Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

MAÑE Y FLAQUER, Juan (Torredembarra, Tarragona, 1823 – Bartzelona, 1901).

Karguak eta lanbideak

Kazetari, idazle, Bartzelonako Unibertsitateko katedratikoa

Ibilbidea

Bere kazetari-ibilbidea El Genio, La Fe Pública, La Discusión, El Ángel Exterminador, El Barcino Musical, La Lira Española, El Locomotor eta Bien Pú- blico argitalpenetan hasi zuen. Diario de Barcelona kazetan hasi zen lanean, eta hura zuzendu zuen 1865-1901 bitartean, Madrilgo La Época (1863) egunkarian gauza bera egin ondoren. Bartzelonako egunkaria herrialdeko bigarren tiradarik handiena izatera eraman zuen, eta eskura jarri zien komunikabideari eta haren zuzendariari eragin sozial eta politiko handiak izateko aukera, burgesia liberal-kontserbadorearen ideologia eta jarrerak adierazteko, «kontserbatzea aurrera eginez» printzipioarekin, mugimendu liberal aurrerazale eta langileei aurre eginez, bere independentziagatik obsesionatua. Historiako Errege Akademiako kide (1879-1901), Bartzelonako Letra Onen Akademiako kide (1852), Espainiako Geografia Errege Elkarteko kide (1876), Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademiako kide (1897) eta Bartzelonako Kazetarien Elkarteko ohorezko lehendakari (1889) izan zen.

Prentsako artikulu ugariez gain, hainbat lan argitaratu zituen burtsako jardueraren inguruan, eta defendatuz bere kontzepzio historia zalea, organizista, erregionalista, liberala eta kontserbadorea, erromantizismoarekin eta Savigny legelari alemaniarraren eskola historikoarekin lotua, «belaunaldi foruzalea» (Vicens) deitu zenaren bidetik. Haren laguntzaile izan ziren, besteak beste, Duran i Bas eta Joan Maragall.

Familia liberal batean jaio zen, aita Goardia Nazionaleko kidea zela. Katalanismo kontserbadore, erregionalista, foruzale, probintzien aldeko eta deszentralizatzailea eraiki zuen, beste hainbat lagunekin batera, Lligaren karlismo-integrismo, federalismo, errepublikanismo eta katalanismoaren aurrean. El Correo Catalán karlismoaren egunkari ofizialean idatzitako artikuluetan eta lerro editorialean adierazi zuen karlismoaren errefusa, baina biek bat egin zuten antiklerikalismoan. Kubako gerraren garaian Madrilgo prentsarekiko eztabaidak izan zituen, gobernuaren kudeaketa kritikatu zuen eta autonomia erregimena eskatu zuen.

Ideologiaz liberal-kontserbadorea izanik, integrismo erlijiosoa eta politikoa errefusatu zituen, eta Malinasko (Belgika) 1863ko Kongresuan parte hartu zuen. Han, katoliko talde batek defendatu zuen erlijioa harmonizatu behar zela askatasunarekin eta ordenarekin, Pio IX.a aita santuak liberalen akatsak salatuz plazaratutako Syllabus Errorum adierazpenari aurka eginez. Horrela, bere egin zuen Frantziako liberal katolikoen jarrera, Le Correspondant de Montalambert aldizkarian eta han argitaratutako XIX. mendeko katolikoen interesak foiletoian azaltzen zena, eta inspirazio-iturri gisa erabili zuen bere linea editorialean «Katolizismoaren eta Askatasunaren arteko aliantza» defendatuz. «Eliza aske bat Estatu aske batean» defendatu zuen, eta eliza askatzea botere zibilaren babesetik, azkenean tutela bihurtzen baita. Kongresuari buruz esan zuen hura izan zela «katolizismoaren panegirikoa eta askatasunaren gorazarrea», bera bezala «liberalak zirenentzat familiaren tradizioz, izaeraz eta hezkuntzaz, eta katolikoak hezkuntzaz, esker onez eta sentimenduz».

Hirugarren Gerra Karlista (1872-1876) amaituta, foruen aurkako giroa areagotu zen, «probintzia salbuetsien pribilegioen aurka», gerrako urteetatik ere handituta heldu baitzen, Karlos VII.a erregegaiak Kataluniako herritarren aldetik jasotako laguntzagatik. Arrisku karlista amaituta, eta erregimen liberala finkatuta, haren ordena instituzionalaren oinarrizko printzipioetako bat ezarri zen: zentralismoa, printzipio politiko gisa ulertuta, ezen ez espazio politiko eta juridiko homogeneo bat eraikitzeko, non zentro batek ziurtatuko lukeen boterearen eta administrazioaren batasuna. Estatua nazioarekin, homogeneizazioarekin eta boterearen batasunarekin identifikatzeak nahitaez eskatzen zuen botere bakar eta zentral baten menpe batzea, uniformitate legegile, judizial eta administratibo batean oinarrituta. Kontzepzio hori errotik kontrajarria zegoen lurraldeen «foruekin», onura ekartzen baitzieten posizio oneko klaseei. Probintzietako ordezkariak bildu izan ziren Madrilen, Gobernuari eskatzeko foruen abolizioa, eta foruen aurkako prentsak foruak man- tentzearen aurkako kanpainak egin zituen.

Foruen aurkako giroak Campionen haserrea piztu zuen, eta bere errefusa adierazten hasi zen 1876ko maiatzaren 19an, Madrilgo La Paz aldizkarian

«Foruak eta ideia liberala» izenburuarekin argitaratutako artikulu batean. Horrekin hasitako kanpainaren ondorioz sortu zen Campionek Nafarroako foraltasunari buruz idatzi zuen lehenengo lan garrantzitsua: Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas en Navarra, 1876ko urte berean argitaratua. Han saiatu zen erakusten foruak bateragarriak zirela printzipio liberalekin, ideia karlisten aurkakoak zirela, liberal nafarrak izan zirela foruak defendatu eta erregimen konstituziolanera egokitu zituztenak, nafar herri li- beralak gerra karlisten ondorioak jasan behar izan ez zitzan. Haren planteamenduak bat zetozen liberal nafarren argudioekin, Diputazioak erakutsi zuenez, 1876ko legeak zabaldu zuen negoziazioan.

Foruen aldeko jarrera, ordena liberalaren barruan, tradizionalista, organizista, karlismoaren aurkakoa, integrismoaren aurkakoa, zentralismoaren aurkakoa, parlamentarismoaren aurkakoa eta antifederalista, Mañek lideratu zuen Katalunian, eta haren aldeko agertu ziren, erregionalismo katalan kontserbadoretik, Romani, Collell, Rubio y Orts, Mila i Fontanals, Duran i Bas, Morgades, Torras i Bages, etab. Mañek adierazi zuenez «El regionalismo» lanean: «probintzialismoa sortu dugu espiritu kontserbadorean, eta hori da Erdi Aroko antolamendu kristau politiko-sozialaren defentsa, erresistentzia, konkista iraultzailearen aurrean, Errenazimendu paganoak gizarte europarraren aurka jaurti zuen korronte panteistari aurka egiteko». Eskatu zuen «gure jarduera eta gure jarrera aplikatzea, afera pribatuetan ez ezik, udalaren eta pro- bintziaren administrazioan ere, deszentralizazio mailakatu batekin, estatu espainiarraren integritatearekin bateragarria». Erregionalismoa «herrien asmo zilegia» zen, «zein beren gizartearen legeen arabera bizitzeko. Herri bakoitzak —arraza bakoitzak— aurkitzen du, era guztietako zailtasunei aurka eginez, bere idiosinkrasia sozialaren, eta kasu askotan, bere idiosinkrasia fisikoaren, adierazpidea den existentzia-modu baten formula. […] Herrientzat funtsezkoa, esentziala da haien zuzenbide zibila, haren parte baitira herri horren azturak eta ohiturak. Horregatik, autonomia zibila bateragarria da aurkaratzen ez zaion antolamendu politiko eta administratibo ororekin». Almirall katalanaren federalismoa errefusatu zuen, haren iritziz, «gure instituzio eta ohitura tradizionalak errotik ezabatuko bailirateke, era erradikalago batean […], eta aukeratu ahal izanen banu lepoa katalanez moztea edo gaztelaniaz moztea, aitortuko dut azken aukera hori ez zaidala bestea bezain higuingarria».

1876ko uztailaren 21ean eman zen abolizio legea. Haren arabera egokitu ziren lurralde horietako foruak batasun konstituzionalera, 1839ko urriaren 25eko legeak aurreikusi zuena betez. Neurri inposatua izan zen, testuan argi azaltzen denez, bere formulazioan eta aplikazio-eremuan oso desberdina, legean aurreikusitako elkarrizketatik sortuko zen eredutik, alegia, Nafarroako foruak egokitzeko 1841eko Legea eratzeko erabili zen eredutik. Euskal Probintziak behartu zituen zerbitzu militarra egitera, Estatuaren gastu orokorrei ekarpena egitera, eta «Estatuaren Aurrekontu Orokorretan esleitzen zaizkien ekarpen, errenta eta zerga, ohikoak eta ez-ohikoak» ordaintzera. Ezarri zituen «Euskal Probintzietako biztanleentzat ere, Monarkiaren Konstituzioak espai- niar guztientzat ezartzen dituen betebeharrak» eta Gobernuari baimena eman zion haien foru-erregimena berritzeko «tokian tokiko inguruabarrek eta esperientziak aholkatzen dituzten formazko aldaketak erantsiz».

Mañek berreskurapena sustatu zuen, Gerra Karlistari amaiera emateko negoziazioetan parte hartu zuenean, baina Canovasengandik aldendu zen, ez zegoelako ados 1876ko konstituzioarekin eta haren kultu-askatasunarekin, zentralizazioarekin eta truke-askatasunarekin, hark eragozten baitzuen burgesia katalanak eskatzen zuen protekzionismoa. Egoera horretan agertu zen katalan erregionalista foruzaleen aldekotasuna, eta haien buru agertu zen Mañe, aipatutako lanarekin eta artikuluekin. El Oasis. Viaje al país de los fueros lanean eta artikulu ugaritan defendatu zituen euskal lurraldeen eta Nafarroaren foruak, mugimendu abolizionistaren aurka, hark zigortu nahi baitzituen, Gerra Karlistari emandako laguntzagatik. Euskal herria- ren bertuteak goretsi zituen hitz hauekin: «herri berezia da, gure senidea, baina munduari eskaintzen diona ikuskizun hezigarri bat, alegia, orain dela sei mendetik hona armarik ez baitute hartzen, berain erakundeen defentsarako izan ezean, Espainian, bitarte horretan, beti onenen odola isurtzen de- larik, edozein erakunde berri eraisteko». Aipatutako lana funtsean bidaia-liburu bat da, hiru tomotan idatzia, Nafarroa, Gipuzkoa-Araba eta Bizkaiari eskainiak. Lau lurraldeetako kulturako pertsonaia ospetsuen eskutik egindako ibilbidea deskribatzen du, haien geografia, historia, artea, monumentuak, kultura, etnografia, instituzioak, hizkuntza eta eskubidea azalduz, zenbait irudi erantsita. Azken liburukian artikulu bat eskaini zien «Iparragirreri eta Gernikako arbolari».

Gipuzkoako eta Bizkaiko «foruen aita» izendatu zuten. Foruen alde egindako eginahala eskertzeko, bi lurralde horien seme kuttuna izendatu zuten eta Gernikako arbolaren kimu berri bat oparitu zioten.

Obrak

Colección de artículos, Bartzelona: Antonio Brusiren inprimategia, 1856, 1859.

La bolsa. Sus leyes, sus secretos y sus peligros, Bartzelona: Antonio Brusiren inprimategia, 1859.

Historia del bandolerismo y la camorra en la Italia meridional: con las biografías de los guerrilleros catalanes Borges y Tristany, Bartzelona: Salvador Maneroren inprimate- gia, 1864.

El otoño y la primavera de la vida, Bartzelona: Diario de Barcelonaren inprimategia, 1867.

Cartas provinciales dirigidas a D. Antonio Cánovas del Castillo y publicadas en el Diario de Barcelona, Bartzelona: J. Jepúsen inprimategia, 1875.

La paz y los fueros, Bartzelona: Jepúsen inprimategia,1876.

La revolución de 1868 juzgada por sus autores. Documentos, juicios, máximas, palinodias y desahogos coleccionados por…, Bartzelona, Jaime Jepúsen inprimategia, 1876-1877. 2 libk.

El oasis. Viaje al país de los fueros, Bartzelona; Jaime Jepúsen inprimategia, 1878- 1880; Bilbo: Izar, 1990.

La Masonería: artículos publicados en el Diario de Barcelona, Vilanova y la Geltrú: José i Flaquer-en inprimategia, 1883.

Ligeras reflexiones al discurso del Sr. Núñez de Arce, leído en el Ateneo de Madrid el 8 de noviembre de 1886, Madril: Sucesores de Rivadeneyra, 1886.

El regionalismo, Bartzelona: Imprenta barcelonesa, 1887.

Un ensayo de regionalismo. Cartas a D. J. Pella y Forgas, precedidas de una introducción, Bartzelona: Imprenta L’Avenç, 1897.

Alrededor de la República (1873-1874), Bartzelona: Diario de Barcelonaren inprimate- gia 1911.

Cartas a Cándido: estudio político-social de la Revolución y su tiempo, Bartzelona: Diario de Barcelona, 1911.

 

Bibliografia

BOU, J., L’Etat-nació i el conflicte regional. Joan Mañé i Flaquer, un cas paradigmatic (1823-1901), Bartzelona: Montserrateko abadia, 2004.

BOU, J., «Joan Mañé i Flaquer i el Diario de Barcelona, una vida en paper», L’Estat- nació i el conflicto regional: Joan Mañé i Flaquer, un cas paradigmatic, 1823-1901, Bartzelona, 2004, 133-153. orr.

BOU, J., «Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiako Errege Akademia. Lineako argitalpena: http://dbe.rah.es/biografias/12907/joan-mane-i-flaquer (2019ko azaroa- ren 20an kontsultatua).

LLAGOSTERA FERNÁNDEZ, A., «La gènesi dels articles de Joan Mañé i Flaquer al Diario de Barcelona, «Cataluña y sus ruinas» (15 de setembre i 27 d’octubre de 1861)», Annals del Centre d’Estudis Comarcals de Ripollés, 2003-2004, 51-75. orr.

GALÍ, F., Exlibris, Joan Mañé i Flaquer, Bartzelona: Biblioteca de Catalunya, 1921.

GALÍ, F., Joan Mañé i Flaquer: periodista i escriptor (Torredembarra 1823-Barcelona 1901), Torredembarra: Ajuntament, 2017.

ORTIGOSA MARTÍN, J. L., La cuestión catalana. II. Desde junio de 1713 hasta junio de 2018. Historia, mitos, leyendas y mentiras, Madril: Visión libros, 2018.

PÉREZ OLLO, F., «Mañé y Flaquer, Juan», Gran Enciclopedia de Navarra, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1990, 7. libk., 197-198. orr.

PLA, J., Vint-i-cinc anys de política catalanista (L’obra d’en Cambó), Bartzelona: Tipografía Emporium, 1931.

SOLÉ TURA, J., Catalanismo y revolución burguesa, Madril: Edicusa, 1974, 72-77. orr. VICENS VIVES, J., Historia social y económica de España y América, IV-II, Bartzelona, 1959, 338-339. orr.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP