Karguak eta lanbideak
Idazlea eta bidaiaria
Ibilbidea
Marie Catherine le Jumelle de Barneville —ezagunagoa da Madame d’Aulnoy izenez— nobleziako familia batekoa zen eta Barneville-la Beltran (Eure) hirian jaio zen. Idazlea izan zen, eta, batez ere, eleberri historikoen generoa eta bidaiei buruzko kontakizunak landu zituen. 1666an, Aulnoyko baroi François de la Motte-rekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten. Senar-emazteak librepentsalariak eta bidaia-zaleak ziren; beraz, baliteke zenbait leku senarrarekin batera bisitatzea. Aulnoyko baroiak Frantziatik deserriratu behar izan zuen, traizioa egiteaz akusatuta. Lehenbizi, Ingalaterrara joan zen (1675), eta gero, Espainiara (1675). Madame d’Aulnoyk Espainiara egindako bidaia zalantzan jarri izan dute haren Relación del viaje de España (1691) eta Memorias de la corte de España (1692) lanak aztertu dituzten zenbait adituk —lan horietan, 1679an Espainiako gortea bisitatzeko egindako bidaldia kontatzen du—. 1681ean alargundu zen, eta, gero, Parisera itzuli zen. Han, literatura-areto ospetsu bat sortu zuen. Hortik aurrera, literatura-lan ugari idatzi zituen, bai testu historikoak, bai ustezko oroitzapenen kontakizunak eta bidaiei buruzko liburuak.
Relación del viaje de España (1691) lanean, Baskonian egindako ustezko ibilbidearen berri ematen du. Lan osoan zein Baskoniari buruzko atalean, ostatua hartzen duen lekuetan bisitan joaten zaizkion andreen ohiturak deskribatzen ditu, batez ere. Baionara Akizetik iritsi zen, Castelnauko baroiarekin. Gaua Lapurdiko hiriburuan eman zuen, eta, han, juduen sinagoga eta hiriko gaztelua bisitatu zituen. Baionatik Donostiara joan zen, ohatze batean, Donibane Lohitzunetik —«zalantzarik gabe, Frantziako herri ederrena da, eta ongien eraikia»— igarota. Herri hori deskribatzen du, eta bertako marinelak «balearen eta bakailaoaren arrantzan oso trebeak» direla dio. Bidasoa ibaia txalupa batean zeharkatuta, honako hauek ikusi zituen: «Konferentziaren uhartea; hor ezkondu zen gure erregea Espainiako infanta Maria Teresarekin» eta «Hondarribiko gotorlekua, Espainiako erregearena dena». Bestalde «frantziarrek eta espainiarrek txaluparen gaineko eskubideak partekatzen» dituztela dio, eta «alde batekoek eta bestekoek zerga kobratzen diete bidaiariei, beren lurraldean sartzen direnean». Madame d’Aulnoyk dio gerrak ez zuela mugako merkataritza eragotzi, «merkataritza hango jendearen ogibide bakarra baita». Gipuzkoako eta Alabako lurraldeetan egindako ibilbidea deskribatzen hasi aurretik, honela dio: «Bizkaia izeneko lurralde hau mendi altuz beteta dago, eta burdin meategi ugari daude haietan. Bizkaitarrak oreinak bezain arin eta bizkor igotzen dira harkaitzetatik. Haien hizkuntza (jargoi hori hizkuntza dela esan badaiteke) pobrea da; izan ere, hitz batek esanahi desberdin asko izan ditzake». Donostian, gau batez egon zen, eta handik, Galarretara joan zen. Hor, «nahiko gaizki» egin zuen lo. Hurrengo egunean, Gasteizeraino joan zen, eta «gari-zelaiez eta mahastiez estalitako lurrak» ikusi zituen, eta «herri baten eta hurrengoaren artean, distantzia txikiak» zeudela, «oso lautada atsegin batean». Eguraldi txarra tarteko, bi gau eman behar izan zituen Arabako hiriburuan, eta handik, Miranda de Ebrorantz abiatu zen.
Obrak
Histoire d’Hippolyte, comte de Duglas, Paris: Barbin, 1690, 2 libk.
Le comte de Warwick, Paris, 1703, 2 libk.
Relation d’un voyage d’Espagne, Paris: Barbin, 1691, 3 libk. Berrarg. Paris: Claude Barbin, 1699. Gaztelaniazko itzulpena: Condesa d’Aulnoy, Viaje por España en 1679, Barcelona: Círculo de Lectores, 2000.
Nouvelles Espagnoles. Lettres galantes, Paris, 1692, 2 libk.
Mémoires de la cour d’Espagne, Paris: Barbin, 1692, 2 libk.
Jean de Bourbon, prince de Carency, Paris, 1692, 2 libk.
Nouvelles. Mémoires historiques, Paris: Barbin, 1693, 2 libk.
Mémoires de la cour d’Angleterre, Paris, 1695, 2 libk.
Les Contes des Fées, Paris: Barbin, 1698, 4 libk.
Bibliografia
Carrère-Lara, E.: «La crueldad ibérica a través de los relatos de viaje franceses del siglo xviii» in Cuadernos Dieciochistas, 7 (2009), http://revistas.usal.es/index.php/1576-7914/article/view/3739 (2018ko urriaren 10ean egindako kontsulta).
Defrance, A.: Les contes des fées et les nouvelles de Madame d’Aulnoy (1690-1698): L’imaginaire féminin à rebours de la tradition, Genève: Droz, 1998.
Díez Borque, J. M.ª: «Prólogo. Condesa D’Aulnoy» in Viaje por España en 1679, Barcelona: Círculo de Lectores, 2000.
Sánchez Diana, J. M.ª: «Viajes, viajeros y albergues en la España de los Austrias» in –Chronica nova, 7 (1972), 35.-93. or.
Vicensa Pujol, C.: «Recepción de la obra de Madame d’Aulnoy en España: traducciones y prólogos» in Çédille. Revista de Estudios Franceses, 10 (2014), 367.-383. or.
Aipamen bibliografikoa
Chicharro Lázaro, A., “Madame d´Aulnoy”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 729-730.





