Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

MADRAZO Y KUNTZ, Pedro de (Erroma, Italia, 1816ko urriak 11 – Madril, 1898ko abuztuak 20).

Karguak eta lanbideak

 Historialaria, politikaria, itzultzailea, arkeologoa eta arte-kritikaria

Ibilbidea

Pedro de Madrazo y Kuntz Jose de Madrazo y Agudoren eta Isabel Kuntz de Valentiniren semea zen, eta anaia zituen Federico eta Luis de Madrazo pintoreak eta Juan de Madrazo arkitektoa. Italiako Erroman jaio zen, kultura artistikoarekin lotura zabalak zituen familia batean. Han, aita Karlos IV.a erregearekin eta Maria Luisa de Parma andrearekin zegoen erbestean. Espainiara itzuli zenean, Madrilgo Nobleen Apaiztegian egin zituen ikasketak eta, lehenago, familiarekin jaso zuen heziketa bere lehen urteetan. Toledon eta Valladoliden egin zituen zuzenbideko ikasketak, 1837an Parisera joan baino lehen. Bertan, harreman handiak egin zituen zenbait idazlerekin, hala nola Alejandro Dumas edo Victor Hugo.

Manuela de Rosales y de la Salarekin (Martin de Rosales Estatu Nagusiko jeneralaren alaba) eta Manuela de la Salarekin (Isabel II.aren ganberazaina) ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituen bigarrenarekin: Mercedes, Jose, Enma eta Sofia.

Literaturari dagokionez, Isabel II.aren erregealdian Espainian jazo zen kultura-arloko iraultzan lagundu zuen eta, batez ere, El Artista-n argitaratu zuen, Espainiako Erromantizismoaren argitalpen garrantzitsuena. 27 kolaborazio egin zituen argitalpen horretarako, bai eta beste batzuetarako ere, hala nola No me olvides, Revista de Madrid, El Español, El Iris, Semanario Pintoresco Español, El Laberinto, El Siglo Pintoresco, Álbum Pintoresco Universal eta El Renacimiento, edo La Ilustración Artística, La Ilustración de Madrid, La Iberia, La Ilustración Católica, edo Museo Español de Antigüedades.

Monografia batzuk argitaratu zituen, hala nola Orfebrería de la época visigoda. Coronas y cruces del Tesoro de Guarrazar 1879an, Monumentos arquitectónicos de España eta Tapicería denominado del Apocalipsis 1880an, Museo Español de Antiguedades-en argitaratua. Hala eta guztiz ere, Historia documentada de la pintura española jo izan da haren idazlana garrantzitsuentzat; izan ere, bere kultura-ekoizpenaren bidez, errege-bildumak ezagutzera ematen lagundu zuen, adibidez, 1843an argitaratutako Catálogo del Museo del Prado katalogoaren bidez, edo Catálogo descriptivo e histórico del Museo del Prado de Madrid bidez, zeinari 1872an argitaratu baitzitzaion lehen zatia; hala ere, hil egin zenez, amaitu gabe geratu zen.

Viaje artístico de tres siglos, por las colecciones de cuadros de los reyes de España, artículos sobre arte y artistas idazlana argitaratu zuen 1884an La Ilustración Española y Americana aldizkarian, Joyas sueltas del Arte Antiguo y Moderno 1874an, De la pintura mural de los templos 1883an, Vidas de pintores célebres Almanaque-rako 1880an, eta La Colegiata de Toro 1892an.

Literatura-lanaz gain, lan handia egin zuen abokatu eta itzultzaile gisa 1840ko hamarkadan. Hauexek dira itzuli zituen idazlanetako batzuk: M. P. Rossiren Tratado de Derecho Penal eta Curso de Economía política eta Libro de los Oradores de Timón 1844an, eta M. A. Thiersen Historia del Consulado y del Imperio.

Eremu politikoan, 1845ean ekin zion administrazioko ibilbideari Errege Kontseiluan eta, gainera, abokatu fiskal, kontseilari edo Estatu Kontseiluko bitarteko presidente ere aritu zen. Era berean, San Fernando Akademiak Erresumako senatari izendatu zuen.

1859an, Historiaren Errege Akademiako kide oso izendatu zuten. Espainiako Historiaren Errege Akademiako idazkari izan zen 1879tik 1898ra arte; baita San Fernando Arte Ederretako Akademiako kide ere 1842an, eta Hizkuntza Akademiakoa 1881ean. Espainiako Errege Akademian I. eserlekua bete zuen 1881etik 1898ra arte. Liburuzain kontserbatzaile izan zen San Fernandon 1857tik 1894ra, eta zuzendari 1894tik 1898ra. Madrilgo Arte Modernoko Museoaren zuzendaria izan zen 1895etik.

1886an España, sus monumentos y artes-su naturaleza e historia. Navarra y Logroño argitaratu zuelako izan zuen lotura estuena euskal lurraldearekin: hiru liburukiko lana zen, Bartzelonan argitaratua, Nafarroa eta Logroño probintzietako monumentuak, arteak, natura eta historia modu literarioan ezagutzera ematen zituena modu zientifiko eta didaktikoan baino gehiago. Gainera, hirurogeita bi urte zituela, bost urtetik gora aritu zen kolaboratzaile Donostiako Euskalerria aldizkarian.

Obrak

Monumentos arquitectónicos de España, Madrid: Imp. y Calcografía nacional, 1859.

Catálogo descriptivo e histórico del Museo del Prado de Madrid, Madrid: Imp. y estereotipia de M. Rivadeneyra, 1872.

Viaje artístico de tres siglos por las colecciones de cuadros de los reyes de España, desde Isabel la Católica hasta la formación del Real Museo del Prado de Madrid, Barcelona: Daniel Cortezo, 1884.

España: sus monumentos y artes, su naturaleza e historia. Navarra y Logroño, Barcelona: Est. Tip. Ed. Daniel Cortezo y C.ª, 1886.

«La Colegiata de Toro», BRAH, 20 (1892), 433-442. or.

Bibliografia

BENGOECHEA, A., «Madrazo Kuntz, Pedro», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/madrazo-kuntz-pedro/ar-90876/ (2020ko abenduak 9).

PONT, J., Madrazo, Pedro de, Gices XIX. Universitat Autónoma de Barcelona. Online arg.: http://gicesxix.uab.es/showAutor.php?idA=199 (2019ko abuztuak 29).

PORTUS PÉREZ, J., Madrazo, Pedro de, Pradoko Museoa, https://www.museodelprado.es/aprende/enciclopedia/voz/madrazo-pedro-de/0931bfd5-a04f-4b4c-b435-3dec628fa9bc (2019ko abuztuak 29).

REAL ACADEMIA ESPAÑOLA, Pedro de Madrazo, https://www.rae.es/academicos/pedro-demadrazo (2019ko abuztuak 29).

SALAS VÁZQUEZ, E., «Pedro de Madrazo y Kuntz», Diccionario bibliográfico de la Real Academia de la Historia, http://dbe.rah.es/biografias/12578/pedro-de-madrazo-y-kuntz (2019ko abuztuak 29).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP