Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

MARICHALAR SAN CLEMENTE, Amalio. Montesako VIII. markesa (Alcala de Henares, 1817ko uztailaren 10a – Madril, 1877ko martxoaren 23a).

Karguak eta lanbideak

 Legelari eta politikoa

Ibilbidea

Amalio Marichalar Alcala de Henaresen jaio zen, Koroari eskainitako zer- bitzuengatik noblezian sartutako nafar leinu batean. Haren aita Frantzisko Marichalar Azkoiengoa zen (Nafarroa), eta ama Ruperta San Clemente Montesa, berriz, Alfarokoa (Errioxa). Aitaren oinetxea Azkoienen zegoen. Haren anaia Román Marichalar San Clemente politikaria izan zen, eta harengandik hartu zuen oinordetzan Montesako markesaren titulua, 1860an hil zenean. Amelioren seme Luis Marichalar Ezako bizkondea izan zen, hainbat aldiz ministro izan zen, eta Madrilgo alkate ere bai. Zuzenbidean lizentziatua zen, eta abokatu aritu zen, politika-ibilbideari ekin aurretik. Hamarkada kontserbadorearen azken urtean Proyecto de constitución (1854) hibrido bat idatzi zuen, izan ere, arau aurrerakoiak, esaterako inprimatzeko askatasuna, arau mode- ratuekin bateratzen zituen, adibidez Espainiako kultu-askatasun ezarekin. Bitxia bada ere, ez zuen inongo oharrik jaso foruen inguruan. Diputatua izan zen Avilatik (1860-1861 eta 1862-1863 biurtekoetan) eta Nafarroatik (1864). Senatari ere izan zen Nafarroatik, 1876an. Amalio Marichalarren ideia politikoek printzipio liberalak fede katoliko sakon batekin bateratzen zituzten. Ildo horretatik, fede katolikoa defendatu zuen nazioaren erlijio gisa, eta honako hau idaztera ere iritsi zen: «ezin naiz liberala izan erlijio gauzetan, katolikoa bainaiz».

Amalio Marichalarrek idatzi zuen, Cayetano Manriquerekin batera, Espainia osatzen zuten lurraldeetako Zuzenbidearen historiari buruzko lan nagusietako bat, Historia de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España izenekoa. Bederatzi liburukitan banatu zen, eta haren antolamenduak argi erakusten du nolako arreta eskaini zioten Espainia osatzen zuten erregioetako historia juridikoari (Gaztela, Aragoi, Valentzia, etab.). Ikuspegi hori erabiltzen zuen lehenengo lana izan zen. Obra haren bigarren zatia ere idatzita utzi zuen, baina haren heriotzak eragotzi zuen argitaratzea. Azkenik, eskuz idatzitako lana haren seme Luis Marichalarrek argitaratu zuen, 1915 eta 1921 bitartean. Euskal lurraldeetatik interes handiz ikusi zituzten Histo- ria de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España lanean haiei eskainitako orrialdeak, eta horregatik bultzatu zituzten egileak horiek argita- ratzera, liburuki bakar eta berezi batean. 1868an ikusi zuen argia Historia de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España. Historia de los fueros de Navarra, Vizcaya, Guipúzcoa y Álava izeneko lanak, bertan biltzen zituztela, zuzenduta eta zabalduta, hiru euskal lurraldeei eta Nafarroako erresumari Historia de la legislación lanean eskaini zizkieten orrialdeak. Lan monografiko gisa argitaratzeko tokiko instituzioek erakutsitako interesa plaza politiko espainiarrean euskal foruen oinarri historikoen inguruan gertatzen ari ziren eztabaiden ondorioa zen. Horrek eragin zuen euskal instituzioen grina argitaratzailea, batik bat, Bizkaiko instituzioen aldetik. Izan ere, haiek eraman zituzten inprimategira, horren aurreko urteetan, bai Cayetano Manriquek Manuel Sanchez Silvaren asertzioen aurka idatzitako lana, bai Bizkaiko Foru Berria (1865) eta Pedro Fontecharen Escudo (1866) lan ospetsuen berrargitalpenak ere.

Ondoren izan diren Zuzenbideko Historialariek goretsi izan dute lanaren planteamendua, arreta eskaini baitzien erregio desberdinetako historia juridikoari, baina haren iturrien iluntasuna ere kritikatu izan da, maiz ezkutatu baitzizkion irakurleari, eta euskal lurraldeen inguruko hainbat mitoren erabilera ere ezetsi izan da. Hala eta guztiz ere, euskal lurraldeetako eta Nafarroako foruei buruzko liburu monografikoa interes handikotzat jo zuten euskal instituzioek, eta haien argitalpena sustatu zuten, funtsezko lana baitzen tokian tokiko lege-esparruak eta foru erregimenaz egileek egiten zuten interpretazioa defendatzeko. Horren adibide garbia da Bizkaiko Diputazio Nagusiak lan horren ale bana bidali izana Bizkaiko udal guztietara.

Obrak

Proyecto de Constitución, por D. Amalio Marichalar, Licenciado en Derecho Civil y miembro del Ilustre Colegio de Abogados de Madrid, Madril: Tejadoren inprimate- gia, 1854.

MANRIQUE, C.-rekin, Historia de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España, Madril: Inprimategi Nazionala, 1861-1872. 9 libk.

MANRIQUE, C-rekin., Historia de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España. Historia de los fueros de Navarra, Vizcaya, Guipúzcoa y Álava, Imprenta de los señores Gasset, Loma y compañía, Madril, 1868. (Historia de los fueros de Navarra, Vizcaya, Guipúzcoa y Álava izenburuarekin berrarg., Donostia: Auñamendi, 1971).

La legitimidad según el absolutismo y el libro de don Emilio Arjona, Madril: Carlos Bai- lly-Bailliere, 1875.

MANRIQUE, C.-rekin, Recitaciones del Derecho Civil de España. Segunda parte de la obra Historia de la legislación, Madril: Imprenta de la Suc. de M. Minuesa de los Ríos, 1915-1921. 4 libk.

Una incorporación a Navarra, Iruñea: Vianako Printzea Erakundea, 1941.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993.

AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1876-1939), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 2007.

MAÑARICÚA, A. E., Historiografía de Vizcaya. Desde Lope García de Salazar a Labayru

[1971], Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012, 3. arg.

ITURRIAK

BIZKAIKO AGIRITEGI HISTORIKO PROBINTZIALA, Gobernua eta Eliza gaiak, AJ01207/007.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP