Karguak eta lanbideak
Idazlea, kazetaria, filologoa, liburuzaina eta irakaslea.
Ibilbidea
Jose Manterola Donostiako familia burges batean jaio zen. Aita (Gregorio) Gipuzkoako ahaldun nagusia eta udaleko zinegotzia izan zen 1869tik 1873ra, Seiurtekoan. Batxilergoa Bergarako Errege Mintegian ikasi zuen eta, gero, Filosofia eta Letrak Valladolideko, Zaragozako eta Madrilgo unibertsitateetan.
Gazte-gaztetik, egunkarietan artikuluak idatzi zituen, hala nola Gipuzkoako Aurrera liberalean eta La Paz foruzalean. Ideologia politikoari dagokionez, liberal foruzalea izan zen, Donostiako elite kultural guztiari ohi zegokionez eta, 1873an, Diario de San Sebastián egunkariko zuzendari izendatu zuten, bai eta Udal Liburutegiko zuzendari ere. Gero, Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakaslea izan zen, gerra zela-eta hiritik Bergarara lekualdatua. Institutuan, Letrei loturiko irakasgaiak eman zituen, hala nola Erretorika eta Poetika, baina baita mugakoago batzuk ere, hala nola Psikologia eta Etika nahiz Kosmologia eta Teodizea.
1876ko uztailaren 21eko legearen ondorioz foruak indargabetu izana kolpe latza izan zen intelektual liberal gehienentzat, karlisten aurkako gerran egindako ahaleginak Foruen galera izan baitzuen sari. Giro hartan, kultur eki- men euskaltzaleak sustatu ziren Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Manterola gazte hil zen, 35 urte doi zituela. Hiri guztiak agertu zuen bere nahigabea, bai eta Euskal Herri guztiak ere, heriotzaren ondotik egindako omenaldi-liburuak darakutsan bezala. Hala eta guztiz ere, munta handiko eginkizunak garatzeko astia izan zuen.
Donostian, lehen Berrezarpenean garatutako ildoaren erreferentea da Jose Manterola: hots, mugimendu foruzale eta katolikoa, aurreko garaian baino kontserbadoreagoa. Hiru ardatzen inguruan lan egin zuen: bai idazle gisa, bai Udalaren bidez hiriko Lore Jokoen sustatzaile gisa, bai Euskal-Erria aldizkariko zuzendari gisa.
Idazlanei dagokienez, Cancionero Basco da nabarmentzekoa. Euskal Herri osoko olerki eta abestien antologia da, hiru liburukitan banatua. Liburuki bakoitzak aukeraketa liriko bat dauka, oso argi ez dauden kategoria poetikoei jarraikiz egina, eta nolabait, arrapaladan egindako bildumaren eitea dario. 1877tik 1880ra bitarte idatzi zuen. Bonaparte printzeari eta Antonio Truebari eskainia egoteak salatzen digu asmoaren nondik norakoa. Kantutegiak pertsona batzuek egindako lana du oinarri: zehazki, Francisque Michel (1809-1877) Bordeleko Unibertsitateko katedradun eta Erdi Aroan adituak ondutakoa, Jean-Dominique Julien Sallaberry abokatu eta folkloristak gauzatutakoa, eta Jose Antonio Santesteban (1835-1906) organista eta konpositore donostiarrak egindakoa; hain zuzen, azken horren musikalizazioetan oinarritu zen. Olerkiez gain (haietako batzuk musikalki harmonizatuak), bestelakoak jaso zituen, hala nola obrari eta egileei buruzko datu kritikoak, gaztelaniazko itzulpena eta, zenbaitetan, baita frantsesera ere, ohar filologikoak eta euskara-gaztelania-frantsesa hiztegi bat. Ez du hainbateko garrantzirik Guía manual geográfico-descriptivo de Guipúzcoa gidak. Manterolaren poemak ere nabarmendu behar dira (Post tenebras spero lucem, garrantzitsuena), eta aipatzekoak ere bai haren itzulpenak, bai egunkarietan idatzitako artikuluak, bai Refranes y proverbios vascos lana, Gregorio Mujikak bere Euskalerriaren alde aldizkarian 1911n argitaratuak.
Halaber, Udalaren bidez, Lore Jokoak edo Euskerako Itz-jostaldien Batzarrea bultzatu zituen, 1882tik aurrera. Hura euskal kultur ekitaldiak ikustarazi eta saritzeko ekimena izan zen, hala nola bertsolaritza, txistua, musika oro har, literatura, folklorea, etab. Ekimen hura Europako mugimendu erromantikoarekin zegoen lotua, Ipar Euskal Herrian Antoine d’Abbadie mezenasak bultzatua eta Bidasoa gurutzatu zuena. Donostiako euskal festek Gipuzkoakoei lekukoa utzirik, ekitaldiak Lehen Mundu Gerra hasi arte garatu eta egiazko eragingarria izan ziren euskal kultura berpizteko.
Beharbada, Manterolaren lan garrantzitsuena Donostiako Euskal-Erria aldizkaria sortzea izan zen (1880-1918), bai eta hasierako urteetan zuzentzea ere, proiekturik anbiziotsuenetako bat izan baitzen hiriaren historian. Aldizkariak Euskal Herriko lehen figurak bildu zituen, bai eta kanpokoak ere. Beti egon zen oso lotua Udal Liburutegiari, aldizkariko zuzendari guztiak liburu- zainak izan baitziren, bai Manterola, bai eta hari jarraiki zitzaizkion Antonio Arzac eta Francisco Lopez Alen ere. Era berean, aldizkariaren bultzatzaileak Lore Jokoen sustatzaileak izan ziren, eta aldizkaria Jokoen bozemailea izan zen. Euskal-Erria aldizkarian euskal gaien alderdi guztiak izan ziren hizpide, agian pixka bat era naifago eta hanpatuagoan, baina aniztasun ideologiko inbidiagarriarekin. Manterolak hainbat ataletan parte hartu zuen buru-belarri, hala nola Curiosidades vascongadas, Apuntes necrológicos, Autógrafos y noticias eta Efemérides vasco-navarras ataletan.
Euskaltzale gisa, Manterolak ebatzi zuen Gabon sariac Floridablancako Kondeak onduak zirela. Bestalde, bere alargunaren bidez, Bilintxen bertso asko salbatu ziren. Halaber, Manterola lehenetarikoa izan zen ohartzen euskal kulturak Baskonia kontinentalean zuen garrantziaz. Euskararen gainbeherak izugarri kezkaturik (euskaldunek zokoratua eta kanpoaldeko indarrek higatua), ederki ohartu zen literatura idatzia, adierazpideak, euskal tipoak erabiliko zituen inprenta, akademia bat eta ortografia batua izan beharraz. Bere garaiko askorekin bat, euskara garbizalearen alde egin zuen, herri hizkeratik aldendua, eta Barroko garaian sortutako neologismoak erabiltzeari nabarmen lotua.
Obrak
Guía-manual geográfico-descriptivo de la provincia de Guipúzcoa, Donostia, 1871.
Cancionero basco. Poesías en lengua euskara, Donostia, 1877-1880.
Bibliografia
SAN MARTÍN, J., Jose Manterola, Donostia: Donostiako Udala, 1985. ZENBATI EGILE, Manterola (homenaje a su muerte), Donostia, 1884.





