Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GAZTELAKO KOROAKO EGILEAK ETA OBRAK

MARIANA, Juan de (Juan Martínez de Mariana Rodríguez) (Talavera de la Reina, 1536 – Toledo, 1624).

Karguak eta lanbideak

Jesuita eta historialaria

Ibilbidea

Humanista handia izan zen, Jesusen Konpainiako kidea, historialaria eta bere garairako iraultzaileak ziren teoria politikoen egilea, erregearen aurkako tiranizidioa ere onartu baitzuen. Egile eztabaidatua izan zen, eta haren teoriak ikerlan askoren helburu izan dira. Haren lan ospetsua, De Rege et Regis institutione izenekoa, Parisen kondenatu eta bertan erre zuten, eta haren idatzietako batek urtebeteko kartzela-zigorra ekarri zion.

Juan de Marianaren bataioa Puebla Nueva herrian izan zen, Talaveratik hurbil, 1536ko apirilaren 2an. Denbora puska bat iragan arte ez zen jendaurrean onartu haren aita Juan Martínez de Mariana Talaverako kalonjea zela, eta haren ama Bernardina Rodríguez, Talaverakoa hura ere.

Alcalá de Henaresen ikasi zuen eta Jesusen Konpainian sartu zen 1554an. Nobiziotza Simancasen egin zuen San Frantzisko Borjaren zuzendaritzapean, eta ikasketak Alcalán jarraitu zituen, 1556an, bi urtez nobiziotza egin ondoren. 1561ean Erromara joan zen, eta Arteetako katedra bat eta ondoren Teologiako beste bat bete zituen, Konpainiak sortu berria zuen Ikastetxe Erromatarrean. Aldi hartan Roberto Belarmino izan zuen ikasle.

1565ean Palermora joan zen, bi urte egin zituen han, eta ondoren Parisera joan zen, Teologiako doktoretza egitera, bost urtez irakaskuntza teologikoan aritu zela. 1574an, osasun arazoak tarteko, Espainiara itzuli zen berriro, Konpainiak Toledon zuen etxera.

Haren prestakuntza eta erudizio handiek, hala nola haren nortasun sendo eta independenteak, ospe handia ekarri zioten, eta horregatik eskatu zioten aholkua auzitegi nahiz gobernari ugarik. Ofizio Santuarentzat eta Toledoko artzapezpikutzarentzat ere egin zituen aholku-txostenak. Toledoko artzapezpiku eta Inkisidore nagusi Quiroga kardinala haren miresle handia izan zen eta irizpena eskatu zion, Benito Arias Montano Anberesen 1569an argitaratzen hasi zen Biblia poliglota (Plantinok argitaratua) lanaren aurka egin ziren heresia-akusazioen inguruan. Mariana lan haren zentsorea zen, jesuitek izendatuta, teologia, latin, greziera eta hebreera arloetan zuen jakinduriagatik, eta kardinalak eskatutako irizpena emateko bi urte eman zituen. Haren edukia, aldaketa txikiren bat tartean, Septem Tractatus Ioannis Marianae e Societate Iesu izeneko lanean jaso eta Kolonian argitaratu zen 1609an. Quiroga kardinalak berriro enkargua eman zion, 1581ean, García de Loaysaren Manual para la administración de Sacramentos delako lanaren zuzenketa egiteko, eta 1582an, Actas del Concilio Diocesano erredaktatzeko agindu zion, Toledon batzartu baitzen kontzilioa urte hartan. 1595 eta 1599 bitartean, erregeak aginduta san Isidoro Sibiliakoaren lanen argitalpena prestatzen ari zen batzordeko kidea izan zen.

Haren lan nabarmenetako bat izan zen Historia general de España, latinez idatzia, lehenbiziko hogei liburuak argitaratu zituela Toledon 1592an. 1595ean, beste bost liburu erantsi zituen. Lanak onarpen handia lortu zuen, eta 1595ean bertan argitalpena errepikatu zen. 1601ean gaztelaniara itzuli zuen. Marianak, atzerrira egindako bidaien ondoren, Espainiaren historiaren ezagutza eskasa antzematen zuen, eta horri aurre egin nahi izan zion. Lana osatzeko, ordura arte latinez nahiz erromantzez argitaratutako guztia erabili zuen, Tito Livio eta Tacitoren ereduari jarraiki, eta argi utzi zuen historia idatzi ez baina, beste batzuek jasotakoa ordenatzea zela bere asmoa. Testuan anakronismo zenbait antzematen ziren, eta eskas frogatutako gauzak egiatzat hartzen zituela leporatu zitzaion, baina lana originala zen, estilo ederrean idatzitakoa. Kritikatu zutenen artean Mantuano nabarmendu zen, baina haren defentsan atera zen Tamayo de Vargas. Lan hartan, aita Marianak ordena kronologikoan deskribatu zituen penintsulan historiaurretik xvi. mendera arte izandako gertaera nagusi guztiak. «Alegiazko erregeak» aipatzen zituen, eta zelta, feniziar, kartagotar, erromatar eta beste hainbat herriren etorrerak, tartean germaniarrak edota musulmanak, eta penintsulako erresuma desberdinen sorrerak ere bai. Haien artetik, Iruñeko erresumaren sorrera jaso zuen, eta haren errege aipagarrienak (VIII., IX. eta XI. lib.), hala nola Nafarroako gerrak (XVII. eta XXX. lib.). Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko jaurerria Goi Erdi Aroan ageri dira, tarteka Gaztelarekin, tarteka Nafarroarekin. XXX.a eta azkena den liburuan, nolabaiteko protagonismoa hartu zuen Nafarroaren konkistak, zazpi kapitulu eskaintzen baitzizkion, azkena Gaztelarako inkorporazioa jasotzen zuena. Lana amaitzeko 1515etik 1621era gertatutakoen sumario bat egin zuen.

1599an argitaratu zen, Toledon hura ere, pisuei eta neurriei buruz egin zuen lana: De ponderibus et mensuris. Urte berean argitaratu zen haren lanik eztabaidatuena, haren teoria politikoak jasotzen zituena: De Rege et Regis institutione (Erregeaz eta Errege-instituzioaz). Testua hiru liburutan banatzen da, lehenengoa erregeari eta errege-autoritateari buruzkoa; bigarrena, printzeen heziketari eskainitakoa; eta hirugarrena, herriak gobernatzeko erari buruzkoa. Filipe II.aren seme Filipe printzearen irakasle García de Loaysaren aginduz egin zen lana. Errege-erreginen agintekeria ikusita, tiranizidioa defendatzera iritsi zen Mariana. Horren ondorioz, Henrike IV.a Frantziakoaren hilketaren sustatzailea izatea leporatu zioten, Ravaillac hiltzailea bere kabuz aritu zenik ez baitzuten sinisten. Hilketa gertatu eta hogeita bost egunera, 1610eko ekainaren 8an, haren lana arbuiatu zuten Sorbonak eta Parisko Parlamentuak. Testua Parisen erre zen, Notre Dameren aurrean. Handik aurrera Jesusen Konpainiak zuhurtasun handiagoa eskatu zien tratadistei.

Marianaren lanean konstituzionalismoaren aurrekariak eta Zuzenbide Estatuaren ideia, muturrera eramanda, aurkitu dira. Haren irudiko, erregearen gobernatzeko ahalmena herriarengandik sortzen da, izan ere, gizartea eratu ondoren bakarrik planteatu daiteke botere bat eratzea. Historian zehar, itunaren ideian gauzatzen da hori. Beraz, hark baieztatu zuen erregea legearen menpeko zela; botere publikoak Estatuaren menpeko zirela, eta ez alderantziz; eta erregeak gizarteari zerbitzatu behar ziola, eta hala egiten ez bazuen herriaren Eskubidea ez ezik, betebeharra ere bazela erregea zigortzea. Odolezko oinordekotza ere herriaren borondatearen ondorioa zen, eta hark nahi izanez gero, berriz oinordekotza hautatua ezar lezake.

Erregeak bere basailuekin harremanetan egon behar zuen, haien beharrak ezagutu, eta haien artean bilatu bere defendatzaileak eta kontseilariak. Hori lortzeko Marianak proposatu zuen printzea zuhurtasunez, humanitatez, sendotasunez eta justiziaz heztea, hartara, erregea gerlari ona, armadaren buru, justizia-administratzaile eta herriaren ongizatearen arduradun izanen zelako.

Batzuen ustez, Mariana da nekazarien kolektibismoaren aurrendaria, jabegoaren gainean dituen ideiengatik, haren ustez komunitatearen zerbitzura egon behar baitzuen lurrak, eta ez esku gutxitan pilatuta. Hortaz, aristokraziak landu gabe zituen lurrak behartsuen mesedetan erabil zitezkeen, etekinen laurdena haientzat gordez eta gainerako guztia jabe axolagabeari emanez.

Aberastasunak ongizate orokorraren mesedetan egon behar zuenez, Mariana oldartu egin zen handien mesedetan ziren zergen eta salbuespenen aurka. Kontsumo orokorreko artikuluen gaineko zergak kentzea proposatu zuen, eta luxuzko artikuluentzat zerga handiagoak jartzea.

1609an Kolonian inprimatu ziren zazpi tratatu, latinez, (Septem Tractatus Ioannis Marianae e Societate Iesu) haren idatzien zati bat jasotzen zutenak, eta ondoko izenburu hauekin itzulita: I) De la venida de Santiago a España (De adventu S. Jacobi), etorrera hori gertaera historikotzat onartuta; II) Sobre la edición de la Vulgata (Pro editione Vulgata), Bibliaren bertsioa, hebreerazko testuarekiko konkordantzia faltagatik kritikatu eta balio bakarra fede gaietan zuela esanez; III) De los espectáculos (De spectaculis), non antzerkiak debekatzen zituen moral publikoari kalte egiten ziotelakoan; IV) De la alteración de la moneda (De mutatione Monetae), nazioaren interesen kontrakoa zela eta printzearen botereak zilegi ez zuela defendatuz; V) Sobre el día de la muerte de Cristo (De die mortis Christi); VI) De los años de los árabes en comparación con el nuestro(De annis arabum cum annis nostris comparatis); VII) De la muerte y la inmortalidad (De morte et inmortalitate). Harentzat heriotza erredentzioaren genio bat zen eta arimaren eta gorputzaren etengabeko borroka aipatu zuen, lehenaren gailentasuna defendatuz. Haren ikuspegitik, Jainkoaren probidentzia egiaztatzen zuten lege saihestezinen menpekoa zen humanitatea. Tratatu horietatik laugarrenak auzibide ospetsua ekarri zion, Lermako dukeak bere pertsonaren aurkako ideia iraingarriak aurkitu zituelako. Testuak zioenez, monetaren balioa aldatzea ez zen bidezkoa eta kaos soziala zekarren. Haren legezko balioak eta berez zuenak bat eta bera izan behar zuten, gehi trokel eta lantegiko gastuak, hortik behera Ogasunak galtzen zuelako, eta hortik gora, egiazko lapurreta zelako. Hori gertatzen zenean garestitzea, gosea eta desordena zetozen, eta erregeak monetari bere egiazko balioa berriro ematen zionean, berriz iraultza gertatzen zen. Erregeak Paulo V.arengana jo zuen, Mariana auzipetzeko eskatuz. Madrilgo San Frantziskoren komentuan sartu zuten 1609ko irailean. Kargu guztiak onartu zituen, baina ohartarazi zuen ministro txarren aurka bakarrik hitz egiten zuela, lehendik ere erregeak kargugabetu eta zigortutako haien aurka, eta prokuradore diruzaleen aurka, eta herriaren ahotsa besterik ez zuela jasotzen. Eztabaida izan zen, auzia aita santuarengana eraman, edo Inkisizio espainiarrean tratatu, hark ere eskumena baitzuen. Mariana ez zuten zigortu, ez Erroman eta ez Madrilen ere, eta aske atera zen presondegian urtebete eman ondoren, liburua, zuzenketarik gabe, ez zuela inprimatuko zin egin ondoren.

Hura hil baino lau urte lehenago, Madrilen argitaratu ziren Escolios al Antiguo y Nuevo Testamento lana, beste lan batzuekin, hamar liburukiz osatutako bilduma batean, Aita Jesuiten Toledoko liburutegian gordetzen zena.

Ezin aipatu gabe utzi haren De las enfermedades de la Compañía lana, non Jesusen Konpainiako agintariek egiten zituzten akatsak eta haiei jarri beharreko konponbideak ere aipatzen zituen. Ziurrenik, ez zuen pentsatu argitara ematea, baina San Frantziskoren komentuan preso zegoelarik paperak kendu zizkioten eta Bordelen argitaratu ziren, haren heriotzaren hurrengo urtean.

Francisco Pi y Margall historialariak Marianaren gaineko azterlan zabala eskaini zuen Rivadeneiraren Biblioteca de Autores Españoles bildumako zenbait liburukiren argitalpenen hitzaurrean. Haren latinezko tratatuak, gaztelaniara itzulita, jaso ziren bilduma hartan. Marianari buruzkoak XXX. eta XXXI. liburukiak dira. XXXI. liburukiaren amaieran «Catálogo de las obras de Mariana» lana erantsi zuen Pi y Margallek, bakoitzaren kritika labur batez hornitua.

Marianaren lan guztietan ageri dira haren nortasun bizkorra, lanerako gaitasuna eta teoria politikoen espiritu berritzailea, garai hartarako iraultzaileak baitziren, eta gaurko liberalismoaren eta konstituzionalismoaren aurrekariak.

Obrak

Historia general de España, Toledo: Pedro Rodríguez, 1592.

De ponderibus et mensuris, Toledo: Tomás de Guzmán, 1599.

De Rege et Regis institutione, Toledo: Pedro Rodríguez, 1599.

Septem Tractatus Ioannis Marianae e Societate Iesu, Colonia: Antonii Hierati, sub Monocerote, 1609.

Scholia in Vetus et Novum Testamentum, Madrid: Luis Sánchez, 1619.

Discursus de erroribus qui in forma gubernationis Societatis Iesu ocurrunt, Bordeaux: Juan de Burdeos, 1625.

Bibliografia

Ballesteros Gaibrois, M., El Padre Juan de Mariana. La vida de un sabio, Barcelona: Amaltea, 1944.

Cirot, G., Ëtudes sur l’historiographie espagnole.Mariana Historien, Bordeaux: Feret&Fils Éditeurs, 1905.

Fernández Delgado, R., Liberalismo y estatismo en el Siglo de Oro español. Un estudio comparado del pensamiento económico de Juan de Mariana y Sancho de Moncada, Madrid: Unión Editorial, 2006.

Lewy, G., Constitutionalism and Statecraft during the Golden Age of Spain. A Study of the Political Philosophy of Juan de Mariana, S. J., Geneva: Librairie E. Droz, 1960.

Pi y Margall, F., Obras del P. Juan de Mariana (hitzaurreko diskurtsoa), Biblioteca de Autores Españoles, Madrid: M. Rivadeneira, 1854, XXX. eta XXXI. libk.

Sánchez Agesta, L. (arg. eta sarrerako azterlana), La dignidad real y la educación del rey (De Rege et Regis institutione), Madrid: Centro de Estudios Políticos y Constitucionales, 1981.

Aipamen bibliografikoa

Galán Lorda, M., “Mariana, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 639-643.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP