Karguak eta lanbideak
Idazlea eta politikaria
Ibilbidea
Jatorri ideologiko karlistak zituen Bilboko klase ertain-altuko familia kontserbadore fededun batean jaio zen. Bere aita Santiago Meabe lekeitiarra (Bizkaia) zen, itsasgizonen seme itsasgizona, eta gerora Cuevas de Verako (Almería) meatzeen jabe izandakoa. Ama, aldiz, Prudencia Bilbao bilbotarra, jabe iringileen alaba.
Bizkaiko Institutuan ikasi zuen, Bilboko Laguntzaileen plazan (egun, Unamuno plaza dena). Bertan Luis Araquistain eta Gustavo Maeztu ezagutu zituen. Merkataritza periturako ikasi zuen eta Banco de Bilbao-n lan egin zuen. Garai hartan landa eremuan bizitzea zuen amets, nekazaritzan aritzeko eta Jainkoarengandik gertuago egoteko, hirietako ustelkeriatik urrun. Bere aita konbentzitzen saiatu zen, berak landutako lurretik sortutako fruituekin elikatu eta baserri batean bizi nahi zuela esanez. Hau da, nekazaria izan nahi zuen. Bere aitak kontra egin zionean, itsasgizon izatea erabaki zuen eta urtebetean pilotu izatera iritsi zen. Goleta brigantin batean itsasoratu zen eta Amerika eta Europan barrena ibili zen. Bidaia horietan irakurketa sozialistak ezagutu zituen.
Bizkaira itzulitakoan, langileen eta sozialisten mugimenduekiko interesa piztu zitzaion. Laster utzi zuen militantzia abertzalea eta Partido Socialista Obrero Español (PSOE) alderdiarekin bat egin zuen. 1902an egin zen publiko eta anekdota interesgarri bat dago horrekin loturik, kasualitate hutsez agertu baitzen albiste batean: Bilboko sozialistek urte hartako otsailean Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak hauteskundeetan lortutako emaitzak ospatzeko jaia antolatu zuten eta Indalecio Prietok horren berri eman zuen El Liberalen agertutako albiste labur batean; beste batzuen artean, bertan ziren Tomas Meabe eta Jose Madinabeitia medikua (Tomasen lagun mina).
Orduko hartan biak ziren abertzaletasunaren irudi ezagunak, eta sozialismoarekin bat egin izana benetako astindua izan zen Euzko Alderdi Jeltzalearentzat (EAJ). Bereziki bere liderra zen Sabino Aranarentzat. La Patrian iritzi trukean aritu ziren hainbat artikuluren bitartez, eta horietako batean honakoa idatzi zion Abandokoak: «hondoratu zaituen putzu beldurgarri horretatik zu ateratzeko nire bizitza sakrifikatzea beharrezkoa balitz, atsegin handiz utziko nuke Jainkoaren eskutan. Nire gorputzaren bizia baino, nahiago dudalako zure arima Kristorengan bizi dadin».
Meabe anaien artean, ez zen urrats hori eman zuen lehena izan. Lehendabizi, 1900. urtean, Jose Julian anaia nagusiak euskal sozialismoarekin bat egin zuelako. Bere aldaketa ez zen Tomasena bezain entzutetsua izan, bere izaera ez zelako hain kartsua. Guztiarekin ere, Josek hainbat ekintza aurrera eraman zituen: langileei zuzendutako Ikasketa Zentro bat formalizatu zuen liburutegi eta guzti; langileen bizi kalitatea hobetzeko kooperatiba proiektu bat ere sortu zuen, eta horregatik Asturiasko meatzaritza konpainia batean zuen kargua uztera behartu zuten. 1903an hil zen hogeita sei urte besterik ez zituela. El Socialistak eta La Lucha de Clasesek artikulu bana eskaini zioten hurrenez hurren irailaren 11 eta 12an, bere heriotza aipatu eta sozialismoaren alde lan egiten zuela adierazita.
Tomasen lehen idatzi politikoa La Lucha de Clases argitalpenean agertu zen 1902ko otsailaren 15ean «el carnaval de la vida» izenburupean. «F. M.» siglekin sinatu zuen eta honakoa esan zuen bertan: «Badakizu sozialista egin naizela. Aspaldi zen ideia hori buruan zebilkidala eta lotsa ematen dit harekin zintzoki ea publikoki lehenago bat egin ez izanak». Handik ia hilabete batera, «Réplica» izeneko artikulu baten bitartez otsaileko testu hori Tomasena zela adierazi zuten.
Gizon biziki fededuna izan zen, baina garai hartan aldaketa ideologiko sakona eragin zion fede krisialdi handi bat izan zuen eta antinazionalismotik eta antiklerikalismotik hurbil kokatzera eraman zuen. Izan ere, 1903ko urriaren 4an Bilbon egin zen ekitaldi antiklerikalaren antolatzaileetako bat izan zen. Nolanahi ere zen, horrek ez zuen eragotzi La Lucha de Clasesen argitaratutako bere idatzietako askok erlijiozko erreferentzia argiak izatea, Jesus iraultzaile sozialista bezala agerraraziz.
1903ko irailean argitaratutako alean, Tomas Meabe La lucha de Claseseko zuzendari bezala ageri da bertako mantxetan. Espainiako argitalpen sozialista garrantzitsuenetako baten zuzendari izendatu zuten, eta bere gidaritzapean astekariak nazionalismoarekiko eta botere klerikalarekiko tonu beligeranteagoa hartu zuen.
Oso ezagunak izan ziren La Patria astekari nazionalistarekin izan zituen hika-mika eta etengabeko erreplikak. Garai batean, bertako zuzendari izan zen bere anaia Santiago Meabe, baina bere anaia Jose Julianek edo Tomasek bezala, azkenean sozialismoarekin bat egin zuen. 1899an EAJk Bilboko Udalean izan zituen lehen bost zinegotzietako bat izan zen eta 1904an Tomas anaiarekin ziega partekatu zuen horrek PSOEn sartzeko eskaera egin zuen 1917ko urriaren 28an. Aurrerago Solidaridad de Obreros Vascos sindikatuarekin eta Euzko Abertzale Ekintzarekin (EAE-ANV) kolaboratu zuen arren, 1932an berriro PSOEn sartzea erabaki zuen. 1939ko otsailean Frantzian erbesteratu zen, eta liberazioaren ondoren irakasle bezala jardun zuen bertan. PSOEren Montpellier eta Baionako Sailetako kide izan zen, eta azken horren ordezkari 1948an erbestean egin zen PSOEren III. Kongresuan.
1903ko irailaren 12an sozialismoarentzako oso garrantzitsua izan zen Tomasen artikulu bat argitaratu zen: «Derroteros». Bertan, deia luzatu zien gazte sozialista guztiei, Belgikako Guardia Gazte Sozialisten Federazioa eredu hartuta, Gazte Sozialistak sortu zitzaten. Handik hamabost egun eskasera, gazte erakundearen lehen taldea sortu zen Erandion (Bizkaia). Hala ere, Espainiako Gazte Sozialisten Federazio Nazionalaren sorrerari ez zitzaion onespena eman Bilbon antolatutako I. Kongresura arte (1906ko apirilaren 14tik 16ra). Euskal probintziak izan ziren 1903 eta 1917 artean Gazte Sozialisten eraikuntza eta zabaltze fase horretan garrantzia handiena izan zutenak, batez ere Bizkaiak eta Gipuzkoak. Izan ere, I. Kongresu horretan bildutako 1.109 militanteek osatutako 20 taldeetatik 12 Euskal Herrikoak ziren (10 bizkaitarrak eta 2 gipuzkoarrak). Hau da, Espainia osoko gazte taldeen % 60 Euskal Herrikoak ziren.
Argia izan zen Tomas Meaberen jardun proselitista euskal sozialistak erakunde berri horren aitzindariak izan zitezen. La Lucha de Clases hedabidearen zuzendaritza baliatuz, bere ideiak zabaldu zituen, oinarrizko lau alderdi ardatz harturik: klase borroka eta sistemaren errealitatearen aurkakoa; nazionalismo burgesaren aurka, borroka sozialista internazionala etengabe bilatzea; antiklerikalismoa, baina ez antierlijiotasuna; eta azkenik, baina berdin garrantzitsua, hierarkia eta erakunde militarrak gogor kritikatzera eramaten zuen neurrigabeko antimilitarismoa. Lau ardatz horietatik abiatuta, beste ildo batzuk ere landu zituen, hezkuntzatik hasi eta osasungintzara, etxebizitza edo feminismoan zehar. Adar guzti horiek zuhaitz bakarra osatzen zuten, denak baitzeuden era batera edo bestera elkar loturik.
Bere hizketa molde zorrotzak hainbatetan eraman zuen espetxera astekari sozialistako kide zenean. Zuzendaritzan egin zuen lehen aroak bederatzi hilabete iraun zituen eta orduko hartan bi aldiz egon zen kartzelan (1904ko urtarrilean eta martxoan). 13 prozesu zibil eta bi militar izan zituen, eta hirugarren aldiz espetxeratua izateko arriskua hauteman zuenean, Frantziara ihes egin zuen. Garai hartan, astekari sozialistak 30 eta 40 salaketa artean jaso zituen. 1904ko erdialdera erbestera alde egiteko beharrean ikusi zuen bere burua, zortzi urteko espetxe zigorra ezarri baitzioten, baina 1905ean itzuli zen, indultua jaso ostean. Itzuli eta gutxira, Errusiako Iraultzak eztanda egin zuenean, mugimendu horri babesa adierazteko ekimenetan aktiboki parte hartu zuen. Otsailaren 9an, kontsulatu errusiarrak Bilbon zuen egoitzaren aurrean San Petersburgoko langileen erailketa salatzeko protesta formala aurkeztu zuen Batzorde sozialistako kideetako bat izan zen.
Bertan parte hartzeagatik espetxera eraman zuten berriro, eta, agian, horrek azkartu egin zuen La Lucha de Clases hedabideko zuzendaritza Isidoro Acevedoren esku geratzea, urte hartako uztailean gertatu baitzen. Gauzak horrela, Eibarrera joan zen denbora tarte labur batez, Adelante astekari sozialista zuzentzera. Gipuzkoako herri horretan egin zuen egonaldia ez zen askoz lasaiagoa izan, astekari eibartarrean argitaratutako bere idatziengatik bi isun jasoak baitzituen 1905. urtea bukatu baino lehen.
1904ko garai horretan uztartu zituen Tomasek bere jardun politikoa eta masonikoa. Bilboko Emulación logiako kide zen, Gran Oriente Español-en baitakoa. Erabili ohi zuen izen sinbolikoa «Cosmopolita» zen. Denbora laburra egin zuen masoien artean, baina nahikoa izan zen frankismoaren lehen urteetan Masoneriaren eta Komunismoaren Errepresiorako Epaitegiak espediente bat irekitzeko. 1943an egindako epaiketa baino hilabete batzuk lehenago, bera bilatu eta atzemateko agindua eman zuten, eta hilda zegoen arren, «Estatuko, Korporazio publiko edo ofizialetako, Entitate subentzionatuetako, emakidadun Enpresetako, enpresa pribatuetako Gerentzia edo Administrazio Kontseiluetako, edota horietako edozein konfiantza, aginte edo zuzendaritza kargu hartzeko inhabilitatu» zuten, bilatu, atzeman eta espetxeratzeko agindua ematearekin batera.
Hortik aurrera bere bizitza oso gorabeheratsua izan zen. 1907ko maiatzera arte Biarritz eta Hendaia artean bizi izan zen. 1908ko otsailean Parisera joan zen bizitzera, eta handik urtebetera, bere aitaren heriotza zela eta, ehorzketarako itzuli zen. Parisen egindako garai horretan Platon itzuli zuen Frantziako argitaletxe batentzat. Horren ondoren Euskal Herri frantsesera aldatu zen, Donibane Garazira hain zuzen ere, eta Gustavo de Maezturen etxean izan zen. Bertan bolada bat egin ondoren, Parisera itzultzea erabaki zuen, 1910eko martxora arte, eta handik Londresera. Argiaren hirian egon zen bitartean, ozta-ozta bizi zitekeen prentsan egindako kolaborazioetatik eta Horazio, Petronio, Platon, Walter Scott eta Charles Dickensen itzulpenetatik.
Garai hartako euskal margolariak ezagutu zituen eta haiekin harremanetan izan zen (Arteta, Arrue, etab.). Hainbatek erretratuak egin zizkioten; batzuk gaur egun arte gorde dira eta beste batzuk galduta daude. Idazle bikaina, zezenketen aurkako militantea, kalitate literario eta gizatiar handiko lanak utzi zituen. Euskal idazle onenetakoa dela esan izan da, Unamuno eta Baroja gainditzeko adinakoa.
Londresen emandako garaian, 1912 eta 1914 artean, Luis Araquistainekin lanean aritu zen Hispania argitaletxearentzat Entziklopedia Britaniarraren gaztelerazko edizioa prestatzen. Giro horretan ideia bat bururatu zitzaion: «Caudal». Egungo Cervantes Institutuaren antzeko proiektu filologiko bat zen. Ez zuen bere proiektua gauzatzen ikusi, baina Araquistaini eta Jose Ortega y Gasseti aipatu zien. Orduantxe azaldu zitzaion tuberkulosia.
1912an askotan izan zen Espainian eta horietako aldi batean ezkondu zen Julia Iruretagoyenarekin, Irungo alkate errepublikanoaren alaba zenarekin. Harekin seme bat izan zuen, Leon «Leontxu», baina urte batzuen buruan Madrilen hil zen, Espainiako guda zibilean gertatutako bonbardaketa batean.
Tuberkulosiak aurrera egiten zuen bere gorputzean, eta orduan ez zuela erbestean hil nahi erabaki zuen Tomasek. Bilbora itzultzea izan zuen nahiago, baina Irunen, Miranda Ebron, Fuencalienten, Escorialen (bertan, bere gaixotasunagatik, ez zuten ostatu bakar batean ere onartu) eta, azkenik, Madrilen ere izan zen. Bertan bizi zen Juliarekin eta haien semearekin, baliabide eskasekin eta bere lagunen laguntzari esker (Madinabeitia, Maeztu, Alberto Arrue), margolariek emandako margolanak salduz lortutako diruarekin. Laguntza horri esker, udan etxebizitza hobe batera aldatu ahal izan ziren, baina hala eta guztiz ere, Meabe handik gutxira hil zen, 1915eko azaroaren 4an.
Obrak
Obras, Bilbo: Ed. Meabe, 1920.
Parábolas, Madrid: Federación de Juventudes Socialistas, 1925.
Fábulas del Errabundo, Madrid: Ed. Leviatán, 1935.
Apuntes de un moribundo, México: Federación de Juventudes Socialistas (Sección de México), 1963.
Fabulas del Errabundo (berrarg.), Mexiko: México: Ed. Pablo Iglesias, 1967.
14 fábulas, Bilbo: Kriselu-2, 1968.
Fábulas del Errabundo (berrarg.), Bilbo: Zero, 1975.
Tomás Meabe: Una conversación y otras páginas, Bilbo: Juventudes Socialistas de Euskadi, 1990.
Fábulas del Errabundo y otros escritos, Bilbo: Ed. Laga, 1995.
Parábolas (berrarg.), Madrid: PSOE, 1998.
Bibliografia
ÁLVAREZ EREÑO, J., Tomás Meabe: escritos políticos, Gasteiz: Ikusager, 2014.
ARBELOA, V. m., «Tomás Meabe, el fundador de las juventudes socialistas», Tiempo de Historia, 20, 1976ko uztaila.
BASTERRA, R. de, El inquilino de Bilbao y elegía a la muerte del poeta Tomás Meabe, Bilbo: Gráficas Ellacuría, 1967.
CALLES, J. M., La palabra en la piedra, Castellón: Ellago Ediciones, 2007.
GONZÁLEZ DE DURANA, J., Tomás Meabe: una puñalada luminosa en la sombra, Bilbo: Ed. Muelle de Uribitarte, 2011.
GONZÁLEZ QUINTANA, A., «La primera organización de jóvenes proletarios españoles: las juventudes socialistas de españa o el fracaso de una alternativa juvenil de clase (1903-1921)», Studia histórica. Historia contemporánea, 5 (1987), 21-46. or.
GONZÁLEZ QUINTANA, A., eta MARTÍN NÁJERA, A., Apuntes para la Historia de las Juventudes Socialistas de España, Madrid: Fundación Pablo Iglesias, 1983.
MIRALLES, R., El socialismo vasco en tiempos de Tomás Meabe, Bilbo: Sociedad el Sitio, 1991.
ZENBAITEN ARTEAN, Juventudes Socialistas, 100 años protagonistas del cambio, Madrid: Fundación Tomás Meabe y Pablo Iglesias, 2006.
— Tomás Meabe: fundador de las Juventudes Socialistas, Madrid: Fundación Pablo Iglesias , 2015.
ZUGAZAGAOITIA, J., Una vida humilde: Tomás Meabe, Bilbo: Juventudes Socialistas, 1928





