Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO ERROMESAK ETA BIDAIARIAK

MANIER, Guillermo(Carlepont, Frantzia, 1704 – s. l., d. g.).

Karguak eta lanbideak

Bidaiaria

Ibilbidea

Amarik gabe geratu zen zazpi urterekin, eta aitarik gabe, hamaika urterekin. Ahaide kleriko batek hartu zuen, eta hark hezi zuen. Geroago, jostunen lanbidea ikasi zuen; hori dela-eta ageri dira etengabe janzkerei buruzko oharrak bere bidaiaren deskribapenean.

Hogeita bi urterekin, 1726ko abuztuaren 26an, Espainiarako bidaia hasi zuen, Santiago de Compostelara joateko, Juan Hermand, Antonio Vaudry eta Antonio Delaplace-rekin —Delorme esaten dio Manierrek—. Dirudienez, armadan egondakoan hartutako zorren ondoriozko estualditik irtetea zen erromesaldia egiteko arrazoi nagusia. Oso baliabide gutxirekin —Manierrek 50 libera zituen; Hermandek, 13; eta Delormek, 35—, Carlepontetik irten ziren, eta Paris, Orleans, Bordele, Akize eta Baiona zeharkatu ondoren, Espainian sartu ziren, Irunetik, eta, han, harrituta geratu zen bertako emakumeen edertasunagatik eta janzkeragatik —agerian geratzen da hor bere lanbidea—: «Lehenik eta behin neska gazte eta emakume asko ikusi genituen; den-denak oso dotore jantzita zeuden, eta leku zoragarria iruditu zitzaigun hura: ileak txirikordan moldatuta zituzten, gerruntze urdinak edo gorriak jantzita, tornuan eginak baleude bezala, eta xarmaz betetako aurpegiak, imajina daitekeenetik harago  […] ; gizonak, aldiz, erabat itsusiak. Emakumeak mahukak marinel erara daramatzate, gizonak bezala».

Gero, ibilbidea jarraitu zuten: Hondarribia, Oiartzun, Errenteria… zeharkatu zituzten, San Adriango tunelera iritsi arte. Gero, Santo Domingo de la Calzadarantz jarraitu zuten, oilarraren eta oiloaren mirariak erakarrita, beste erromes asko bezala. Santo Domingotik Burgosera joan zen, eta, gero, Compostelarantz jarraitu zuten. Azaroaren 1ean iritsi zen, Irunetik urriaren 7an abiatuta. Santiagotik Oviedora eta Madrilera joan zen, eta Nafarroan barrena itzuli zen Frantziara.

Guillermo Manier-ek hamar urte geroago idatzi zuen bere kontakizuna, 1736an, eta, dirudienez, aipatzen ez dituen zenbait liburu erabili zituen. Bere ibilbidea Bonnault d’Houët-eko baroiak argitaratu zuen, 1890ean, oharrak ere idatzita, Pèlerinage d’un paysan picard à St-Jacques de Compostelle au commencement du xviiie siècle izenburuaz. Manierrek egiten dituen bisiten deskribapenetan eta oharretan, ikusten da pertsona erlijiosoa dela, sakramentuak hartzen baititu eta induljentziak lortzen ahalegintzen baita, baina interes handia erakusten du, halaber, amuleto eta prebentziozko erremedio gisa erabiltzen diren zenbait harriri onartzen dizkien propietateekiko. Manierrek kontatzen du  arrano bat zuen harria lortu zuela, intxaur gorrixka eta grisaxka baten formakoa, eta Oviedoko ospitalean, Bizkaiko erromes batek agata bat eman ziola, buruko gaitzentzako ona zena. Beste erromes bati, berriz, gurutze itxurako sei edo zazpi dozena harri erosi zizkion, bost edo sei laukoren truke, bai eta Las virtudes y propiedades de las piedras de cruz y de las de golondrina idazlana ere. Erlikiekiko duen interes handia adierazten du, Oviedoko San Salvador elizako kutxa batean asko zeudela adierazten baitu. Besteak beste, honako hauek aipatzen ditu: Jesu Kristoren izara santuaren zati handi bat, Jesu Kristoren haragiaren zortzi arantza, haren tunika gorria, ukuiluan biltzeko erabilitako jantziak, azken afariko ogia…

Esan dugunez, Nafarroan barrena itzuli zen Frantziara. Nafarroara Erriberatik sartu zen, eta Tutera eta Arguedasetik. Hor, gertaera arriskutsu bat bizi zuen, lau gizon Manierri eraso egiten saiatu baitziren, frantsesa zelako: «Aldi berean, haietako bat, aiztoa eskuan, haserre etorri zen nire kontra, lurrera botatzeko eta rasibus cujus egiteko, eta gero, handik gertu erakutsi zidaten zuhaitz batetik zintzilikatzeko. Zintzurra moztu zidakeen, beste bat errukitu izan ez balitz, haiengandik urruntzeko esan baitzidan». Egun batzuk geroago, Martzilla —«inguru guztiak lur lauak eta beheratuak dira, urez beteak»— eta beste leku batzuk zeharkatuta, Iruñera iritsi zen abenduaren 21ean, eta erromesen ospitale batean eman zuen gaua. Hiriari, umezurtzen hezkuntzari, eta bertako diruari buruz hitz egiten du. Bidaiaria umezurtz geratu zen oso gazte; beraz, Iruñean umezurtzengatik zer egiten zen jakin nahi izan zuen, eta honela dio: «Haur bat umezurtz geratzen bada, establezimendu berezi batzuetan hartzeko ohitura dute […]. Gero, ikasten jartzen dituzte, eta ez dute ezer ordaindu beharrik hezkuntzaren truke. Denek ikasi behar dute, eta hori dela-eta daude erresuma horretan hainbeste apaiz eta erlijioso pobre». Katedralari dagokionez, honako hau dio: «Erromesak katedralera joaten dira bazkaltzera, katedralak hamabi erromesentzako errentak baititu, eta falta badira, hiriko apaiz pobreren bat hartzen dute erromesen ordez, horrelako apaiz asko baitaude hirian, erresumako beste edozein hiritan bezainbeste […]. Katedrala aipatuko dut berriz, barruan jaten dela esateko, eta zopa, abadira, ogitxo zuri bat eta bi basokada ardo beltz eman zizkigutela esango dizuet».

Egun berean, bidaiaria iparralderantz abiatu zen, eta Atarrabia, Miravalles, Zubiri zeharkatuta, Orreagara iritsi zen abenduaren 24an: «Iristean, su on batekin egin ziguten harrera […]. Han, neska eder bat zegoen erromesei zerbitzatzen. Ilea txirikordetan moldatuta zuen, eta zopa, ogi beltza, haragia eta bi edo hiru basokada ardo eman zizkigun afaltzeko». Gero, abenduaren 27an, Manier erromesa Frantziarantz abiatu zen.

Obrak

Bonnault d’Houët, Barón de (arg. eta oharrak): Pèlerinage d’un paysan picard à St-Jacques de Compostelle au commencement du xviii siècle,Montdidier, 1890.

Bibliografia

García Mercadal, F.: Viajes de extranjeros por España y Portugal desde los tiempos más remotos hasta fines del siglo xvi. Recopilación, traducción, prólogo y notas por J. García Mercadal, Madrid: Aguilar, 3. libk., 1952, 351.-380. or.

Jusué Simonena, C.: «Visión de viajeros sobre la Catedral de Pamplona» in García Gainza, M.ª C.; Fernández Gracia, R. (koor.): Cuadernos de la Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro, I, Estudios sobre la Catedral de Pamplona, Iruñea: Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro, Universidad de Navarra, 2006, 479.-480. or.

Orta Rubio, E.: Tudela y la Ribera de Navarra a través de los viajeros (siglos xv–xx), Tutera, 1993, 99.-104. or.

Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª; Uría Ríu, J.: Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1. libk., 1948, 245. or.

Aipamen bibliografikoa

Jusué Simonena, C., “Manier, Guillermo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 730-732.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP