Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

MAZURE, Adolphe (Paul-Adolphe Mazure) (1799ko maiatzaren 26a – 1870).

Karguak eta lanbideak

Historialaria eta filosofoa

Ibilbidea

François-Antoine Joan Mazure historialari eta pedagogoaren seme zen Adolphe, eta bera ere historialaria izan zen, lanbidez Filosofia irakaslea izan bazen ere, Poitiersko Errege Ikastetxean, eta Akademiako ikuskatzailea. Gainera, Société des antiquaires de l’ouest et de celle de Normandie erakundeko kide ere izan zen. Artearen Filosofiari buruzko obra zabala idatzi zuen, haien artean aipagarria Histoire et philosophie des arts du dessin (Hachettek berrargitaratua 2012an). Eta arretaz begiratu zien, orobat, Bearnoko eta Euskal Herri kontinentaleko historiari, arteari eta arkeologiari, bi monografia sintetiko eta deskriptibo idatzi baitzituen, originaltasun gutxikoak, biak ala biak. Paueko errege plazan Enrike IV.aren omenez eraikitako estatuaren inaugurazioaren kronika ere idatzi zuen.

Histoire du Béarn et du Pays Basque. Faits, législations, diocéses, races, monuments de archéologie et d’art, idiomes, poésie nationale, etc (Paue, 1839) la- nean bere ikerketa zentratu zuen Pirinio Behereak Departamentua osatzen zuten lurralde historikoetan, arreta handiagoa jarriz Bearnon. Lurralde horien multzoari nolabaiteko batasuna eman zion, zortzi mendetako ibilbide historikoan, Frantziako eta Ingalaterrako errege-erreginen aurrean mantendu zituzten iraunkortasuna eta independentzia azpimarratuz, eta orobat, hango herritarrek beren jaunen aldean mantentzen zuten askatasuna ere. Herri horien antzinakoak eta Erdi Aroko jatorriak abiapuntu hartuta, Bearnoko bizkondeen garrantzia nabarmendu zuen, zaldun handiak baitziren, indartsuak batailan eta legegile eskuzabalak. Haien historia oparoak esanarazi zion «Fran- tzian probintzia gutxi dira, haien historia halako maitasun biziz ikastea merezi dutenak», eta sentimendu hori ez da desagertzen Bearnoren historia frantsesa bihurtzen denean. Haren iritziz Paue da «munduan den hiririk ederrena» «eta bere babesean gordetzen duen Gaztelua Frantzian den Gaztelurik nobleenaren da, izan ere, haren sorburua denik eta maitatuena da herriaren gogoan».

Bigarren plano batean kokatzen ditu «euskal herriak», Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko barrutiez osatuak. Hiruren artean nabarmentzen du Nafarroa Beherearen historia, iraganean erresuma izan izanak markatua. Eta Lapurdiko kasuan, Baiona hiriburuaren garrantzia azpimarratu zuen, «harroa Euskal Herriko lurraldeen artean zuen handitasunagatik» eta «mundu osoan ospetsua», historia aberats baten jabe, iragan ingelesak markatua, eta lortu zuelako kanpoko itsas merkataritzan zuen nagusitasunari eustea, eta horrek ekarri ziolako oparotasun handia historian barna.

Aurretik idatzi zuen liburuaren osagarri, Nafarroako erresuma eta haren dinastien historia sakon aztertu zituen, Pauen 1841ean argitaratutako Histoire du Royaume de Navarre, sous les Princes des Maisons de Foix, Béarn et Albret… lanean.

Obrak

Histoire du Béarn et du Pays Basque. Faits, législations, diocèses, races, monumens de archéologie et d’art, idiomes, poésie nationale. Notice sur le trésor des chartes aux archives de Pau, Paue: E. Vignancour-en inpr., 1839.

Le Béarn à Henri IV: à l’occasion de l’inauguration de la statue d’Henri IV, sur la place royale de Pau, Paue : E. Vignancour, 1843.

Histoire du Royaume de Navarre, sous les Princes des Maisons de Foix, Béarn et Albret , Paue, 1841.

Bibliografia

BABELIO. ADOLPHE MAZURE. https://www.babelio.com/livres/Mazure-Histoire-et-Philosophie-des-Arts-du-Dessin/1121082 (2019ko abenduaren 20an kontsultatua).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP