Karguak eta lanbideak
Abokatua, kazetaria, literatoa
Ibilbidea
Ignacio Mendibil izan zuen aita, Dulantziko mediku titularra. Pablo Mendibil Donostian hazi eta Zaragozan legeak ikasi zituen (1804-1807). 1809an, abokatu jardun zuen Donostian eta hiriko auzitegiko fiskala ere izan zen fran- tsesen okupaziopean. Gerra ondoren, Bordelen erbesteratua zen, Manuel Silvela literato frantsestuarekin batera, eta gaztelaniazko eta literatura eskolak ematea izan zuen bizibide. Han, elkarrekin, Biblioteca selecta de literatura española argitaratu zuten.
1820an, Donostiara itzuli, eta Gipuzkoako Ogasun Publikoko fiskal izendatu zuten, El Liberal Guipuzcoano egunkaria zuzendu eta masonerian sartu zen. Hirurteko Liberalaren ondotik, berriz ere erbestera jo zuen, emaztea eta bi alabak herrialdean utzita. Harako hartan, Londresera joan eta Somers Townen bizi izan zen, erbesteratu espainiarrekin batera. Mendibilek obrak itzultzen eta egokitzen jardun zuen, hala nola Resumen histórico de los Esta- dos Unidos mejicanos, eta artikuluak idazten hainbat egunkaritan. Erbestean ondutako literatur kritika-lan zabalaz esan da kutsu klasizistako ariketa politikoa eta aberkoia izan zela, erabat erromantikoa izan gabe.
Londresko Ateneo Espainoleko kidea izan zen 1829az geroztik eta, han bertan, gramatika eskolak eman zituen. Emakume ingeles batekin ezkondu zen bigarrenez, 1830ean. Gero, 1831n, King’s Collegeko espainiera katedra lortu zuen. Handik urtebetera hil zen eta St. Pancras ehortzi zuten.
Hark idatzitako lanetan agertzen diren iruzkin batzuk nabarmenduko ditugu, erbestean zegoela euskal erakunde berezkoei buruz zuen jarreraren erakusgarri. Mendibilen ibilbidea kontuan harturik, sumatzen da diskurtsoa in- guruabar honetara eta hartara egokitu zuela, mendearen lehen hereneko euskal liberalen estrategiarekin bat. Adibidez, El Liberal Guipuzcoano egunkariak ez zien Foruei jaramon handirik egin, konstituzio berria gainetik zegoelako. Erbestean zegoenean, aldiz, eta beste egoera politiko baten barnean, Fo- ruen defentsa handiagoa egin zuen.
Mendibilek, adibidez, Maria Elizabeth Budden andrearen Key to know- ledge lana egokitu zuen, Clave de conocimientos útiles izenburuarekin argitaratuta. Liburu pedagogiko horren barruan gehien interesatzen zaigun aldaketa itzulpenaren azken aldarria da, non esaten baita Gipuzkoa «bere Foruen arabera gobernatua» dagoela, Foruek oparotasuna eta ordena sustatzen dituztela, eta biztanleek harengatik sakrifikatu behar dutela.
Bestalde, prentsako idazkietan, arabarrak zenbaitetan bere sorterriko oroitzapenak ekarri zituen gogora, bertako pribilegioen defentsa eginda. The Foreign review artikuluan, adibidez, Mendibilek Juan Ignacio Iztuetaren Gipuzkoako dantza eta kantuei buruzko liburua aipatu zuen. Aipamenetako batean, zehazki, adierazi zuen, bai probintziako berezko lege eta pribilegioen ondorioz, bai bertako konstituzioaren ondorioz, biztanleak «the most free and happy people in Spain, and perhaps in all Europe» zirela. Horrez gain, Foruek gizartea egonkortzeko duten eginkizuna nabarmendu zuen eta, gainera, «Bascons are now enjoying freedom, while the rest of Spain is sunk in slavery» («Espainiako biztanlerik libreenak eta zoriontsuenak dira, eta, beharbada, Europa osokoak» eta «euskaldunek askatasuna dute; Espainiako gainerakoak, aldiz, esklabotzan hondoratuak daude.).
Obrak
«Gipuzcoaco Dantza Gogoangarrien Condaira», The Foreign review and conti- nental miscellany, 2 (1828), 334-342. orr.
Clave de conocimientos útiles, Londres: Ackermann, 1829.
«Euscaldun anciña anciñuco [sic]», The Foreign review and continental miscellany, 2 (1829), 196-201. orr.





