Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

MAYER, Ernst (Algertshausen, Alemania, 1862ko urtarrilak 22 – Würzburg, Alemania, 1932ko abuztuak 16).

Karguak eta lanbideak

 Zuzenbidearen historialaria, unibertsitateko errektorea, epailea eta politikaria

Ibilbidea

Ernst Mayer, zuzenbidearen historialari ospetsua, Bavariako Algertshausen herrian jaio zen 1862an. Haren aitona Municheko Politeknikoko eskultore eta irakasle ezaguna izan zen, eta aita, berriz, Ernst Johann Mayer, errotaria eta ale-merkataria, lehendabizi, eta epailea, gero. Bigarren mailako ikasketak egiten jarraitu zuen Municheko Maximiliansgymnasium-ean, bai eta Zuzenbideko ikasketak ere Ludwig Maximilian Unibertsitate ospetsuan. Unibertsitate horretan, «Bavierako erregearen eliza-subiranotasuna» gaiari buruzko lan batekin doktoratu zen. 1886an, Würzburgeko Julius-Maximilian Unibertsitatean sartzeko gonbidapena jaso zuen. Hiri horretan, Meno ibaiaren ertzean, Mayer-ek bizitza osoa igaro zuen, entzungor eginez beste unibertsitate ospetsu batzuen gonbidapenei. Würzburgen errektorea izan zen, eta gero Oberlandesgericht edo Justiziako Eskualde Auzitegi Nagusiko epaile. Zientzia eta Artearen Bavariako Maximilianoren Ordenarekin saritu zuten. Zientzia-akademia batzuetako kide ere izan zen (Göttingen, Padua, Oslo eta Venezia), bai eta Erromako Accademia Nazionale dei Lincei-ko kidea ere.

Weimarreko Errepublikan, Mayer Bavariako Alderdi Popularraren sorreran lagundu zuen (Bayerischen Volkspartei), ideologiaz zentro-eskuinekoa, eta naziek boterea eskuratu zutenean, legez kanpo utzi eta desagertu egin zen. Ezkonduta eta lau seme-alabarekin, saiamenez aritu zen beti ikerketan. Hil baino pixka bat lehenago, Würzburg hirian bertan eta 1932an, liburu-omenaldi bat agertu zen (Festschrift Ernst Mayer), bere lankide eta ikasleek umotua, besteak beste Eugen Wolhaupter hispanista, Raimundo Lulio filosofo eta teologo katalanari buruzko lan batean parte hartu zuena.

Franz Beyerlek, bere lankideetako batek, azpimarratu zuenez, askotariko kezkei eta hizkuntzen ezagutzari esker, Europaren historia juridikoari buruzko interesa agertu zuen, bi zentzutan: kronologikoa, jatorrizko historia greziarretik garaikidera, eta geografikoa, Eskandinaviatik Gibraltarrera. Hizkuntza desberdinetako iturriak erabili zituen: hizkuntza klasikoak, Europa iparraldeko hizkuntza modernoak eta hegoaldeko hizkuntzak (frantsesa, italiera, portugesa eta espainiera). Bada, ikuspegi zabaleko ikertzailea izan zen, baina zabaltasun horrek berak eta originaltasunerako eta tesi berriak formulatzeko zuen joerak, erantzunak eta aurkako kritikak ekarri zizkion.

Haren lan zientifikoen artean, Alemaniako, Frantziako, Italiako, Espainiako eta Portugalgo konstituzioen historiari buruzkoak (Verfassunsgeschichte) nabarmentzen dira, bai eta beste arlo batzuetakoak ere, hala nola zinpekoen epaimahai bidezko epaiketak eta Inkisizioa. Lan horietako asko Alemaniako zuzenbidearen historiako eta zuzenbide konparatuko bi aldizkari juridiko handitan argitaratu edo aipatu ziren: Zeitschrift der Savigny Stiftung für Rechtsgeschichte, haren Germanistische Abteilung seriean (aurrerantzean, ZSR, GA), eta Zeitschrift für vergleichende Rechtswissenschaft (ZVR).

Espainiari, eta, zehatzago, Nafarroari eta Euskal Probintziei buruzko arretari dagokionez, esan genezake bi liburu garrantzitsu utzi dizkigula, eta irismen txikiagoko beste bi artikulu, bere lanen osotasunean tarteka aipamen bakanak egin bazituen ere. Lanik anbiziotsuena, zalantzarik gabe, Historia de las instituciones sociales y políticas de España y Portugal durante los siglos V a XIV du, Anuario de Historia del Derecho español urtekariak (aurrerantzean, AHDE) argitaratua Bartzelonan, bi liburukitan: lehenengoa, Galo Sanchezek itzulia, 1925ean agertu zen, eta bigarrena, berriz, Ramon Carandek itzulia, 1926an. Gaztelako eta Aragoiko koroetako lurraldeen gaineko arreta lehenetsi bazuen ere, Mayerrek Nafarroari buruzko hainbat erreferentzia egin zituen: haren egitura soziala, erregearen mendeko bilauen eta oinetxeko bilauen arteko bereizketa, frankoen hiribilduetako parte-hartzea, edo toki-administrazioko funtzionarioak. Gainera, Arabako zergak edo Bizkaiko jaunaren kargu-hartzea landu zituen. Halaber, bigarren liburua, El antiguo derecho de obligaciones español según sus características fundamentales, Zuzenbide Fakultateak 1926an Bartzelonan argitaratua, benetan beste irakasle ospetsu batek, Jose Maria Ots Capdequik, egindako itzulpena da, Mayerrek ZVRn 1920-1921ean ezagutzera eman zuen azterlan zabal honexena: Das altspanische Obligationenrecht in seinen Grundzügen. Abiaburutzat hartuz Espainiako obligazioen eskubidea zuzenbide germanikoaren antzinako forma bat dela dioen tesi nagusia, Nafarroako Erdi Aroko zuzenbideari ere heldu zion, hainbat gairen inguruan: ezkontza eta fidatzaileak, Lizarrako Foruko zordunaren giltzapetzea, eta abar.

Aipatu ditudan bi artikuluetan, Mayerrek joera polemiko berezia utzi zuen agerian. Lehendabizikoan eta laburrenean, Dopsch y el Capitulare de Villis, AHDEren lehen liburukian argitaratua 1924an, Austriako historialari ospetsuari aurre egin zion, Capitulare de Villis horren harira, agian Goi Erdi Aroko historia ekonomikoaren dokumenturik garrantzitsuena. Dopschen irudiko, ez zuen Karlomagno frankoen erregeak eman, Akitaniako errege Ludoviko semeak baizik. Hala, testua Frantziako hegoaldeko lurralde bisigodoetan izango luke jatorria eta, beraz, bat egingo luke espainiar zuzenbide bisigodoarekin. Mayerrek, aldiz, besteak beste testu horretako 70. kapitulu bitxia aztertu zuen eta, kapitulu horretan, errege-domeinuetan landu beharreko landareak eta zuhaitzak deskribatzen dira. Bada, zientzia botanikoari buruzko eztabaidan, Mayerrek iparraldeko lurretan kokatzen du testua. Dopschek hurrengo urtean heldu zion gaiari berriz, Anuario berean (II, 1925, 27-48).

Bigarren artikuluan, «El origen de los fueros de Sobrarbe y las Cortes de Huarte» (AHDE, III-1926, 156-167), beste polemika batean murgildu zen, oraingoan Ramos Loscertales espainiarrarekin. «Studien zur spanischen Rechtsgeschichte. Der fuero de Sobrarbe» izenburuko artikuluan, ZSR GAn argitaratua (XL, 236-272), Mayer saiatu zen frogatzen Nafarroako Foru Orokorra eta Tuterakoa, Viguera-Funes, Lizarra eta Donostiakoa funts komun beretik edaten zutela, eta horixe Sobrarbeko Forua zela, bere alde alegatuz 1090. urteko Uharteko Gorteen testigantza bat, zehazki. 1924an, Ramosek artikulu hori iruzkindu eta kritikatu zuen (AHDE, I, 448-451) eta, aldi berean, Mayerrek bi urte geroago erantzun zion Ramosi, bere ikuspegi nagusiak errepikatuz eta hemen jaso ezin diren zehaztapen tekniko batzuk eginez. Amaitzeko, baliatu zuen dokumenturen bat faltsua zela aurpegiratu ziotenez, gogoratzekoa da Europako herrialde batzuetan «kosta ahala kosta faltsukeriak deskubritzeko mania» salatu zuela, eta honako desio hau adierazi zuen: «Nahiko nuke Espainiako lankideak hartatik erabat libre sentitzea».

Obrak

Die Kirchen Hoheitsrechte des Königs von Bayern. Einer Hohen Juristicher Fakultät der Universität München als Inaugural-Dissertation, München: Univ., Diss., 1884 (London: Forgotten Books, 2018, 320 or.).

Zur Entstehung der Lex Ribuariorum, 1886 (Let me print, 2012).

Deutsche und französische Verfassungsgeschichte vom 9. bis zum 14. Jahrhundert, 1899 (Aalen: Scientia Verlag, 1968, 2 libk., Nabu Press, 2011).

Studien zur spanischen Rechtsgeschichte. Der Fuero de Sobrarbe, Zeitschrift der Savigny-Stiftung für Rechtsgeschichte. Germanistische Abteilung (ZSR GA), XL (1906), 236-272. or.

Italienische Verfassungsgeschichte von der Gothenzeit bis zur Zunftherrschaft, Leipzig: A. Deichert’sche Verlagsbuchhandlung Nachf, 1909 (Aalen: Scientia Verlag, 1968).

Bemerkungen zur frühmittelalterlichen insbesondere italienischen Verfassungsgeschichte, 1912 (London: Forgotten Books, 2019).

Die Entkleidung im germanischen Rechte, 1913.

Geschworengericht und Inquisitionsprozess: Ihr Ursprung dargelecht, München-Leipzig: Duncker und Humblot, 1916 (Berlin: Duncker & Humblot, 2013).

«Dopsch y el Capitulare de Villis», AHDE, 1 (1924), 86-92. or.

Historia de las instituciones sociales y políticas de España y Portugal durante los siglos V a XIV. AHDE-en argitalpenak, 1926 (Iruñea: Ed. Analecta, 2006, 2 libk., 624 or.).

El antiguo derecho de obligaciones español según sus rasgos fundamentales, Barcelona: Facultad de Derecho, 1926. 

«El origen de los fueros de Sobrarbe y las Cortes de Huarte», AHDE, 3 (1926), 156-167. or.


Bibliografia

ALVARADO PLANAS, J., El problema del germanismo en el Derecho español, Madrid: Marcial Pons, 1997.

BEYERLE, F., «Ernst Mayer (22. Januar 1862-16 August 1932.)», ZSR GA, 53, XXXXVIII. or.

CALASSO, F., Medio Evo del Diritto, Milano: Giuffrè, 1954.

MEREA, P., Estudos de direito privado visigótico, Madrid: Instituto Nacional de Estudios Jurídicos, 1945.

X. X., «Ernesto Mayer», AHDE, X (1933), 539-541. or.

ZENBAITEN ARTEAN, Festschrift Ernst Mayer (Würzburg) zum 70 Geburtstage, Weimar: H. Böhlaus Nachfolger, 1932.

— «Ernst Mayer», Würzburgwiki. Online bitartekoa, hemen eskueran: https://wuerzburgwiki.de/wiki/Ernst_Mayer.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP