Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAN BERTAKOTUTAKO EGILE BEARNES ETA FRANTSESAK ETA HAIEN OBRAK

MARCA, Pierre de (Pedro de Marca)(Gan, Biarno, 1594 – Paris, 1662).

Karguak eta lanbideak

Jurista, erlijiosoa eta historialaria. Nafarroako Parlamentuko burua, Frantziako eta Nafarroako erregearen Kontseilu pribatuko eta Estatu Kontseiluko kidea. Parisko gotzaina

Ibilbidea

Biarnoko Gan hirian jaio zen, 1594ko urtarrilaren 24an, familia katoliko batean, eta Teologia, Filosofia eta Zuzenbide kanoniko eta zibileko ikasketak egin zituen. Oso gaztea zela ezkondu zen Bigorrako konderriko Lavedaneko bizkonderrien familiako Margarita de Farguesekin. Oso azkar igo zen administrazioan, izan ere, hala erakusten baitu 1616an, hogeita bi urte eskas zituela, Biarnoko Kontseilu subiranoko kidea izatera iritsi izanak. Handik lau urtera, 1620an, Nafarroako Parlamentu sortu berriko presidente izendatu zuten. «Paueko Parlamentua» ere esaten zioten, hiri hartan baitzuen egoitza, eta hartan bat egin zuten Nafarroako Errege Kontseiluak —ordura arteko egoitza nagusia Donapaleun (Nafarroa Beherea) izan zuenak— eta Biarnoko Kontseilu subiranoak.

Justizia eta gobernuko goi administrazioan egon zen beti. 1631tik 1638ra bitartean Nafarroako eta Biarnoko Justiziako ordezkaria izan zen, eta 1639an Estatu Kontseiluko eta Kontseilu pribatuko kide izendatu zuen Luis XIII.a erregeak.

Handik urte gutxira haren emaztea hil zen eta apaiz sartu zen Marca. Erregearen hurbilekoa izanik, Couserans konderriko gotzaina izendatu zuten, eta berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Toulouseko artzapezpikua izendatu zuten. Erregearen konfiantza osoa zuenez, haren zerbitzura egon zen Estatuko ministro kargutik, bere aholkularitza eskainiz politika auzietan. Frantzia eta Espainiaren arteko mugak finkatzeko helburu nagusiarekin egin zen Céret-eko konferentzian (1660) parte hartu zuen. 1662an, eliza frantziarraren burura iritsi zen, erregeak Parisko artzapezpiku izendatu eta Alexandro VII.a aita santuak izendapena berretsi zuenean. Urte hartan berean hil zen, ekainaren 29an.

Marcak idatzi zuen Historia de Bearne, conteniendo el origen de los reyes de Navarra… izeneko lana, hogeita hamarreko hamarkadan, horretarako dokumentu historiko ugari kontsultatu eta aztertuta. Agiri horietako asko gaur galduta daude.


Obrak

Histoire de Béarn, contenant l’origine des rois de Navarre, des ducs de Gascogne, marquis de Gothie, princes de Béarn, Comtes de Carcassone, de Foix, et de Bigorre. Avec diverses observations geographiques, concernant principalement les dits Païs, Paris: Jean Camusat, 1640.

Traité des merveilles operees en la chapelle notre dame du calvaire de Betharam, Betharam: René Lavoir, 1648.

Marca hispanica sive limes hispanicus, hoc est, Geographica & historica descriptio Cataloniae, Ruscinonis, & circum jacentium populorum, Paris: Muguet, 1688.

Iturriak. Archives Départementales des Pyrénées Atlantiques (ADPA), B 3562, B 3634, B 3659, B 3903, B 5992.


Bibliografia

Bibliothèque Nationale de France, «Pierre de Marca», in http://data.bnf.fr/12623327/pierre_de_marca/ (2018ko irailaren 28an egindako kontsulta).

Du Pin, L.-E., Bibliothèque des auteurs ecclésiastiques du xviie siècle. Partie cinquième, des auteurs vivans, Paris: André Pralard, 1719, 7., 8., 15., 32. or.

Perrault, Ch., Les Hommes illustres qui ont paru en France pendant ce siècle: avec leurs portraits au naturel, 1. libk., Paris: Antoine Dezallier, 1697. Berrarg. Genève: Slatkine Reprints, 1970, 7.-8. or.


Aipamen bibliografikoa

Adot Lerga, A., “Marca, Pierre”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 622-623.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP