Karguak eta lanbideak
Abokatua
Ibilbidea
Gutxi da Juan Martinez de Olanori buruz dakiguna, ezagunagoa baita bere lanagatik, arbuioa eragin zuelako jurista nafar gehienengan, garai haietako batzuek «nafar txarra» izena emateraino.
Lizarrakoa zen sortzez, eta legeak ikasi zituen Toulouseko Unibertsitatean. Nafarroako auzitegietan abokatu aritu zen. Iruñeko prokuradorea izan zen 1569an bildutako Nafarroako Gorteetan, eta azkenean Madrilen abokatu lanbidean lekutu zen behin betiko.
Nafarroako Errege Artxibo Orokorreko Prozesuen sekzioan jasoa dago Nafarroako Errege Auzitegietako abokatua zela, eta 1566an prozesu bat izan zuela, Nafarroako Gorte Nagusian, Juan Aguilarren alargun Maria Laguardiaren eta haren alaba eta Fausto Trebiñoren emazte Maria Aguilarren aurka; Lizarrako bizilagunak ziren eta auzia haien aiton-amonek, Gonzalo Bakedanok eta Gracia Garrizek, utzitako legatuko orube baten itzulketari buruzkoa zen.
Iruñean 1569an bildutako Nafarroako Gorteen Aktetan jasotzen da lizentziaduna eta prokuradorea zela han Iruñetik, Velenguer de Aoyz harreragilearekin eta Gongora lizentziadunarekin batera. Hiru ordezkari horiek Gorteetatik kanpora egotzi zituzten Hiru Estatuek, eta 1569ko abuztuaren 13an egindako batzarrean, Sueskun lizentziaduna, Gorte Nagusiko alkatea, sartu zen, erregeordearen eta Errege Kontseiluaren aginduz, Iruñeko hiru ordezkariak batzarretik kanporatuta egindako iraina zuritzeko asmoz. Haren agindua zen hiru ordezkariak berriz beren eserlekuetan ezartzea; haietako bi itzuli ziren, Velenguer de Aoyz eta Gongora lizentziadunak, baina ez Olano lizentziaduna, kanpoan baitzegoen, Gortean. Iruñeko ordezkari gisa zegoen Madrilen, eta Iruñean egonaldi labur bat egin ondoren, behin betiko Madrilen lekutu zen.
1569an Martínez de Olanok Pedro Veriori lagundu zion, Nafarroako Gorteen aginduz, erresumaren berrogei eskabide biltzen zituen memorial bat berriz osatzen, eta harekin joan zen, Ganbera Kontseiluari haren berri ematera.
1573an, Foru Laburtua Gortera bidali zenean erregeak onar zezan, Olanok forua biltzen zuen izkribua aurkitu zuen, Nafarroako Errege Kontseiluko kide batek egindako memorialarekin batera, non adierazten zen zer kendu edo aldatu behar zen. Sigüenzako kardinalaren liburutegia enkante publikora atera zenean gertatu zen, hura hil zenean. Filipe II.ak kardinalari igorri zizkion foruaren testua eta memoriala, haren iritzia eskatuz. Olanok, gaia erregearentzat nahiz Nafarroarentzat garrantzitsua zela ikusirik, testua egiaztatu zuen eta berriz ere erregeari bidali zion, 1573ko maiatzaren 10ean, berak prestatutako beste memorial batekin, non azaltzen zuen komenigarria zela testua onartzea, kontseilari nafarraren memorialak jasotzen zituen puntuekiko adostasun eta desadostasunak ere agertuz, eta baieztatzen zuen foru, lege eta ohituren faltan, Nafarroan Gaztelako legeak bete behar zirela. Ideia hori bera berretsi zuen bere garaiko nafar gehienen arbuioa eragin zuen tratatuan.
Obra eztabaidatu haren izenburua zen: Concordia et noua reductio antinomiarum iuris comunis, ac regii Hispaniarum: in qua verae horum iurum differentiae, & quam plurium legum regiarum, communiumque intellectus, & recepta praxis causarum forensium explicantur cui additae sunt differentiae inter ius Regium et regni Navarrae et Epilogus Septem Partitarum.
Erregeak baimena eman zuen obra inprimatzeko. Antonio de Erassok Madrilen, 1574ko irailaren 18an, sinatu zuen lizentziaren arabera, Juan Martinez de Olano lizentziadun eta Gorteko abokatuak eskatzen zuen lizentzia, berak egindako tratatu bat inprimatzeko. Tratatuaren izenburua zen Concordia noua & reductio Antinomiarum iuris comunis, & Regis Hispaniarum, eta epilogo batean jasotzen zituen ondorengo beste lege batzuek zuzendu edo indarrik gabe utzitako Partiden legeak. Kontseiluak aztertu ondoren, obra inprimatzeko eta salgai jartzeko lizentzia eman zen 1575eko uztailaren 14an, eta Burgosen inprimatu zen, urte hartan berean.
Martinez de Olanok Gaztelako Kontseiluko presidente Diego Covarrubias Leivari eskaini zion lana, bertan adieraziz lan hori egiteko ideia sortu zitzaiola eskuartean zuenean Toledoko Juan Bautista Villalobosen tratatua, errege Zuzenbidearen eta Zuzenbide erkidearen arteko aldeak jasotzen zituena.
Martinez de Olanoren obra hori gaur editatzeko prozesuan dago, eta orduan arazoa sortu zuen, Nafarroako Zuzenbidearen osagarria Gaztelako Zuzenbideak, eta ez Zuzenbide erromatarrak, izan behar zuela planteatu zuenean. Olanok onartzen zuen Nafarroako Zuzenbidearen osagarria beti erromatarra izan zela, Zuzenbide erkidea deitzen zena, baina haren asmoa zen Gaztelako Zuzenbidea sartzea Nafarroakoaren osagarri gisa, eta ukatzen zuen ohitura zenik Zuzenbide osagarria erromatarra izatea, epaileek nahierara erabakitzen zutela esanez. Gaztelako Zuzenbidearen aldeko argudioa zen erresuma batek, lege propioen faltan, inkorporatu zeneko erresumaren legedia jarraitu behar zuela, erregeak nafarrentzat zabaltzen ahal zuela Zuzenbide gaztelarra, eta hurbilenekoa zela, antzagatik eta lekuagatik. Haren esanetan, tesi hori bera defendatu zuen Martin Guerrerok, Nafarroako epailerik zaharrenak.
Martinez de Olanok bere proposamena Nafarroako Erresumaren Hiru Estatuei ere aurkeztu zien, gutun bana igorrita. Salinasen iritziz, Gorteen erantzuna izan zen 1576ko Gorteen 9. legea, 1. koadernoa, non ebazten zen, erresumaren foru eta legerik ezean, epaiketetan «Zuzenbide erkidea erabiliko dela, beti egin ohi den bezala», Filipe II.ak onartu zuena.
Gauza da Martinez de Olanoren obrak eta proposamenak piztutako eztabaidak denbora iragan ahala juristen jarrera desberdinak eragin zituztela, nafarrenak eta gaztelarrenak, Zuzenbide erromatarraren alde edo Zuzenbide gaztelarren alde, Zuzenbide nafarraren osagarri gisa. Zuzenbide erromatarraren alde agertu izan dira José Alonso, Covián y Junco, Marichalar, Manrique, Arellano Igea, De Diego, Castán, Fernández Asiáin, García-Granero, Lacarra, Nagore, edo Salinas Quijada, beste anitzen artean, hala nola Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia. Beste hainbat egilek, esaterako Victoriano Lakarrak edo Etxaidek, Zuzenbide erromatarra defendatu zuten osagarritarako, lehentasunez, baina haren ondoren, bigarren ordezkoa, Zuzenbide gaztelarra zela onartzen zuten. De Castrok, berriz, Zuzenbide gaztelarraren lehentasuna defendatu zuen, nafarra ordezkatu behar zenerako.
Olanok berak pairatu zuen bere garaikideen erreakzioa, haren jarrera foruen aurkakotzat jo baitzuten. Erresumaren Gorteei Madrildik igorri zien gutunean, 1576ko urtarrilaren 5ean, «nafar txarra» deitu zutela esan zuen, eta hainbat gutun jaso zituela, «izen txarra» ematen ziotenak eta erresumako foruen eta legeen aurkako liburua idaztea egozten ziotenak. Kalifikazio horiek jaso zituen Goñi Gaztambidek bere publikazioan, hain zuzen ere, «El licenciado Olano, un mal navarro» izenburupean. Goñik dioenez, Olanok, bere burua defendatuz, erresumaren alde egin zituen izapideak aipatu zituen, eta Vespasiano Gonzaga erregeordeak egiten zituen bidegabekeriak erregearen nahiz haren ministroen aurrean salatu zituela, horien guztien lekuko jarriz Iruñeko errejidoreak eta kabildoa, Balanza, Martin de San Cristobal, eta erregeordearen idazkaria bera ere. Erregeordeak nafarren leialtasuna ezbaian jartzen zuen, nekazariak enplegatzen zituen Iruñeko harresiaren eraikuntzan ordainik eman gabe, ez zituen kapareen eskubideak errespetatzen, eta armadarentzako elikagaiak doan ematera behartzen zituen herritarrak. Olanok jokabide horiek salatu zituen Filipe II.ari 1573an igorri zion memorial batean.
Gainera, Olanok Nafarroako Gorteei aletu zizkien erresumaren alde egindako eginahal guztiak, deskargu-memorial gisara, 1576ko abenduaren 3an. Kontatu zuen, gainera, Foru Laburtua erosi zuela, eta erregeari igorri ziola, eta foru harekin batera Nafarroako Errege Kontseiluko kide batek atxiki zuen memorialari kontra eginez beste memorial bat idatzi eta erantsi zuela berak. Gorteei igorri zien, era berean, berak egindako memorial horren testua ere, non Foru Laburtuaren onarpenaren alde agertzen zen; Nafarroako Zuzenbidearen osagarri Gaztelakoa ezartzea defendatzen zuen; ukatzen zuen batera ezinak zirenik Foru Laburtua eta errege-bisita eta xedapen-legeak; foruetan jasotzen ziren herrien eskubideak indarrean zeudela baieztatzen zuen; antzinako hitzaurrea kentzeko ideiaren aurka zegoen; nafarren fideltasuna aldarrikatzen zuen; antzinako erregearen zina kentzearen aurka azaltzen zen; ados zegoen erregeak erresumako ondasunak bertakoekin partekatzearekin; bailianbost legea betetzen zela; eta ez zuen arazorik ikusten errieptoen titulua mantentzeko. Memorial hartan, gainera, iradokizun berriak egiten zituen: azoketako alkateen karguak urtekoak izatea; erregeak bere esku eduki ahal izatea komeni zitzaizkion auziak, kereila edo bigarren erregu-errekurtso bidez; eta testua berrestea lege berrien kalterik gabe.
Foruaren testua eta bi memorialak, Nafarroako Errege Kontseiluko kidearena eta Olanorena, igorri zizkion erregeak Kontseiluko presidente berri eta Segoviako apezpiku Diego Covarrubiasi. Jakina denez, inoiz ez zen onartu.
Martinez de Olanok, egiaz, Nafarroako erresumaren interesak defendatu bazituen ere, Gaztelako Zuzenbidearen ordezkotasunaren defentsak markatu zituen haren ospea eta historiografia. Adibidez, «nafar bat» sinatuta argitaratutako Biografías de los ilustres navarros del siglo xvii lan anonimoan, ez da jasotzen Juan Martinez de Olano «xvi. mendeko jurista ospetsuen» artean, baizik eta «Publizista eta pertsonaia aipagarrien Bigarren Sekzioan».
Benetan esan daiteke historiak ez diola justiziarik egin.
Obrak
Concordia et noua reductio antinomiarum iuris comunis, acregii Hispaniarum: in qua verae horum iurum differentiae, & quam plurium legum regiarum, communiumque intellectus, & recepta praxis causarum forensium explicantur cui additae sunt differentiae inter ius Regium et regni Navarrae et Epilogus Septem Partitarum, Burgos: Felipe Junta, 1575.
Bibliografia
Fortún Pérez de Ciriza, L. J., Actas de las Cortes de Navarra (1530-1829), I. libk., Iruñea: Nafarroako Parlamentua, 1991.
Goñi Gaztambide, J., «El licenciado Olano, un mal navarro», in Pregón, 96 (1968).
Ibarra, J., Biografías de los ilustres navarros del siglo xvii, II, Iruñea: Jesús García Inprimategia, 1951.
Salinas Quijada, F., Derecho Civil de Navarra, I, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa. Vianako Printzea Erakundea, 1983.
Sánchez Bella, I., «El Fuero Reducido de Navarra y la publicación del Fuero General», in El Fuero Reducido de Navarra (Edición crítica y Estudios), I. libk., Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1989, 19.-91. or.
Zuaznavar, J. M., Ensayo histórico-crítico sobre la legislación de Navarra, II, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1966.
Aipamen bibliografikoa
Galán Lorda, M., “Martínez de Olano, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 511-514.





