornacensi monasterii Sancti Martinii edo Baudemundoren In vita S. Adamandi lanetan. Nabarmendu zuen, batez ere, Dagoberto erregeak ezarritako erbesteari dagokion zatia. Nonbait, Amandok errieta eman zion erregeari, bere emazte legitimoa errefusatu eta konkubinatoan bizitzeagatik. Erbesteak ekarri zuen sarbide gaitzeko Euskal Herriko lurralde hauetara, eta ebanjelioa predikatu zien hemen bizi zirenei.

Baionako patroi San Leonen bizitza osatzeko, erudizio handiz jaso zuen haren hagiografia, santu legendario horren biografia xehetasunez osatzeko asmoz, haren izaera apokrifoaz behin ere zalantzarik egin gabe. San Amando bezala, Leon ere Euskal Herrira etorri zen euskaldunei predikua ematera, baina honen kasuan, Baionako diozesia sortu zuen santua izan zen bera. Menjouleten arabera, galtzada erromatarrean barna iritsi zen bere bi anaiez lagunduta, eta haien bidearen deskribapen geografiko zehatza egin zuen, zehatz-mehatz adieraziz nondik igaro zuten Aturri ibaia Lapurdiko hiriburura iristean, eta Ekialdeko atetik sartzen saiatu zirela, ondoren San Leonen atea deitu zen atetik, hain zuzen ere. Ezin izan zuten atea zeharkatu, ordea, ber- tako biztanleek itxi egiten baitzuten gauez, piraten beldur zirelako, eta ostatu leku bat bilatu behar izan zuten, muino batean, Baionako hegoaldeko atearen parean. Han eraiki zuen etxola txiki bat, honako hau adieraziz: «hauxe da nire atseden lekua, eta hemen bizi izanen naiz, neronek hautatu dudalako». Menjouletek zehaztasunez kokatu eta deskribatu zuen lekua. Lapurdin eta hego Euskal Herrian egindako ebanjelizazio lanaren ondoren, normandiarrek martirizatu zuten muino hartan berean, IX. mendean, eta «iturri oparo bat sortu zen leku hartan, buru odoleztatua erori zen leku berean», hain zuzen ere. Aingeru batek haren buru ebakia jarri zuen lekuan herriak eraiki behar zion, aurrerago, «hilobi bat eta ondoren kapera bat, baina haren arrastorik ez da han geratu, harrizko gurutze apal isolatu bat ez beste, ‘glazien’ plataforma berdetsuaren gainean». San Leoni buruzko legenden inguruan Menjouletek hasitako ikerlanari jarraipena eman zioten beste hainbat egilek, esaterako Jaurgainek, M.Poydenotek eta Dubarat abadeak.

Obrak

Saint Amand, apôtre des Basques, Auch: F. Foix inpr., 1869. Berred. Nîmes : C. Lacour, 2004.

Histoire de Saint Léon, apôtre de Bayonne: son époque, sa vie, son culte…, Baiona : E. Lasserre, 1876.

Bibliografia

https://data.bnf.fr/fr/10643516/j_-maximien_menjoulet/ (2019ko aben- duaren 30easn kontsultatua).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP