Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

MANTEROLA PEREZ, Vicente (Donostia, 1833ko urtarrilaren 22a – Alba de Tormes, Salamanca, 1891ko urriaren 24a).

Karguak eta lanbideak

Elizgizona, mintzalaria, idazlea eta diputatu karlista

Ibilbidea

Vicente Manterola elizgizona izan zen eta, bereziki, Espainiako batasun katolikoaren alde jardun zuen. Horretarako, garai hartan eskura zeuden bitarteko guztiak erabili zituen, dela argitalpenak (foiletoak, liburuak, prentsa-artikuluak edota Semanario Católico Vasco-Navarro astekaria, hark berak Gasteizen 1866an sortua), dela esparru publikoa, buru-belarri mintzatu baitzen han eta hemen (hitzaldiak, predikuak, parlamentuko jarduera, polemikak). Alde politikoenari dagokionez, 1869ko Gorteetan nabarmendu zen, karlisten hautagaitzan aukeratu baitzuten. Bereziki, Emilio Castelarren aurkako hitzaldiek eman zioten ospea. Karlistaldia 1876an bukatu arte eutsi zion protagonismo horri. Ekinbide karlista alde batera utzirik (ez dago argi karlismoa bera ere bai), batez ere mintzalari sakratu gisa nabarmendu zen hil arte.

Familia karlistaren baitan hasi zen bere pentsamoldea mamitzen eta, gero, ikasketen arrimuan hazi zen, lehenik Donostian, gero Iruñean, eta, azkenik, Toledon eta Salamancan. Pentsamendu tradizionalistatik abiatua, Espainiako batasun katolikoaren alde jardun zuen sutsu, tolerantzia erlijiosoaren aldeko deiei aurre egiteko. Tradizionalismoaren iritziz, nazioaren muinetako bat katolikotasuna ze, eta hain zuzen, besteak beste bide hori baliatu zuen liberalismoa ezartzearen aurka. Lehen testuan, Calahorrako apezpiku Antolin Monescilloren alde mintzatu zen (harentzat lan egiten zuen), El Pueblo egunkari demokratari erantzuteko. Lerro haietan argi eta garbi ageri dira bere pentsamoldearen oinarriak, hots, beste erlijioekiko pentsamolde in- tolerantea Espainian. Horixe bera izan zen haren literatur jardueraren eta oratoriaren hari nagusia, hala erlijio arloan nola politikoan, bietan ere intrantsigentzia nabarmena agertuta, Bonaldeko bizkondea edo Maistre aipatuta. Elizaren doktrina-intolerantzia hori hala Gorteetako hitzaldietan, nola bere liburuaren lehen zatian (1885) erakutsi zuen. Hori dela eta, botere politiko katolikoa defenditu zuen: «Espainiako Gobernuak, gure aberri maitearen lur katolikoan kultu faltsuak sartzea eragotziz, bere betebeharrik sakratuenetako bat betetzen du».

1868ko Iraultzaren bidez, izaera hori Karlos VII.a erregegaiarengan bakarrik ikusi zuen eta, haren alde borrokatu zen sutsuki, bai Gipuzkoako dipu- tatu karlista gisa Parlamentuan 1869an eta 1870ean, bai prentsan, bai 1870az geroztik irtenbide militarra etengabe babestuta. Don Karlosen zerbitzuan aritu zen buru-belarri, bai pertsonalki, bai kudeaketa zibilean, erlijiosoan eta haren aldeko publizitatean, hiru foileto plazaratu baitzituen 1871n, hirurak ere oso ospetsuak.

Gerra bukatutakoan, erbestera joan zen labur. Amnistia laster onartuta, Espainiara itzuli, baina bere sorterrira bueltatzea galarazi zitzaion, erlijio- lana Madrilen, Malagan eta Toledon eginda, non mintzalari sakratuaren ospea indartu zuen. Politikagintzan jardun ez bazuen ere, polemiketan aritu zen espiritismoarekin, eta liberalismoak Manterola izan zuen askotan hizpide, haren egoera edozein izanik ere.

Harengan, «abertzaletasun bikoitza» nabarmentzen zen; horrela, 1865eko San Prudentzio egunean esan zuen «ni ere baskongadoa naiz»; baina, era berean, bere espainolismoa azpimarratzen zuen Gorteetan, hala nola 1869ko apirilaren 29ko saioan: «zuen arteko espainolena bezain espainola naiz ni, […] ez naiz inor baino gutxiago aberriarekiko maitasunean; ni, […] sotana honen bidez, espainolismoaren su piztua sentitzen dut ene bular barnean». Haren euskaltzaletasuna erlijiotik eratortzen zen eta, Gasteizko apaizgaitegia bezala, «katolikoa eta baskongadoa besterik ez daki izaten». Arabarrentzako —eta hedaduraz, euskaldunentzako— bi ardatz nagusiak «Jainkoaren erlijioan eta egiazko askatasunean» kokatzen zituen. Azken buruan, «Jaungoikoa eta Foruak», 1869ko hauteskunde-manifestutik eratortzen zen bezala, «gure Foruak, usadio onak eta ohiturak gaur eta bihar eduki nahi ditugu; baina era baskongadoan ulertuta», hau da, katolikoa: «Euskal herria sakon eta zintzoki da katolikoa: […] horregatik gara hain libreak mendi alai haietako semeok», esan zuen Gorteetan, 1869ko apirilaren 12ko hitzaldian. San Prudentzioz hitz egitean, hauxe adierazi zuen: «Euskara hizkuntza, hau da, gure probintzia senideetan mintzatzen zen bakarra, izan zen Prudentzio haurraren bihotz xamur-xamurrean Jaungoikoaren ideia piztu zuena». Euskara zen erlijiorako bi- dea, zeren, «euskara hitz egiten den tokietan ezinezkoa baita ideia panteista […], hau da, ideia paganoaren berpizkundea». Eta erantsi zuen: «sekulan ez da biraorik egin euskaraz. Biraoa foruen aurkakoa da, arrazoimenaren eta kristautasunaren kontrakoa baita». Horren ondorioa gizarte morala zen, tra- dizio eta ohitura onen herria, berezko agintariek erlijioaren zeinupean gobernatzen baitzuten. Hori dela-eta deitoratzen zuen euskal patrizioek bazter uztea herriaren alde hainbeste egiten zuen hizkuntza, hizkuntzarik eza mo- ralgabetasuna eta erlijiogabetasuna baitzen. Horregatik, Gorteetan 1870eko otsailaren 4an egindako hitzaldian, hauxe adierazi zuen: «Gobernu batek esku sakrilegoa luzatuko balu gure erakunde gurtuen kutxa santua ukitzeko, ez izan zalantzarik, euskal herria gizon bakar bat bezala altxatuko litzateke, eta lehoiaren kemenez oldartuko litzateke armada inbaditzailearen baioneten aurka». Eta hauxe erantsi zuen: «Foruak bigarren erlijio moduko bat dira Euskal Probintzietan, Kalbarioko erlijio ohoragarria Foruetako lehena den bezala, bere Foru transzendentala da». Karlisten berehalako altxamenduaren iragarpena zen, haren iritziz karlismoak bakarrik aldezten baitzituen horrelako ideiak.

Heriotzaren ondotik, haren figura nolabait ahanzturan gelditu zen, baina hogeita hamarreko karlismoak aldarrikatu zuen batez ere. 1950ean, estatua bat ezari zuten Donostian.

Obrak

Ensayo sobre la tolerancia religiosa de España en la segunda mitad del siglo XIX, Calahorra: Sanz y Gómez, 1862.

Sermón que en la solemnísima función religiosa que como anuales cultos dedica la muy noble y muy leal provincia de Alava a su Patrono San Prudencio…, Gasteiz: Hijos de Manteli, 1865.

El Apostolado de Roma, su influencia benéfica desde el punto de vista político y social, ó sea Vindicación del poder extraordinario de los papas de la edad media…, Gasteiz: Sanz y Gómez, 1869.

La Virgen-madre, folleto de actualidad de propaganda católica, en que se vindica la perpe- tua virginidad de la santísima Madre de Dios de los violentos ataques de la impiedad contemporánea, Gasteiz: Sanz y Gómez, 1869.

Discurso y rectificaciones al del Sr. Castelar pronunciados en la Asamblea Constituyente en los días 12 y 13 de abril de 1869 en defensa de la unidad religiosa, Gasteiz: Sanz y Gómez, 1869 [Adrián de Loyarteren berrarg., Donostia: Relieve, 1950].

Hojas de propaganda católica, Gasteiz: Sanz y Gómez, 1870.

Manual de controversia con los protestantes…, Gasteiz: Sanz y Gómez, 1869 [1870ean ere bai].

Don Cárlos es la civilización, Madril: Antonio Pérez Dubrull, 1871 (2. arg., 1872).

Don Cárlos, ó el petróleo, Madril: Antonio Pérez Dubrull, 1871.

El espíritu carlista, Madril: Antonio Pérez Dubrull, 1871.

El satanismo o sea La cátedra de Satanás combatida desde la cátedra del Espíritu Santo: refutación de los errores de la escuela espiritista, Bartzelona: Espasa Hermanos y Salvat, 1878 (1879an berrarg. eta Coatepec, Mexiko: Antonio Rebolledoren inpri- mategia, 1882).

El cristianismo y las sectas protestantes…, Malaga: Muñoz, 1881.

Afirmaciones católicas, Madril: José del Ojo y Gómez, 1885.

Bibliografia

BAUTISTA, M., Biografía de Don Vicente Manterola, Diputado por Guipúz- coa, Madril: Tomás Alonso, 1869.

GARMENDIA, V., Vicente Manterola, canónigo, diputado y conspirador carlista, Gasteiz: Sancho el Sabio Erakundea, 1975.

GARMENDIA, V., «Manterola y Pérez, Vicente», Diccionario Biográfico Español, XXXII, Madril: Historiaren Errege Akademia, 2009, 165-167. orr.

RODRÍGUEZ DE CORO, F., «Vicente Manterola y algunos presupuestos de su intoleran- cia religiosa (1866)», Boletín de estudios históricos sobre San Sebastián, 10 (1976), 209-234. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP