Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA BISIGODOAK

MAXIMO ZARAGOZAKOA(VI. mendea-619).

Karguak eta lanbideak

Zaragozako apezpikua eta bertsotan eta prosan idatzitako zenbait lanen egile

Ibilbidea

Gutxi dakigu Maximo Zaragozakoari buruz. Caesaraugustako apezpiku izan zen Sinplizio apezpikuaren ondoren, 592tik 619ra, eta urte horretan hil zela uste da. Zaragozako (592), Bartzelonako (599) eta Egarako (599) kontzilio eklesiastikoetara joan zen, eta, 610. urtean, Gundemaro errege bisigodoak Toledoren izaera metropolitanoari buruz emandako dekretua sinatu zuen. Isidoro Sevillakoak Maximoren biografia laburra idatzi zuen De Viris Illustribus obran. Biografia horretan, Isidorok dio Maximok zenbait obra idatzi zituela, bertsotan zein prosan, baina godoen garaiari buruzko historiola bat soilik aipatzen du, gaur egun galduta dagoena. Batzuek historiola hori egile ezezaguneko Cronica Caesaraugustana obratik iritsi zaizkigun zatiekin identifikatu nahi izan dute —zati horiek, hain zuzen ere, Viktor Tunnunakoaren kronika osatzeko gerora gehitutako orri-bazterreko oharretan gorde dira—. Hala ere, Isidorok berak, Etimologiak lanean, azaltzen du historiola terminoak ez duela kronika-izaerako lanik adierazten (Etym. 5.28), eta, azalpen hori argudiotzat har daiteke Maximo kronika horren egile izan zelako ideia baztertzeko.

Nolanahi ere, dirudienez, kronika Zaragozan idatzi zen vi. mendean, eta guri interesatzen zaigun pasartea frankoek 541. urtean Tarraconensis probintzian egindako erasoaldia da, hor Pampelona hiria aipatzen baita:

ad. Ann. 541:Hoc anno francorum reges numero V per Pampelonam Hispanias ingressi Caesaraugustam venerunt, qua obsessa per quadraginta novem dies omnem fere Tarraconensem provinciam depopulatione triverunt.

541. urtea: urte horretan, frankoen bost errege Hispanian sartu ziren, Iruñetik, eta Zaragozaraino iritsi ziren. Hiri hori berrogeita bederatzi egun setiatu ondoren, Tarraconensis probintzia osoa suntsitu zuten.

Izan ere, erasoaldian ez zuten bost erregek parte hartu, baizik eta bik: Txildeberto I.ak eta Klotario I.ak. xvi. mendearen amaieran, Toledoko jesulagun Jeronimo Roldan de la Higuerak, beste dokumentu batzuen artean, Maximo Zaragozakoaren ustezko kronikaren kopia bat bidali zion Juan Bautista Perez bere korrespontsalari. Korrespontsala, ordea, kopia hori faltsifikazio bat zela ohartu zen, eta de la Higuerak Perez hil arte itxaron zuen, ustezko kronika hura zabaltzeko. Arrakasta handia izan zuenez, jesulagunak bigarren bertsioa ere idatzi zuen, lehenbizikoa luzatuta.

Obrak

Cardelle de Hartmann, C. (arg.): Victoris Tunnunensis Chronicon cum reliquis ex consularibus Caesaraugustanus et Iohannis Biclarensis Chronicon, commentaria historica ad Consularia Caesaraugustana et ad Iohannis Biclarensis Chronicon edidit Roger Collins Corpus Christianorum, Series latina 173.a, Turnhout: Brepols, 2001.

Bibliografia

Codoñer, C.: El «De Viris Illustribus» de Isidoro de Sevilla. Estudio y edición crítica, Salamanca: Consejo Superior de Investigaciones Científicas Instituto «Antonio de Nebrija», 1964.

Collins, R.: Los vascos, Madrid: Alianza, 1989.

Lanz, J.: Dinámicas de enfrentamiento, colaboración y resolución de conflictos en el entorno circumpirenaico occidental (siglos ii a. C.-viii d. C.), doktorego-tesia, Gasteiz: UPV/EHU, 2017.

Thompson, E. A.: Los godos en España¸ Madrid: Alianza, 1985.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Máximo Zaragozakoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 116-117.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP